MAHAI-INGURUA: LITERATURA IDATZIA 1900 ARTE


2007ko otsailaren 21ean
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Euskal literaturaren historiari buruzko lehen lanak eman zirenetik hiru mende iragan dira. Nolako bilakabidea eta trataera izan du harrezkero euskal literaturak?

JEAN HARITXELHAR. Arnaud Oihenart izan zen euskal literaturaren berri eman zuena lehenbiziko aldiz, bere garaiaz eta euskal literaturaz idatzi zituen gutun historikoen bidez. Halaber, Bernart Etxepare, Zalgize edota Etxeberri Ziburukoaren lanak ezagutarazi zituen.

Ordura arte zerbait idatzia zen, baina gutxi dudarik gabe. Etxeparek, lehenago, euskara idatzian bere kezka agertu zuen, bera izan zen zinez euskal literaturaren berpizkundeko gizona. Etxeparek hizkuntzak bereziki aipatu baitzituen eta euskara aldarrikatu.

1539an, Villiers-Cotterets-eko aginduan Frantzisko I.k latina baztertu eta lengoaia «vulgares» edo herri-hizkuntzak delakoak suspertu behar zirela erran zuen. Orduan, frantsesa eta gaztelania herri-hizkuntzak ziren, baita euskara ere, bistan da. Etxeparek ederki ulertu zuen hori 1545ean. Gero, lau urte berantago, 1549an, Frantzian hizkuntza frantsesaren defentsa eta ilustrazioa azaldu zen. Etxeparek «Euskara jalgi hadi kanpora, mundura eta dantzara» erran zuen, erran nahi baita: «Hizkuntza guztien dantzara».

PATXI EZKIAGA. Jeanekin bat etorrita ere, esango nuke euskararen fenomenoa ez zela euskararekin bakarrik gertatu. Prozesuak lurralde guztietan gertatu ziren, baina, gurean, hizkuntzaren plazaratze fenomeno hura beste literatura baino beranduago iritsi zen, tokian tokiko egoera soziopolitikoak zeharo diferenteak izan zirelako; Ingalaterran, kasu.

Etxepare kaleratu zen unean hain justu, Euskal Herriko erakundetzearen aurkako lehen eraso gogorra izan zen, Hegoaldean behintzat. Karlos V. 1556ean desagertu eta Felipe II. azaltzen denean, politika zeharo uniformatzailea ezarri zen, gero 1598an Felipe III. dator, 1621era arte. Gero, Austriarrak datoz, 1700 ingurura arte. Austriarrek jarrera zeharo zentralizatua hartu zuten, inguruko herriekiko jarrera zikiratzailea zeharo. Euskara bereziki erasotua sentitu zen memento hartan. Hegoaldean, Garibaik eta bere ingurukoek erantzun moduko bat eman zuten, Iparraldean Etxeparek eman ziona. Erantzun moldeak diferenteak izan ziren, ordea.

JEAN HARITXELHAR. Ez dezagun ahantz Nafarroa Erresuma zela, aske zela. Nafarroa Garaia Espainiako Erresuman zegoen, baina oraindik Nafarroako Erresuma bizi zen. Garai horretan hasi zen euskal literatura.

PATXI EZKIAGA. Patxi Salaberrik oso argi eta ondo islatu du hori bere liburuan, 1512an gertatua, Nafarroako anexioa eta bere eraginak. Politika arloan nahiz erlijioan.

PATXI SALABERRI. Iparralde eta Hegoaldea aipatu dituzuenez, bi kontu: hasieratik nolabaiteko desfase edo sintonia falta izan zen gure Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Eta hau, gerora, euskal historian barrena zeharo nabarituko da. 1512a arte dinamika eta eraso ezberdinak izan ziren, eta harrezkero, nabarmenago.

JEAN HARITXELHAR. Gurea, batez ere, ahozko literatura bat izan zen, ez zen idatzia izan. «Bereterretxen Khantoria» 1450eko urtea baino lehenagokoa da. Kantu eder bat da, baina 1870a arte ez zen idatzia agertu. Horrek bizitze luze bat ukan zuela erakusten digu, eta era berean, idatzi aitzin, euskaldunek mendez mende gogoan atxiki zutela, kasu honetan zuberotarrek.

Horiek horrela eta ahozko literaturaren munta kontuan harturik, euskal literatura idatzia nahikoa al da euskal gizataldearen nortasuna eta bilakaera islatzeko?

PATXI EZKIAGA. Ez dut uste. Gure literaturaren arazo handienetako bat -zenbait kasutan behintzat- bizitzaren eta literaturaren arteko loturarik eza izan da. Hau da, gure literatura didaktika moralizatzaile baten ikuspegitik idatzi da batik bat. Hori zeinek irakurri behar zuen? Herriak? Ezetz uste dut. Herriak ez zuen leitzen. Hori beste literaturetan ere gertatu da, eta gurean, Jean Baptiste Daskonagerre edo Oihenarterengana iritsi arte, aurreko literatura gehiena, horren inguruan kokatuko nuke. Alegia, bi izen horien kasua eta idazki batzuk kenduta, euskal burgesiak ez zuela sekulan euskaraz idatzi. Hor dago gakoa. Euskaldunok beste eremu batzuetara begira bizi izan ginen. Herriak ez zuen leitzen eta orduko literatura jende aurrean irakurtzeko idazten zen, predikatzeko, erakusteko ere nolabait.

PATXI SALABERRI. Koldo Mitxelenak aspaldi esan zuenez, guk badugu literatura bat, ez oso handia, baina aberats samarra; desorekatua da, ordea. Alegia, erlijio liburuak ez ditugu soberan baina bestelakoak ditugu falta. Eta egia da. Eta horrelakoak falta direnean, giza talde baten irudia hartzeko, gizarte hori irudikatzeko elementuak falta ditugu. Baina, tira, daukagun literaturak ere erakusten digu nolakoak izan garen, behartuta edo ez, zergatik jokatu dugun modu batean edo ez dugun beste modu batean jokatu.

Askotan, literaturan isiltasunaren kategorizazio moduko bat dago. Zergatik dago isilik idazlea? Zergatik mintzatzen da isiltasunaren bitartez? Gure literaturak asko du horretatik. Erlijioaren esparrutik mintzatu da, apaizen arlotik, didaktika moralizatzaile horren bidez, Patxik esan duen bezala. Hainbat arlo gelditu zaigu hutsean, idatzian islatu ez direnak, eta ahozko literaturak, zoritxarrez, bete ez dituenak. Hala ere, idatzirik geratu ez zaigun ahozkoa ere falta dugun arren, gure giza taldearen nortasuna eta bilakaera ikusteko hainbat dokumentu idatzirik badugu. Bien uztartzetik, ez dut zalantzarik, antzeman genezake osorik nola jokatu dugun eta nolakoak izan garen.

JEAN HARITXELHAR. Hala ere, gure literatura ez da beste literaturen mailan, argi eta garbi erran behar dugu hori, konplexurik gabe: Shakespeare, Molière, Dante, Cervantes... Guk horrelakorik ez dugu izan, onartu behar dugu hori. Baina denbora berean diot: euskal literatura bat badela, hots, sortzailea. Eta nik ez ditut itzulpenak euskal literaturan sartzen, baina bai euskal letretan. Adibidez, Espainian «Celestina», «Don Juan Tenorio» eta «Kixotea» sortu zituzten eta horiek unibertsalak dira egun. Espainian sortuak eta itzulpenen bitartez beste hizkuntzetara zabalduak. Ez dira frantses literaturatzat joak, ez bestelakotzat ere. Baina Molièrek «Don Juan» itzultzen duelarik sortze lana egiten du. Don Juan mitoa hartu, bereganatu eta berea ematen dio, frantses literaturan sartzen du nolabait. Eta guk ez dugu horrelakorik ukan.

PATXI SALABERRI: Gure literaturaren izaera dela eta ez dela ari gara, baina tira, den bezalakoa da. Esate baterako, beharbada nire gurasoak ez dira ederrenak, baina nireak dira, onartzeko, maitatzeko, eta finean, diren bezala hartzeko prest naiz. Gure literatura beste batekin konparatzeko tentazioa izaten dugu sarri. Baina, den bezala delarik ere, ikus dezagun nolakoa den eta uler dezagun zergatik den, den bezalakoa. Azken batean, historiak eman behar digu garena edo izan garenaren berri. Beraz, bilatu eta erabili ditzagun tresnak ahalik eta hobekien ulertzeko. Eta daukaguna daukagunez gero balora dezagun. Mekanismoak ulertu behar ditugu.

JEAN HARITXELHAR. Mekanismoak aipatzen dituzu. Beste literaturak Gorteen inguruan sortu ziren: Espainiakoa XVI. mendean, Frantziakoa XVIIean. Non zen euskaldunon Gortea? XVI. mendean, garai batez, Pauen izan zen. Zerbait sortu zen orduan. Baina, funtsean, ez dugu estaturik ukan, ez mezenasgorik ukan.

PATXI EZKIAGA. Hala izanik ere, aspektu honetan Milan Kundera idazle txekiarrarekin bat nator. Adibidez, berak, txekiarra izaki, honela dio: txekiarroi Robert Musil eta Hermann Broch idazleak etorri ziren unean etorri zitzaizkigun. Baina, berak dioenez, Europako literaturaren historia ezin da inola ere aztertu konpartimentu estanko bat balitz bezala. Literatura nolabait, herrialdeek jokatutako abentura bat da, literaturaren historia herrialde bakoitzak boterearekin zuen harremanaren arabera jokatutako rola da. Horregatik, euskaldunok gure modura ere, literaturaren historian sartuta gaude. Besteen mailako literatura idatzi gabe, beste herrialdeetatik etorri izan zaizkigun eraginen arabera gure rola bete dugu giza bilakabidearen historian, eta gure modura, literaturan ere bai.

Jeanek Espainiako literaturaren adibide horiek eskaini dizkigu, baina ez dut hiruak nazioartekoak direnik uste, Cervantes bai. Cervantesek «zer da abentura?» galdetzean, erantzun bat ematen digu. Cervantesek Europako izaerari hain estuki dagokion kontzeptu hau hizpide utzi zigun. Espainiako botereak Ingalaterrara jo ondoren, Samuel Richardsonek ematen digu erantzuna Ingalaterran. Gure barruko mundu hori azaleratzen saiatzen da. Gero, botereak Frantziara egiten du, eta Frantziak mende erdi bat hartzen du bere gain, jaun eta jabe izaki. Honoré de Balzac etorri zen eta historian erroturiko pertsona aztertu zuen. Handik gutxira, Flaubertek «Madame Bovary»rekin egunerokotasunaren azterketa egiten du, lur inkognitoa izango balitz bezala. Tolstoi, Marcel Proust, James Joyce edota Thomas Mann etorri ziren gero.

Europako historia eta bere literatura abentura luze bat da. Euskaldunok, europarrak izaki ez gara uharte bat, eta gure modura historia horretan parte hartu dugu. Eta ez Axularrek eta bere kideek islatu zuten nekazaritzaren aldetik bakarrik. Gure literaturak ez du gure burgesiaren aipamenik egiten, baina burgesia horrek beste lurraldeetako botere ekonomikoekin harremanak zituen, beharbada gure literaturan islatu ez direnak, baina, nolabait, Europako literaturaren konfiguratzen lagundu dute, bere modura, osotasun modura hartuta.

PATXI SALABERRI. Izan liteke, ez dut zalantzarik. Kontua da obra praktikoetan nola agertzen den. Nola baloratu daitezke horiek?

PATXI EZKIAGA. Horixe bera! Esaterako, Europako beste literaturetan azaltzen diren gaiak -zure liburuan agertu bezala-, noiz hasten dira azaltzen gurean? Bada, agian, gurean, Txillardegiren «Elsa Scheelen» nobelan. XX. mendera etorri gara eta Europako literaturaren hezur mamiak izan diren gaiak ez dira gure literaturan inondik ere azaltzen. Eta ez dira azaltzen, mundua ez delako euskal literaturan anbiguotasun gisa sekula ikusi izan. Euskal literaturan eta beste arlotan ere gertatzen da hori. Mundua anbiguotasun gisa ulertu ordez, euskal literaturak nahiago izan du segurtasun gisa ikusi. Ez dugu inoiz Jainko anbiguo bat izan, Jainko epaile bat baizik. Txuria edota beltza. Zuk liburuan gorriak eta txuriak aipatzen dituzu, mundua zatika dezakeen molde bat, hau onartzeko eta hori debekatzeko.
JEAN HARITXELHAR. George Bushek egiten duen bezala.

PATXI EZKIAGA. Bai, jauna. Eta hori konstante iraunkorra da gure literaturan, eta beste zenbait literaturatan ere bai.

PATXI SALABERRI. Norberari ziurtasuna ematen diona, norberari bizitzarako bai eguneroko errealitatean bizitzeko.
PATXI EZKIAGA. Patxik, bere liburuan, garbi utzi du euskal literaturari balizko burgesia falta izan zaiola, ez dugu izan, eta literatur mota hori falta dugu.

JEAN HARITXELHAR. Eta arestian erran bezala, Gortea ere bai.

PATXI EZKIAGA. Noski.

PATXI SALABERRI. Baina, izan dugunean ikaragarrizko eragina izan du. Hori Iparraldean oso ongi agertu zen XVI. mendean
Erreforma ala Kontrarreforma?

Erromatarren garaitik etorriz Goi Erdi Aroa, Argien aroa, eta Karlisten garaiak landu ditu Patxi Salaberrik bere liburuan. Bere hitzei jarraikiz, «Erdal kulturen zirrikituetatik euskal literaturaren ernamuinera» bide eginez, Erreforma Katolikoaren edo Kontrarreformaren garaia aipagai izan dute gure solaskideek.

JEAN HARITXELHAR. Nik nahiago dut Erreforma katolikoa izenda dezagun. Lehenik Erreforma protestantea izan baitzen, bestea ondoren etorri zen, ez zen erreformaren kontrakoa, beraz.

Iparraldean sortu zen, protestanteek eragin handia baitzuten Nafarroako Gortean, Leizarraga tartekoa izaki. Sorginen aurkako «arrazakeriak» etorri ziren gero, 1610 aldean. Gertakari hauen ondoren, 1611ean, Ziburun fraide etxea eraiki zen, Esteve Materre eta bere ingurukoak tartean izaki. Hots, protestanteen eragina eta sorginen ehiza garaia gaintzeko nolabait, Euskal Herrian jendea biltzeko zerbait egitea pentsatu zuen Eliza katolikoak. Jendea katolikoengana ekartzeko hizkuntza eta testu berriak landu zituen Elizak, eta hartara, nolabaiteko literatura sortu zen, lapurteraz.

Alabaina, bat nator Salaberrirekin, bere liburuan Sarako Eskola delakoa zer den ez dakiela esaten duelarik. Alta, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Saran lapurtera klasiko bat erabili zuten. Ez zen eskola bat izanen, mugimendu bat baizik. Orduan hasi zen lapurtera klasikoa lantzen, hala nola baxenafarrera ere.

PATXI SALABERRI. Tentaziozko hitzak bota ditu Jeanek, eztabaidarako politak: Erreforma ala Kontrarreforma? Katoliko hitzak bere esanahia du atzean, baita bere zama ideologikoa ere. Ni kontrarreforma hitzaren aldekoa naiz. Kontrarreforma hitzak mugimenduaren ezaugarri guztiak eman zituen, kontra ateratako erreforma izan zen, norbaiten kontra atera zelako: protestanteen kontrako mugimendu bat sortu zen Eliza katolikoaren barruan. Eliza zinez katoliko eta apostoliko bilakatu zen une horretatik aurrera, eta maila guztietan gogortu zuen bere jokabidea.

JEAN HARITXELHAR. Protestanteen aldetiko erreforma izan zen. Katolikoek Trentoko Kontzilioan erreforma bat egin behar zutela pentsatu zuten. XVI. eta XVII. mendeko sainduen artean, San Frantzisko Xabier eta Loiolako Iñigo euskal sainduak ditugularik. Hauek beste bide batetik joan behar zutela ohartu ziren, horregatik ez da kontra, baizik berek egindako gogoetekin beste bide bat hartzea, horregatik Erreforma Katolikoa.

PATXI SALABERRI. Ez dut uste horretan ados jarriko garenik.

PATXI EZKIAGA. Auzi hau ez dago ebazterik, ez. Patxi, zure liburu eder honetan, gai honi dagokion atalean besteetan baina bipolarizazio handiago ikusten dut. Ados nago Jeanekin, bat nator Erreforma Katolikoa esatean. Izan ere, Erreforma Protestantea baino lehenago ere, erlijio protestanteari ere erlijio katolikoaren didaktika eta moralizatze zentzu hori antzematen zitzaion, agintea inposatzeko zentzua, Erreforma Protestanteak gauza berbera egin zuen. Jean Calvin bezain odoltzale ez zen beste inor izango, Ginebran bere eskemak onartu ez zituena, txikitu egingo zuen.

PATXI SALABERRI. Eliza eta erlijio katolikoa ere odoltzale samarra izan zen.

EZKIAGA ETA HARITXELHAR. Baita ere.

PATXI EZKIAGA. Lehen esan bezala, nork bere buruaren aztertze bat egin beharra dauka, hobekuntza eta aurrera egiteko ahalegin bat, nahiz eta prozesu horiek aurrera eramatean hanka sartu.

PATXI SALABERRI. Guk ez dugu auzia ebatziko, jakina. Eskuarki, historiografian «Erreforma Katolikoa» terminoaren aldekoak dira, sinesmen eta identifikazio katolikoaren aldekoak. Oker samarrak-edo garenok beste terminoaren aldekoak gara, jakina. Baina, tira, izendapena gorabehera, gure lana gertatutako hura identifikatzea da.


Azkenak
Gasteizko greben bideo ezezagunak aurkitu ditu Martxoak 3 elkarteak Erresuma Batuko artxibo batean

Hiru bideo dira (albiste barruan ikusgai). Batak jasotzen du, grebak antolatzea leporatuta, Carabanchelen espetxeratu zituzten Jesús Fernandez Naves, Imanol Olabarria eta Juanjo San Sebastián langileak espetxetik atera ziren unea, 1976ko abuztuan. Beste biak Martxoak... [+]


'Gaztetxeak Bertsotan'
“Gazteon ahots kritikoa entzunarazi nahi dugu, txapelketaren formak determinatu gabe”

Asteburu honetan hasiko da Gaztetxeak Bertsotan egitasmo berria, Itsasun, eta zazpi kanporaketa izango ditu Euskal Herriko ondorengo hauetan: Hernanin, Mutrikun, Altsasun, Bilboko 7katun eta Gasteizen. Iragartzeko dago oraindik finala. Sariketa berezia izango da: 24 gaztez... [+]


2025-03-10 | June Fernández
Celeste Agüero
“Manifestu politiko bat bezain indartsuak dira nirekin daramatzadan kantak eta olerkiak”

Martxoaren 8a Getxo bere bizitokian igaro du: kumbia dekolonial eta antiarrazista topaketa antolatu du Algortako Herriko Tabernan, Abianen, Hija del Nopal DJrekin batera.

Argentinatik Getxora migratu zen Celeste Agüero, kantutegi herrikoi batekin eta poesia xuxurlatzeko... [+]


2025-03-10 | ARGIA
Badator Bizi Baratzea Orria, ARGIAren aldizkari berri eta berezia

Gaur abiatu da Bizi Baratzea Orrian kide egiteko kanpaina. Urtaro bakoitzean kaleratuko den aldizkari berezi honek Lurrari buruzko jakintza praktikoa eta gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, formato oso berezian: poster handi bat izango du ardatz eta tolestu ahala beste... [+]


Elkarte eta kooperatiba agroekologikoen des-finantziazio mekanismoak

Euskal Herri mailan txikitik handira agroekologia sustatzen duten zenbait elkarte eta kooperatiba ataka larrian daude, finantziazio iturriak bertan behera geratu ostean. Erakunde publikoetatik, berriz, elikadura negozio gisa ikusten duten proiektuen aldeko apustu irmoa nabari... [+]


Zata arrunta
Ahuntzak gustuko omen dituen gautxoria

Katalanen ustetan artzainak engainatzen omen ditu hegazti honek: “enganyapastors”. Espainiar eta latindarrek, aldiz, ahuntzari esnea kentzen diola diote, hortik datorkio hain zuzen ere izen zientifikoan (Caprimulgus europaeus) islatzen den caprimulgus (capra... [+]


2025-03-10 | Jakoba Errekondo
Loratu ala hil. Loratu eta hil

Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak bete egiten dituzte. Eta loreak sortu zituzten.


2025-03-10 | Garazi Zabaleta
Bordaxaki
Euskal txerriak hazteko eta eraldatzeko proiektu txikia Nafarroako Pirinioan

Iruñean bizi ziren Iñaki Zoko Lamarka eta Andoni Arizkuren Eseberri gazteak, baina familiaren herriarekin, Otsagabiarekin, lotura estua zuten biek betidanik. “Lehen, asteburuetan eta udan etortzen ginen eta duela urte batzuk bizitzera etorri ginen”, dio... [+]


2025-03-08 | ARGIA
ARGAZKI GALERIA
Mugimendu Feminista: “Faxismoaren kontra, ausardia eta aliantza feministez armaturik gaude”

Mugimendu feministak manifestazioak egin ditu goizean Donostian, Gasteizen eta Iruñean eta arratsaldean Baionan eta Bilbon. Oinarrizko irakurketa partekatu dute, eta horri gehitu diote hiri bakoitzean bertako problematika, eragile eta ekimenen erreferentzia.


2025-03-08 | ARGIA
Bilgune Feminista
“Feminismoa da heldulekurik argiena desio dugun Euskal Herrirako”

Bilgune Feministak Heldulekuak argi, Euskal Herria feminista leloa baliatu du M8an, azpimarratzeko feminismoak ematen dituela “datorrenari aurre egiteko tresnak”, eta gogorarazteko faxismoaren gorakadaren testuinguru hau helduleku horretatik irakurri eta borrokatu... [+]


Iruña-Veleia: epaiketatik bost urtera

Otsailean bost urte bete dira Iruña-Veleiako epaiketatik, baina oraindik hainbat pasarte ezezagunak dira.

11 urteko gurutze-bidea. Arabako Foru Aldundiak (AFA) kereila jarri zuenetik epaiketa burutzera 11 urte luze pasa ziren. Luzatzen den justizia ez dela justizia, dio... [+]


Superwoman

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman,... [+]


Eguneraketa berriak daude