argia.eus
INPRIMATU
JESUS MARI ZAMORA ETA MIKEL ARANBURU. ZELAIKO JOKOA ETA JOKOZ KANPOKOA
  • Jesus Mari zuri-beltzeko argazkietan ageri den Zamora berbera da, lehen bezain sasoiko eta gazte. Bibotea da galdu duen bakarra, hain justu agintzeko garaia iritsi zaionean. Horregatik dira, akaso, arrazoitzea eta entzutea bere maisu dohain. Mikel Aranburu, berriz, baloiarekin bezain bizia da hizketan, eta umorean ere nabari du zein herritakoa den.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre Ixiar Eizagirre 2021eko uztailaren 20a
Nola sartu zen bakoitza Realean? Lehen mailara sartzeko salto hori, lehen eta orain berdina al zen?
ZAMORA: Jubeniletan eskolako taldearekin aritu izan nintzen. Eta 17 urterekin sartu nintzen Sansera. Lehen jokalari gazteak bereiztea askoz errazagoa zen, talde gutxiago zeudenez errazago nabarmentzen baitziren gazteak egun baino. Sansen urtebete emanda, lehen taldera igo nintzen. Salto hori ere errazagoa zen orduan. Ez zegoen kanpotik etorritako jokalaririk, eta beraz, konpetentzia gutxiago zegoen.

ARANBURU: Garbi dago zorte pixka bat ere behar dela, memento egokian behar den lekuan egon behar da. Baina hauen garaian ere ez zen erraza izango salto hori.

Mikel, zu umetan pilotan nabarmendu omen zinen. Zergatik hautatu zenuen futbola?
ARANBURU: Umetan, 11-12 urterekin, denean aritzen nintzen. Pilotan, futbolean, korrika aritzen ginen, edozein ume bezala. Baina gehien gustatu izan zaidan kirola beti futbola izan da. Azpeitiko Lagun Onak futbol taldean hasi nintzenean ez nintzen bietara ailegatzen eta pilota utzi nuen. Ez dago jakiterik, baina pilotan ez dut uste futbolean bezain ondo moldatuko nintzenik.

1981. urtean, El Molinón zelaian partida bukatzeko 27 segundo falta zirela sartu zenuen gola, Realari lehen Liga ekarri ziona...
ZAMORA: Akabatuta geunden. Irabazten hasi eta galtzen gindoazen. Denbora pasa ahala, ez genuen partida hura irabazteko modurik ikusten. Aurreko urtean galdu egin genuen, eta burura zetozkidan oroitzapenak horiexek ziren, gauza berbera gertatuko zitzaigula. Herio hartan denak aurrera gindoazen, eta han nonbait baloi bat jausi zen, Gorrizen oinetara. Txantxetan sarri esaten dugun bezala, Gorrizi bizitzako paserik onena atera zitzaion, eta nik, ez pentsatu eta ez begiratu, buelta erdi eman eta jaurti egin nuen. Aurreko urtean izan ez genituen zirkunstantziak batu ziren momentuan; zorteak halakoak ditu. Une horretan ez genekien zer esan nahi duen txapeldun izateak. Gerora jabetu ginen horretaz, batez ere jaso genuen ongi etorria jasotzean.

Aranburu, zu orduan ume-umea zinen. Final horren zer oroitzapen duzu?
ARANBURU: Bi edo hiru urte izango nituen. Akordatzen naizen bakarra da, gure baserrian beti ikusten nituela hauen argazkiak zituzten bandejak. Gure belaunaldikoek liga hartako txapeldunekin dugun lotura bandeja horiek dira!

Esan izan da orduko eta oraingo taldeak gauza bat duela berdina, «partitura ikasia» izatea. Zer esan nahi du horrek?
ZAMORA: "Partitura ikasita" edukitzeak esan nahi du, urteen poderioz taldeko denek elkar ezagutzen dutela, eta jokatzen ari direnean badakitela taldeko besteak zer egingo duen. Agian guk abantaila handiagoa genuen zentzu horretan. Taldeko askok elkarrekin jokatzen genuen Sanse garaietatik, eta lehen mailan ere liga irabazterako urteak zeramatzan talde hark. Gaurko taldearentzat prozesu hori pixka bat ezberdina da, beste taldeetatik datorrelako jendea eta denbora gehixeago behar delako elkar ezagutu dezaten. Baina aurten, lan gehiago eginda, hori lortzen ari gara. Garrantzitsua hori da, taldea denbora batean mantendu ahal izatea denek jakin dezaten zer egin behar duten.

Futbolean fitxaketa asko izaten dira ordea. Talde bera denbora luzez mantentzea zaildu egingo du horrek...
ZAMORA: Baina hori gero eta gutxiago gertatuko dela iruditzen zait. Izan ere, telebistekin gertatu dena medio, eta klubek ahal baino gehiago gastatuaz zorpetuta daudelako, futbolean gero eta diru gutxiago dago. Hori ona da Reala bezalako taldeentzat, zailagoa izango baita gure jokalari onak eramatea.

Aldagela barruan ere nabaritzen da talde bat zaretela?
ARANBURU: Geure artean oso giro ona dugu, bai lehendik elkar ezagutzen dugulako eta baita une oso txarrak pasa izan ditugulako ere. Eta oso gutxi aipatzen den gauza bat ere esan nahi nuke: jokatzen ari ez direnak ikasgai ederra ematen ari zaizkigula denoi. Normalean gutxien jokatzen dutenak egoten dira haserretuen, edo entrenamenduetan aurpegi txarrenekin. Baina aurten gutxien jokatzen ari direnak oso ondo ari dira portatzen eta beroiei esker daukagu aldagelan daukagun giroa.

Lehengo entrenamenduekin alderatuta, nola lantzen da orain alderdi fisikoa?
ZAMORA: Alde handia dago. Orain klub guztietan dago prestatzaile fisiko bat, eta ez lehen taldean bakarrik, baita oinarrian ere. Lehen ez zen horrelakorik. Egungo plangintza ere integralagoa da. Bestetik, egungo teknologia berriak ere erabiltzen dira. Lehen pultsometroren bat bagenuen, baina gaur jokalari denek daramate bana, etengabe nola dauden neurtzeko. Telebista zirkuitu bat ere badugu, eta horrekin neurtzen dugu talde bakoitzeko jokalari bakoitza nola dagoen, eta taldeak zer aktibitate egiten duen partida osoan zehar.

Futbolean jokatzeko modua, teknikoki ere, aldatu al da?
ZAMORA: Denean, bai. Futbola azkarragoa da egun, abiadura handiagokoa. Pentsatzeko denbora gutxiago dago, eta espazio gutxiago ere bai, espaziorik utziz gero min handia egiten baitu aurkariak. Abiadura horretan gauzak egiteko jokalarien teknika ere asko hobetu da, eta aspektu taktikoa ere ezberdina da, egun askoz gehiago lantzen da lehen baino.
Futbola bizitzea, eta jokoa ezagutzea, zelaian zaudenean egoerak ikusten jakitea da. Horretarako kontrarioari erreparatzen jakin behar da, niri zer egin diezadakeen jakiteko. Alde horretatik, oraingo jokalariak lehengoak baino gehiago ezagutzen ote duten futbola zalantzan jartzen dut. Baina gainerako guztian izugarri hobetu da, gaurko futbola zailagoa da.

ARANBURU: Gu erritmo horretara ohitu gara, ez dugu aurreko garairik bizi izan. Hala ere, orduko jokalari onak oraingo futbolean ere ondo ibiliko lirateke. Horretan ez dut dudarik. Ezer aipatzekotan, gaur egun taldeen artean dagoen berdintasuna nabarmenduko nuke. Azken postuan dagoenak ere irabazi diezaioke partida lehen taldeari. Berdintasun horrek geu ere azkarrago izatera eta gauzak denbora gutxiagoan pentsatzera garamatza.

Nolakoa da Zamora entrenatzaile gisa?
ARANBURU: Nik daramazkidan urteetarako entrenatzaile gehiegi ezagutu ditut! Baina aurtengo entrenatzaile taldea, aurreko beste entrenatzaileren batekin alderatuta, zuritik beltzera pasatzea izan da. Jokalariok asko ari gara entrenatzen, baina beraiek etsenplua ematen ari zaizkigu, lan izugarria egiten dute eta ordu asko ari dira sartzen, eta hori guk ikusi egiten dugu. Zamorak aipatua du teknologia berriak aplikatzen direla gaur egunean, baina horiek ez dira zerutik erortzen, lan handia eskatzen dute.
Nortasun aldetik, jokalariekiko irekia da. Bera urte askotan izan da jokalari, eta beti adi egoten da geuk zer pentsatzen dugun jakiteko. Ez da "hau egin behar da nik esaten dudalako" dioen horietakoa, beti arrazoitu egiten du, gauza bakoitza zergatik egin behar den erakutsi nahian.

Eta zuk nola ikusten duzu Aranburu?
ZAMORA: Mikelek, bertako beste jokalariek bezala, sentitu egiten du Reala. Oso garrantzitsua da Reala sentitzea, horrek inplikazioa dakarrelako. Gainera bertakoek sentitzea da modu bakarra, kanpotik datozen jokalariek uler dezaten Reala zer den. Nik behintzat ez dut taldea egiteko beste modurik ezagutu.
Mikelek dena ematen du, profesionala da lanean. Tarteka bere parrandatxoak egiten ditu (nik ere bere adinean egiten nituen bezalaxe), baina hori ere ona da, noiz egin jakinez gero. Oso jokalari garrantzitsua da klubarentzat. Egia da aurten partida batzuetan ez duela jokatu. Une honetan jokalari asko dago taldean, eta ona da betiko 11 edo 12 jokalarik baino gehiagok ere parte hartzea, horrek ere taldea egiten duelako, eta balioa ematen dielako normalean jokatzen ez dutenei. Batzuetan Mikeli tokatu zaio aulkian geratzea, baina oso jokalari garrantzitsua da klubarentzat.

Iaz jaisteko zorian egon zineten. Aurten nola eman diozue buelta?
ARANBURU: Arrazoi bat baino gehiago egon dira. Nihat eta Kovacevic iaz ez zeuden gaur egun dauden mailan. Karpin eta Schurrer berriz, urte mordo bat ari dira ligan jokatzen, eta euren esperientziak guri asko lagundu digu. Bestetik, entrenatzaile berriaren lana ere igartzen da. Lana egin dugu, eta lana eginda beti dago aukera gauzak ondo ateratzeko.

ZAMORA: Mikelek esan duen guztiari, oreka gehituko nioke. Taldea orekatzea eta lehiakorragoa izatea lortu dugu. Denboraldi hasierara indartsu iritsi behar genuela oso garbi genuen, aurreko urteetan pasatakoen ondoren gaizki hasiz gero psikologikoki hondoa jotzeko arriskua baitzegoen.
Talde asko baino lehenagotik hasi ginen aurre denboraldian lanean, lehenik entrenatzaile taldeak Denoueix ezagutu behar baitzuen eta ondoren jokalariek ezagutu behar zuten Denoueix. Denbora hori irabazi genuen, lehen partida ere bai, eta hortik aurrerakoa emaitzak gehitzea izan da. Horrek konfiantza ematen du, bai taldekideen artekoa eta baita gurekikoa ere, eta elkarrenganako konfiantza hori gabe lan ona egiterik ez dago. Bi aldeak komunikatzea lortu dugu, elkarlana sortzea. Bakoitza dagoen lekutik elkarrengan sinestera heldu gara.

Zuekiko konfiantza hori ez du kanpoko prentsak erakutsi. Nola ikusi duzue kanpoko prentsaren jarrera?
ZAMORA: Kanpoko prentsa kanpoko prentsa da beti, Madril azken finean. Lehenengo ez genuela iraungo esaten zuten, gero ez dakit zer, eta orain, behin Madrili 4-2 irabazi ostean, badirudi baietz, titulua irabaz dezakeen talde bat garela. Hori beti gertatu da. Gure garaian ere, ia bukaerara arte ez ziguten arretarik jarri. Baina hori onartuta dugu, eta gure artean ez dugu kanpoko prentsak dioena aipatu ere egiten.

ARANBURU: Gainera gu hiru urte oso txar pasa ondoren gentozen, eta geuri ere kosta egin zaigu sinestea. Neuk ere, goian mantentzeko gai izango ote ginen zalantzak baneuzkan. Orain artean gai izan gara, eta ea bukaerara arte ere hor jarraitzen dugun!

Urte batetik bestera, nola aldatu da Real zalearen jarrera?
ZAMORA: Aurten zaletu izatea erraza da. Nik zaletasuna aurreko urteetan ikusi dut. Eta ez daukat hitzik hori eskertzeko. Jaisteko zorian geundela ere zaletuak oso ondo erantzun zuen. Zalea taldearekin egon da beti.

ARANBURU: Zaletuek bazuten ordua gure kontura pixka bat gozatzeko!

Jokalariok presioa sentituko duzue partida txar bat jokatuta kalera irtetean...
ARANBURU: Bai. Jende askok bizi egiten du futbola. Egoera txarra denean, zenbait jende astelehenetan guri edozer esateko gai izaten da, bai onerako eta bai txarrerako. Entzutea tokatzen zaigu, ez dago beste erremediorik.

Denoueix beti mantentzen da komunikabideetatik kanpo; misterio puntu bat ere badu. Nolakoa da?
ZAMORA: Hizkuntza ez duelako ondo menperatzen mantentzen da komunikabideetatik kanpo. Gainera bera futboleko langile bat da, eta hortik aurrera futbolaren inguruan sortzen den beste guztia ez zaio interesatzen, hala sumatzen diot behintzat. Ez da kanpora begira barrura baino hitz gehiago egiten duen entrenatzaile tipikoa.
Pertsona lasaia da, lan metodologia on bat duena. Reynaldek 15 urte daramatza prestaketan, eta beraz, aplikatzen duena bizitza osoan ikasitakoa da. Frantzian oso aurreratuta daude gurekiko bai ikerketa lanetan, bai lan metodologian ere. Futbolean teknologien bidez egindako ikerketak jada sartzen ari dira Frantzia bezalako herrietan.

ARANBURU: Hizkuntza dela-eta, gehienean beste baten bidez komunikatzen da gurekin. Baina berak esan nahi duena beti iristen zaigu.

20 urte pasa dira Liga irabazi zenuten hartatik. Tarte honetan bigarren mailara jaisteko zorian egon zarete. Bigarren mailara jaisteak zer dakar?
ZAMORA: Futbolean bigarren mailara jaistea deskalabru bat da ekonomikoki. Jada ez baita futbol talde bat bakarrik, Reala azkenean Donostia da, Gipuzkoa da, eta futbolak zuzenki edo zeharka produzitzen duen kate luze hori dena da. Lehen mailan egonda milaka milioi pezetako irabaziak sortzen ditu. Eta gizartean ere sekulako eragina du.
Hiru hamarkada hauetan, lauzpabost talde izan ezik, gainerako denak bigarren mailara jaitsi izan dira, eta gu ere ia-ian egonak gara. Nik uste lehen mailan lasai egon ahal izateko oinarriak jartzen ari garela. Jakina, futbola joko bat den neurrian guk dena zainduagatik gerta daiteke baloia sartzea edo ez sartzea.

Zer iruditzen zaizue Reala Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz laguntzea, alegia, diru publikoz laguntzea?
ZAMORA: Ederki. Realak diru mordoa sortzen du ogasun publikoarentzat: futbolaren bidez taldeak etortzen dira, jendetza izugarria ere bai, telebistak... Bada ikerketa bat, Realak Gipuzkoari zenbat diru ekarri dion aztertu duena, eta ez dakit ez ote diren 30,05 milioi euro urteko. Eta zenbat urte daramatzagun kontuan hartuta, Foru Aldundiak eman diguna ez zait erokeria bat iruditzen.
Gaur egun futbola ez da zelai gainean gertatzen dena bakarrik, ekartzen duen guztia baizik. Reala sozialki gauza bat da, ostalaritzarentzat beste gauza bat, irudi aldetik dena... Azkenean, ez da Reala bakarrik, Reala Gipuzkoa da. Alavesek, Osasunak, Athleticek ere jaso izan dute laguntza publikoa, Madrilek zer esanik ez, eta guk izan behar al dugu tonto bakarrak?

ARANBURU: Niretzat, gaur egun futbola noraino iritsi den ikusteko adibide garbia da gertatu dena: jende gutxik eztabaidatu du futbol talde bati halako laguntza publiko bat eman izana. Beste zenbait beharretarako baino lehenago futbol talde bati laguntza eman eta jendea ez kexatzea, harritzekoa behintzat bada, edo futbolak hartu duen garrantziaren erakusle garbi bat bai behintzat.

Aranburu, zer helburu dituzu hemendik aurrera?
ARANBURU: Hemen luzera begira plan handiak egitea alfer-alferrik da. Partida gutxi gelditzen zaizkigu ligan, eta orain nahi dudana, batetik, talde bezala zaletuei poz pixka bat ematea da eta orain arte eman dugun mailari eustea. Eta pertsonalki, jokatzen jarraitzea.

Zamora, Beteranoen Elkartea sortu zenuten orain urtebete. Zer helbururekin?
ZAMORA: Futbola uztean, oraindik gazte izanik ere, bat-batean harreman dena eteten da. Realetik pasa direnak biltzeko gune gisa sortu dugu elkartea, partidatxo batzuk jokatzeko. Nik belauna gaizki daukat, eta aspaldi utzi nion jokatzeari, baina gustura biltzen naiz besteekin. Elkarteak funtzio sozialago bat ere badu: diru premian dauden ekimenei ere laguntzen diegu, partidak jokatuz

Liga irabazi genuenean gaueko 23:30etan iritsi ginen Donostiako udaletxera. Txikituta geunden. Autobusetik jaitsi eta jendetza geneukan gainean, zartadak emanez eta besotik tiraka. Atzean norbait neukan, etengabe bizkarrekoak ematen, kolpe bat bestearen atzetik, eta ni lehertzeko zorian jarri ninduen. Buelta eman nuen neure onetik irtenda, muturka hasteko prest. Nor izango eta nire aita zen!

- Jaio: Errenterian, 1955. urtean.
- Bizi: Donostian.
- Futbolari ohia eta Realeko bigarren entrenatzailea.
- Ibilbidea: Beti Realean jokatu izan du. 1975ean debutatu zuen eta 16 denboraldi bete zituen, 588 partida jokatuz eta 80 gol sartuz.
- Palmaresa: Bi Liga lortu (1981, 1982) eta beste bitan Ligan bigarren postua eskuratu zuten (1980, 1988). Errege-Kopa 1987an eskuratu zuten, eta urtebetera, Errege-Kopan txapeldun orde izan ziren. Superkopa 1983an irabazi zuten.
- Tekniko: 2.B mailako Beasain taldea hasi zen entrenatzen 1994an. 1999an etorri zen Realera, eta 2001ean bigarren entre- natzaile izendatu zuten.

Real Madriden aurkako partiduan Ronaldori eskatu nahi nion kamiseta, Luis Albertoren lehengusu bati emateko, bere idoloa Ronaldo du-eta. Kamiseta eskatzera nindoan, De Pedroren bidez, eta orduantxe Juantxo azaldu zen, delegatua, bi kamisetarekin: Raulena eta Ronaldoren kamisetak ziren. Niretzat izango zelakoan joan nintzen Ronaldorena hartzera, eta bai zera! Zuzendaritzako batek aurre hartua zidan!

- Jaio: Azpeitian, 1979. urtean.
- Erdilaria.
- Ibilbidea: Azpeitiko Lagun Onak taldean hasi zen futbolean jokatzen, 1991. urtean. Geroztik Realeko talde infantil, kadete eta jubeniletan jokatu zuen. 1996. urtean Real Sociedad B taldean sartu zen, eta 1997an debutatu zuen talde profesionalean.

Doinua: Aita izena
Batek teknika eta besteak
indarra eta gogoa
liga aldatu egin delako
eta aldatzera doa
txuri-urdinen historia bat
eta bestea geroa
hain ezberdina izanik biek
pasatutako aroa
lehengoa edo gaur egungoa
zein da Errealagoa?