ALFONSO SASTRE: «HERRI HONEK EZKERREKO INTELEKTUALAK FALTA DITU»

  • Eta hala ere, oraindik ikusteko dagoena hobea izango den esperantzak ematen dio konpromisorako indarra.


Zure pentsamendu politikoaren bilakaera azal ezazu, eta une horietan antzerkian islatu zenituen kezka nagusiak.
13 urte nituen Gerra Zibila amaitu zenean. Gaztetan, «herentziaz» jasotako errealitate hori deskubritzen duzu, eta bizitza sozialean dituzun gatazketatik zure pentsamendu propioa garatzen joaten zara.
Familia katoliko batean jaio nintzen, baina katolizismotik azkar atera nintzen (hain zen nabarmena Eliza Katolikoa sistema burokratiko bat zela, espirituarekin zer ikusi gutxi zuena). Erlijioaren esentziara joaz, Kristautasunean babestu nintzen. Aurrerago, ordea, sistema kapitalista deskubritzen nindoan heinean, jabetu nintzen kristautasuna ere erabili egiten zuela sistemak, jendeak sistemaren aurka borrokatzea saihesteko (zoriontasuna beste bizitza baterako gordearaziz, eta halakoekin).
Gerra Zibilean zer gertatu zen jabetzen nindoan heinean, gerra galdu zutenen aldeko jarrera hartu nuen. «Manifiesto de Teatro de Agitación Social» idatzi nuen. 22 urterekin sortu nuen «Teatro de Agitación Social» deiturikoa («Gizartea Astintzeko Antzerkia»), eta jada sistemaren aurkako antzerkia zen.
Sistemaren aurkako posizio horretan, Europan garrantzia handia zuen filosofia batek asko lagundu zidan: existentzialismoak. Hain justu Bigarren Mundu Gerrako sufrimendu latzen ondorioz sortu zen existentzialismoa. Nigan historiaren erlatibitateari buruzko krisi ideologiko bat ere sortu zen, ikusita, esaterako, Bigarren Mundu Gerran «terroristatzat» jotzen zirenak (alegia, nazien aurka borrokatzen zutenak), gerraren ostean «abertzaletzat» hartzen zirela. Kezka hori «La mordaza» antzezlanean islatu nuen.
Giza sufrimenduan erreparatzen duzunean, ordea, desesperazioan erortzeko arriskua izaten duzu: badirudi ezin duzula inora iritsi, dena erlatiboa dela, badirudi ez daudela printzipio batzuk egonkortasun moral bat horietan oinarritzeko... Marxismoak lagundu zidan krisi horretatik ateratzen, eta mundu berri baten alde borrokatzea posible dela pentsatzen.



Zure obra asko zentsuratzen zituzten. Estreinatzera iristen zirenak, berriz, ikuslearengana ez zirela iristen sumatzen zenuen. Zergatik?
Nire hasierako urte haietan, opresioari erresistentzia egitearren, oso idazkera gogorra, oldarkorra egiten saiatzen nintzen, inongo lekurik utzi gabe nahastea sor zezakeen edozein konplexutasuni. Ikuslearengandik urrunduta gelditzen zen obra, ikusleak ez zuen parte hartze handirik. Obra ulertzen zuten, baina arteak berezkoa duen hori falta zen: sentimenduen konplexutasunak ematen duen emozio hori, egoeren anbiguotasunak ematen duen emozioa. Gizatasuna falta zen. Pertsonaiak eskematiko xamarrak ziren, agian ideien espresioa ziren gehiago, pertsonaiak baino. Erabiltzen nuen hizkera ere hiperliterarioa zen, ez nuen onartzen, esaterako, pertsonaiek kaleko hizkera arrunta edo jerga erabiltzea; sainete antzerki motan edo tradizionalean erortzeko beldur nintzen, eta antzerki mota horrengandik ihes egiterakoan hizkera herrikoia ere utzi egin nuen.



Miguel Serveti buruzko obran, «La sangre y la ceniza» izenekoan, gizatasun hori lortu zenuen...
Pertsonaia hori desafio bat zen niretzat. Miguel Servet Aragoiko mediku bat izan zen, XVI. mendekoa. Ia bizi osoa Europan eman zuen eta kalbinistek prozesatu egin zuten. Juizioan bere posizio ideologikoei eutsi zielako kondenatu zuten eta sutan erre, Genevan.
Pertsonaia tragiko konbentzional bat izan zitekeen lasai asko, alegia, ausardia izugarriko pertsonaia bat, heroikoa, zentzu klasikoenean. Biografiak irakurtzen hasi nintzenean, ordea, konturatu nintzen heriotzari beldur izugarria ziola. Bere bila zebiltzala, Servetek bere identitatea ere ezkutatu zuen. Fisikoki ere heroi konbentzionalaren aurkakoa zen: erdi herrena zen, hernia bat zuen eta mugitzea kosta egiten zitzaion. Exekutatu behar zutenean ezin zuten sua zegoen oholtzara igo, beldurraren beldurrez pausorik eman ezin zuelako. Enborrari lotzea ere asko kosta zitzaien, erori egiten zelako. Eta une horretan, kalbinisten buru batek halaxe esan zion: «jabetzen zara, orain, zure hanka sartzeez?». Eta Servetek, oihuka: «zer hanka sartze eta zer arraio? Zein hanka sartze diozu?». Heriotzari panikoa zionak, heroi itxurarik ere ez zuenak, une horretan barrutik atera zuen bere egia, modu heroikoan. Eta oihuka hil zen, baina oihuak ere ez ziren askatasun irrintziak edo egiaren kantuak. Jarri zioten egurra hezea zegoen, eta denbora asko behar izan zuen erretzeko. Servetek iraindu egiten zituen: «lapurtu didazuen diruarekin ez al duzue egur lehorra erosteko dirurik izan?».
Hori da nire tragediatan, tragedia konplexu deitzen diedanetan, bilatzen dudan heroia: gizakia dena, bere beldur eta arazo guztiekin. Denetik falta zaio, heriotzaraino eraman dezakeen espiritu bat ezik. Heroi hori askoz gehiago iristen zaio ikusleari.



Zure obrek gizartea astintzea dute helburu. Zer alde dago antzerki horren eta propagandako antzerkiaren artean?
Ezberdinak dira. Hala ere ni ez nago propagandako antzerkiaren aurka. Gerra Zibilean propagandako antzerkia egin zen, faxismoaren aurka. «Teatro de Urgencia» («Urgentziazko antzerkia») ere deitu zitzaion eta «Guerrillas de Teatro» (antzerki gerrillak) deitzen zitzaien antzerki talde batzuei. Ikuskizun hauen helburua jendea faxismoaren aurrean defendatzeko akuilatzea zen. Rafael Alberti bera, esaterako, halako taldeetan zegoen.
Baina hain urgentziazkoak eta hain kritikoak ez diren garaietan, nik uste estetikoki jasoa den antzerkiaren helburua ez dela propaganda. Eta are gehiago: antzerkiak anbiguoa gerta daitekeena izan behar du, antzezlanaren esanahiaz duda ere egin daitekeena. Garrantzitsuena pentsamendu krisi bat piztea da, zalantza bat sortzea, eta ez hainbeste «hau da pentsatu behar genukeena, hau da egin behar genukeena» esatea ikusleari. Ikusleari adierazi behar dioguna da «honi buruz pentsatu behar genuke, eta ikusiko genuke zer egin».



Horrek eskatzen du autoreak antagonistaren argudioak ere onartzea.
Halaxe da. Antzerki autoreak, une horretan dauden gatazken aurrean jarri behar du, guztien ikuspegiak emateko intentzioarekin. Pertsonaiak utzi behar ditu hizketan, eta bereziki eskuzabala izan behar du bere bizitza pribatuan sustengatzen ez dituen ikuspegiekin. Antagonista isilarazten denean, zintzo eta gaiztoen obra da idazten dena, eta errealitatean gauzak ez dira hala. Bi ikuspegiren arteko antagonismoa erabat erradikala izanagatik, beti daude «baleko» arrazoiak bi aldeentzat.



Pertsonaia guztiei hizketan utzita mezuan sortzen den anbiguotasunak tripako minak ere ekarriko dizkio autoreari.
Jakina, hori oso arriskutsua ere bada! Nik sufritu izan dut. Prozesu hori kontrolatzen ez duzunez (zerorrek hala nahita gainera), pertsonaiak libre uztean mezu anbiguo bat atera daiteke, eta ikusleek obra uler dezakete justu autoreak pertsonalki duen ikuspegiaren kontrako zentzuan. Baina nik beti nahiago izan dut arazo horiek izatea, pertsonaia bat isilaraztea baino.
Alderdi Komunistatik oso gertu nengoen garaitan, komunistei buruzko obra bat egin nuen, «El pan de todos» izenekoa. Obra estreinatzear zela, zalantza piztu zitzaidan: ez ote zuen anbiguotasun gogorregia sorraraziko? Frankismoa bezalako sistema antikomunista batean, nola ausartuko nintzen antikomunistatzat ulertua izan zitekeen obra batekin! Klandestinitateko alderdiari eman nion antzezlana, ikuspegi ideologikotik zer efektu sortu zezakeen galdezka, eta txosten luze batekin erantzun zidaten, esanaz obra ez zela komenigarria, komunistei arazoak bakarrik ekarriko zizkielako. Hala ere gai horrekiko nire ikuspegi ondraduak beste ezerk baino gehiago balio zuela pentsatu, eta obrarekin aurrera egin nuen. Bartzelonan estreinatu zenean, ordea, oso efektu tristea, opresiozkoa eragiten zuela ikusi nuen. Ez nion jendea desmobilizatu zezakeen giro bati lagundu nahi! Neronek debekatu nuen obra, eta inoiz gehiago ez da antzeztu.



1960an, Madrildik Euskal Herriaren alde hasi zineten lanean, hemen gertatzen zenari buruzko informazioa zabaltzen. Garai hartan nola ulertzen zuten hemen gertatzen zena?
Lanak izaten genituen guk ulertzen genuena jendeari ulertarazteko. Komunistek ere (Madrilgo jenderik aurrerakoiena zena orduan) eta borondate oneneko jendeak ere ez zuten zipitzik ulertzen euskal aldarrikapen nazionala. Horrek kapitalismoaren aurkako borrokan langile klasearen zatiketa bat zekarrela ikusten zuten.
Niri ere kosta egin zitzaidan ulertzea zuen aldarrikapen nazionala. Leninen testu bat irakurtzea bereziki garrantzitsua izan zen niretzat, besteak beste, horrekin joan nintekeelako PCEko edozein bileratara eta esan: «Leninek dioenez...», eta hor ez zuten ezer esaterik! Testuan, Lenin eta Rosa Luxenburg-en arteko polemika ageri da. Rosa Luxenburg langile iraultzaren hain entusiasta zen, beretzat nazionalitatearen arazoa desagertu egiten zela: «ez dago naziorik, mundu mailako proletargoa dago». Leninen erantzuna zen: «bai, baina zu poloniarra zara! Eta iraultza egiten duzuenean, iraultza hori Poloniako markoan ulertu beharko duzue!».



Eta egun nola ikusten gaituzte Madrildik?
Oso gaizki! Badira 25 urte ez naizela han bizi, baina jendeak kontatzen didanez ezinezkoa da Euskal Herriko errealitate elementalenak ere ulertaraztea. Espainiar nazionalismo bat dago, hala direnik ere jabetzen ez direnak eta nazionalistak euskaldunak bakarrik direla uste dutenak. Ez dira jabetzen eurek, azken finean, Errege Katolikoen Espainia ari direla defendatzen, baita espainiar komunista sutsuenak ere!
Madrilen gutxi batzuk badaude arazoa ulertzen dutenak, baina orokorrean ikuspegi itxi hori da nagusi. Gure garaian, diktaduraren aurkako borrokak gauza askotan adostasunak zekartzan Madrilgo eta Euskal Herriko jendearen artean, nahiz eta beste zenbait gauzatan oso ados ez egon. Baina orain jakintzat jotzen da delako «demokrazia» batean bizi garela eta beraz, espainiar nazionalismoaren irizpideak asko itxi dira.

1977an erbestetik Madrilera itzuli zinen. Espainiar Estatuan erreformak konformismoa hedatu zuela ikusita, Euskal Herrira etorri zinen. Oraindik Euskal Herria «salba zitekeen» uharte gisa ikusten duzu ala «konformismoan» ez ote gara erori?
Aspalditik ziurgabetasun handiko garai luze batean bizi gara, baina ez gaude «ez goaz inora» esaten dugun egoeran ere. Esperantza handia dut. Hemen ziurrenik daukaguna herri handi bat da, eta zerbait falta bazaigu, intelektualak eta artistak dira. Beste lekutan ezkerreko intelektual eta artistak dauden bezala baina herria falta, hemen herri zoragarri bat dago baina ezkerreko intelektual eta artistarik ez. Ezer antolatzerakoan edo sustatzerakoan, esku bateko hatzekin kontatu behar prest egon daitezkeen intelektualak.
Bestetik, antzerkia atzeratua dago herri honen kezkekiko (eta ez da gauza berria, Espainian ere garai askotan kultura mailan antzerkia izan da elementu mantsoena). Herri honek hemen eta orain dituen kezkak ez ditu islatzen antzerkiak. Ikusi besterik ez dago egin berri duten Euskal Aktoreen Batasunak antolatutako Jokulari Sarien banaketa eguna: oso festa ludikoa izan zen, gauza barregarriak esanez asko dibertitu ziren... Gertatu direnak eta gero, pentsa zitekeen aktore horiek aldarrikapenik egingo zutela herri honen edo humanitatearen arazoen inguruan, baina bai zera, ditugun arazoekin zerikusirik zuen ezer ere ez zen egon. Ez dakit jende horrek zertan pentsatzen duen.



Gerraostean eta egun, diskurtso iraultzailea duen askok, lehen aukeran funtzionario sartzen da edo aginte postuetara gerturatzen da...
Ez da gaurko fenomenoa, beti egon izan dira gorteko intelektualak. Gaur botereranzko norabide aldaketa hori, lotsa gutxikoa ere bada ordea. PP boterera iritsiko zela ikusten zenean, zenbait intelektual eta artistak PPrantz jo zuen, eta Prestige eta Irakeko gerrarena bezalako saltsak etorri zirenean, boterea laster sozialistek izango zutela ikusita, jada sozialismorantz mugitzen hasi ziren. Oportunismoa izugarria da!



Zure printzipioekin koherente izateak, berriz, zer ondorio dakartza eguneroko bizitzan?
Arazoak dakartza, bai. Gaizki pasatzen duzu, edo erdipurdi behintzat, zentsurak existitzen jarraitzen duelako, nahiz eta egungoa ez den Frankismo garaikoa bezalakoa. Laguntza publikoak behar dira argitalpen eta ikuskizunetarako, eta botere publikoek euren zentsura sistema horren bidez ezartzen dute, obra batzuei dirua emanez eta beste batzuei ez emanez. Euren eskutan gaude.

Zure ibilbidea ikusita eta Max saria jasoko zenuela-eta sortu zen giroa ikusita, zertan sentitzen zara identifikatua «Filoctetes» pertsonaiarekin?
Filoctetes tragedia grekoko pertsonaia bat da. Baina nik egin nuen bertsioan, Filoctetes Frankismoaren aurka borrokatu zuen norbait da, eta behin Frankismoa bukatuta egoera berri horretan ez da kokatua sentitzen. Lehen bezain tokiz kanpo sentitzen da gizarte horretan.
Pertsonaia hori neurri batean badago nigan edo beste edozein intelektual eta artistarengan, posizio kritikoek toki oso marjinaletara garamatzatelako.
Baina bestetik neure burua ez dut Filoctetesekin identifikatua ikusten, inolaz ere, tokiz kanpo egote hori sekula ez dudalako desesperatuki bizi izan.

Curriculuma
Jaio: Madrilen, 1926an.
Bizi: Hondarribian, 1978az geroztik.
Ikasketak: Filosofia eta Letrak.

Ibilbidea
- 17 urterekin antzerkira dedikatzea erabakia zuen. 20 urterekin «Ha sonado la muerte» eta «Uranio 235» estreinatuak zituen.
- Frankismo garaian antzerki taldeak sortu zituen.
- 1949an Jose Maria Quintorekin batera «Manifiesto de Teatro de Agitación Social» idatzi zuen.
- 1953an Teatro Popular Universitario-rekin «Escuadra hacia la muerte» estreinatu zuen.
- Bere obra asko zentsuratu zituzten: «Escuadra hacia la muerte» (1953), «Prólogo patético» eta «El pan de todos» (1954) eta «Guillermo Tell tiene los ojos tristes» (1955) besteak beste.
- 1956an «Drama y sociedad» bere lehen saiakera argitaratu zuen. UNESCOren beka batekin Parisera joan zen ikastera.
- 1961ean Grupo de Teatro Realista sortu zuen.
- 1962an PCEn sartu zen.
- 1974an Eva Forest bere emaztea atxilotu zuten eta Alfonso Sastrek bere burua aurkeztu zuen Gobernu Militarrean. Zortzi hilabeteko kartzelalditik sortua da «Balada de Carabanchel» obra.
- 1976an Bordelen jarri zen bizitzen.
- 1977an Ziburun atxilotu eta Frantziatik bidali zuten. Madrilen auziperatu eta baldintzapeko askatasunean jarri zuten «El Pais»era bidali zuen gutun batengatik.
- 1978an Euskal Herrira etorri zen bizitzera.
- Ondoren idatzitako beste obra askoren artean daude: «Crítica de la imaginación», «Dónde estás Ulalume, dónde estás?» edo «Escrito en Euskadi».

Sari nagusiak
- 1986an Espainiako Antzerki Saria irabazi zuen «La taberna fantástica» obrarekin.
- 1991n gaztelerazko literaturan Euskadi saria jaso zuen «Demasiado tarde para Filoctetes» obrak.
- 1993an «Jenofa Juncal» obrak Espainiako Literatura Saria jaso zuen Antzerki sailean.
- Max saria jaso berri du.

Kubako ministro
Kuban bira bat egiten ari ginela, Ann Philipe-ekin gurutzatu ginen behin kalean. Ann, Gerard Philipe aktore garrantzitsua zenaren alarguna zen. Elkar aurkeztu gintuzten:»Ann, hau da Alfonso Sastre». Eta berak, segituan, halaxe galdetu zidan:
-»Zer moduz doa nekazaritza Kuban?».
Nik, orduan, arrituta:
-«Ez dakit ezer Kubako nekazaritzaz!».
-»A zer umorea duzun!» esan, eta barrez joan zen.
Nonbait, Nekazaritza Ministroaren antza handia nuen, Carlos Rafael Rodriguezen antza, eta ministroak «ez dakit ezer nekazaritzaz» esan ziolakoan zegoen Ann...

Bertsoa

Doinua: habanera

Ideien panorama da
ezkorra eta tristea,
mamiak ez du inporta,
haizea da albistea.
Pentsatzea beharra da,
zilegi da iriztea,
nahia markatu gabeko
kontzientziak piztea.
Horrek esan nahiko luke
aldatzera iristea,
malko faltsuak lehortu,
ahaztu minen txistea,
beti zabalik daukagun
leiho itsua ixtea,
telebistaren aurkako
antzerkian sinistea.


Azkenak
2024-10-31 | Iñigo Satrustegi
Bizitza ez da esateko erraza

MIÑAN
NORK: Artedrama. Sambou Diaby, Ander Lipus, Eihara Irazusta, Mikel Kaye.
NON: Bilboko Arriaga Antzokian.
NOiz: Urriaren 25ean.

----------------------------------------------

Euskaraz kontatu zuten Ibrahima Baldek eta Amets Arzallusek Miñan 2019an. Bost urte... [+]


2024-10-31 | Nicolas Goñi
Zuhaitzen migrazioa dugu oihanek klima larrialdiari aurre egiteko soluzioetariko bat

Gero eta egoera larriagoan daude munduko oihanak, klima aldaketak ekarritako bero uhin eta lehorteek bultzatzen dituzten suteengatik, bertzeak bertze. Latitude ertain eta borealetan klima jadanik aldatu arren, oihanak orain arte oso guti prestatu ditugu aldaketari, batez ere... [+]


2024-10-31 | Jon Torner Zabala
“Eskolak ezin dio heriotzaren gaiari bizkarra eman”

Iragan astean kontatu genizuen etorkizuneko hilerriaz gogoeta prozesua egin dutela Antzuolan, eta protagonista nagusietakoak umeak izan direla, Herri Eskolan heriotzaren bueltan 1980ko hamarkadaz geroztik egiten ari diren lanketaren ildotik. Hain justu, “hainbat urtetan... [+]


Komun idorrak instalatu dituzte Hendaiako San Bixente ikastetxean, trantsizio ekologikoaren izenean

Hendaiako ikastetxean komun klasikoak kendu eta komun idorrak eraiki zituzten martxoan. Ikuspegi ekologikoari tiraka, egitasmo orokorrago baten barne dute aldaketa: hondarrak jangelako konpostari gehitu eta guzia baliatzen dute ikastetxean duten baratze pedagogikoan, Hendaiako... [+]


Nafarroako Gobernuak 2025eko aurrekontuen proiektua aurkeztu du, EH Bilduren oniritziarekin

Ezker Abertzaleak seigarren urtez jarraian Chivite lehendakariaren kontu ekonomikoen alde bozkatuko duela adierazi du. Egungo akordioa mantenduz gero, abenduaren 19ko Osoko Bilkuran gauzatuko da proposamena.


Kontzientzia kritikoa existitzen al da egungo gizartean?

 Wikipedia.org-en arabera, Gish gallop (Gish-en lauhazka) edo falazien metrailadorea "eztabaida teknika bat da, aurkariari ahalik eta argudio gehienekin eraso egiten diona, argumentu horien zehaztasuna edo sendotasuna kontuan hartu gabe", eta albo-ondorio gisa... [+]


2024-10-31 | Joan Mari Beloki
Errusofobia lehen eta orain (I)

Terminoaren jatorria XIX. mendearen hasieran kokatzen da. Garai hartan, liberal ingelesen asmo inperialistek errusiarrekin talka egin zuten, Errusia Asian zabaltzen ari baitzen eta Ingalaterraren kolonizazio nahiak oztopatzen. Beren interesak babesteko, Ingalaterrak errusiarren... [+]


Aurrekontu akordioa sinatu dute Nafarroako Gobernuak eta EH Bilduk

Hitzarmenak 1.035 euroko gutxieneko errenta bermatuko du eta euskara, osasuna eta etxebizitza izanen ditu konpromiso estrategiko nagusi. Hamargarren urtez jarraian, UPNk ez du batere eraginik izanen aurrekontuetan, urteroko legerik garrantzitsuenean.


2024-10-31 | ARGIA
12 urtez azpikoentzat garraio publikoa doakoa izango da EAEn

Garraio publikoa dohainik erabili ahal izango dute 12 urtetik beherako EAEko haurrek. Administrazio gehienek babestu dute neurria, eta datorren urteko urtarriletik aurrera sartuko da indarrean.


Donostiako turistifikazioa agerian uzteko bost datu

Turistifikazioaren Aurkako Urria manifestazio jendetsu batekin borobildu zuen igandean desazkunde turistikoaren aldeko Bizilagunekin plataformak, baina turistifikazioaren inguruko eztabaidak bizirik jarraitzen du hirian. Hain zuzen ere, Donostiako azken urteko turismoaren... [+]


2024-10-31 | Leire Ibar
Mezu ultrakatolikoekin sabotatu dute LKN artistaren erakusketa Iruñean

Iruñeko kaleetan ikusgai dago LKN artista nafarraren Otoi nire alde erakusketa. Esprai beltzarekin eraso egin diote hainbat irudiri.


Euskara eta sexu-genero disidentziak uztartzeko zertzeladak

‘Xoka. Jite disidenteak’ jardunaldiak antolatu ditu Ehgam Nafarroak. Hiru saio eginen dituzte Iruñeko Laban: azaroaren 5ean, 13an eta 19an.


2024-10-30 | Julene Flamarique
Bizkaiko Arte Grafikoetako grebak ekoizpena geldiarazi du erreferentziazko enpresetan

Cebek patronalak blokeoa baztertzeko exijitu dute grebalariek, baita eros-ahalmena eta lan-baldintza duinak bermatzen dituen lan-hitzarmena ere, azkenekoa 2009-2011 . urtetakoa baita. Urriaren 30eko greba egunean Ertzaintzak langile bat “inolako justifikaziorik gabe”... [+]


2024-10-30 | Leire Ibar
Nafarroako Gobernuari “proposamen serioagoak” egitea eskatu diote hezkuntza publikoko irakasleek

Ikasturteko bigarren greba eguna izan zuten asteartean hezkuntza publikoko irakasleek. Urriaren 29an Nafarroako hezkuntza sektoreko sindikatu nagusiek, hala nola Steilas, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT-k greba eguna egin zuten. 


Eguneraketa berriak daude