argia.eus
INPRIMATU
ITSUSALDIAN GOZO
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Orain arte, sasoi berriaren hasieran loratu diren zuhaitz eta zuhaixkak hostoa baino lehenago eman dute lorea. Oraingoek, eta hemendik aurrerakoek areago, adarjea hostoz jantzi ondoren ematen dute lorea. Intsusa (Sambucus nigra) horretantxe ari da. Sekula usaindu al duzu intsusaren lorea? Inori usain atsegina gerta dakioke baina gehiengoari kiratsa iruditzen zaio, hautsarena gogorarazten du eta sudurzuloetatik biriken azken zirrikituetarainoko itolarri antzeko bat hedatzen du. Hala ere eskardura ugaritan ikusten da eta etxe inguruetan maiz landatzen da, oilategietan batez ere. Azaleko ukenduak egiteko oinarrizko landarea izateak lagunduko du ohitura honi eusten.

Intsusarekin batera loratzen ari da, aspaldiko urtetako partez zuri, sasiakazia (Robinia pseudoacacia). Aurtengoan nabarmen askoak ikusten dira, bai, urrutitik sasiakazia koadrilak. Hauena bai usain gozoa! Gozoa eta fina, itomenik gabekoa eta ondo urrutitik antzematen dena. Erle saldoak ere dantza alai amaigabea osatzen du egun guztiz bere bueltan. Berriz ere bikaina izango du ospea sasiakaziaren eztiak. Intsusaren eztirik ez dut ezagutzen, baina sudurra eta ahosabaia bertagi ditugula jakinda...