Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako minbizi gaixoen bizi itxaropena Espainiako erkidegoetakoa baino handiagoa da. EAEn itxaron zerrendak murritzagoak direnez, tumore baten presentzia lehenago detektatzen da, eta horrek modu egokian tratatzeko aukera ematen du. Gurutzetako Ospitaleko Onkologiako zerbitzuburua den Guillermo López Vivanco doktoreak esan duenez, "hiru herrialde horietan, 30 urtetik 74 urte bitarteko hiritarren heriotza arrazoi nagusia minbizia da oraindik", baina gaitz honen tratamenduari eta detekzio goiztiarrari buruzko ikerketak aurrera doazen neurrian, "bizi itxaropena haziz doa pixkanaka eta une hauetan, sendatze tasa %50 inguruan dabil".
EAEko Minbizien Erregistroan bildutako datuek portaera diferentea erakusten digute tumore mota batetik bestera, hasi 90eko hamarkadaren hasierako urteetatik eta gaur egun arte, bizi ohituretan emandako aldaketak batetik eta aurrerapen zientifikoak bestetik direla medio. Hala ere, "pertsonetan tumoreak agertzeko arrazoi nagusia bizi-azturak eta ohiturak dira", Vivancoren hitzetan, eta hori argitzeko zera dio: "erretzeari uztearekin soilik %50-60 murriztuko litzateke minbiziaren agerpena".
Gurutzetako Onkologiako buruak esan duenez, azken urteotan nabarmen jaitsi omen dira urdail edo laringeko minbiziek eragindako heriotzak, baina gora egin dute, ordea, biriketako minbiziak (erretzearekin lotuak), eta baita ondeste eta kolonekoak, maskuri, aho-barrunbe eta pankreakoak. Urdailekoa jaistearen arrazoia janarien kontserbazio hobearekin lotu du Vivanco doktoreak