TXAPEL BAT BAINO GEHIAGO

Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Hogeita sei bertsolarik hartu du parte aurtengo Nafarroako eta Iparraldeko Txapelketan. Nafarroako hogeik, eta Iparraldeko seik. Aurten bigarren aldiz, liga jokatu zuten Nafarroako 20 bertsolarietatik Txapelketara zein 12 joango ziren erabakitzeko. Fitxaketa berriak ikusi dira bertan. Bi gazte eskolarteko mailatik nagusira pasatu dira, eta beste pare bat, etxean bere kasa ikasitakoak, oholtzara atera dira.


LIGAN, KIROLTASUNA NAGUSI.

Afalosteko giroan jokatu da liga. Kafearekin batera, libreko saioarekin ematen zitzaion hasiera, afaria girotzeko. Eta ondoren hasten zuten saio puntuagarria. Joxema Leitza antolatzaileak kontatzen duenez, «afari askotan, saio puntuagarria bukatu ostean ere, ordubetez luzatu dira bertsolariak kantuan, sekulako giroa sortu baita».

Erabat herrikoia izan da liga. Ez dute saioen berri zabaldu, eta horrela, herriko jendea da bildu dutena. Zaharrak, gazteak, denetik. Bertsolariek presiorik gabe kantatzeko aukera izan dute, beraz.


BERTSOAREKIN EUSKARA ZABALTZEN.

Nafarroako herri denetan izan duen harrerak ezusteko polita eman die antolatzaileei: «Gutunak bidali genituen herri gehienetara, 15 saio antolatzeko. Oso aldeko jarrera jaso dugu, eta 15 herri horiez gain, beste 6-7 herri eskaera egin, baina saiorik gabe geratu dira», dio Leitzak.

Dagoeneko bertsozale diren lurretatik haratago iritsi nahi izan dute ligarekin. Horregatik jo dute hegoalderago. Tuterara, esaterako: «Tuteran 65 lagun inguru bildu ziren. Urtean zehar euskarazko oso ekitaldi gutxi dituzten jende horiei, kultur eskaintza bat ematen die Txapelketak. Herri horietan bertsolariak ateratzea ez da hain erraza, baina euskararekin duten harremana sendotzen dugu», azpimarratzen du Leitzak.


ELKARLANA.

Txapelketaren bidez bertsolaritzaren inguruan mugitzen den jendea lanean jarri dute. Horrela lortu dute antolakuntza sendotzea. Fin aritu da bakoitza bere lanean. Gai-jartzaile taldea astero-astero bildu da, eta ligatik finala bitarteko gai denak eurek jarri dituzte. Joxema Leitza bera Txapelketarako sailkatuta zegoen arren, muzin egin dio aukera horri, antolakuntzaren alde egiteko: «Gustura egin dut bertsotan. Baina Txapelketa aurreko bi asteak eromena izaten dira. Ez nengoen ziur bertsotan nola erantzungo nuen, eta nahiago izan dut antolaketari bakarrik heltzea».


BALORAZIOA.

Bertsolariei trebatzeko aukera ematen die Txapelketak. Ordainetan, gustura dago Leitza: «Bertso maila beste urteetan baino altuagoa izan da», dio. Inoiz baino jende gehiagok jarraitu du Txapelketa. Horretan eragina izan du bertsolarien mailak eta bertso ligan herrietako jendearekin sortutako harremanak

AMETS ARZALLUS: "BERTSOA BIHURTU ZAIT BIZITZAKO ARDATZ"
Lau txapel jantzi dituzu. Nolakoa izan da bakoitza?
Lehenengoa jauzia izan zen, sorpresa. Oso lehiakorra naiz, eta irabaztera irten nintzen, baina zail ikusten nuen. Bezperan askatu zuten osaba, eta nik bi egun lehenago jakin nuen. Huraxe zela txapela lortzeko mementoa sentitu nuen, berari eskaini nahi bainion. Eta lortzeko amorru horrek lagunduko zidan, noski.

Bigarren txapela konfirmazioa izan zen. Final hark bete ninduen gehien. Hirugarrenak Euskal Herriko finalera ez pasatzeak utzitako arantza txiki hori kentzeko balio izan zidan.
Aurtengoa, urtez urte egindako lanaren fruitua da. Ilusioa bai, baina ez du lehenengoak adina poz ematen.

Hurrengo urtean, bosgarrena?
Pentsatu beharko da Txapelketarekin zer egin, eta nik zer egingo dudan. Aurten, inoiz ez bezala, nekatuta bukatu dut. Ilusioa pixkanaka jaisten doa.

Aitonaren rolla egokitu zitzaizun bi aldiz, eta bitan Amets zahartzean izango denaren larruan sartu zinen. Zergatik kantatu zenuen zuretik?
Gaia guregana ekartzen saiatu ginen. Erosoago aritzeko egin nuen, iruditzen zitzaidalako gehiago neukala emateko, gaia kanpotik hartuta baino. Dudak izan nituen, gaitik aterako ote ginen beldur. Baina uste dut bidea horri esker egin genuela.

Gaitik ateratzeko beldurraz gain, zer beste gauzari erreparatzen diozu Txapelketan?
Bakarka, berez, sei puntukoan egitea pentsatuta neukan. Baina aukeratu nuen oin familia landu samar neukan, eta zeresana ere ikusten nuen. Zortzi puntuan kantatzea erabaki nuen, baina horrek poto egiteko arriskua dakar. Nahi adina ez emateko beldurra ere beti izaten da. Beldur horiek Txapelketakoak dira. Lotuago ibiltzen gara plazan baino.

Une estuetan hazi egiten zara.
Bai, lehiaren har txiki hori badut. Beste edozein arloetan ere berdin. Aurreko finalak ere azken txanpan irabazi ditut, neure buruari presioa sartzean. Nahiago nuke saio hasieratik neure buruari presioa sartzen asmatuko banu.

Txapelketa honetan hasieratik garbi utzi duzue lehiatzera zindoaztela.
Bai, horrek harritu ninduen. Bertsotan sekula ez da horrela izan. Boxeo konbateen aurreko adierazpenak irakurri, eta elkar txikitzera doazela egiten dute mehatxu. Bertsotan ia alderantziz da. Aurten desafio ederrak entzun dira. Eta hori ez da txarra. Txapelketara doanak lehiatzera joan behar du.

Zuen mailan, hobetzeko, nola lantzen duzue bertsogintza?
Plazak errodajea ematen du. Zeresan gutxi dagoenean ere baleko bertsoak botatzen ikasten da. Txapelketarako bertsoa kargatzen, janzten, jokoak egiten, oin familiak lantzen aritzen gara. Hori etxean, paperaren aurrean jarrita lantzen du norberak.
Edozein liburutan, kalean, aurki daitezke gero bertsotan baliatuko ditugun ideiak, irudiak edo mezuak. Horregatik, Txapelketa aurretik gauza denei adi egoten gara.
Bertso eskolan gaia jarrita jarduten dugu. Aritzen gara bestearen bertsokera pixka bat aztertzen, kritika egiten, eta nola hobetu elkarri aholkuak ematen, baina gehiago egin beharko genuke.

Zenbat saio egiten dituzu? Eta nolakoak?
Urtean ehun pasatxo. Lehen egiten nituen saio gehienak informalak ziren, orain berriz, alderantziz. Hamar saiotatik bederatzi Hegoaldean egiten ditut. Zortea dugu, eliteko bertsolari helduekin eta gazteekin egiten ditugulako saioak. Une honetan bi aldeetatik deitzen digute.

Bertsolaritzan zer helburu dituzu?
Plazaz plaza jarraitzea da helburu nagusia. Euskal Herriko Txapelketa da bi urte barru, eta Belodromoan sartzen ahaleginduko naiz.

Zertan aldatu dizu bertsolari izateak bizimodua?
Aldaketarik handiena da bizitzako ardatz bertsoa hartu izana. Orduan konturatu nintzen nire lehentasuna bertsoa bihurtu zela, ez ikastea. Asteburua etxetik kanpo pasatzen dudala da gehien nabaritzen dudana. Zortea dut, Hendaiako kaleetan beti bezala ibiltzen naizelako. Han jendeak ezagutzen banau, ez da bertsoagatik behintzat.

Zein dira bertsogintzako zure egungo kezkak?
Bertsolaritza mundu mailara zabaltzeko asmoa dago, urte honen bukaeran bertan egingo diren Kulturarteko Topaketetan. Baina benetan iruditzen zait bertsolaritza herriz herri dabilen jardun hori dela, eta saio horiek direla zaindu eta aztertu beharrekoak.
Bertsolamintza jardunaldietan aztertu ziren bertsotako gaiak eta hor ere badago zer aztertua eta eztabaidatua. Bertso Eguna ere sarri ibili da ahoz aho, eta saioa denon artean osatzen dugunez, bertsolariok ere eduki behar dugu saio horrekiko ardura eta erabakitzeko ahalmena.

JULEN ZELAIETA: "TXAPELA BEHARREAN ENTZULEA IRABAZTERA JOAN NINTZEN"
Julen Zelaietak entzulea bereganatu zuen finalean. Umore kolpeak, hitz jokoak, aparteko kasta... Zein da sekretua, Julen?
Ez dakit. Banekien ezin nuela txapelik irabazi, eta finalaren aurretik Manolo Arozenak aholku bakarra eman zidan: finalari neure ukitua ematea. Entzulea irabaztea.

Lau urtez parte hartu ondoren, lortu duzu finalean sartzea. Hori omen zen zure ametsa...
Ametsa baino gehiago, jakin-mina. Entrenatzen genuenean ondokoak entzuten nituen finala gora eta finala behera hizketan, eta probatu nahi nuen zer den.

Zein dira zure bertsotako bertuteak eta puntu ahulak?
Puntu indartsuenak umorea eta neurri txikia. Ahulenak, berriz, neurri luzeetan kantatzea eta gai triste edo filosofiko horiek.

Zer motatako saiotan gozatzen duzu gehien?
Gehiago kostatzen zait zutik kantatzea, jarrita baino. Afalosteko giroa eta entzuleak bertsoak estimatzea gustatzen zait.

Txapelketako tentsioa zer moduz eraman duzu?
Ni urduria naiz. Baigorriko final aurrearen ostean finalean sartzeko mugan ikusten nuen neure burua. Eta barruan nintzen ala ez jakiteko astebete itxaron beharra, agonia izan zen! Eta Goizuetan, azken final aurrean, Olaetxearekin berdinduta nengoela jakitean ia bihotzekoak eman zidan! Gogorra egin zitzaidan onartzea nire puntu berberekin bera kanpoan geratuko zela eta ni ez. Aurtengo Txapelketan ezagutu dut zer den benetako urduritasuna. Baina oholtza gainean ondo ikusi nuen neure burua.

Hemendik aurrera zer?
Berriro finalera iristen saiatuko naiz.

Zer da zuretzat bertsolaritza?
Jolas bat, eta batzuetan jokoa

FINALA ZAZPI PUNTUKOAN
Bertsozaleek Nafarroako Txapelketa deskubritzen dutenean, urtero joateko ohitura hartzen dute. Saltsa berezi horren osagaiak aztertzen saiatuko gara, aurtengo finala adibide hartuta.

Inoiz baino maila altuagoa: Aurtengo finaleko kartelak Euskal Herri mailako puntako bertsolariak ageri zituen. Froga da horietako bat (Colina) Euskal Herriko azken Txapelketan laugarren izan zela. Beste bi (Arzallus eta Silveira) finalaren atari-atarian geratu ziren. Eta Estitxu Arozenak ere erakutsia du zenbat dezakeen. Saioa hasterako, Xabier Legarreta ere faborito artean zen. Lau faborito egoteak ikusmina gehitzen dio finalari, eta puntuaketetan ikusi zen goi maila oso parekatuta dagoela.
Agian horrelako mailako bertsolariak zirelako, entzuleak zerbait gehiago espero zuen. Eta saiotik gustura atera arren, lehertzea falta izan zen.

Karakterra: Nortasun propioa landu dute Nafarroako bertsolariek. Silveiraren kasua da horren adibide nabarmenetakoa, baita Estitxu Arozena edo Julen Zelaietarena ere. Eta hori asko eskertzen du entzuleak. Euren bidea egiten asmatu dute, eta Txapelketako galbahe estuak onartzen ez duen bertsokera goi mailara eraman.

Kimu berriak: Aurten Miren Artetxe eta Julen Zelaieta entzun ahal izan ditugu lehen aldiz finalean. Entzulea konbentzitu zuten biek, eta hurrengo urteetan ere izango dute finalean erakusteko aukera. Berritasunak sorpresa puntua eman zion finalari. Artetxe zorrotz eta lotsagabe aritu zen, eta «handien» ondoan aritzen badakiela erakutsi zuen.

Harmailak sutan: Zambra borborka ikustea eskertu zuten agurretan bertsolariek. Lehen agur hori kantatzerako sumatu zen bertsolari bakoitzaren koadrila non zegoen eserita. Pankartak, orroak, txistuak, txaloak... Sua piztera joaten da entzulea Nafarroako finalera.

Lehia eta laguntasuna, nahasketa gazi-gozoa: Elkarri botatako desafiorik ez zen falta izan. Zenbait gaitan, noraino zebiltzan txantxetan eta noraino ari ziren barruak husten zalantza airean utzi zuten bertsolariek. Eta era berean, tentsio unerik altuenean bat egin zuten pankarta beraren atzean. Zambra osoak txaloz lagundu zuen Elizagoienen 25. urtemugako agurra. Txapela jantzi orduko bi adiskideek elkarri bizkarrean emandako kolpetxoak dira oholtza gaineko kidetasunaren seinale. Baina berehala Colinak imintzio egin zuen, puntu bakarrera geratu zela jakitean. Arerio eta lagun, biak batera.

Gai-jartzaileen lana eskertzen du antolakuntzak. Bertsolariak neurtzen du ondoen kantatzeko noraino lagundu edo mugatu duten. Entzuleen aulkietatik, denetarik entzun zen. Baina gai gordin xamar batzuk ere joan ziren tartean, berdekerietan erortzeko arriskua zutenak. Gaietan «zu neska zara eta zu mutila», «zu andrea eta zu gizona», generoa hainbeste markatu beharra ere bada zerbaiten seinale. Familia, eliza eta ohitura zaharrak maiz xamar atera ziren.

Puntuatzekoak eta puntazoak: Gauza jakina da txapelketetan bertsolariak lotuago sentitzen direla. Gai bakoitzean zer esatea tokatzen den, horretara mugatzeko arriskua dago. Nafarroako finalean bietatik ikusi zen. Zurikeriaren mugan ibilitako diplomazia, eta ateraldi ausartak ere bai. Denek bota zuten gogoan hartzeko moduko bertsorik.

BITTOR ELIZAGOIEN: "FINALEAN SARTZEN NAIZEN ARTEAN, ATERA EGINGO NAIZ"

Nola gogoratzen duzu 1979an jokatu zenuen zure lehen Txapelketa?
1966. urte ingurutik ez zen Nafarroako Txapelketa jokatzen. 1979an berpiztu zen, eta urte hartan zazpi bertsolarik bakarrik parte hartu genuen. Bautista Madariaga, Juanito Perurena, Jexux Goñi, Argiñarena anaiak eta Fagoaga gaztea aritu ziren nirekin. Goizean beroketa saio bat egin genuen, puntuatu gabe, eta arratsaldean jokatu zen txapela.
Nik 17 urte nituen, eta nire debut ofiziala txapelketa hartan izan zen. Nahiko urduri nengoen, ez nuen ohiturarik jendaurrean kantatzeko. A zer lasaitua, bukatu zenean!

Maila aldetik zer bilakaera izan du Nafarroako Txapelketak?
Teknikoki asko hobetu da. Egungo bertsolari gazte denak bertso eskoletatik heldu dira, eta txikitatik landu dute teknika. Horrez gain, aldaketa nagusia da garai batean bertsolari denak baserritarrak zirela, eta egun lizentziatuak. Sekulako maila hartu du Txapelketak.

Entzuleak ere aldatu al dira?
Bertsolaria baino gehiago aldatu da entzulea. Orain 25 urte, bertso txarrei ere sekulako txalo pila jotzen zitzaien. Egungo entzuleak gehiago eskatzen du, bertsoa hobeki ulertzen du, badaki potoa zer den, gaia nork menperatzen duen...

Bi txapel jantzi zenituen. Bata 1992an, bestea 1999an.
Lehenengoa oso hunkigarria izan zen, denok dugun txapel gosea asetu baitzidan. Bigarrena ere hagitz polita izan zen, baina lasaiago hartu nuen.

Zer motibazio duzu jarraitzeko?
Beti izan naiz apustu zalea eta neure buruari botatako erronka da. Finalean sartzen naizen artean, atera egingo naiz


Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude