Hiriaren historia
Legutianoren existentziaren lehenengo aipamena Alfontso XI.a erregeak 1333. urtean emandako Errege Pribilegioan jasotzen da. Dokumentu honetan Legutiano hiri bihurtzen da Villarreal de Alava izena hartuz. Hala ere, hiria koroari lotuta egon zen 1371. urtera arte, urte hartan Legutiano Abendañoko jaunen eskuetan geratu baitzen. Honen ondorioz, hiriak ahaide nagusien gerra bortitza ezagutu zuen, Pedro Abendañokoa Ganboarren nagusia baitzen eta bertan gaztelua zuen. Hura suntsitzeko asmoz Gasteizetik abiatu zen Haroko kondea 1471n, baina Abendañokoen laguntzaz Bizkaitik etorritako tropek aurre egin zioten Arabako lautadan. Borrokak oso gogorrak suertatu ziren eta Haroko kondeak su-etena aldarrikatu zuen azkenean.
XVI. mendean hiria eta inguruko herrien arteko auziak ugari izan ziren: Santa Engrazia ibaiarengatik Zigoitiaren aurka eta Ketura mendiarengatik Otxandioren kontra, esaterako.
Eskalanteko kondesa, Abendañokoen azken ondorengoa 1504an hil zenean hiriak koroaren eskuetara pasatzea eskatu zuen. 1683an lortu zuen eskakizuna.
Bigarren karlistaldiaren garaian Legutianok 1.500 biztanle inguru zituen. 1875eko udan liberalek egindako sute handiak eta erasoak pairatu zituen.
1936ko gerran aldiz, Legutiano oso kokapen preziatua izan zen bi bandoetarako, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba arteko bidegurutzea eta Gasteizen sartzeko giltza zelako. Gerra hasi zenean, eskualdeko errepublikanoek eta abertzaleek egoera kontrolpean hartu zuten. Gasteiz hartzeko bidean zihoazela, hiritik atera ziren tropa faxistek preso hartu zituzten. Honen ondoren hogeiren bat guardia zibil sartu ziren Legutianon, baina Kruzeta gainean egindako segada batean abertzaleek preso hartu zituzten, Legutiano errepublikazaleen eskuetara berriro pasatuz. Hala ere, herriak gutxi iraun zuen egoera horretan, Bilbotik etorritako tropa gutxi prestatuta zegoelako eta Alonso Vega koronelaren tropa nazionalisten erasoen aurrean Otxandio aldera erretiratu zelako. Geroago errepublikanoen aldetik Legutiano berreskuratzeko ahaleginak gogorrak izan baziren ere, hutsalak ere izan ziren. Ahalegin hauetan Legutianok bonbardaketa handiak pairatu zituen, San Blaseko eliza suntsiturik suertatuz, adibidez. Albertia mendia abertzaleek gotortu zuten, baina Goikoetxea kapitainaren traizioarengatik, nazionalak lubakien sistemaz jabetu ziren eta honela, 1937ko martxoaren 31n herria eskuratu zuten, abioiez eta artilleriaz bortizki erasotu ondoren. Borroka latz haietan hildako gudarien oroimena bizirik mantentzeko urtero egiten da Albertia mendian ekitaldi politikoa.
Hiria eta inguruko herrien monumentuak
Legutianon barna bisitaldia eginez berehala atzematen dugu Erdi Aroko hiriaren egitura. Hala ere, gaur egun antzinako egitura honetatik zutik dirauen elementua hiriaren sarrera da, behialean hiria inguratzen zuen harresiaren aztarna bakarra. Atari hau arku bikoizduna eta puntuduna da, zuzen herriko plazarako bidea emanez.
Legutianoko alde zaharrean euskal atlantiar tipologia duten baserri bikainak kontserbatu dira. San Blas eliza aldiz, eraberritu zuten gerra zibilean hondatuta suertatu ondoren.
Hiritik landa, ondare erromanikoaren zenbait adibide aurkitzen ditugu inguruko herrietan, aipagarriena Goiango Andre Mari baseliza eta Urrunagako San Juan Bataiatzailearen parrokia izanik.
Aisialdi eta kirol jarduerak
Urrunagako urtegiaren inguruan aisialdi eta kirolarekin lotutako hainbat jarduera sortu dira. Urtegiaren iparraldean, ia Otxandioko mugan, Nazioarteko Estropada Eremua eta Estropada Eskola daude. Handik hurbil, baina Aramaioko bidean, Kanterarretako begiratokian Legutianoko urtegiak eta inguruko mendien ikusmira zoragarria izango dugu, mendi hauen artean Gorbeia bereziki nabarmentzen delarik.
Urtegiaren ondoan bi atsedenleku egokitu dira, Sorgin-mendi eta Zabalain izenekoak. Bertan, mahai eta burruntziaz aparte, hondartzatxoak ere badira atseden apur baten bila doazen guztien gozamenerako.
Arrantza da arrakasta handia duen beste jarduera, Legutiano eta inguruko beste herrietatik jende ugari hurbiltzen delarik urtegira pieza preziatuak harrapatzeko asmoz.
Kirol lasai eta sofistikatuagoak maite dituenarentzat Larrabeako Golf Kluba inguru zoragarri batean dago, 18 zuloko ibilbidea eskainiz. Ibilbideak paisaia zoragarria zeharkatzen du, Albertia mendiaren magaleko baso, ibai eta larre artetik.
Legutiano bertatik mendi ibilbide errazak proposatzen dira, Albertia mendira edo Motxotegiko gailurrera, adibidez. Albertia begiratoki bikaina da Urrunaga, Albina edo Uribarri Ganboa urtegien gainean. Legutianotik sortzen den bideak harizti hostotsuak zeharkatzen ditu gailurrera iritsi arte. Lehen azaldu ditugun 36ko gerrako borroka bortitzak bertan gertatu ziren. Albertia ondoko tontorrera igo gaitezke, Aramaioko lurretan dagoen Jarindo mendira, edo Albinako urtegira jaitsiz berriro Legutianora itzuli. Motxotegiko gailurrera aldiz, Ubiderako bidetik igotzen da. Tontor irekia, txilarrez, otez eta garoz estalita dago, dena pagadi mardulez inguraturik. Bertatik ikusmira ederra izango dugu bai urtegi aldera bai Gorbeia mendi hurbilera.
Euskal Eltzegintza Museoa
Ollerieta auzoan dagoen Euskal Eltzegintzako museoa erakunde publikoen eta ekimen pribatuen arteko elkarlanetik sortu zen. Museoa antzinako buztindegi batean kokatzen da eta hura osorik berreskuratzeko proiektua Blanca Gomez Segurak egin zuen, Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz. Erakusketan erakunde eta partikular batzuen piezak ikus daitezke, Eusko Jaurlaritzak emandako zeramika bilduma zabala esaterako. Erakusketaz gain, museoari erantsita dagoen buztingintzako labea Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Orokorrean sartuta dago, Monumentu gisa izendatuta.
Erakusketako pieza gehienak Euskal Herrian bertan egin dira, baina beste batzuk, Penintsulako beste buztindegietan egindakoak dira. Piezak sailkatzeko tenorean zertarako eta nola erabiltzen ziren kontuan hartu da, ondorengo taldetan bereiztuta: sutarako zeramika, mahairako zeramika, ura biltzeko eta garraiatzeko zeramika, txerrikiak kontserbatzeko zeramika, erlijio aldetik erabilera zuen zeramika, eraikuntzarako zeramika eta abar.
Erakusketa aldakorra eta mugikorra da oso, monografikoak edo autore erakusketak egin ahal izateko pentsatuta. Modu honetan publikoari Museoaren fondoetara hurbiltzeko aukera ematen zaio.
Helbidea: 01510 Ollerieta (Araba)
Telefonoa: 945 45 51 45
Ordutegia:
Astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Larunbatetan 10:00etatik 13:00etara
Igande eta jai egunetan itxita.
Taldeen bisitak aldez aurretik eskatu behar dira.
Sarrera dohainik.