"Euskal gazteentzat ikuskizun bat sortzeko helburuarekin" sortu zen Deabru Beltzak talde bilbotarra 1996an. Kukubiltxo, Maskarada eta Panta Rhei taldeetan jardundako hainbat lagunek Fermin Muguruza musikariarekin batera kontzertu berezi bat prestatzea erabaki zuten, txotxongiloen bidez. "Kontzertu Beltza" izeneko ikuskizun hura izan zen antzerki taldearen lehen lana. Haur eta gazteei zuzendutako kale antzerkia eta txotxongiloak lantzea izan du xede taldeak sorreratik.
Zazpi urte hauetan hainbat kale ikuskizun muntatu dute, gehienak unean unerako prestatuak. Horien artean Zugarramurdiko Akelarrea, Bilboko Aste Nagusiko ekitaldia, Olentzeroa edoeta Sestaoko Sardinaren Ehorzketa. Bi dira orain arte sortu dituzten ikuskizun iraunkorrak: "Les Tambours de Feu" kale ikuskizuna eta "A,e,i,o,u" haurrentzako txotxongilo antzezlana. Azaroan haurrentzako lan berria estreinatuko dute.