1925eko «Argia’ren Egutegia»n ageri da lehen aldiz «Nor-Nai» sinadura marrazki batean. Gainetik begiratuta «Txiki»renak dirudite «Nor-Nai»ren lanak. 1973ko «Txiki, marrazkilari eta umoredun» liburuan ere bien marrazkiak nahasian daude bilduta.
Agiriano, Mur, Unsain eta beste batzuk XX. mendeko lehen erdiko arte grafikoa aztertzen hasi zirenean ordea, garbi geratu zen «Nor-Nai»ren atzean Ignacia Zabalo zegoela, eta ez bere anaia Juan. «Txiki»ren arreba txikia baitzen Ignacia, 1905ean jaioa eta 1925etik 1931ra anaiarekin batera lanean jardundakoa. Euskal Herrrian XX, mendean lanbidez marrazkilari izandako lehen emakumea, seguruenik. «Argia’ren egutegia»z gain, Irungo Jaietako liburuxkako akuarelak bereak dira eta lanik azpimarragarriena neska gazteentzako Elizak argitaratzen zuen «Agere» aldizkarian egin zituen: «Agere»ren orrietako marrazki, txiste, komiki eta apaingarriak bereak ziren.
Ignaciaren marrazkiak anaiaren ildokoak dira, baina ongi begiratuta arabeskorako eta jolaserako joera handiagoa du «Nor-Nai»k, elementu dekoratibo gehigarri bat dute haren marrazkiek, Joxean Muñozek dioenez «eleganteagoa da».
Muñozen aburuz, ezizena ederki aukeratu zuen Ignaciak; hala dio «Txiki Zabalo: kronista grafikoa» bere testuan: «Anonimatutik irteteko asmatu zuen «Nor-Nai» ezizena: edozein, berdin du, ez dut izenik. Izenik ez edukitzeaz ikurra egin zuen Ignacia de Zabalok. Izen artistikoa du Zabalo andereak bere obrarik biribilenetako bat».
Baina Ignaciak ezin izan zuen bere obra borobildu. 1931an «Txiki» enpresa utzi eta Bartzelonara joan zen bakarkako marrazkilari bideari jarraitzeko. 1939an Bartzelonako bere etxeko atarian bonba batek hil zuen.