argia.eus
INPRIMATU
IBARRETXE ETA SANZ GERO ETA INDARTSUAGO
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2021eko uztailaren 16a

Badaukagu herri aginteen argazki berria Hego Euskal Herrian. Orain artekoak Lizarra-Garazi eta ETAren tregoa garaiko indar harremanak islatzen zituen bezala, tregoa hautsi ondorengo eta Ibarretxeren planaren aro berrikoa erakutsiko digu hemendik aurrera. Udal eta diputazioetako kargu banaketa iazko maiatzeko hauteskundeek utzitako argazkiari egokituta, EAEn EAJ-EA koalizioak sakondu egin du bere nagusigoa, eta Nafarroan UPNk lehengo indarrari eutsi dio, Espainian PPk Prestigeren hondamendiari eta Irakeko gerraren kontrako protestei gain hartu dien moduan.

Hego Euskal Herriko erakundeak urte luzez bi alderdi abertzale eta bi alderdi konstituzionalistaren arteko indar banaketaren arabera antolatu izan dira. Orain trantsizio berezi bat hasten da, historikoki Herri Batasunak bete duen lekua hutsik geratuta. Ezker abertzalearen gehiengoa legez kanpo utzita, boto banaketa berrian EAJ eta EA indartu dira lehen indarra zuten lekuetan, askotan gehiengo osoa erdietsiz.

Parte hartzearen handitzea -aspaldiko urteetan ez bezala- orain kontzientzia abertzalearen mobilizazioaren erakusgarri da, eta azken hilabeteotan Madrildik gogortu den eraso antinazionalistari erantzunez EAJ eta EAk bere indarra handitzen ikusi dute lurralde eta herri guztietan. Eta ilegalizazioari erantzuteko baliogabeko botoa landu duen AuBk ere askok espero baino hobeto atxiki die bere posizioei. Ezker Batuak etekina atera dio "Madrazo efektua" deitu izan denari -instituzioetan muturra sartu eta protagonismoa lortu izanari- eta Aralar alderdi berriak Nafarroan erakutsi du ezker abertzalearen indarraren erdia berea zela.

Botoei begiratuta, alderdi gehienek aurkitu dituzte kontsolatzeko motiboak: ez da aldaketa ikaragarririk gertatu oro har, eta legez kanpo geratu den ezker abertzaleak ere iazko maiatzeko botoak kontatu ahal izan ditu baliogabeen kopuruan. Aginte guneetan, aldiz, Nafarroan ez bezala EAEn panorama oso aldatua dago dagoeneko. EAJ-EA koalizioak Bizkaia eta Gipuzkoan kasik oposiziorik gabe agindu ahal izango du datozen urteetan, Donostia bezalako salbuespenak salbuespen, eta bere nagusitasuna sendotu hiru lurraldeotan. Sozialistek beren eragina galdu dute, Nerbioi ezkerraldean bertan abertzaleak gailendu baitzaizkie, eta halakorik ez geneukan gure memorian.

Aldaketa nagusia EH-HB Eusko Legebiltzarra ez beste instituzio guztietatik kanpo geratzea izan da. Legez kanpo geratzeak behartzen duen trantsizioari zein egoeratan ekin ahal izango zion zen hauteskundeotako inkognita handi bat. Baliorik gabeko botoek erakusten dutenez, mobilizazio ahalmen handia eta askok espero baino boto emaile gehiagoren fideltasuna dauzka oraindik. Boikot ahaleginean saiatzeko tentaldia gainditu zutenek asmatu zuten, alde horretatik. Baina boto baliogabeena bi aldiz errepikatu ezinezko esperimentua denez, kasik egitura guztiak legez kanpo dituela eta zazpi hautetsirekin soilik ekin beharko dio beharrezko trantsizioari ezker abertzale maioritarioak. Beharrezko trantsizio horretarako jadanik datu bat geratu da nabarmen: Nafarroarako estrategia berezia proposatu beharko duela. Gurutzbide luze eta gogorra EH-HBko militanteek egin beharko dutena ondoko hilabeteetan.

EAJ-EA koalizioa geratu da instituzioetan abertzaleen ordezkaritza ia osoarekin, eta azken hilabeteotako gertakizunen onuradun nagusi gertatu da. Oposiziorik gabe leku askotan, Bizkaia eta Gipuzkoan nagusitasun osoarekin, maniobratzeko tarte oso zabala eskuratu dute. Ibarretxe lehendakariak ere udazkenerako bere proiektuak mamitzen joateko indar handia eskuratu du emaitza hauekin. Baina noren laguntzarekin?

Udal hauteskundeetako bere emaitzarik onenak lortu dituen EBk -Madrazoren ahotik- abertzaleen eta PSEren arteko zubilana egitea proposatu du. EAJ-EA PSErekiko elkarlanerako eremuren bat antolatzen saiatuko ote dira, EBrekin nahiz gabe? Ala PPrekiko adostasuna lehenetsiko dute sozialistek, azken denboretako elkarlanean sakonduz? Araban eta Nerbioi ibar ezkerrean gertatuko diren mugimenduek emanen dute pista.

Araban -edo Gasteizen zehazkiago- eta Nafarroan atxiki dio bere indarrari PPk, azken honetan UPNk dituen berezitasun guztiekin. Gipuzkoa eta Bizkaian Mayor Orejaren estrategiak porrot egin duen bezala, Arabak honetan ere bere ezberdintasuna erakutsi du. Eta Nafarroan, ikusten da Itoitz, Gazteluko Plaza, euskararen kontrako erasoak eta beste hainbat eskandalu ez direla aski Sanz eta Barcina ahultzeko, eta Erriberan bertan indartzen segitu dute.

Honetan behintzat Espainiaren antza izan dugu. Ez Prestige itsasontziak eragindako katastrofeak eta ez Irakeko gerrak, ez dituzte askorik aldatu hor ezkerraren eta eskuinaren artean zeuden indar banaketak. Auzoan gertatu zaigu aldaketa nabarmen bat, Aragoen, non Ebroko urak kanpora eramatearen inguruan sortutako polemikak eraman baititu sozialistak agintera. Galizian, aldiz, Nafarroan bezalatsu joan dira gauzak, eta Iruñeko moduan Muxian.

Lau alkateak indartsu eurenean
Odon Elorza Donostiako alkateak berriz ere argi erakutsi du donostiarren artean duen tirakada. Azken urteetan Gipuzkoako diputazioarekin harreman ona mantendu izan du eta pentsatzekoa da aurrerantzean ere hori gertatuko dela. Gasteizko Alfonso Alonso PPko alkateak ere ondo eutsi dio PPk izandako beherakadari. Sozialistak izango ditu aliatu, aurreko legealdian bezala. PSE-EE eta hirukoaren arteko elkarlana ere posible litzateke udal askotan, baina ez dirudi datorren martxora begira ari den Zapaterok oso gustuko izango duenik PSE EAJ eta Earekin besotik helduta ikustea. Ondo baino hobeto eutsi dioten beste alkateak Iñaki Azkuna jeltzalea eta Yolanda Barcina izan dira. Aznar zerrendan zeraman PPk burumakur atera behar izan du Bilbotik. Ez da UPNko Barcinaren kasua, honek Iruñeko udalaren kudeaketan izandako gora-behera guztien gainetik aurrera egin du, askok pentsatzen zutena baino emaitza hobeagoarekin gainera.