argia.eus
INPRIMATU
ESKU BETE LAN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Urte guztiko lan berezienak egiteko aparteko sasoia da, aprobetxa!

Neguan hostaila galtzen duten zuhaitz eta zuhaixkak landatzeko azken aukera dugu eta lurra epeltzen hasi denez hostaila galtzen ez dutenak atera eta landatzeko garai egokiena.
Neguan burutu ez diren ongarriketak orain egin. Simaurra da, baldin eta ondo ondua bada, onena.
Oraintxe egin beharreko beste lan bat inausketa da. Izerdia mugitzen hasia da ia landare gehienetan eta egingo ditugun zauriak ondo orbaintzeko honen jarioa bezalakorik ez da. Etxe barruko landareei luberria emateko garaia da. Lehendik duten lorontzia baino pixka bat handixeagoa den beste batean landatu, ongarria nahasia duen lur berriarekin osatuz.
Haziak erein, lehendik ereindakoetatik jaiotako landareak landatu, txertaketak edo mentaketak egin, neguak eraman ez dituen koleoak eta geranioak bezalakoen aldaxkak landatu, dalia, gladiolo eta lilien erreboilak landatu, goiz loratu diren forsitia, kerria, jasmina eta abar inausi... eskukada lan