argia.eus
INPRIMATU
GEREZIONDOAK EZ DU ABISATZEN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a

Marrubienaren ondoren eta datorren hezurdun fruituenaren atari, gerezi oldeak itota daude azokak. Lepotarkadak ezik kamioikadak saltzen dira egun hauetan. Ikusgarriak daude maiatza amaia eta uztaila erdia artean gereziondoak, umeen eta eskinosoen gozamenerako, eromena dotorea izango da Etxauri, Milagro eta Itxasu inguruetako gerezidi sonatuetan.
Gereziak azpiletik baino gereziondotik bertatik jatea alde ederrekoa dela askok diote, erretilukada baino atzaparkada hobe. Nagusia bazkalondoko lo kuluxkan zen bitartean arbolaren gurutzera igo, zangalatraba eseri eta belarriak eta aho sabaia gereziz janztea, ikasturtearen amaierak umeari sortzen zion pozaren gehigarri onenetakoa zen. Umea koskortu ahala arriskua gero eta nabarmenagoa zen, ez nagusiaren zigorrarena, gereziondoaren adarra haustearena baizik. Gereziondoak egur hauskorra du eta aurrez inongo krakateko susmagarririk gabe blaust libratzen dira enborretik adar galanta askoak ere. Gaurko haurrek berehalakoan izango dute gero oroimenean gereziondoaren adarren azal harroak egindako urraturik berna-sagarretan... gurasoek futbol-mezetara gusturago bidaltzen dituzte gerezidiko gerizpera baino...