BEHEKO BIZILAGUN BERRIAK


2021eko uztailaren 19an
Etxebizitzaren arazoa» izeneko kontzeptu politiko berriak zenbait ekimen abiatu ditu. Babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzea konponbiderik ezagunena bada ere, horrek ez dio erabateko erantzunik ematen atzean geratzen den hirigintza auziari. Hortaz, eraikita baina erabili barik dauden merkataritzako lokalak etxebizitza gisa egokitzea ahalbideratu du Eusko Jaurlaritzak.

EAEko Etxebizitza Sailak onartutako dekretuak bi baldintza ezartzen ditu lokal horiek etxebizitza bihurtu ahal izateko: lokalak, gutxienez, 36 metro koadro izatea eta herriko udalaren baimena lortzea. Beraz, tokian tokiko udalaren esku uzten du Jaurlaritzak prozesua. Hori dela eta, udalerri askok Arrasatera jo dute, bertoko araudia ezagutu nahian, herri horrek bi urte baino gehiago baitaramatza lokal komertzialak etxebizitza legez atontzen.
Arrasateko Hirigintza sailak "eraikitako hiri-lurzoruaren birziklapen" modura ikusi zuen merkataritzako lokalek eman zezaketen aukera hori. Izan ere, "herriak duen ondare eraikia oso altua da eta, aldi berean, ingurugiroari dagokion errespetua aintzat hartuta, hutsik zeuden lokal askori bestelako erabilera bat eman geniekeela ikusi genuen", adierazi du Hirigintza arduradun Juan Antonio Urdangarinek. Horretarako, merkataritza guneak kaltetu gabe, jarduera hori horren errentagarria ez den auzoetako lokal komertzialak bakarrik bihurtu ahal izango dira etxebizitza. "Merkataritzako ikuspuntutik hutsik dauden lokalak soil-soilik hartzen ditugu kontuan; pentsaezina da plangintza hau alde zaharrera ere hedatzea", azaldu du Urdangarinek, "etxebizitzaren arazoa konpondu nahian abiaturiko politikak ezin baitio herriko jarduera komertzialari kalterik eragin". Horrela jaso zen 2000ko uztailaren 5eko udal ordenantzan.

Bi urte eta erdiko denboraldi horretan, berrogeita hamarretik gora baimen eman ditu Arrasateko Udalak merkataritzako horrenbeste lokal etxe moduan egokitzeko. Kopuru hori igotzean, "hausnarketa" egin zuten Hirigintza sailekoek eta udal ordenantzari beste "bi urteko luzapena" ematea erabaki zuten, Juan Antonio Urdangarinek azaldu bezala. Horrekin "prozesuaren kontrola" mantendu nahi izan du udalak, "sor zitezkeen arazoak aldez aurretik ikusi eta konpondu ahal izateko", adierazi du Hirigintza arduradunak. Izan ere, beste udalerri batzuetan, arazoak sortu dira baimena eman ondoren, erositako lokalak ez baitzuen erabilera aldaketa eskatzeko baldintzarik betetzen. Hortaz, Arrasaten honako prozedura asmatu zuten: interesdunak udaletxera jotzen du merkataritzako lokal zehatz baten inguruko gorabeherak galdetzera. Horren ostean, hari dagokio lokal hori erostea eta prozesuarekin jarraitzea edota bertan behera geldi daiteke eskabideak hasitakoa.
Beste batzuetan, ordea, etxea txiki gelditu da umeak izan ondoren. Izan ere, lokalaren azalera, gutxienez, 36 metro koadrokoa izatea eskatzen du Eusko Jaurlaritzak. Udalek baldintza hori igotzeko aukera dute eta Arrasateko udal ordenantzak, adibidez, ez du onartzen berrogei metro koadroko azalera ez duen lokalik. Ildo horretatik, oinarrizko bizigaitasuneko baldintza gisa ikusten da etxeko gelen distribuzio egokia. Hasteko, lau gela edukitzea (edo edukitzeko aukera) eskatzen du 2000. urteko ordenantzak: sukaldea, egongela (bateratuta egon daitezke), bi pertsonentzako logela bat eta bainugela. Era berean, egongelak eta logelek kanpoaldeko fatxadan leihoak izango dituzte. Gainontzekoek aldiz, eraikin barruko patiora begira edukiko dituzte leihoak. Horrela, argiztapen naturala ez ezik, behar bezalako aireztatze sistema izango du etxeak. Dena den, udal teknikarien txostenean zehaztuko dira kontu horiek eta, beraz, lokalak ez du zertan halakorik izan behar hura erostean. Azkenik, lokalera sartzeko ate nagusia eraikinaren barruan egongo da, auzokideen pisuen sarreraren antzera. Hortaz, horiek eztabaidatuko dute, lehenik eta behin, ia lokal komertzial horretan bizi eta eraldatzeko baimenik ematen dioten jabeari. Horrekin, auzokideek prozesuan zeresan garrantzitsua izango dute. Auzokoek baimenik eman ez duten kasuak ere badira, Arrasateko Hirigintza arduradun Juan Antonio Urdangarinek azaldu bezala, "eta horietan, beraz, udalak ez dio utzi jabeari erabilera aldaketarekin aurrera egiten; prozesua bertan behera gelditu da".

Aipaturiko baldintzak betetzen diren edo horiek betetzeko lokalak aukerarik ematen duen jakiteko, udal teknikariek kasuan kasuko txosten teknikoa luzatzen dute. Bertan zehaztuko da zeintzuk diren aldatu beharreko elementuak, non joango diren leihoak (fatxadaren osaketarekin ez apurtzeko) eta abar. Txosten horren arabera, merkataritzako lokala etxebizitza bihurtzeko baimena emango du udalak edo ez. Txosten horretan oinarrituta ere, proiektu teknikoa aurkeztu beharko du lokalaren jabeak, obra lizentzia eskatzeko. Handik urtebetera, lanak amaituta egongo dira eta bertan norbait biziko da. Bestela, lokalaren erabilera aldatzeko eskubidea galduko du jabeak.


Prezioa, zeharo erabakigarria.

Merkataritza gunetik aldenduta dauden auzoek lokal komertzial asko eraikita baina hutsik dituzte. Alde zaharretik urrundu ahala, lokal horien prezioa nabarmen merkeagotu ohi da. Lokal horiek, hain zuzen, bihur daitezke etxebizitza eta ez alde zaharrekoak. Aurretik azaldu bezala, "udalerriko merkataritza ez kaltetzea ere bilatzen da", Arrasateko Hirigintza arduradunaren esanetan.

Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen lokalen erabilera aldaketa horrek etxebizitzen merkatuan eragina izan dezake. Donostiako Bidebieta auzoko Olmos pasealekuan, adibidez, 30.000 bat euro gutxiago eskatzen da merkataritzako lokal batengatik berriztatze lanak eskatzen dituen pisu batengatik baino (begiratu taula). Gasteizko Ariznabarra auzoan aldiz, prezio bikoitza du lanak behar dituen etxe horrek, hau da, 90.000 eurotik gorako aldea dago. Bigarren eskuko pisu zein etxe berriekin alderatuz gero, prezioen arteko diferentziak gora egiten du etengabe. Eta soldata apalek ordaindu ezin dituzten kopuruak dira sarritan pisu eta etxe horiengatik ordaindu beharrekoak. Gasteizen, esate baterako, 175.000 euro gehiagotan saltzen dira Zabalganan eraiki berri dituzten etxeak, Ariznabarra ondoko auzoko lokalekin alderatuta. Bilboko Irala auzoan, prezioen arteko alde horrek ikaragarria izaten jarraitzen badu ere, ia 60.000 euroko diferentzia "baino" ez omen da.

Hala ere, lokala erosi ondoren, lanak egin beharko ditu jabeak, gelen distribuzio egokia aintzat harturik. Era berean, merkataritzako lokala zena etxebizitza bihurtzeko behar den erabilera aldaketa horrek lokalaren beraren prezioa garestituko du. Horregatik, gehitze-balio horren %10 ordaindu behar zaio Arrasateko Udalari, kasu honetan, "hirigintza kargak" izeneko kontzeptu gisara. Diru horren zati batekin berdegune eta espazio irekietarako lurzorua erosiko du udalak, etxebizitza "berri" bakoitzeko hamazortzi metro koadro, hain zuzen.

Bestalde, sotoak ez dira merkataritzako lokaltzat jotzen. Hortaz, sotorik ezin daiteke etxebizitza bihurtu, eraikinaren beheko pisua osatu behar dutelako eta ez lurpeko lokalik. Batzutan, beheko solairua izan arren, aldapa batean kokatuta dagoen eraikina den legez, lehenengo pisua ere bada beste alde batean. Horixe gertatzen zaio Eskarne Garitaonaindiak Arrasaten egokitutako etxeari. "Atarian, beheko planta bada ere, egongela lehenengo pisuan dagoela ematen du, ondoan aldapa dagoelako", azaldu du Garitaonaindiak. Urtebete pasata darama etxe berrian bizitzen. Hortaz, Arrasateko udal ordenantzak zehaztutakoaren lehengoetariko erabiltzailea izan zen. "Guk ez genuen ordenantza hori ezagutzen, baina lokala hutsik ikustean bururatu zitzaigun etxebizitza gisara moldatzea", adierazi du Garitaonaindiak. "Orduan, udaletxera jo genuen baimen bila eta han esan ziguten 2000. urteko ordenantzaren arabera zer egin behar genuen", argitu du. Tamaina aldetik, Garitaonaindiak ez du arazorik izan, bere etxeak 100 metro koadroko azalera dauka-eta, gainontzeko pisuen antzera. Ildo horretatik, badira etxe baten tamaina baino gehiago hartzen duten lokalak. Horixe gertatzen da solairu bakoitza bizpahiru etxetan banatuta dagoenean eta lokalak solairu osoaren azalera hartzen duenan. Horrela, beheko solairuko etxea goiko pisuetakoa baino handiagoa suerta daiteke, eurek dituzten erosotasun berdinekin.

Merkataritzako lokalak etxe bihurtzeko ekimen hau ezezaguna izan da orain arte Arrasatetik kanpo. Haren berri zuen zenbait udalerrik hara jo du, argibide bila. Duela hiru hilabete Eusko Jaurlaritzak EAE osora hedatu du aukera hori, horren gauzapena tokian tokiko udalaren esku geratu bada ere. Hori dela eta, etxe salmentan aritzen den zenbait agentziak ekimen horrek ekarriko duen lokalaren balio-gehikuntza aurreikusi du. Alde horretatik, iragarki askotan zehazten hasi da salmentan dagoen merkataritzako lokal horrek "etxe bihurtzeko aukera" baduela. Horrekin bat, etxebizitzen merkatuan elementu berri bat sartu da. Horren eragina oso altua izango ez dela eman arren, lehenengo etxebizitza erosteko aukera duina izango da zenbaitentzat, gure hiri eta herrietako ondare eraikia birziklatuz


Azkenak
2024-12-21 | Iñaki Lasa Nuin
Pagadiak

Barkatu hariztiak, artadiak, zumardiak, lertxundiak, lizardiak, haltzadiak, gaztainadiak, urkidiak, gorostidiak, sagastiak, pinudiak eta zuhaitzen elkarte guztiak, baina, gaur, pagadiak du hitzordua negu-mugako ospakizunak direla eta.

Errazagoa egiten zait negu-mugako... [+]


Elkar mugituz?

Badator Euskaraldia, berriz ere. Urte berriko udaberrian izango da oraingoan, antza. Dagoeneko aurkeztu dute eta, egia esanda, harritu egin nau; ez Euskaraldiak berak, ezpada beraren leloak: Elkar mugituz egingo dugu.

Irakurri edo entzun dudan lehenengoan, burura etorri zait... [+]


Gobernu berriaren aurrekontu neoliberal zaharrak

 Ildo beretik dator Eusko Jaurlaritza berriaren politika. Hitzak bai, baina ekintzak ez dira argi ikusten Pradalesen gobernuak aurkeztutako aurrekontuan.


Israelek hildako 17.000 haur palestinarren izenak irakurriko dituzte Iruñean 30 orduz jarraian

Ekimena abenduaren 28an egingo da Iruñeko Baluarte plazan. Goizeko 11:00etan ipuin irakurketa antolatu du Yalak La diverxa Cris ipuin kontalariarekin eta, ondoren, 12:00etatik aurrera, BDZ (Boikota, Desinbertsioa eta Zigorra) ekimenak antolatuta egingo da irakurketa.


2024-12-20 | Nekane Txapartegi
Izartxoak *, arriskutsuak patriarkatuarentzat

Sistema kolonial kapitalista heteropatriarkala auzitan jartzen eta borrokatzen denean, gupidarik gabe erasotzen du bueltan. Eskura dituen tresna guztiak erabiliz, instituzioak, medioak, justizia, hizkuntza, kultura, indarkeria... boterea berrindartzeko, sendotzeko eta... [+]


Siriako Arabiar Errepublikaren amaiera

Siriako Arabiar Errepublikaren amaierak harridura handia sortu du, gertatu den moduagatik: azkar eta ia erresistentziarik gabe. Halere, ez da hain arraroa herrialdea suntsituta, pobretuta eta zatitua zegoela kontutan hartzen badugu. Aspalditik siriar gehienen ardura ez zen nor... [+]


2024-12-20 | Sonia González
DSBEren ‘humilladeroa’

Betidanik begitandu zait esanguratsuagoa han-hemenka topa daitezkeen guruztokiei gazteleraz esaten zaien modua: humilladero. Ez al da guruztoki edo santutxo izen nahiko light, zuri edo haragoko konnotaziorik gabekoa? Azken batez, bertatik pasatzen zen oro umiliatu behar zen... [+]


2024-12-20 | Hiruki Larroxa
Irribarre egin, murtxikatu eta isildu

Askok, Gabonetan, ilusioa baino alferkeria handiagoa sentitzen dugu familia-otordu eta -topaketetan pentsatzean. Baina aurreratzen dizuegu ez dela otordua bera kolektiboki deseroso sentiarazten gaituena, familia tradizionala definitzen duen normatibitatea baizik. Are gehiago,... [+]


Globo morean

Ztandap
Nork: Mirari Martiarenak eta Idoia Torrealdaik.
Noiz: abenduaren 6an.
Non: Durangoko San Agustin kultur gunean.

------------------------------------------------------

Laugarren pareta hautsi eta zuzenean, zutik eta beldurrik gabe interpelatzen du publikoa stand... [+]


Kongo eta kobaltoa
Zertarako gaude prest konektatuta jarraitzeko?

Balio digu ilunabarrarekin azken erretratu hori ateratzeko. Edo istant batean ordaintzeko barrako zerbitzariari eskatu berri diogun marianitoa. Eta ze arraio, Levi’sak imitatu nahi dituzten praken atzealdeko poltsikoan ezin hobeto datoz. Horretarako ere balio du... [+]


2024-12-20 | Xalba Ramirez
Xabier Badiolaren gitarra: zaharra zena, berri

Xabier Badiola
Xabier Badiola
Gaztelupeko Hotsak, 2023

-------------------------------------------------

Ea, ba. “Gaur egungo musika” musika deitzen zaio erritmo kutxa elektroniko bat duen edozeri, eta, klaro, horrela ezin da. Lerro hauetan saiatu izan gara... [+]


Eguneraketa berriak daude