argia.eus
INPRIMATU
EGURRA LEPO BERETIK
Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko uztailaren 16a

UPN gobernuan izango da eta CDNk sostengatuko du. Lasai aritzeko moduan dira erdia baino bi eserleku gehiago baitituzte bi alderdien artean. PSNko Juan Jose Lizarbek jarraitzen du oposizio guztia bildu eta gobernua eratzeko ahaleginean, baina dauden aukerak ikusita nahiko modu etsian. Lepo beretik dator, beraz, Nafarroako Gobernu berria eta berdintsu esan liteke bideratuko dituen politikei buruz

Espero baino emaitza dexente eskasagoak lortu ditu PSNk gobernu alternatiba eratzeko, areago kontuan hartuta parte-hartzea ia sei puntu handiagoa izango dela. Alde horretatik UPN ere berdintsu mantendu da botoetan, baina aldeko abagune batean 99koa baino emaitza kaskarragotzat hartuko litzatekeena, estatu mailan PPri iragartzen zitzaion beherakada kontuan hartuta garaipena bihurtzen da, batez ere CDNrekin batera aurreko legealdian baino lasaiago gobernatu ahal izango duelako. Iruñeko udalean Yolanda Barcinaren kudeaketak -Gazteluko Plaza dela eta batez ere- zigorren bat izan zezakeela pentsatzen zuten askok, baina ezta gutxiago ere, gora egin du boto eta zinegotzitan.

Nafarroako beste zalantza handietako bat Aralarren emaitzak ziren eta honek lau parlamentariorekin indarrez egin du bere sarrera Legebiltzarrean, Aralar nagusiki Nafarroako alderdia dela erakutsiz. Aralarrek EHk 1999an (47.190 botu) lortutako emaitzaren erdia ia bereganatu du, eta Aralar, Batzarre eta AuBren artean 51.000tik gora boto lortu dituzte. AuBren botoak baliogarriak izan balira hiru eserleku lortuko zituen Foru Legebiltzarrean. Batzarrek, ordea, 1995ean baino ia 1.400 boto gehiago lortu badu ere, ez du ordezkaritza izateko beharrezkoa den botoen %3 lortu. Dena den, Batzarrek Nafarroan bere ordezkaritza ondo finkatuta duela erakusten du. Aralar eta Batzarre batera aurkeztu izan balira eta orain lortu dutena lortuz, Nafarroako hirugarren indar politikoa lirateke. Denak ere oso kontuan hartzeko datuak, Nafarroan politika ezkertiarra eta abertzalea egin nahi dutenentzat.

Gora egin duen beste indarra EA-EAJ koalizioa da, botoetan ez horrenbeste (2.000 boto) baina bai ordezkaritzan (bi zinegotzi eta parlamentario bat). Abertzaletasunak, oro har, ia 75.000 boto lortu ditu Nafarroan, AuBren baliogabeak barne, Legebiltzarrerako inoiz lortu duen boto kopururik handiena, nahiz eta eserlekutan hiru eserleku galdu dituen 1999arekiko.

Gobernatze aldetik ez da aldaketa handirik Nafarroan eta pentsatzekoa da UPNk bere politika eskuintiarra eta euskararen aurkakoa biziberritua bideratu ahal izango duela. Matematikoki eta beste perspektiba politiko batean, posible zatekeen Iruñeko alkatea CDNkoa izatea eta Nafarroako Gobernuko lehendakaria PSNko Juan Jose Lizarbe. Oraingoz, ordea, halakoetan pentsatzea politika fikzioaren eremukoa dela dirudi.