argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
2021eko uztailaren 20a

Euskal idazleen ekimen berriak

Euskal Idazleen Elkartea urrats berriak ematen ari da. Joan den urtean Palman egin zen Galeuscara gerturatu ziren idazleek -Tere Irastortza eta Ana Urkiza, besteak beste- arreta handiz entzun zituzten Balearretako Gobernuko itzulpegintza politikaren inguruko xehetasunak. Han entzundakoaren ildotik, Euskal Idazleen Elkartea literatur ekoizpena kanpora ateratzeko egitasmo bat gauzatu asmotan dabil, baina mementoz ez dago ezer finkorik, Kulturaren Euskal Plana tartean sartu baita eta ikusi beharko baita aipatu egitasmoa plan horretan nola txertatzen den. Bestalde, EIE, UNED eta Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, datorren ikasturtean UNEDek Bergaran duen zentroan idazleen eskola abiatuko da.




Erriberriko Antzerki Jaialdia

Erriberriko iv. antzerki klasiko jaialdia abuztuaren 8an hasiko da eta 24an amaituko. Rafael Perez Sierra jaialdiko zuzendariak aurkezpenean adierazi zuenez, bertako antzezlanak sekula baino klasikoagoak eta ezagunagoak izango dira. Aurreko urteetan bezala, aurten ere dirua izan da oztopo nagusia jaialdi hau antolatzeko orduan. Horregatik esan zuen Maria del Carmen Ochoa Erriberriko alkateak datorren legegintzaldian jaialdia «benetan finkatu eta aurrerantzean egitaraua lehenago prestatzea» jarri dutela helburu bezala.


Brechten obra euskaraz taula gainean

Bertolt Brecht idazlearen «Kaukasoar klerazko zirkulua» lana euskaratu du Itxaro Bordak eta 2004ko urrian antzeztu egingo dute. Taula gaineko aurkezpena Theâtre des Chimeres taldeak, POK Produkzioak eta Theâtre de l'Ephemere taldeak egingo dute. Guztira hamalau aktore eta lau musikari eta teknikari bilduko dituen proiektu honekin kultura aniztasuna aldarrikatu nahi dute. Jean Marie Brucaretek, Theâtre des Chimereseko arduradunak adierazi zuenez, «ikusgarria atzerrian aurkeztu ahal izateko frantsesezko eta espainolezko azpitituluak» jarriko dituzte.




Euskal diasporaren munduko kongresua

Lau urtean behin munduko biltzarra egiten dute euskal diasporako kideek Eusko Jaurlaritzak antolatuta. Aurten Gasteizera hurbilduko dira uztailaren 14tik 18ra bitartean. Hala ere, egunotan (uztailaren 5etik 14ra) Gazte Mundua, euskal etxeetako belaunaldi berriaren topaketa egiten ari dira Oñatin. Bertan Euskal Herriari buruzko informazioa eman eta euskal etxeen gestio moderno bat aurrera eramateko gakoak zein diren eztabaidatzen ari dira. Ekimenak ordea, ez dira hor amaitzen. Uztailaren 12an Oinkari dantza taldekoak iritsiko dira Ameriketatik Euskal Herrira eta beraientzat prestatu duten egitarauaren baitan, besteak beste, Añorgako Arkaitz dantza taldearekin batera hilaren 18an Ajuria Enean emanaldi bat eskainiko dute, euskal diasporaren munduko kongresuaren amaierarekin bat eginez.




Balenciagaren moda.

Cristobal Balenciagaren museoak 2004ko udan irekiko ditu bere ateak Getarian. Bitartean ordea, eta aurrekari gisa, jostunaren hemeretzi sorkuntza bilduko dituen erakusketa bat zabaldu dute Balenciaga Fundazioko kideek Getariako Aldamar Jauregian. «Flores en Balenciaga» izenburuko erakusketa horretan txapelak, bitxiak, zirriborroak, tulak, eskuizkribuak, argazkiak eta lanerako tresnak daude, besteak beste. Jantziak ikusteaz gain, bertara gerturatzen direnek «El enigma de Balenciaga» izenburua daraman dokumentala ezagutzeko aukera ere izango dute. Dokumental horretan jostunaren bizitzaren ibilaldia egiten da.


Kimu komertzialak.

Eusko Jaurlaritzak sustatzen duen Kimuak programan parte hartu duten hainbat zuzendari gaztek beren film laburrak areto komertzialetan erakutsiak izan daitezen beharrezko laguntza eskaintzea eskatu diete Jaurlaritzako arduradunei. Gainera, film labur horiek Euskal Herriko herrietan zehar gehiago zabaltzeko ahaleginak egitea ere eskatu dute. Baina nahiz eta zenbait hobekuntza egin behar direla esan, zuzendari gazteek Kimuak programak eskaintzen dizkien aukerak goraipatu dituzte.