5.000 ARRAINEKO OZEANO PUSKA


2021eko uztailaren 20an
Donostiako Aquarium Itsas Museoak 75. urteurrena betetzen du aurten, 1928. urtean ireki baitzituen ateak. Eraikuntza zaharraren hormen artean, dirutan ordaindu ezin daitekeen dokumentazio baliotsua biltzen da, arrantza, ontzigintzaren historia eta orokorrean itsas zientzien inguruko arloak ikuskatzen dituena. Aquarium Itsas Museoaren hastapenak Gipuzkoako Ozeanografia Elkartearen ekimenari zor zaizkio, ikerketa ozeanografikoa bultzatzeko asmoa baitzuen elkarteak. Orduz geroztik 11 milioi pertsona baino gehiagok bisitatu du museoa. Espainian natur zientziei eskainitako lehenengo museoa izan zen. Aurten Aquariumaren inguruan egingo diren ekitaldi guztiek 75. urteurrena gogoratuko dute. Urte asko iraun izana ospatzeaz gain, proiektu berritzaileak landuko dituzte, teknologia berrien hariari jarraiki. Garai bateko nabigatzaile handien modura, itsaso berrietan bustitzeko asmo biziarekin abiatu dira, Elkanotarren grina eta ilusioak jarraituz. Helburu garrantzitsuak dituzte esku artean. Donostiako Aquariuma turismo erreferentzia bihurtzeaz gain, ikerketa bultzatu nahi dute eta heziketa oinarri izanik, itsas inguruneari buruzko ezagupenak hedatu nahi dituzte. Heziketa horretan, itsas ingurunearekiko errespetua sustatzea ukaezinezko eguneroko lana dela ziurtatu digute museoko arduradunek.

Donostiako Aquarium Itsas Museoa eduki aldetik atal nagusi bitan banatuta dago, museoko lehendakari Zaragüetak esaten duen bezala, batetik "atal bizia", hainbat akuariotan munduko arrain espezie ikusgarrienak biltzen dituena, eta "atal hila", itsasoarekin erlazionatutako gai asko biltzen dituena. Fosilek, maskorrek, eskeletoek... itsasoko biodibertsitatea erakutsi nahi digute. Gela nagusiaren erdi-erdian, bere handitasuna erakutsi nahirik, euskal balearen hezurdura dago. Hezurduraz gain, Euskal Herriko bale arrantzari buruzko informazio garrantzitsua aurkituko dugu, itsasontzien maketa ederrez lagundurik eta baita ontzigintzaren historiaren dokumentazio interesgarria ere. Arrantza teknikak gogorarazteko aukera ere badago: arraste sareak, amuak... teknika bakoitza portu bakoitzaren espezializazioaren araberakoa da.


Euskal balearen hezurdura ikusgai.

Donostiako Aquarium Itsas Museoan sartu orduko euskal balearen hezurdura ikus dezakegu, eta berehala oriotarrek akabatutako azken balearen bertso famatu horiek datozkigu gogora. Baina ez, bertan ikus dezakegun hezurdura 1878. urtean akabatutako baleari dagokio.

Balearen arrantzak gure historiaren orrialdeetan istorio garrantzitsuak utzi ditu. Garrantzia horretaz ohartuko gara kostako zenbait herritako armarriak edo udal zigiluak aztertuta. Jarduera honi dagozkion lehen aipuak XI. mendekoak dira. Geroztik mendeetan zehar mugagabeko bale arrantza burutu zen, ia iraungi zen arte. Izan ere, Erdi Aroan, arrantza teknikak hobetzearekin batera, balearen populazioen gainbehera etorri zen. Gainera, migratzaile handi honek gure kostara etortzeari utzi zion. Aldentze horren arrazoiak ez daude oso argi, batzuek diote jasandako jazarpenaren eraginez izan zela, eta beste batzuen ustez, uren tenperatura aldaketak zerikusia izan zezakeen.

Balea osoa aprobetxatzen zuten, baina bereziki hain preziatua zen koipea lortzen zuten. Bizarrak berriz, kortseak, aterkiak eta erratzak egiteko erabiltzen ziren. Balearen haragia ere oso preziatua zen sukaldean. Hezurdura altzarigintzan erabiltzen zuten.

Balearen industriak aberastasun garrantzitsua zekarren eta horregatik, XVI. mendearen inguruan, hainbat euskal marinel Groenlandia eta Ternuarako espedizio luzeetan abiatu zen. Euskaldun ausart haiek arpoilari bikainak ziren. Ospea Europako iparraldeko ontzi jabeen belarrietaraino iritsi zen eta diru askoren truke kontratatzen zituzten euskaldunak. Kontu handiz prestatzen zituzten espedizio arriskutsu haiek, bidaia luzea egiteko ondo hornitutako itsasontziak zituzten. Zaildutako marinel eta arpoilariak ere ez ziren faltako. Udaberria igaro orduko abiatzen ziren eta iritsi ostean bertan kokalekua finkatzen zuten. Arrantzan hasi aurretik koipea lortzeko labeak prestatzen zituzten. Espreski bale arrantzarako eraikitako txalupak erabiltzen zituzten. Bidaia luze hauei esker aurkitu ziren lehen bakailao bankuak eta honela, balearen arrantzak bide eman zion bakailao arrantzari.


Aquariuma.

Nahiz eta guk Aquarium eta Itsas Museo moduan izendatu, egin diren berrikuntzek eta datozen proiektuek akuarioaren atala indartu nahi dute, ikusgarritasuna nabarmenduz. 5.000 arrain baino gehiago daude akuarioetan, hiru milioi litro urez horniturik.

Ozeanarioa, Donostiako Aquariumaren elementu garrantzitsuena da eta bere hedadura handiak itsas ekosistema ozeaniko baten erreplika egiteko aukera ematen du. Ozeanarioa zeharkatzen du 360 graduko tunelak eta bisitariari ozeano barruan dagoenaren sentsazioa ematen dio. Ozeanarioak marrazo espezierik ikusgarrienaren alboan egoteko aukera eskaintzen du. Marrazoen bazkalorduan han egokitzen bazara, hantxe topatu ahal izango dituzu urpekari ausartak marrazoei arrain zatiak emateko saiakerak egiten. Txuri eta Urdin marrazoek astean sei kilo inguru irensten dute; sei kilo txitxarro, berdel, muxar edo dorada. Moko finekoak dira gero! Manta arrain itzelak ere inguruan izango dituzte urpekariek ustekabean galdutako arrain zatiak irensteko prest. Bertan, marrazoenganako inolako beldurrik erakutsi gabe, itsas dortokak igerian ibiltzen dira lasaitasun osoz, jakiak jasotzeko txanda errespetatuz.

Marrazo, dortoka eta manta arrainen akuarioaz gain, badago akuario berezi bat non bisitariak espezie batzuk ukitzeko aukera duen. Ikusteko eta ukitzeko moduan dira itsas trikuak, itsas izarrak, korrokoiak, kabuxak, muxarrak...

Marrazoak, Aquariumeko izarrak
Marrazoak dira izarrak. Umeak eta hain ume ez direnak akuarioaren aurrean egoten dira marrazo ikaragarriak ikusteko txanda heldu zain. Lau marrazo espezie dabiltza bertako uretan.

Zezen-marrazoa. Beldurgarrienak dira marrazo hauek eta baita deigarriak ere. Brankien edo zakatzen irekidurak ixteko ahalmenik ez dutenez, ezin dute ura ahotik jaso eta horregatik, etengabeko mugimedua mantentzen dute. Zentzumenak oso garatuak dituzte eta 110 litro uretan odol tanta nabarmendu dezakete. Hortz beldurgarriek berriz, gure arreta pizten dute, handiak eta hiruki modukoak baitira. Ehunka hortz dituzte lerrokatuak, lehenengo ilarak erabiltzen dituzte harrapakina estu heltzeko eta atzeko ilarek aurrekoak falta direnerako balio dute. Marrazo espezie arriskutsuena da eta marrazo eraso gehienak espezie honi egozten zazkio. Australian, urtean zehar kasu andana izaten da.

Katuarraina eta momarra. Oso antzekoak dira espezie hauek (Scyliorhinus canicula eta Scyorhinus stellaris, hurrenez hurren) eta bereizketa nagusia tamainarengatik egin daiteke. Deigarriak dira gorputz osoan dituzten orban ilunak. Bereziki gautarrak diren hauek gure kostan topatzea ohikoa da. Donostiako Aquariumean momarraren arrautzak ikusgai dira, jaiotzeke dauden aleen garapena zuzenean ikusteko aukera izanez. Izan ere, marrazo espezie hauek, beste marrazo espezieak ez bezala, obiparoak dira, alegia, ernaldutako arrautzak kanporatu egiten dituzte. Arrautza hauek kapsula batzutan sartuta eta algei itsatsita uzten dituzte, zortzi edo bederatzi hilabeteren buruan aterako direlarik ale berriak. Ohartu ez bagara ere, ziurrenik, hondartzetan hustutako edo ernaldugabeko kapsula hauek inoiz ikusiko genituen alga artean.

Tolla. Gure kostan, hondo hareatsuetan egonean topatuko dugu. Hainbat animalia bentiko (itsas hondoko bizidun) irensten du, krustazeoak eta moluskuak, adibidez. Hau ere bibiparoa da, hau da, enbrioiak barne garapena izango du

Ibai tropikaletako arrainak Donostian
I bai tropikala ordezkatzen dute hiru akuarioek eta bertako espezie gehienak jatorriz Amazonas ibai ikaragarrikoak dira. Amazonas munduan ur emari gehien duen ibaia da eta bere 6.500 kilometroak Atlantikoan amaitzen dira. Ur hauetako espezieen kolore biziek akuarioak apaintzen dituzte, baina kolore biziak ez dira apaingarriak. Koloreek iraunbizitzearen borrokan, harrapakariak geldiarazteko kamuflaje gisa jokatzen dute. Ohikoena kolore ikusgarrienak dituzten espezieak arriskutsuenak izatea da. Segidakoak dira arrain horietako batzuk eta akuarioan aurkituko ditugunak:

Aingeru arraina. Hegats handia dauka eta benetan dena baino handiagoa egiten du. Harrapakariak aldentzeko taktika ona da hegatsarena.

Disko arraina. Arrautzak ondo zaindu eta gero, kumeei janaria emateko, gorputz osoan jario bereziak askatzen ditu. Kumeek gurasoei etengabe kosk egiten diete elikatzeko.

Piraina. Bi espezie daude; bata belarjalea eta bestea, piraina gorri famatua. Baraila beldurgarria dela-eta, ezin izan du odolzale fama uxatu. Triangelu itxurako hortz handi asko ditu, zerra moduan, janaria erabat txikitzeko erraztasun handia ematen diolarik. Beheko baraila goikoa baino irtenagoa duenez, are itxura beldurgarriagoa du. Piraina talde batek harrapakina berehala desagerrarazi dezake.

Morena, edo itsas sugea. Piraina bezala, hau ere arriskutsua da. Arroka txokoren batean zelatan egoten da, harrapakina ustekabean irensteko zain.

Eskorpioia. Arrain ikusgarri hau ere, hondo arrokatsuetan bizi da, eta baditu halako arantza pozoitsuak defentsarako oso eragingarriak direnak.
rrainak ezezik, anemonak, holoturiak, itsas izarrak, otarrainak... eta beste hainbat bizi da Donostiako Aquariumean. Kolore bezainbat espezie, beraz

«Uda ostean berrikuntza gehiago egiteko itxiko dugu museoa»
Zeintzuk izan dira azken berrikuntzen ekarpenak?
Dena zaharkituta gelditzen ari zitzaigun. Azken berrikuntzak 1998an egin ziren australiar teknikarien eskutik, ondorioa ikusi besterik ez dago. Berrikuntzen ostean, bisitari kopurua asko igo da, baina oraindik ez dugu nahikoa egin.

Esku artean dituzue proiektu berriak.
Proiektu garrantzitsuak ditugu, dagoeneko zehaztuta daudenak. Fundazio bat eratu dugu, orain arte 600 kideko elkarte bat besterik ez ginen. Fundazioaren bidez, enpresa interesa, ikerketa eta aisia uztartu nahi izan ditugu. Horregatik inbertsiogile garrantzitsuak bildu ditugu: MCC (Mondragón Corporación Cooperativa), AZTI fundazioa, Eusko Jaurlaritza, bestelako enpresak... gutxi gorabehera 9.015.181,57 milioi euroko inbertsioa. Beraz, uda ostean berrikuntza gehiago egiteko itxiko dugu Aquarium Itsas Museoa.

Ikerketa arloan Aquariumak badu zeresanik?
AZTI fundazioarekin gabiltza elkarlanean eta, esate baterako, berdelaren eta antxoaren inguruan ikerketa garrantzitsuak egin ditugu. Miarritzeko Itsas Museoarekin ere elkarlanean ari gara.

Eskola umeei zuzendutako heziketa burutzen duzue.
Joan den urtean 100.000 ume inguruk bisitatu zuen Aquariuma. Prestatutako bisita gidatuak egiten dira. Heziketa gazte-gaztetatik hasten da. Adibidez, bazkide gazteek hondartzak garbitzen laguntzen dute.

Bisitariak zer bilatzen du museoan?
Jendeak batez ere, arrainak bilatzen ditu, ikusgarriena dena, eta horien artean, nola ez, marrazoak. Horregatik, datozen proiektuetan akuarioaren atala indartu nahi dugu, nola ez, itsas museoa ere izango dugu, ontzigintzako datu garrantzitsuak baititugu. Eraikin zaharra guztiz eraldatuko dugu, sarreran adibidez, berrikuntzen ostean, itsas azpira sartzen garenaren sentsazioa izango dugu, igogailu bereziak izango ditugu... Aquariuma txikia izan arren, guztiz berezia egin nahi dugu, pitxi txiki baino baliotsu baten modura


Azkenak
Armagintza sustatzeko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi du Torres lehendakariordeak, Zedarriak-en eskaerari erantzunez

Bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak armagintza industria goraipatu eta zabaldu diren “aukera” berrien aurrean sektorea “babestuko” duela azaldu du. “Beste kontu bat da gutako bakoitzak izan ditzakegun posizio... [+]


Zaldibarko hondamenditik bost urtera, erantzukizunak argitu gabe eta zabortegien kontrola ezbaian

Bost urte bete dira Zaldibarren 800.000 tona zabor maldan behera amildu eta Joaquín Beltrán eta Alberto Sololuze langileak aurretik eraman zituenetik. Ikerketa judiziala amaitu gabe dago oraindik, Verter Recycling enpresak ez du ezer ordaindu zigilatze lanengatik,... [+]


Kaldereroak: ‘blackface’ bat donostiar erara?

Ni ez dut nahi nire alaba ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Nik ez dut nahi nire alabaren eskolako haur ijitoak ijitoz mozorrotzea kaldereroetan. Ijito izatea ez delako mozorro bat. Ijito izatea ez delako urtean behin egiten den festa bat, arropa exotikoekin eta aurpegia ikatzez... [+]


2025-02-06 | dantzan.eus
Lazkaon aspaldi galdu ziren inauteriak berpiztuko dituzte

Lazkaon 1960-70ko hamarkadan galdu ziren inauteriak berreskuratzeko asmotan dabiltzala irakurri dugu azken asteetan. Festa haietatik abiatuta herriko hainbat talde elkartu eta otsailaren 28an plazaratuko dira inauteriak ospatzera. Xehetasun gehiago jakin nahian Oin Arin dantza... [+]


2025-02-06 | Gedar
Autobusak antolatu dituzte ostiralean Gasteizera joateko, Maccabiren aurkako manifestaziora

Israelgo Estatuko saskibaloi taldeak ostiralean jokatuko du Gasteizen, eta mobilizatzera deitu du Palestinarekin Elkartasunak.


Berriztagarrien lurralde plana aldatu du Jaurlaritzak, eskala handiko eolikoei toki gehiago egiteko

Abenduaren 20an Eusko Jaurlaritzak planaren behin-behineko bertsioa onartu zuen eta gaitasun “baxu eta ertaineko” eremu ugari gaitasun “ertain eta altukoak” bezala ageri dira orain.


1.000tik gora sinadura, Donostiako Kristobaldegi komentua Txomiñeneko auzoarentzat izan dadin

Auzoak behar asko dituela nabarmendu dute eta Kristobaldegik beharrei erantzun ahal diela: auzo baratzeak, biltegia, kultur etxea, zaharren egoitza, eta abar.


Alternatibei zirrikitua irekitzeagatik

Zerbait egin beharra izan liteke aurtengo Argia Sarietan garaikurra jaso berri dutenen oinarria. Zapalkuntzaren, bazterkeriaren, ahanzturaren aurrean antolatzearen erabakia hartu izana. Edo ilunetik argia ateratzea, zirrikituak bilatzea eta komunitateari eskaintzea. Balio... [+]


Hondarribiarren gehiengoak alarde parekide bakarraren alde egiten du, udalaren inkesta baten arabera

Inkestatuen %45,6k alarde parekide bakarra nahiago du herriarentzat eta %65ak baino gehiagok alardearen gatazka konpontzeko herritarrek gai horren inguruko hitzaldi eta tailerretan parte hartu behar dutela adierazi dute.


2025-02-05 | Iñaki Murua
Bide luzea pauso ttikitan!

Bidea pausoka egiten da, eta hasiak egina dirudiela ikasi nuen aspaldi xamar. Baina jendeak esaldi hori edukiz betetzen ere ikasi nahi du. Bakarrik ezer gutxi lor genezake, hasi orduko etsi, akaso. Sekulako jendetza biltzeak ere antolaketa zaildu eta ikusi beharrekoa gandutu... [+]


Gutxiengoa

Ez zuen egoki jokatu, neurriak hartu behar ziren, bestela, ez dugu ikasten. Itxuraz, ez zen ohartzen egindakoaren inpaktuaz, normal jarraitzen zuen, batzuetan, ingurukoek baino itxura zoriontsuagoz. Gainera, altuegi hitz egiten du, hori ez zaio inori gustatzen. Darabiltzan... [+]


Ez ei dakite zergatik

Hezkuntza Sailak ez ei du ulertzen publikoko langileak zergatik joan garen grebara. LAB sindikatuari galdetzea dauka. Sindikatu horrek akordioa sinatu zuen sailarekin, 2023ko apirilean. Urte bi geroago grebara deitu dute haiek ere, aurrekoetan ez bezala, Hezkuntza Sailak... [+]


Julen Goldarazena, 'Flako Fonki'. Xakea eta jotak
“Ez dakit euskara hobetu dudan edo lotsa galdu, baina horrek oso pozik jartzen nau”

Aurretik bistaz ezagutzen banuen ere, musikaren munduak hurbildu gaitu Julen Goldarazena eta biok. Segituan ezagutu nuen Flako Chill Mafiak erakusten zuen irudi horretatik harago eta horrek baldintzatu dizkit, hein handi batean, proiektuarekiko harremana eta iritzia. Lauzpabost... [+]


Eguneraketa berriak daude