argia.eus
INPRIMATU
JON KORTAZAR: "HIZKUNTZAK NORBERAREN IDAZKERA ALDATZEN DU"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zein da «Diglosia eta euskal literatura» idaztearen arrazoia?
Aspalditik buruan neukan galdera bati erantzutea.

Zein da galdera hori?
Ea literaturarako hizkuntza bat aukeratzen denean, hizkuntza horrek artistaren lana baldintzatzen duen ala ez. Ni baiezkoan nago, baina idazleen artean ezezko erantzuna dabilela esango nuke. Batez ere ukapen horrek beste helburu bat betetzen du, esaten denean euskara ez dela gai ez dakit zertarako, demagun «literatura egiteko ez dela gai», eta orduan idazleek diote, euskara eta gaztelera, adibidez, egoki direla literatura egiteko. Noski egoki direla, baina ez da hori nik proposatzen dudan gaia, hau baizik: Zer gertatzen da hizkuntza bat literatura egiteko aukeratuz gero, aukerak eragina du? Nik baietz esango nuke, hizkuntzak norberaren idazkera aldatzen duela.

Ez al da zure uste horrekin bat etorri den idazlerik?
Jakina baietz. Badira hizkuntzaren izaera gramatikalak norberaren literaturan zeresana duela baietsi duten idazleak. Badira hizkuntzaz aldatu dutenak estiloz edo estetikaz aldatzeko. Eta baita ama hizkuntza erabili ordez beste hizkuntza batean literatura egin dutenak ere: Conraden adibidea datorkit burura, baina ez da bakarra. Beckett, Nabokov, Kundera hizkuntzaz aldatu duten idazleak ditugu. Eta mugimendua nagusitzen ari omen da postkoloniala egin den Europan, nahiz eta kasu honetan desberdin gertatzen den; kanpoan jaiotakoek hizkuntza nagusia hartzen dute: alemana, ingelesa, frantsesa... eta hizkuntzak sortzen du kolonizazio berria, agian.


.