Gaur egun software aukera oso zabala da. Ingelesez ia edozein programa aurki edo eros dezakegu, baita gazteleraz ere. Baina euskaraz zer dago eta nola lor dezakegu?
Galdera horri erantzuteko asmoz, erabiltzaile arruntaren larruan jarri eta hark bere ordenagailuan izan beharko lituzkeen oinarrizko aplikazioen zerrenda bat prestatu dugu. Ondoren, horiek euskaraz lortzeko nora jo behar dugun jakin nahi izan dugu eta azterketa horretan ari ginela, software askearekin egin dugu topo.
Sistema eragilea, bulegotikako programak, nabigatzailea eta posta elektronikoa eta antibirus bat. Hori da erabiltzaile arrunt batek bere ordenagailuan izan beharko lukeen oinarrizko aplikazioen zerrenda.
Sistema eragile bat euskaraz lortzeko orduan bi aukera ditugu: software askearen lidergoa daraman Linux edo Bill Gates enpresa gizonaren Windows 98. Windows 95 ere euskaratua dago, baina jada zaharkitua geratu denez, Windows 98 aipatzera mugatuko gara. Software askearen eta jabedun motako softwarearen artean dauden desberdintasunak aurrerago azalduko baditugu ere, lehenengoa euskaraz doan eskuratu dezakegun bitartean, bigarrena ordaindu egin behar dugu, piraterian erori nahi ez badugu behintzat.
Bulegotikako programei dagokionez, berriro ere Bill Gatesen Microsoft enpresaren aukera dugu: Office 2000. Baina duela gutxi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak software askeko OpenOffice.org bulegotikako paketearen 1.0.2 bertsioa kaleratu du euskaraz. Beraz, orain bigarren aukera bat ere badugu. Pakete hori osatzen duten aplikazioak Office sortak eskaintzen dituen Word, Excel eta PowerPoint programen baliokide diren OpenOffice Writer, OpenOffice Calc eta OpenOffice Impress biltzen ditu. Baita, Open-Office Draw marrazketa bektorialeko aplikazioa eta Xuxen zuzentzaile ortografikoa ere.
Interneten nabigatzea gero eta garrantzitsuagoa denez, nabigatzaile bat eta posta elektronikoa kudeatzeko aplikazio bat ere beharko ditugu. Ezagunenak Internet Explorer eta Netscape dira. Euskaraz Netscape-ren laugarren bertsioa dugu eta Explorer-aren bosgarrena. Baina bada azken aldian asko zabaltzen ari den beste alternatiba bat ere, Mozilla du izena eta software askearen aginduei jarraitzen die.
Azkenik, antibirusa aipatu behar dugu. Birus informatikoen txerto hornitzaile garrantzitsuenetako bat Panda Software etxea da eta euskaraz Panda Titanium produktua lor dezakegu.
Zerrenda hau funtsean PC baten erabiltzailea gogoan izanda prestatu dugu. Macintosh erabiltzaileentzat tamalez, egoera okerragoa da. Joxe Rojas, www.go.to/hamaika web gunearen egilea da eta bere kabuz Mac Os X sistemarako hainbat programa euskaratzen hasi da. Mementoz, TextEdit testu editorea, Mac Os Xeko Finderra, hau da ordenagailuko mahaia kontrolatzen duen programa eta Itunes, MP3 artxiboak entzun eta kudeatzeko aplikazioa baino ez ditu euskaratu, baina zerrenda luzatuz joango dela dio. Gainerakoan, Macintosh batean erabiltzaile arrunt batek euskaraz erabil ditzakeen aplikazioen artean xuxen zuzentzaile ortografikoa aipa daiteke, baita Mozilla, Explorer eta Netscape nabigatzaileak ere. Baina hortik aurrera Joxe Rojasek argitu digunaren ildotik, ez dago askoz ere gauza gehiago euskaraz Macintosh batean erabiltzeko.
Nola eskuratu euskarazko softwarea
Lehenengo urratsa eman dugu. Badakigu zer aukera ditugun. Baina nola lor ditzakegu aplikazio horiek? Zorionez, UEUren gidaritzapean euskarazko softwarea biltzen duen katalogo bat dago sarean, www.ueu.org/softkat helbidean, eta bertan aplikazio horietako asko (aipatu ditugunak eta aipatu ez ditugun beste asko) nondik jaitsi edo nola eskuratu esaten zaigu. Zehazki, Office 2000 eta Windows 98 izan ezik, lehen aipatutako gainontzeko guztiak eskuratzeko arazorik ez dugu izango, UEUren katalogoan lotura guztiak aurkituko baititugu, programak saretik jaitsi ahal izateko. Baina Microsoft etxeko bi aplikazio horiek era legal batean eskuratu nahi baditugu, horrelako produktuak saltzen dituen denda batera jo beharko dugu. Office 2000ren prezioa 500 euro ingurukoa da; Windows 98ak berriz, 260 euro balio du.
Software askea edo jabedun motakoa
Ikusten den bezala, diru kontua da software askearen eta jabedun motakoaren arteko desberdintasun garrantzitsuenetako bat. Iñaki Larrañaga EuskalGNUko kideak beraiek zergatik egiten duten software askearen aldeko apustua argitu zigun. Larrañagaren esanetan, "software askea erabiltzeagatik ez da baimen edo lizentzia bakoitzeko ordaintzen, eta horrek bai enpresa, ikastetxe edota instituzio publikoen ikuspuntutik bakoitzaren aurrekontuetan diru aurrezte izugarria dakar". GNU/Linux sistema eragilearen banaketa eskuratuz, nahi adina ordenagailuetan instala daiteke, gehiago ordaindu gabe. Euskaratutako Linux Mandrake 8.2 bertsioaren kasuan banaketa hori Eusko Jaurlaritzak eskuratu zuen eta orain edonork doan eskura dezake Internetetik jaitsiz gero, edo hiru euro ordainduz, CD bat eskuratu nahi badu.
Bestalde, datuen babes handiagoa eskaintzen duela dio Iñakik: "Birusen aurrean GNU/Linux sistema eragileak erabiltzaileen datuak era egokiago batean babesten ditu". Gainera, software askea erabiliz zaharkitutzat jotzen diren ordenagailuak zerbitzari, "cluster" edo terminal gisa berrerabil daitezke.
Ezaugarri horiek guztiak software askeak jarraitzen duen filosofiaren ondorioa dira. Filosofia honen jarraitzaileek ezagutzari mugarik ezin zaiola jarri uste dute eta horregatik defendatzen dute eredu parte hartzaile bat, non edonork aplikazio baten jatorrizko kodea erabiliz, aldaketak egin ditzakeen, honela produktua hobetuz. Euskal GNUko kidearen aburuz, horrek euskaldunei AEBen teknologia alorreko mendetasunetik irteteko aukera eskaintzen die.
Eusko Jaurlaritzak softwarea euskaratzerakoan ez du ez bata ez bestea ahaztu. Jaurlaritzaren ikuspuntutik gaur egun Windows sistema eragilea erabiltzen dutenak gehiengoa direnez, horiei euskarazko softwarea erabiltzeko aukera eskaini nahi die. Ahalegin horren emaitza izan dira Microsoft etxearen Word 6.0, Windows 95, Windows 98, Office 2000, Explorer 4 eta 5 eta Outlook Express 5 (azken hiruak Office 2000arekin batera banatuak). Baina, software askeari buruzko interesa handitzen ari denez, erabiltzaile horiei ere euskarazko produktuak eskaini nahi dizkie Lakuako Gobernuak. Horregatik euskaratu ditu baita ere Linux sistema eragilea eta OpenOffice.org. Hizkuntz Politikako Araceli Diaz de Lezanak dioenez, "azken finean helburua erabiltzaileei oinarrizko softwarea euskaraz eskaintzea da, bai batzuen zein besteen beharrei erantzunez".
Itzulpen lanei dagokionez, esan beharra dago jabedun motako softwarea euskaratzerakoan egileen baimena lortu behar dela, dagokiona ordainduz noski. Software askearen kasuan aldiz, programa bat beste inor ez bada ari euskaratzen, edonork dauka aukera arduradun izan eta euskaratzea antolatu eta lantzeko. Dena den, badirudi gauzak aldatzen hasi direla eta Araceli Diaz de Lezanak argitu digunez, Microsoft bera ere bere estrategia aldatzen ari da merkatua galduko ote duen beldurrez edo. Hala, Windows XP Pro sistema eragilea euskaratzeko aukera eskaini dio Eusko Jaurlaritzari doan.
Atzeratua geratzeko arriskua?
Euskaratze lanek nahiko begi-bistakoa den arazo bat azaleratzen dute. Euskarazko softwarea nahi baldin badugu, merkatuan dagoen azken bertsioa baino zaharragoa den batera mugatu beharko dugula hain zuzen ere. Arazo hau nabarmena da esaterako, Windows sistema eragilearen eta Netscape nabigatzailearen kasuan (begiratu taula).
Arazoaren muina zera da: software baten euskaratze proiektua hasten denean azken bertsioarekin lan egiten dela, baina euskaratze lanek eguneraketek baino erritmo motelagoa eramaten dutenez, sarritan itzulpena amaitzen denean jatorrizko softwarearen bertsio berri bat izaten da kalean.
Iñaki Larrañagak oztopo hori gainditzeko ikusten duen biderik egokiena zera da: "Itzulpen auzolanerako talde handi bat osatzea, softwarearen eguneraketekin bat itzulpenak eguneratzen joateko. EuskalGNUtik dei hau zabaltzea nahi dugu: norbaitek itzulketa lanetan laguntzea nahi badu, ongi etorria dela, laguntza beti beharrezkoa izaten baita".