argia.eus
INPRIMATU
IBAN ZALDUA: "LAN HONEK DESEROSOA ERE IZAN NAHIKO LUKE"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Nola sortu zen «Obabatiko tranbia»?
Liburu honen oinarrian literaturarekiko maitasuna dago, eta hemen daude pilatuta irakurketa asko, eta idazle diren eta ez diren lagunekin izan ditudan eztabaida asko ere. Ez dut uste gauza originalegiak esaten ditudanik, baina saiatu naiz gauza horiek argi esaten behintzat, zeren horixe da nik askotan faltan botatzen dudana; halako gauzak batuta eta, batez ere, modu nahiko garbian esanda gure literaturaren inguruan oso gutxitan ikusi ditut.

Irakurle zaren ikusmoldetik idatzi omen duzu liburua...
Halaxe da. Egia esan, euskal literaturaren azken aldiko garapenaren aurrean irakurle arrunt baten txundidura batzuk azaltzen saiatu naiz. Txundidura, idazle eta lan batzuen arrakastaren aurrean; argitaletxe batzuen apustuen aurrean; idazle eta obra batzuen oihartzun ezaren aurrean; egunkarietako kritikaren egoera niretzako terminalaren aurrean; poesiaren eta poeten sakralizazioaren aurrean nire txundidura ere azaltzen da hemen; edota gure literaturaz erabiltzen diren topiko batzuen aurrean -euskal literaturan ez dagoela umorerik esaten denean, adibide bat emateagatik-. Hori bai, txundidura hauek guztiak oso modu pertsonalean adieraziak daude, neronen barrutik abiatuta.

Oso lan kritikoa al da zure hau?
Beno, euskal kulturan ere kritikak normalak izan beharko liratekeela pentsatzea osasungarria delakoan nago, eta hori da egiten ahalegindu naizena. Hein batean lan honek deserosoa ere izan nahiko luke -ez dakit lortuko duen-, ni ere deseroso sentitzen naizelako gure kulturan gertatzen diren gauza askorekin.