IDAZLEAK ETA DIRU KONTUAK


2021eko uztailaren 28an
Oso euskal idazle gutxik esan dezake lanbidez idazlea denik. Euskal Idazleen Elkartean izena emanda daudenen artean begirada azkar bat botaz gero, irakasle dezente ikusten da, administrazioan ari da multzo handi bat, badira kazetari, itzultzaile eta editoreak, eta baita apez eta politikoak ere. Dozena batek ez du gaur egun lanbiderik: erretiroa hartuta daudelako, alegia. Ez idaztetik, ordea. Izan ere, idazteak nekez ziurta dezake bizibidea. Beraz, are gutxiago erretiroa. Hala ere, aurki litezke idaztetik bizitzeko erabakia hartu duten idazleak. Zer idaztetik argitu beharko da.

Letren mundu erakargarrian murgildu baino lehen, kontuak ateratzeko ariketa txiki bat. Eman dezagun badela liburu bat liburu dendan 6 euroren truke eros litekeena. Sei euro horiek askoren artean partitzeko dira: BEZ zerga salneurrian joango da, eta gainera, saltzailearen, banatzailearen, argitaletxearen eta azkenean, egilearen artean egin beharko da partiketa. Gutxi gorabehera erdia argitaletxearentzat izaten da, eta beste erdia banatzaile-saltzaileentzat. Argitaletxeari diruaren zatirik handiena liburua egiten joaten zaio (inprenta, fotokonposizioa…), ehuneko hamarra kontatzen du bere irabazietarako, eta beste ehuneko hamarra, idazlearentzat izaten da. Saldutako liburu bakoitzaren balioaren ehuneko hamar ordaintzen zaio idazleari egile eskubideengatik. Zenbait argitaletxek ehuneko hamabia ere ordaintzen du kopuru jakin batetik gora salduz gero. Eta dirutza horretatik kendu behar da PEFZri dagokiona ere. Atera kontuak sei euroko zenbat liburu saldu beharko lituzkeen idazle batek urte osoko (bakarrerako) bizibidea izateko. Eta kontuak borobiltzeko, ez ahaztu, liburu gehienek oso biziraupen laburra izaten dutela liburu dendetan (hiruzpalau hilabetekoa, batez beste). Eta hau guztia, kontuak legez egiten dituzten argitaletxeen kasuan.

Kontuak ateratzeko lana hartu duenak erraz ulertuko du idaztea lana izan badela, baina lanbidea apenas. Kontuak ateratzeko lana hartu duenak segituan ulertuko du arrazoi ekonomikoa ez dela idazlea idaztera bultzatzen duena. Kontuak ateratzeko lana hartu duena konturatu izango da honezkero idazleen bizimodua mitifikatzeko joera dutenek ez dutela konturik ateratzen eta kontutik bizitzea ez dela posible. Kontuak ateratzeko lana hartu duena jabetuko zen idaztea oso aberasgarria izan arren, ez dela inondik ere aberasteko bidea.

Hala ere, badira idaztetik bizi diren idazleak. Ez asko, baina izan badira. Adibidez, Aitor Arana idazlea da eta idaztetik bizi da. Harro esaten du hori, berea kosta bazaio ere. "Zorionekoa sentitzen naiz, oso bokazio handia dudalako". Eta behar ere bai zenbait egoeratan.

Aitorrek hamazazpi-hamazortzi urte ingururekin sentitu zuen bokazioa bete-betean. Hogeita hemeretzi ditu orain. Berak idazle izan nahi zuen, idatzi egin nahi zuen, eta hogeita bat urteren bueltan, argitaratzen hasi zenean, erabaki zuen idaztetik bizi nahi zuela. Bi lan eskaintza izan zituen, baina idaztetik apartatuko zutela jabetu zenean, ezezkoa eman zien. "Nire bokazioari heltzea erabaki nuen, eta oso urte txarrak pasa nituen". Txarrak, ekonomikoki, alegia.
Ingurukoen babesa beti sentitu bazuen ere, aitortu digu etxea ordaindu beharrik izan ez zuelako atera zela aurrera. Araotzko abade-etxean bizi izan zen urte haietan eta horri esker eutsi izan zion bere gogoari.

Harkaitz Cano da idaztetik bizi den beste idazleetako bat. Zuzenbidea ikasi eta denbora librean idazteko aholkua eman zioten. Berak justu kontrakoa egin zuen, eta gaur egun, zuzenbidean lizentziatua den arren, idaztetik bizi da. Hemeretzi urterekin hartu zuen erabakia.


PRODUKZIOA.

Zorionekoa sentitzen da Aitor. Badira urte batzuk eroso samar bizitzen hasi zela. Sekretua? Produkzioa, bere hitzetan. "Honetatik bizi nahi bada, produkzio handiko idazlea izan beharra dago. Argitaratzetik bakarrik bizi nahi izatera liburu asko eduki beharra dago merkatuan". Berak 45etik gora ditu. Horien artean, "estu-estuan literatura direnez gain, euskalkigintzarekin zerikusia dutenak ere bai". Orain bi urte bost liburu kaleratu zituen, iaz beste hainbeste eta aurten zazpi dauzka bere asmoen artean. Une honetan bertan argitaratzear ditu Txalaparta eta Ibaizabalekin haur literaturako liburu bana.

Bere idazle lana hitzaldiekin tartekatzen du. Eta sariekin. Diru iturri garrantzitsua berarentzat idaztetik bizitzen jarraitzeko. Horixe erantzuten die ea gazteei tokia uzteko asmorik ez ote duen galdetzen diotenei.

Harkaitz Canok berriz, bizibidea enkarguzko gauzak idaztetik ateratzen du: telesaioetarako gidoiak, irratirako moldaketak, beldurrezko istorioak, zenbait egunkaritan zutabeak… Saiatzen da oreka aurkitzen, baina badu kezka enkarguz idazteak ez ote duen bere proiektuak aurrera ateratzeko gogoa desaktibatzen. Horregatik ulertzen ditu idaztearekin zerikusirik ez daukan lanbidea izatea komenigarriagoa dela defendatzen duten idazleak. Baina berak beste bidea aukeratu zuen eta alde on asko ikusten dizkio: "Ikasketa bat da azken batean: gidoigintzan elkarrizketaren sekretuak ikasi ditut, nola laburtu, soberako hitzak nola kendu; zutabegintzak gauzak azkar egiten erakutsi dit, epe baten barruan lan egiten; idazteko muskuloa egiten ari naiz; sinetsi nahi dut entrenamendua dela".

Ez zaio lanik falta, eta baldintza ekonomikoak beti onak ez izan arren, askatasunaren kontrapartida du berak egin duen aukerak: "Nahi dudan ordutegia dut, oso bizitza librea, jeferik gabe, irakurtzeko denborarekin…".

Garbi dauka hala ere, beste bide batzuk ere jorratu litezkeela eta akaso jorratuko dituela. Itzulpenarena, adibidez.

Bere hogeita zazpi urterekin ez du erretiroan eta gauza horietan pentsatzen. Bere etorkizuna urtebetean kabitzen da: "Kontu korrontean urtebete lanik egin gabe bizitzeko adina edukitzea", etorkizuna ziurtatua edukitzea adina da Harkaitzentzat.

Aitor Aranak hasierako urte haietan ere apenas pentsatzen zuen etorkizunean. Orain, urteak aurrera joan ahala, gehiago. Horregatik -eta orain modua duelako- kotizatzen du autonomoetan. Eta pozik dago. Sortzen. "Zenbat eta gehiago sortu, orduan eta gehiago argitaratzen duzu; idaztetik bizi naiz; iritsi behar zuen eta iritsi da".

Arantxa Urretabizkaia ez dago idaztetik soilik bizi diren idazleen artean. Literatura propina bezala definitzen du berak. Eta hala ere, luxu handi bat da idaztea, bere hitzetan. Azken hogeita bost-hogeita zortzi urteotan idaztetik eta komunikabideetatik bizi izan da. Bitan banatuta dauka bizibidea.

Lanbidez erizaina izan zen zortzi urtez, "instrumentista bezala aritzen nintzen kirofano batean". Gero Historia ikasketak egin eta irakasle aritu zen. Beraz, inoiz ez du bizibidea idaztetik atera.

"Behin saldu nituen, adibidez, antzerki obra baterako eskubideak; ordaindu zidatenarekin begiz jota neukan txaketoi bat erosi nuen, larruzkoa; propina horiek dira literatura, niretzat".

Arantxak behin baino gehiagotan pentsatu izan du erretiroa hartzeko garaiarekin. Eta bere bi lanbideak berak aukeratu dituen arren, badaki bere lanak bukaerarik ez duela izango. "Ahal dudan bitartean jarraitu egin beharko dut lanean". Badakielako lanik egin gabe ez duela diru sarrerarik izango.

Eta hala ere, ez dago bere bi lanbideak aldatzeko. Ezta bien artean bakarra aukeratzeko ere. Oso seguru esaten du norbaitek eskainiko balio idazteagatik ordaintzea, idaztetik bizi ahal izatea, gainontzeko guztia uztera behartuko balu, ez lukeela onartuko. Idazle badelako, "baina hori behar dut nire barrura begira lan egiteko, eta komunikabideak behar ditut kanpora begira, jendearekin harremanetan aritzeko". Eta biak nahi ditu. Beraz, idazle izateak ez dakar ezinbestean idaztetik bizi nahia. Ez idazle guztientzat, behintzat. Batzuek ezingo lukete, baina beste batzuek, ahal izanda ere, ez lukete nahiko

Ez dira bizi itsasertzean paseatuz
E z da erraza idazleen baldintza ekonomikoez hitz egitea. Badirudi magia kentzen zaiola askorentzat hain erakargarria den idazlearen bizimoduari. Noizbehinka hemengo edo hango idazle hura miseri gorrian hil dela jakiteak zer pentsa jartzen gaitu, ordea. Horregatik aukeratu ditugu Arantxa Urretabizkaiak kontatutako pare bat anekdota idazleen bizimodua zenbaitek nola mitifikatzen duen frogatzeko.

Arantxa Urretabizkaiari telebista saio batetik hots egin zioten behin berari buruzko erreportaje bat egiteko. Itsasertzean egin zuen hitzordua kazetariarekin eta han azaldu zen Arantxa agindu bezala. Kazetariak harrituta bezala galdetu omen zion ea ez al zuen bere libururik ekarri irudiak hartzeko. "Idazleak horrela bizi garela uste dute, eta halaxe esan nien: nola bizi garela uste duzue? Gure liburuak besapean hartu eta itsasertzean paseatuz? Egun osoan itsasoari begira?".

Idazleak -normalean, behintzat- ez dira itsasertzean paseatuz bizi. Arantxak berak aitortu digu, egun jakin hartan joan zela etxera libururen baten bila kazetariak nahi zituen bezalako irudiak izan zitzan, baina trukean erosketak egitera laguntzeko eskatu ziela telebistakoei. "Beraiek etorri izan ez balira erosketak egitekoa nintzen, eta goiza galdutzat jo nahi ez nuenez, gutxienez erosketak eginda bueltatu nintzen etxera".

Jendeak, irakurleek oro har, idazleei buruz duten irudia ondo baino hobeto erakusten duen beste anekdota bat ere berak kontatu digu. Lehiaketa bat zen. Lehiakideek galderak egiten zizkioten Arantxari eta honek erantzun. Erantzunetako batek gezurra izan behar zuen, eta gero, lehiakideek asmatu egin behar zuten erantzun guztietatik zein zen Arantxak asmatutakoa. "Zenbat liburu saltzen dituzu?" galderan sartu zien ziria lehiakideei. "Bost milioi edo antzeko astakeriaren bat erantzun nien". Lehiakideak, ordea, ez ziren konturatu gezurra zenik. "Sukaldean egitea asko gustatzen zaidala erantzun nien galderetako batean, eta konbentzituta zeuden hura zela bota nien gezurra".

Hobe bai sukaldekoa gezurra izan balitz eta saltzen diren liburu kopuruari buruzkoa, egia! Ale kopuru hori salduz gero, idazleak itsasertzean paseatuz bizitzeko denbora eta etorkizunerako soldata ziurtatuak izango lituzke. Baita liburu bakoitzeko geratzen zaion kopuruari zerga modura ordaindu behar duena kenduta ere!


Azkenak
2024-12-31 | Julene Flamarique
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra

Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.


2024-12-31 | Leire Ibar
Prezioek gora egingo dute urte berriarekin batera

Urte berriaren hasierarekin, hainbat zerbitzu eta produkturen prezioetan igoerak izango dira. Elikagaietan, energia fakturetan, udal-zergetan eta etxebizitza gastuetan garestitze nabariak atzemango dira.


2024-12-31 | ARGIA
Apirilaren 11n egingo da Aberri Egun bateratua, Euskal Herria Baterak deituta

Euskal Herria nazio dela aldarrikatzeko ekitaldia egingo dute Donostiako Kursaalean. Astebeteko ekitaldi sorta izango da.


2024-12-31 | ARGIA
Gontzal Fontaneda euskaltzale gasteiztarra hil da

Euskaltzale eta militante gasteiztarra abenduaren 30ean hil da. Gontzal Fontaneda Orille (1943-2024) 1960ko hamarkadan euskarak Gasteizen egin zuen bidearen lekuko eta bidelagun izan zen. 15 urterekin hasi zen euskara ikasten. Euskara ikasteko metodo bat asmatu zuen eta euskara... [+]


Eraikiz kolektiboa: “Gizonok matxismoaren aurrean ardurak hartzeko unea iritsi da”

Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.


2024-12-31 | ARGIA
Zarautzen terapia kontsulta duen gizon bat atxilotu dute, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita

Getariako etxebizitza batean egin dio eraso, Segurtasun Sailaren arabera. Emakumea astero joaten zen terapia naturaleko kontsultara, eta Ertzaintza ikertzen ari da ea antzeko ekintzen biktima gehiago dauden.


2024-12-31 | Leire Ibar
Kataluniako emakume kazetarien erdiak baino gehiagok jasaten du sexuagatiko diskriminazioa

Media.cat-ek egindako azken ikerketak agerian utzi du emakume kazetariek Katalunian jasaten duten sexu-diskriminazioa. Inkestatutako emakumeen %54,4k sexu-jazarpena jasan dutela eta %55,1ek sexu-generoaren araberako jazarpena izan dutela adierazi dute.


2024-12-31 | Julene Flamarique
Akusazioak hemezortzi urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako entrenatzaile ohiarentzat

Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean. 2003an kluba utzi bazuen ere, emakumeak iaz salatu zituen sexu erasoak, Mario Lopezek taldeko entrenatzaile gisa jarraitzen zuela. Orain 18 urteko espetxe-zigorra eskatzen du akusazioak, fiskaltzak baino lau urte... [+]


Israelgo espetxerik ankerrenean atxiloturik dago Gazako azken ospitaleko zuzendaria

Hussam Abu Safiya medikua askatzeko eskatu du Osasunaren Mundu Erakundeak, eta bere aldeko kanpaina ere abiatu dute sareetan. Abu Safiya medikua ez da edonor; nazioartean erreferente bihurtu da, berak zuzentzen zuen ospitalearen aurka egindako erasoak kontatzen zituelako.


2024-12-31 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Obrak eta obrak, marra horia lausotzeko

Garai aproposa izaten da urteburua iraganeko lorpenak goraipatzeko eta, are gehiago, etorkizuneko asmo-usteak aldarrikatzeko. Eta halatsu da Txinan ere, alafede. Bide batez, ez da harrigarria abenduko azken orduetan, aurreikusitako planari aurrea hartuz, Xinjiangeko Urumqi-Yuli... [+]


Petardo eta bengalak, albo-kalteak dituen tradizioa

Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]


2024-12-31 | Usurbilgo Noaua
Beste sute bat izan zen erraustegian

Suhiltzaileek beste sute bat itzali behar izan zuten abenduaren 27an Zubietako erraustegian.


2024-12-31 | Josu Iraeta
Borroka luzearen ametsak, egiazko nahi ditut

Badira, garun distiratsua izanik, "zehaztasun gutxiko" definizioekin, gauza bera, beste era batera esanda, aldatzen eta itxuraldatzen adituak direnak. Berea zen, eta hainbat hamarkadatan errepikatu den proiektu in eternum bat izan da. Hasiera batean hori zen hegemoniko... [+]


2024-12-31 | Sustatu
Max streaming plataforman ere euskarazko edukiak agertzen hasi dira

Nazioarteko ordainpeko streaming plataformetan, Amazon Prime Video eta Netflix izan ziren lehenak euskarazko edukiak eskaintzen, eta orain Max gehitu zaie (2024 arte HBO edo HBO Max izan dena). Pantailak Euskaraz-ek azpidatziak moldatu ditu, eta EITBk bikoizketak eskaini, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude