Iban Zalduak sexuaren gaia aipatzen du liburuari eginiko kritikan. Liburua maskulinoa ote?
Sexu harremanak ikuspegi oso maskulino batetik kontatuak dira, baina ez dut uste liburu matxista denik horregatik. Pertsonaia nagusiak bizi dituen miseria andanaren gainean gaur egungo gizasemearen patua agertzen da. Hau da, gizonok ez dakigu emakumeekin tratatzen. Alde batetik, hezibidez etorri zaigun matxismoa utzi nahi dugu, progresistak sentitzen gara, baina ez dakigu benetan nola jokatu. Hori islatu nahi izan dut.
Belaunaldi baten isla egin duzu baina egoera politikoan sartu gabe. Nekeza al da bizi dugun egoera sozio-politikoa deskribatzea?
Nahita egin nuen horrela. Donostian ez dakit, baina Iruñean -nik ezagutu nuen jende gehiena behintzat- gehiengoa ez zegoen politizaturik, ez deus ere. Politizatua gutxiengo bat izan da, baina gutxiengo hori da literaturara eraman ohi dena.
Alabaina, memento batean, faktore politikoa ukitzeko tentazioa izan nuen, Iruñean kokatu gabe ere, faktore hori eransteko tentazioa-edo. Nobelako lagun koadrila, fraide ikastetxeko ikasle ohiak, Ikastolako lehen promozioko ikasle ohiak lirateke! Pentsa nola aldatuko litzatekeen istorioa! Horrek egitura problema handiak ekarriko lituzke ordea, hizkuntzaren gaineko aipuak egitean, kasu.
Nobela gaztelaniarik ez balego bezala kontatuta dago, istorioa euskaraz bizitakoa da. Bide hori hautatuz gero, bertzalde, ezinbertzekoak izanen ziren politikari buruzko aipuak. Orduan, protagonista nagusi bakoitzari zein etiketa politikoa erantsi beharko nioke? Trapitxeroari ezker abertzalearena, enpresari zerriari UPNrena eta lanbide liberala duenari sozialistarena? Zergatik? Hori niretako asotsa edo harrabotsa zen, zarata. Ez zen hori kontatu nahi nuena.
Demagun ausartzen zarela gure giro politikoa, soziala eta gatazkatsua idazten. Ausartuko al zinateke oraingo liburuan azaltzen den belaunaldi hori deskribatzen?
Alde batetik, egina dut honezkero «Ur uherrak» nobelan. Bertzalde, gaiari berriz ekinen banio, saiatuko nintzateke beharbada zeharbideren bat bilatzen. Genero historikoak, konparaziorako, aukerak ematen ditu horretarako.
Nobelaren bilakera
Liburuak bi urte luze bete ditu karrikan. Harrera epela izan zuela erran duzu inoiz, zarata handirik gabe pasa izan zela.
Neurri batez edo bertzez, idazle guztioi gertatzen zaigu hori. Lana beltz egiten dugu, esperantza handiak jartzen ditugu liburu berrian, eta emaitzak, gehienetan, ez dira esperantzen heinekoak izaten. Ustekabe atseginak gutxitan izaten dira. "Rock'n'roll" liburuari inoiz baino denbora eta lan gehiago eskaini nion, eta itxaropena ere handiagoa nuen bertzetan baino.
Liburua Bilbon izandako literatur jardunaldietan hizpide izan da berriki. Jarraitzen duzu berdin pentsatzen?
Gaur egun, lasai pentsatuta eta gauzak bere lekura etorriak, ez naiz noski hainbertze kexatzen ahal. Baina salmentak dira, tamalez, liburu baten arrakastaren neurria. Eta liburu honek badauzka oso salgarri egiten ez duten halako ezaugarri batzuk. Batetik, liburu potzoloa da eta izenburua nahasgarria izan zen. Batzuek ez zuten liburua nobelatzat hartu. Badira saiotzat edo musika liburutzat hartu zutenak. Halaber, ezohiko edizio batean atera zen, garestiago. Horrek nonbait ez zuen lagundu.
Bilbon liburuak zer esana eman du berriz ere. Zer ondorio atera duzu?
Euskal literaturan minoritarioa naizen sentsazioa edo pertzepzioa daukat, ez dut uste oker nagoenik. Liburua Bilboko jardunaldietan kontuan hartu zutenean, pentsatu nuen: «Ez nuen oso garbi hildakoen berpizkundearena. Baina baliteke ‘Rock'n'roll’ nobela berpiztu ahal izatea» (Irriak).
Nobelaren itzulpena
Nobela gaztelania ez balego bezala kontatuta dagoela esan duzu, euskaraz bizitakoa dela. Zer suposatu dizu horrek itzulpena egitean?
Nire iduriz, ez euskaraz ez erdaraz irakurleak ez dio inolako mementoan bere buruari galdetzen zer hizkuntzatan ari diren, benetan, liburuko protagonistak. Euskal literatura horrenbertze aitzinatu da azken hogei urteetan! Gero, bigarren plano batean, istorioa niretzat Iruñean edo Iruñea bezalako hiri batean gertatzen denez, ez zait batere zaila gertatu nire pertsonaiak erdaraz imajinatzea.
Beraz, kontu horrek ez dit zailtasunik ekarri alde horretatik, izatekotan alderantziz. Kasu batzuetan neronek ere sumatu dut pertsonaiak beren giro naturalera ekartzea bezala izan dela itzulpena, nolabait ere, nobelak euskaraz fikzio-karga erantsia izan eta, gaztelaniara bihurtuta, horretaz arindu banu bezala.
Bestela, nola moldatu zara liburua itzultzeko?
Memento batzuetan amesgaizto bat izan da. Ia urte eta erdi egin dut liburua itzultzen. Lan honek buruan edo zirriborroetan nituen bertze egitasmoak atzerarazi dizkit eta horrek halako urduritasuna sorrarazi dit hondarrean. Nolanahi ere, gaztelaniaz idazteko ohitura badaukat, itzultzaile bainaiz lanbidez, baina zure burua itzultzea neketsua da batzuetan.
Zergatik?
Zu zara liburuaren egilea, lana zurea da, eskubidedun sentitzen zara aldaketak egiteko eta, nahigabean ere, nolabaiteko birsortze lanean hasten zara. Horrek arras puntu nekagarrira eramaten zaitu, inoiz gelditzen ez den zirrikari bueltaka ari bazina bezala. Ez dakit berriz ere eginen nukeen! n