«Ijito kultura ez da ezagutzen ez gaituztenek duten irudi hori»

  • Uda honetan asko munduaren beste puntara joango da, beste kulturak ezagutzera edo bizitza ulertzeko beste ikuspegi batzuen bila. Bidaia horixe egingo du Bilbon hiribarneko autobusa hartu eta Otxarkoagan jaisten denak. Furgoneta bat pasa da flamenkoa tope jarrita. Iniciativa Gitana elkartearen atarian Jesus Jimenezek hartu gaitu, umore biziz. Ijito komunitateak sortutako elkartea da, euren egoeraz kontzientzia hartu eta konponbideak eraikitzen lan egiten duena.
Konta iezaguzu zure eskola eta lan munduko esperientzia.
50eko hamarkadan titulu bat izatea oso zaila zen, ez bakarrik ijitoentzat, baita "payoentzat" ere; gerraostean behar asko pasatzen ziren, eta gehiago ijitoa izanda, orain baino askoz aurreiritzi gehiago baitzeuden. Gainera ikastetxeetan gaur ditugun hobekuntzak eta erraztasunak ere ez zeuden. Aitak eskolara eraman ninduen, han ikasi nuen idazten eta irakurtzen. Hortik aurrera hamaika gauzatan egin dut lan, gure familia nahiko handia baita: hamaika anai arreba gara eta denen beharra izaten zen. Txikitatik mekanikari aprendiz gisa egin nuen lan. Gero pintore izan naiz, obran ere egin dut lan... Ijitoei jartzen zaigun alfer fama gezurra da. Alferrik ere egongo da, baina munduko pertsona guztien artean dauden bezalaxe.
Ebanjelio ikasketak ere egin nituen. Elizak prestatzen gintuen artzain ebanjeliko izateko.
Baina batez ere gehien erakarri nauena, eta gehien lan egin dudana alorra, alor soziala da. Ia 30 urte badaramatzat eremu sozialean lanean.

Zerk bultzatzen zintuen hainbeste arlo sozialean lan egitera?
Herri bat defendatzen hasi nintzen: ijitoona, egur asko jaso baitugu. Arrazismoa puri-purian egon den garai oso gogorrak jasan ditugu, nahiz eta jendeak arrazismorik jada ez dagoela esan. Inork ez du ijito bat izan nahi alboan, ijito hori ez bada artista famatua edo aberatsa. Eta ijito bat bere albora bizitzera datorrenean, mundu osoak Judas balitz bezala madarikatzen du, ezagutu ere egin gabe ez nor den, ez nolakoa den.

Historikoki ijito etniak non ditu bere sustraiak?
Indiatik gatoz gu. Ijito etniaren adar bat Asiarantz zabaldu zen, bestea Europarantz. Orain 600 urte inguru iritsi ginen hona. Hemen ez zegoen Espainiako Estaturik orduan. Gero, etorri zena etorri zen: judutarren pertsekuzioa, eta baita ijitoena ere, Errege Katolikoekin; barkatu, "Kaotikoekin". Pertsekuzio latza jasan dugu gerora ere. Guardia zibil eta poliziarekin asko sufritu dugu. Orain ez asko kendu zuten "gaizkile eta alferraren legea", geunden tokitik bota egiten gintuena.

Zuen berezko hizkuntza ere baduzue: Romanóa.
Bai, hizkuntza autentikoa romanóa da. Baina hemen romanó autentikoa hitz egiteari utzi zitzaion eta kaló-a hitz egiten da. Errege "Kaotikoek" debekatu egin zuten romanóa, eta ijitoek, beldurrez, ez zieten euren seme-alabei erakutsi. Hortik eraldatzen joan da hizkuntza, eta halako hizkuntza koktel bat sortu zen: kalóa. Batzuetan romanóaren halako hitz edo esaldiak erabiltzen ditugu, baina gure hizkera ez da romanó autentikoa. Orain borrokatzen ari gara berreskuratzeko, oso hizkuntza zaharra eta aberatsa baita.
Romanó hizkuntza Europako ijito guztien hizkuntza da, baina beti daude moldaerak, toki bakoitzeko hizkera definitzen dutenak; hala ere ulertu, ulertzen diezu beste herrietakoei. Ijitoen asanbladak egiten direnean mundu mailan, romanó hutsean hitz egiten da. Ni behin izan nintzen eta ez nuen gehiegi ulertzen; Errege "Kaotikoek" utzi zidaten marka hantxe sumatu nuen!
Gure etxeetan gazteleraz hitz egiten da batez ere. Batzuetan hitz batzuk kalóan lardaskatzen ditugu. Orain umeek euskaraz ere egiten dute. Denbora asko eman dute gure haurrek A ereduan, eta borroka asko egiten ari gara gure umeek D ereduan ikas dezaten.

Romanóa errekuperatzeko zein urrats ematen ari zarete?
Espainiako leku askotatik ari gara lanean. Euskadin batez ere plataforma bat sortu nahian gabiltza, plataformak segimendu bat egin dezan maila nazionalean idazten den gauza guztiei buruz, romanó autentikoan idatziak dauden edo ez ikusteko. Hiztegi bat ere badugu, romanótik gaztelerara.

»Ijito kultura» esan, eta gehiengoari gauza ezkorrak datozkio burura.
Ijito kultura oso aberatsa da; ez da ezagutzen ez gaituztenek gutaz duten irudi hori. Behin konferentzia batean hitzaldi bat ematen ari nintzela, entzule batek hitza hartuta halaxe aitortu zuen jendetza handi baten aurrean: "gaur barkamena eskatu nahi dut ijito herriaren aurrean. Zuei entzun arte, uste nuen ijitoa eta bere kultura zela drogazale, trafikatzaile, labana zale eta zikina".
Ijitoen artean bada gisa horretako jendea, baina hori dena dirurik ezak edo bitartekorik ezak dakarrena da. Miseria egoeran bizi den edonork buka dezake lapurretan edo droga munduan. Pobreziak marjinazioa dakar, ijitoa, «payoa» edo errusiarra izan. Gertatzen dena da, ijitoei erreparatzen dietenean, beti hartzen dutela ijito «nabarmen» hori, miserian bizi den ijito hori eta errespetu guztia diot ijito horri. Baina hori egoera sozial bat da, ez ijito kultura.

Zein dira, tradizionalki, ijito kulturaren elementu esentzialenak?
Ijito kultura, esaterako, zaharrekiko errespetua da, oinarrizkoa dena guretzat. Konturatuko zara ez dagoela zaharren erresidentzia bat bera ere ijitoen komunitateetan. Guretzat zaharrek ez dute enbarazu egiten: jakintza handiena gure zaharrek dutena da, eurek bizi izan dutelako bizitza bat guk oraindik bizitzeko duguna, eta beraz, eurengandik ikastea dagokigu. Nire aita-amek 80 urte dituzte, gurean bizi dira eta Jaunak babes ditzala urte askorako.
Emakumearekiko ere errespetu handia dugu. Nahiz eta emakumeak beti nahi izaten duen gu izatea etxeko aurpegi publikoa, emakumeak guretzat oso paper garrantzitsua egiten du etxean. "Payoen" etxeetan gertatzen den bezalaxe, azken finean: umeez arduratzen dena da, arropaz eta janariaz arduratzen dena. Alor honetan, kasik berdinak gara beraz, ijitook eta «payoak».
Bestetik zenduekiko errespetua dago. Lutoa gordetzen dugu denbora batean zehar zenduekiko errespetuz.

Ijito kulturan nola ikusten duzue emakumeak etxetik kanpo lan egitea?
Guk lan aukerengatik borroka asko egiten dugu. Gertatzen dena da ez ditugula «payo» batek izan ditzakeen aukera berdinak. Batetik, gaur edozein lanpostutarako bitarteko aurreratu xamar batzuk eskatzen dituztelako, ijito askok ez dituztenak. Bestetik, ijito etniakoa izatea batzuentzat motiboa delako euren lanean ez hartzeko.
Horregatik askok nekazaritzan sasoikako langile bezala egiten du lan (mahatsa biltzen, esaterako); bakarren batzuk mekanikariak, igeltseroak edo enkofratzaileak dira. Eta gehiengoa azoka txikitan aritzen da.
Azoka txikia oso egoera txarrean dago. Saltoki handiek kantitate izugarriak erosten dituzte eta preziotan ezin dugu eurekin lehiatu. Gainera saltoki handietan erosketa aisialdiarekin lotzen dute, aparkalekuak eta kafetegi edo zineak jarriz.
Gure elkartean ia 30 lagun ditugu egun osoko kontratuarekin lanean. Horietatik 15 ijitoak dira, eta beste 15 «payoak».


Ijitook zuen lege propioak ere badituzue. Aipa ditzakezu horietako batzuk?
Esaterako, borroka bat dagoenean, edo tartean odola badago, nahiz eta pertsona hori estatuak kartzelara bidali, gero ijito herriaren legeak ere epaituko du pertsona hori. Gure zaharrek epaitzen dute, komunitatearen barruan bakea jar dezaten eta famili horien artean ez dadin odol gehiagorik egon.
Legeetan ere sartzen da, esaterako, dontzeilekiko errespetua. Ez gaurko "payo" askok bezala (nire errespetu guztiarekin): neskatxek 14 urte betetzen dituztenean euren gurasoek preserbatiboa ematen dietela, ez daitezen haurdun gelditu! Alegia, beranduago ezkontzeko erraztasunak dituztela, ezkondu aurretik amodioa egin dezaketelako. Aldiz, gure ijito emakumeek ez dute ezkontza berandurako gorde beharrik, ezkontzean birjintasun froga baitago. Beraz, ezkondu aurretik jada ezin du atera hainbeste mutilekin. Gainera, oso ikusia badago neska hori ez da inoiz ezkontzen.

Birjintasunaren legea nola ikusten dute egungo emakume ijito gazteek?
Mentalitatea aldatzen doa, gizarte osoarena aldatzen doan heinean. Baina herriak aldatzen joanagatik, herri asko daude errespetu handia diotenak euren kulturari. Ohitura asko daude konpartitu eta jarraitzen direnak, familiak hala nahi duelako. Familiaren ondra da alaba birjin ezkontzea. Biharko egunean ezingo didate horren errua bota; beste edozer edo ezkondu ostean leiala ez izatea egotziko didate, baina ez birjintasuna galduta ezkondu izana.
Ijito emakume denek ez dute birjintasuna gordetzen; badira beste modu batera pentsatu eta beste modu batera ezkontzen direnak. Horregatik ez ditu komunitateak baztertzen; baina ez zaie festa berdina eskaintzen.

Egungo gizartean aldaketak etengabekoak dira. Ijitoen komunitate barnean ere zer aldaketa eman dira?
Gizarte osoak eboluzionatu du, eta ijito herriak ere bai. Ez dugu atzean gelditu nahi. Baina egia esan pixka bat atzean gelditzen gara, arrazismoaren erruz. Eskolan behatzarekin seinalatzen ninduten, eta agian beste baldintza batzuetan ikasketa edo tituluren bat aterako nukeen, baina ez zidaten aukerarik eman. Horrek zaildu egiten ditu lan merkatuko aukerak, eta gainera, ijito etniakorik inork ez du lanean hartu nahi izaten. Etxebizitzatan ere arazo latzak ditugu: inork ez dio pisurik ijito bati alokatu nahi edo inork ez du ijitoen etxebizitza batean bizi nahi. Askotan jendea harritu egiten da: "nola arraio bizi dira bi familia pisu berean?". Bada etxebizitza aukerak oso murritzak ditugulako.
Gauza guzti hauek apartatu, isolatu egiten zaituzte pixkanaka. Pobrezian bizi diren familientzat sorgin gurpil bat da, marjinazioan mantenarazten zaituena. Baina hala ere pixkanaka aurrera egiten da.


Eskola porrotak zer faktore ditu?
Eskolaratzea aurreratzen doa. Aita batek Lehen Hezkuntzako bigarren mailan utzi behar izan bazuen eskola, gaur bere semea eskolara bidaliko du Lehen Hezkuntza behintzat egin dezan eta Bigarren Hezkuntzako zati bat ere bai. Baina seme honek, aita denean, bere ondorengoari jada ikasketa luzeagotarako bultzada emango dio. Hau luzatzen joango den kate bat da.
Bestalde, badira bizitzako beste etapa batean sartzen direlako eskola uzten dutenak ere. Esaterako ezkontzera doazelako, eta lanean hasi behar dutelako.
Gurasoak izutu ere egiten dira, bere haurrak Bigarren Hezkuntzara pasatzean, inguruan azken kurtsoko jendea ere izango duela ikusita. Adin tarte handia da, eta gurasoak beldur dira bere haurrak ikusi egingo dituela zaharrenak porru bat egiten edo amodioa egiten.
Testuliburuetan, berriz, ez da ezer ageri ijitoon historia, kultura edota literaturari buruz. Argitaletxeren baten aurka ere borrokatu izan dugu, testuliburuan agertzen zen ijito bakarra zikina agertzen zelako marrazkian!

1991an sortu zenuten Iniciativa Gitana elkartea. Zerk ekarri zuen sorrera?
Ordurako Otxarkoagan aspalditik ari ginen lanean arlo sozialean. Baina garai horretan, bai Otxarkoagan eta bai Bilbon eta auzoetan, trapitxeatzen zuen ijito asko zegoen. Atentatu terrorista bat ere egon zen, ijito bat hil eta beste asko zauritu zituena. Hil zutena mutil toxikomano bat zen, trapitxeatzen zuena; baina benetan ez zuen herentzia handirik utzi, alegia ez zuela droga laborategi handi bat ere edo ez zela droga sare erraldoi bateko nagusia ere. Trapitxero bat besterik ez zen.
Gu izan ginen Espainia mailan lehenak drogaren aurkako manifestazio bat egiten. Bilbon egin genuen, eta bertan Bizkaiko ijito herri ia osoa bildu ginen. Egun 8.500 gara Bizkaian. Garai hartan ez ginen hainbeste, baina 4.000 pertsona bildu ginen manifestazioan. Hortik asanblada sortu zen, eta bertan aho batez esan genuen ez genuela nahi lau trapitxerogatik gu denok trafikatzailetzat hartzea, eta droga erradikatzeko borrokatu genuen. Drogak ekarri zigun bakarra, gure gazteak hiesak edo gaindosiak jota hiltzea baitzen. Beraz, etxez etxe joan ginen, eta trapitxerorik aurkituz gero bertan ematen genizkion galantak. Gauetan kalez kale jardun genuen, makila eta guzti. Droga erradikatu genuen arte. Orduan sortu genuen elkartea. Trapitxero askok hanka egin zuten, besteek droga utzi zuten.

Curriculuma
-Jaio: Palentzian, 1950ean.
-bizi: Bilbon.
- Iniciativa Gitana elkarteko lehendakaria

Ibilbidea

- 12 urte zituela bere familia Burgosera joan zen bizitzera, amaren herrira. 13 urterekin Ondarroara etorri ziren, eta laster Bilbora.
- Artzain ebanjelikoa izateko ikasketak egin zituen. Egun Otxarkoagan ijito komunitatearen zeremonia ebanjelikoak gidatzen ere laguntzen du.
- Gai sozialetan ia 30 urte daramatza lanean, eta hainbat herritan jardun izan du lan horietan: Bartzelonan, Tarragonan, Badajozen, Sevillan...
- 1991n sortu zuten Iniciativa Gitana elkartea, eta komunitateak bera hautatu zuen elkarteko lehendakari.

Saria
"Utopiaren Saria" jaso du aurten Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik.

Ijito eta «payoen» elkarbizitza arazoak
Iniciativa Gitana elkarteak elkarbizitza arazoetan bitartekari lana ere egiten du. Elkarbizitza arazo gehienak elkarrizketarako harreman gertukorik ez dagoenean sortzen dira. Elkar ezagutzen ez dutenean, hitz egiteko ere konfiantzarik ez dagoenean, bi aldeek talka egiten dute. Baina behin ijito hori ezagutzen dutenean, eta ijitoak «payo» hori ezagutzen duenean, arazoak aise konpontzen dira.

Bertsoa
Gogor ari zarete
zuen ekinean
onartzeko besteen
maila berdinean.
Kultura bat gehiago
zareten heinean
hori ulertu behar
genuke finean
zuen eguneroko
ahaleginean.
Aitor Mendiluze


Azkenak
2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin

Ezker Abertzaleak seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren kontu ekonomikoen alde bozkatuko duela adierazi du. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-31 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (I)

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren... [+]


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


2024-10-31 | ARGIA
12 urtez azpikoentzat garraio publikoa doakoa izango da EAEn

Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Julene Flamarique
Bizkaiko Arte Grafikoetako grebak ekoizpena geldiarazi du erreferentziazko enpresetan

Cebek patronalak blokeoa baztertzeko exijitu dute grebalariek, baita eros-ahalmena eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen lan-hitzarmena ere, azkenekoa 2009-2011 . urtetakoa baita. Urriaren 30eko greba egunean Ertzaintzak langile bat “inolako justifikaziorik gabe”... [+]


2024-10-30 | Leire Ibar
Nafarroako Gobernuari “proposamen serioagoak” egitea eskatu diote hezkuntza publikoko irakasleek

Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten. 


Eguneraketa berriak daude