argia.eus
INPRIMATU
ZER DA...: EPP
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21a

EEP edo OPA delakoa (Erosteko Eskaintza Publikoa) burtsako maniobra bat da, sozietate batek txikiagoa izan ohi den beste baten kontrola hartzeko egiten duena. Operazio horren bidez, enpresa eskaintzaileak iragartzen du prest dagoela akzioak kotizazioko prezioa baino goragokoan erosteko. Helburua lortzeko, bi aukera ditu: edo sozietate horren akzio guzti-guztiak erostea, edo, usuago gertatu ohi dena, munta handiko pakete baten jabe bihurtzea, hartara ateak zabalik izango baititu enpresa kontrolatzeko. Beraz, kontua da enpresa handiak txikia irensten duela. Eta ahamen bakarrean egin ohi du. EPPa haginkada finantzario laster eta eraginkorra baizik ez da. Haren bidez, enpresa irensle batek sozietate baten gaineko eskaintza egiten du eta takateko batean hartzen du sozietate horren kontrola. EPPa ongi ateratzea faktore bakar batek determinatzen du: akziodunen erabakiak, nahiz eta aurretik beharrezkoak diren dagozkion baimen ofizialak (gobernukoak eta bertako erakundeenak). EPPa adiskidetasunezkoa izan daiteke, enpresek elkar hartuta egin delako, edo etsaitasunezkoa, aurrez elkar hartu gabe egin delako. Euskal Herriaren kasuan, azken EPPak Iberdrola enpresari erasan zion. Eta Kata-luniako Gas Natural enpresak bota zuen, etsaitasunez. Ez zen aurrera atera, zegokion baimen ofiziala ez baitzuen lortu.