argia.eus
INPRIMATU
BERO-BEROAN
2021eko uztailaren 28a

ETA-k sortutako ikusmira.

ETAk kaleratu duen azken komunikatuak hizkuntza berria erabiltzen duen ala ez dugu eztabaidagai. Batetik ohiko gauzak esaten ditu, bai Euskal Herrian bizi den gatazkari buruz, eta baita bertan ari diren eragile nagusiei buruz. Batzuen ustez, hauteskundeak direla eta hartzaren besarkada bota die debekatutako zerrendei. ETAren komunikatuaren doinu eta zenbait pasarteri dagokionez, Lizarra-Garaziko zenbait komunikaturen doinua ere ikusten omen da. Komunikatuan, besteak beste, ETAk dio herriari galdetzea funtsekoa dela gatazkatik ateratzeko, eta beti horren aldeko apustu egin duela. ETAk, halaber, aurki asanblea prozesu batean ateratakoaren berri emango duela iragarri du. Bestetik, hilaren 9an, ustez etakideak diren lau pertsona atxilotu zituen Frantziako poliziak Saintesen, Bordeletik 100 kilometro iparraldera: Ainhoa Garcia, Asier Aranguren, Aitor Garcia eta Thierry Iriart.


Hauteskunde autonomiko aurreratuak EAE-n?

Jadanik nahikotxo hitz egin da hauteskundeak udazkenera aurreratzeari buruz. Halakoetan ugari izaten dira zurrumurruak, baina maiatzaren 25aren ondoren hobeto ikusiko da zer egin dezakeen Ibarretxe lehendakariak eta zer ez. Edozein eratan, irailean Ibarretxeren plana deitu denaren testu artikulatua eramango du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera, eta lege baten izaera izango duenez, bere garapena, normalean, samur hel daiteke 2004ko udaberrira. 2004ko otsailean edo martxoan, halaber, Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira.


Herriko Etxe Euskaldunen Eguna


Duela urte eta erdi Euskal Konfederazioak herriko etxeetan euskara sustatzeko abiatutako kanpainak izan du fruiturik. Dagoeneko hamalau udalek sinatu dute harreman idatzietan eta ahozkoetan (aktetan, ezkontzetan…) elebitan komunikatzeko hitzarmena eta laster hamazazpi izatea espero du Euskal Konfederazioak. Gainera, beste hogeita hamar udalekin harremanetan da. Konpro-misoa hartutako azken herriko etxea Ezpeletakoa da eta horren karietara, Herriko Etxe Euskaldunen Eguna antolatu dute datorren maiatzaren 17rako, Ezpeletan. 10etan bilkura bat izango da euskararen normalizazioa udaletan sustatzeko moduez eta legeen mugez gogoeta egiteko. Eguerdian ekitaldi ofiziala egingo dute Ezpeletako udaletxean eta ondoren bazkari herrikoia eta kontzertua izango dira.


Egunkari berria ekainaren amaierarako

Euskaldunon Egunkaria-ko langileek adierazi dutenez, euskarazko egunkari berria ekaina bukatu aurretik aterako dute. Horretarako, bost milioi euro lortu behar dituzte aurretik eta diru hori biltzeko, 50 eta 300 euroko akzioen bitartez enpresa berrian parte hartzeko aukera zabaldu diote gizarteari. "Egunkaria"ko lan taldeak Euskarazko Komunikazio Taldea SA sortu du eta 151 langileek egindako 60.350 euroko ekarpenarekin abiatuko da. Langileen akzio horiek gerora sortuko den fundazio baten eskuetan geratuko dira. Enpresa berriko Administrazio Kontseilua osatze bidean da eta aurreko kideez gain, beste hainbat berri lortzeko harremanetan dira. Eguneroko berriak "Egunkaria"ren ildo nagusiei eutsiko diela adierazi dute, eta lehengo lan taldearekin jarraitzea da asmoa. Egoitza nagusia Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean kokatuko dute.


Euskararen premiak asetze aldera

«Euskararen gaur egungo premiak eta etorkizunerako proposamenak" goiburu hartuta, foroa antolatu du Herria 2000 Elizak, Bilbon, maiatzaren 31rako, Bizkaiko Abokatuen Kolegioan. Taldearen 25. urteurrena dela-eta, antolatzen duten hirugarren foroa da honakoa. Goizeko 9:15etik 13:00era txosten eta komunikazio ugari aurkeztuko dira. Besteak beste, Xabier Mendiguren, Erramun Baxok eta Josune Ariztondo arituko dira hizlari lanetan. 13:00etan mahai-inguruan bilduko dira Mertxe Mujika, Benito Fiz, Gorka Torre eta Marian Galarraga. Jardunaldiotan aurkezten diren txosten eta komunikazioak liburu batean bilduko dituztela jakinarazi dute Herria 2000 Elizako arduradunek.


Herri borondateak

Eusko Legebiltzarrak arrazoiz dio herri borondatearen adierazpide dela eta horretan oinarritzen du bere interpretazio juridiko-politikoa Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean Sozialista Abertzaleen taldea ez desegiteko. Horregatik, ez da erraza ulertzen zergatik herri borondatetik sortutako beste agintari batzuek -hiru alkatek, esate baterako- ezin dezaketen oinarrizkoa den manifestazio eskubidea bideratu. Injustizia latza da ezker abertzaleko Udalbiltzak protestatu ezin izana, epaile batek horren gogor kolpatu dituenean eta epaile berak manifestaziorik ezin dutela egin erabaki duelako. Ezaguna da, halaber, epaileen autoek eta indarrean dauden legeek diotena, hori kontuan hartzea ere komeniko litzateke, ahal bada debekua ordainik gabe saihesteko, edo ahalik eta gutxien ordainduz.


Ikasteko zailtasunez jositako errealitatea.

Euskal preso politikoen eta unibertsitatearen harremanaz gauzak beren lekuan utzi dituzte EHUko 50 bat irakaslek. Espainiako gobernuaren jarrera salatzeaz gain, oro har, espetxean dauden presoen emaitza akademikoak unibertsitatean bertan ikasten dutenekin baino txarragoak direla erakutsi dute datuekin. Espetxe mundua pixka bat ezagutzen duenak jakin badaki presoek ikasteko dituzten zailtasunak, bai beren egoera gogorragatik, bai materiala hilabeteak atzeratzen delako, bai Madrildik pasatu behar delako miatzeko edo itzultzeko, eta baita logikak hala agintzen duelako, aske eta unibertsitatean hobeto ikastea logikoena delako.