Zigor Enbeita Izarran bizi da egun. 32 urte dauzka eta Prudentzio Deuna Sariketako partaide izan da urtero, txapela bi urtetan jantzi duelarik. Arabako Bertsozale Elkarteko lehendakaria da eta aurten, bi urtez finaletik kanpo gelditu ondoren, berriro txapela eskuratu du.
Zer sentitu zenuen txapeldun zinela jakitean?
Poza. Batez ere lan asko egin ondorengo saria delako. Ikusi dut, lan gogor eginda helburuak lortu egiten direla.
Txapela jantzi zizun pertsona aita izatea ere polita izango da?
Berezia izan zen aitak txapela ematea. Bera izan nuen bertsolaritzan maixu.
Lehenago Prudentzio Deuna Sariketako txapelduna birritan izana zara. Oraingoa hobea izan al da?
Bai. Iaz izena aldatu genion eta orain Arabako txapelduna naiz, ez Prudentzio Deuna Sariketakoa. Gainera azken urteetan, ez dut asmatu eta deskolgatuta geratuta nengoelako sentsazioa neukan. Otamendiri kentzeak ere poza ematen du.
Nola ikusi zenuen finala?
Orain arteko finalik onena izan dela esango nuke. Bertsolari gehienak beren mailan jardun ziren. Manex ikusi nuen oso gorabeheratsu. Oso bertso onak bota eta akats nabarmenak egin zituen aldi berean, eta hori baino gehiago eman behar luke. Otamendi ere ongi aritu zen, beste urte batzuetan bezala ez asmatu arren.
Lanak bukatuta pentsatzen al zenuen txapelduna izango zinela?
Ez nekien ziur. Ariketa batzuetan asmatu nuela uste dut, baina kartzelako lanarekin ez nintzen gustura gelditu. Oihane Pereak ariketa batzuetan oso maila ona erakutsi zuen. Zalantzak izan nituen, txapela norentzat zen jakin arte.
Zein asmo duzu aurrera begira?
Orain arte bezala lanean jarraitzea. Datorren urteko Txapelketan ongi aritu eta Euskal Herriko Txapelketarako sailkatze saioetarako ere ongi prestatzea dut helburu.