Ez da kontu samurra estresa definitzea. Zenbat definitzaile, hainbat definizio egokitu zaizkigu. Guk, hemen eta orain, Europako Batasunaren definizio ofizialaz jardungo dugu. Hona hemen definizio ofizial hori: "Laneko edukiaren, antolamenduaren edo inguruaren alde adbertsoen edo txarren kontra gertatzen diren hainbat erreakzio emozionalen, kognitiboen, fisiologikoen eta jokabidezkoen multzoa da estres laborala, eta urduritasun nahiz angustia handiak eta jeneralean egoerari aurre egin ezinaren sentsazioak ezaugarritzen dute estresatua".
Adituen iritziz, emakumeak, gazteak eta adinekoak berez dira estres laborala nozi dezaketen taldeak. Badirudi emakumeek gizonek baino hiru aldiz arrisku handiagoa dutela estresak erasateko, oraindik ere gehientsuenek bi lanegun osatzen baitituzte, etxekoa eta lantokikoa. Gazteen kasuan, lanpostuko esperientzia ezak ekartzen du estresa, eta horretatik errendimendu falta segitzen da. Adinekoen kasuan, berriz, teknologia berrietara moldatu ezina da estresaren kausa.
Saia gaitezen orain estresaren kausak zehazten. Ikertzaile gehienek laneko faktore jakin batzuk izendatzen dituzte enplegatuen estres laboralaren eragile gisa. Bitan banatzen dira faktore jakin horiek: arrisku fisikoak (biologikoak, biomekanikoak, kimikoak eta erradiologikoak hartzen dituzte barne) eta arrisku psikosozialak. Artegatasunarekin dute zerikusia laneko arrisku fisikoek, eta, aldi berean, urduritasun hori bera da estresaren motorra. Arrisku psikosozialak, aldiz, testuinguru sozialari eta ingurumenezkoari ez ezik, lanaren diseinuari, antolaketari eta gestioari daude lotuak, eta kalte psikologiko, sozial edo fisikoren bat sor dezakete. Arrisku horien hainbat efektu estresaren ondoriozkoak dira bete-betean.
ARRISKU FISIKOAK ETA PSIKOSOZIALAK.
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Agentziak hamar kategoriatan taldekatu ditu estres laboralaren arrisku edo efektu ezagunak. Erakundearen kultura eta funtzioa kategorian, ondoko hauek dira testuinguru laboraleko arriskuak: komunikazio txarra, arazoak konpontzeko laguntza eskasa, harreman pertsonalen ezartzea eta erakundearen helburuen definizio eza. Erakundearen funtzioaren kategoriaren barruan, berriz, beste hauek: funtzioen anbiguetatea, funtzioen arteko konfliktibitatea eta pertsonei erantzukizuna ematea. Progresio profesionalaren kasuan, aldiz, profesioan atzentzea eta segurtasun eza, nahi baino postu handiagoa edo apalagoa izendatzea, lana izateko segurtasun eza, soldata apala eta lanaren balio eskasa.
Erabakien eta kontrolaren esparruan, honako arrisku hauek ageri dira izendatuta: parte hartze gutxi erabakiak hartu behar direnean eta lanaren gaineko kontrol eza. Langileen laneko harremanei dagokienez, bakartze soziala edo fisikoa, goi karguekiko harreman txarrak, pertsonen arteko gatazkak eta babes sozial eza. Lana-etxea bikoaren erlazioan, laneko eta etxeko eskakizun kontrajarriak dira arrisku: babes gutxi etxean, bi karrera profesionalen arteko gatazka...
Laneko ekipamenduen eta laneko inguruaren arloan, ondoko hauek dira arazo iturri: ekipamenduaren eta instalazioen fidagarritasuna, disponibilitatea, egokitasuna eta mantenua. Lanak izendatzeko garaian, berriz, lan errepikakorra, laneko ziklo laburrak, zatituak edo zentzu gabeak, gaitasunak ez baliatzea eta segurtasun falta handia. Lanaren bolumenaz edo lantokiaz, arazo da lan gutxiegi izatea, baina baita sobera ere; eta arazo dira, halaber, lanaren erritmoaren gaineko kontrola eta denborari buruzko presio larriak. Azkenik, laneko ordutegiari dagokionez, estres iturri omen dira hauek guztiak: txandakako lanegunak, lan ordutegi zurrunak, aurreikusi gabeko orduak, lanegun luzeegiak edota bizimodu soziala eragozten duten ordutegiak.
EREDU ALDAKORRAK LANEAN.
Lan mundua etengabe eta nabarmen ari da aldatzen: telelana eta lantokian informazioko eta komunikazioko teknologien erabilera handiagoa, lan autoarautua eta taldekakoa, enplegatzeko moduen aldaketa (lanpostuen murriztea, enpresen urruntzea, azpikontratazioa eta globalizazioa, langile malguen eskea, funtzioen eta trebetasunen arabera; ohiko ordutegiz kanpoko lanorduak eta txandak, zerbitzuetako sektorean gero eta biztanle aktibo gehiago izatea...). Bada, esan dezagun praktika laboral berri horiek ugaldu egin ditzaketela laneko eta osasuneko arriskuak edota gerta daitekeela aurreko arrisku batzuk are indartsuagoak izatea