argia.eus
INPRIMATU
LEKEITIARRAK IRLARI BEGIRA
Maria Gonzalez 2021eko uztailaren 19a
RM. Azkue Ikastolaren sorrerak Lekeitioko herrian zuzeneko eragina izan zuen. Hezkuntza eredu horrek gurasoen parte-hartze aktiboa eskatzen zuen umeen heziketan. Hala ere, ohiko belaunaldi gatazkatzat har daitezkeen arazoak ez ezik, erabat berriak egiten zitzaizkien zailtasunak aurkitu zituzten gurasoek, ikastolan euskara batuan ikasten baitzen. Gurasoek, aldiz, gazteleraz ikasi zuten. Gainera, hizkuntza horretan baino ez zuten irakurtzen eta idazten, sarri askotan. Hori zela eta, gurasoei euskaraz alfabetatzeko klaseak ematea erabaki zuten ikastolako andereñoek. Behin gurasoak alfabetatu eta gero, eurek eman ahal izan zituzten euskarazko klaseak. Herriko euskaltegiaren aitzindaria dugu hori.

Herri euskalduna da Lekeitio. Zazpi mila biztanle inguru ditu eta euretariko %84 euskaraz mintzatzen da. Ondoko herrietan, euskararen erabilera antzekoa den legez, Ondarroa, Lekeitio eta Markinako AEK euskaltegiek bat egin zuten. Egoitza nagusia Ondarroan dute, Tramana'ta Brix izenekoa, aspaldiko bi sardinera ondarrutarren omenez. Jarduerarik handiena han egiten badute ere, Lekeitio eta Markinako zentroak ere erabiltzen jarraitzen dute.

Lea-Artibaiko euskaltegiak ehundik gora ikasle ditu. Euskaltegira jotzen duten gehienek EGA euskara titulua gainditzeko itxaropena dute. Beste batzuek, ordea, erretiro aldera hurbildu ohi dira AEKra, alfabetatu nahian. Asko dira, euskaraz irakurtzen eta idazten ez dakiten euskaldunak. Esparru horretara zabaltzeko saioak abian jarri dituzte AEKn: zenbait ikastaro berezi antolatu izan dituzte bizkaiera euskalkia lantzeko. Iaz Ondarroan izandako erantzun positiboari jarraituz, aurten Lekeition nahiz Markinan eskaini dituzte ikastaroak.

Lan merkatuaren baldintzek eskatuta, gero eta sarriago eskatzen dira ikastaro espezializatuak. Horiei ere erantzun egokia ematen ari da Lea-Artibaiko euskaltegia: jarduera ekonomiko jakin bateko euskara, testugintzan aritzeko trebakuntza, besteak beste. Azken urteotan, berriz, udako barnetegia bertan behera utzi dute, azpiegitura falta zela eta.


EMAKUMEEN AURRESKUA ETA KAXARRANKA.

Aspaldiko tradizioak gordetzen asmatu du Lekeitiok. 1936ko gerra aurretik ere, euskal dantzak irakasten zituen talde baten berri badute herrikoek. Egoera politikoak ahalbideratu zuenean, tradizio horiei ekin zieten lekeitiarrek berriro. San Pedro egunean, emakumeen aurreskua eta kaxarranka dantzatu ohi dira. Etorkizuna dantza taldeko kideek berreskuratu zuten emakumeen aurresku hori, Lekeitioko jatorria baitu. Izan ere, Euskal Herrian andrazkoek dantzatzen duten oso aurresku mota gutxi dira.

Kaxarranka dantza, beste aldetik, gizonezkoei dagokie. Zortzi arrantzalek sorbalda gainean eusten dioten kaxa baten gainean egiten du dantza beste batek. Janzkera bera ere bitxia da: fraka, alkandora eta praka zuriak daramatza kaxa gaineko dantzariak, zapia lepoan lotuta eta krabelin bat alkandorako botoizuloan. Azkenik, txisterari eusten dio eskumako eskuarekin eta ezkerrekoan, ostera, San Pedroren intsigniadun banderatxo gorria dauka. Kaxa gainean dantzan dabilelarik, portuko San Pedroren irudipean egon ondoren, Lekeitioko kaleetara abiatzen dira dantzariak. Arrantzaleen Kofradiako presidentearen etxea, udaletxea eta plaza bisitatu beharreko lekuak dira.

XV. mendeko zeremonia da kaxarranka dantza. Urteko irabaziak ikuskatu, zaindu eta banatzeko bi maiordomo aukeratu omen zituzten arrantzaleen elkarteko anaideek. Kofradiako ondasun eta dokumentuak kaxa batean gordetzen ziren. Ekainaren 30ean, maiordomo zaharraren etxetik maiordomo berriaren etxera aldatu behar izaten zuten kaxa. Jatorrizko kaxa hori herriko Kofradian gordetzen da eta horren gainean egiten da oraindik dantza. Ibilaldiaren egunean berriro aterako dute, herriko ikastola aurrean kaxarranka dantza eta emakumeen aurreskua dantzatuko baitituzte.

San Antolinak dira Lekeitiok ospatzen dituen beste jaiak. Ekitaldirik ikusgarriena antzar-eguna izanik, herriak arraun zaletasun handia izan du aspalditik. Hala ere, 1977. urtera arte Lekeitiok ez zuen arraun elkarterik izan. Paradoxikoki, herriko neskato batekin ezkondutako algortar baten ekimenez sortu zen Isuntza arraun elkartea orduan. Gaur egun 70 bat mutilek jarduten dute berton, lau kategoriatan banatuta eta elkartearen historiako emaitzarik onenak lortzen ari dira azkenaldion. Bermeoko arraunlariekin batera, Isuntzakoak faboritotzat hartzen dituzte adituek Ibilaldia 2003ko egunean izango diren estropadetan, Bizkaiko txapelketa jokoan dago eta.


HERRI KULTURA.

Gazteen arteko komunikazio ezak kezkatuta, institutuko eta unibertsitateko ikasle batzuek «Zer esana» hiruhilabetekaria martxan jarri zuten 2000ko martxoan. Egun hamar bat ikaslek dihardute aldizkarian lanean. Gainontzeko prentsaren antzera, gizartea eta politika jorratzen dituzte, baita denbora-pasak eskaini ere. Gazteei bereziki zuzentzen zaien hiruhilabetekariak euskara, irakaskuntza eta sexuteka sailak ditu. Era berean, iritziak trukatzeko aukera egokia da. Bizkaieraz eta euskara batuan eginiko aldizkariak ale berezia aterako du Ibilaldirako eta ikastolen jaia Lekeition denez, bertako xehetasunak emango dituzte.

Arrakala irrati libreak ere emanaldi berezia eskainiko du igandean. Urte asko uhinetan izan ondoren, etenaldi bat hartu zuen irratiak lokalaren berriztapena eta gainontzeko hobekuntzak egiteko. Laster irratsaio pare batekin bueltatzeko asmoa agertu dute Arrakalakoek. Hortaz, lekeitiarreraz emititzen jarraituko dutela ziurtatu dute.

Herriko Gaztetxeak Lekeitioko rock mugimendua areagotu zuen. Handik atera ziren Etsaiak bezalako talde ugari. Elkarri gitarra edo bateria jotzen erakusteko zaletasunak nahiz ikasteko grinak ahalbideratu dute Lekeitioko rockak aurrera egin zezan, Gaztetxearen geroztik ere. Gaur egun zortzi bat musika talde daude herrian. Gehienek euskara batuan abesten badute ere, badira bizkaieraz kantatzeari ekin diotenak. Horietako batzuk zuzenean joko dute igandean, Parasmak eta Txapelpunk-ek esate baterako. Azken horiek, gainera, Peru Aranburu bertsolari gazteak idatzitako Ibilaldiko kanta musikatu dute

Maria Diaz de Haro eta Lekeitio
Lumentza kobazuloan aurkituriko aztarnek froga lezakete, K.a. 30 mila bat urte inguruan, Aurignac aldiko kulturako gizabanakoak bazirela Lekeition. Lumentzako aztarnategiak Goi Paleolitikotik kultura erromatarrera arteko kultur ikuspegi zabala erakusten du. Ildo horretatik, erromatar garaiko arkeologi aztarnak ere agertzen dira herrian (K.o. I. mendetik V.era bitartekoak).

Lekeitioko historia ofiziala, berriz, Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak 1325. urtean emandako fundazio kartarekin hasi zen. Ondoren, Espainiako Alfontso XI.ak karta hori berretsi zuen. Bere agintaldian herria inguratzen zuten harresiak eraiki ziren, nahiz eta aurretik hesi bat egon. Karta horrek eskaintzen zituen pribilejioek jarduera ekonomikoaren suspertzea eta merkataritzaren zabalkuntza ahalbideratu zituzten. Itsasoari eta Garraitz edo San Nikolas irlari begira kokatuta dagoen herria da Lekeitio. Horregatik, arrantza eta nabigaziorako abantailez baliatuta, horren inguruan hedatu zen herriko bizitza ekonomiko eta kulturala