argia.eus
INPRIMATU
ANDER ITURRIOTZ: "HOMEROREN ALDE POLITIKOA AZTERTU DUT"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Laburbilduko al zeniguke zure lan honen mamia?
Boterearen azterketa bat da. Eta boterea aztertzeko, asko maite dudan testuinguru bat erabili dut, hain zuzen ere gizarte homerikoa.

Eta zer ikertu duzu?
Homerok badu alde literario bat, baina baita alde politiko bat ere, eta Homeroren alde politiko hori aztertzen saiatu naiz lan honetan. Homero unibertsala baino gehiago delakoan nago. «Guztion irakasle» deitu zion Platonek, eta halaxe dela uste dut, ez bakarrik greziar klasikoentzat, Mendebalde guztiarentzat ere bai. Pentsa "Iliada" eta "Odisea" zer diren! Eta horietan aztertu dut gizarte aristokratikoa nolakoa zen, nolatan ziren gerrariak aristokrata homeriko haiek, nolako eredu hezitzaileak zeuzkaten, nolako nortasuna eta klase barruko elkartasun sareak zeuzkaten... Eta hori guztia aztertu eta gero, irakurketa politiko bat egiten dut, adieraziz Homerok Tucididesek edota Maquiavelok bezain argi erakusten digula boterea zer den eta nola funtzionatzen duen.

Horretan ahalegindu zara batik bat?
Bai. Baina ez bakarrik gizarte klasiko hura aztertu nahi izan dudalako, edo irakurlea helendar zibilizazioarekin harremanetan jartzeko asmo hutsean. Beste bat izan da nire arrazoi nagusia. Izan ere, nire ustez gizarte klasiko hura argazki edo erradiografia ezinhobea da gaur eguneko boterea, botere jolasak eta erakunde politikoen azterketarako. «Odisea»n ere bai, baina batik bat «Iliada»n erregeek hartzen dituzten erabaki guztiak biltzarrean hartzen dira, herriaren aurrean. Hor dago herri nortasuna!