Azkenean lortu da EArekin koalizioa lotzea. Zer iritzi duzu negoziazio prozesu korapilatsuaz eta lortutako emaitzaz?
Hauteskunde bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta egoera ere aldatu egiten da. Orain dela lau urte hasi genuen EArekin koalizioan joateko esperientzia eta testuingurua asko aldatu da tarte honetan. Egungoak ez du zerikusirik 1999ko su-eten egoerarekin eta, beraz, prozesuak eta prozedurak horren arabera aztertu behar dira. Oraingoan, prozesua luzea eta nekeza izan da eta EAJtik beti agertu dugu koalizioan joateko asmoa eta ilusioa. Duela lau urteko esperientzia ez zen oso onuragarria izan emaitzen aldetik, baina bai abertzaletasunaren esparru berean bizi garen bi alderdiok elkarrekin joateko joera bat zabaldu zuelako. Egoera politikoak berak azal ditzake prozesuaren neketsua ulertzeko gako batzuk. Dena den, akordioa itxi eta gero ilusio hori gauzatzeko gai izango garela uste dugu. Koalizioaren esparrua nahikoa delakoan gaude, EAEn populazioaren %80 hartzen baitugu. Nafarroan, hala ere, egoera bestelakoa da eta posible ikusten genuen koalizio akordioa herri gehiagotara zabaltzea.
Bizkaiko akordioa nahikotzat jotzen duzue?
Bizkaian dauden 111 udalerrietatik 86etan elkarrekin joatea eskaini genion hasiera batean EAri. Azkenean, 31etan lortu dugu akordioa, populazioaren %85 bilduz, baina prest geundeke koalizioarekiko konpromisotik abiatuta hori zabaldu ahal izateko. Duela lau eta bi urte eskaini genuen formula aproposa da hautesleriari etorkizunera begira ditugun egitasmo egonkorrak eta konpromiso serioak aurkezteko.
Dena den, zenbait lekutan EAko herri batzordeek ez dute ontzat jo akordioa. Kezkatuta?
Kezkatu egiten gaitu batez ere horrelako gauzak publikoki agertzeak. Uler dezakegu alderdi bakoitzak errealitate eta ikuspuntu ezberdinak dituela barruan, eta horrek tentsioak sortzen dituela, baina harrituta gaude koalizioaren gainean eragiten duten gaiak publiko egiten direlako. Negoziazio prozesuan EAk beti esan digu nazio mailako negoziazio batzordeak (aberri batzordeak) zuela euren aldetik akordioak ixteko ahalmena eta hitzarmenaren barruan dagoena beteko dela espero dugu. EAren aldetik, koalizioaren onuragarritasuna azalduko diegu herritarrei.
Honek guztiak koalizioaren eraginkortasuna higatu dezake?
Herritarrek orokortasunari erreparatzen diote eta ez herri batean edo bestean gertatzen denari. Bizi dugun egoera politiko honetan jendeak jakingo du baloratzen zer-nolako ahalegina egin dugun akordioa lortzeko. Alde horretatik lasaitasuna adierazi nahi dut.
Etorkizunari begira koalizioa iraunkor egitearen aldekoa al zara?
Koalizio akordioan idatzita dago EAJk eta EAk proiektu propioak dituztela eta, beraz, errespetu horretatik abiatu behar dugu. Etorkizunak berak esango du zer gertatuko den. Memento honetan alderdiotatik gaur egungo egoerak baino ezin ditugu aintzat hartu, hain da korapilatsua testuinguru politikoa. Beste kontu bat da zein gogoeta egiten duen alderdi bakoitzak indar metaketaren inguruan eta guk, zehazki, uneon horren beharra badagoela uste dugu herri bezala dauzkagun erronkei aurre egiteko eta, Ibarretxe lehendakariak egin duen legez, irtenbideak bideratzeko. Aberri zentzua bera dago jokoan gaur egun eta egitasmo ezberdinetatik komunean lan egiten jarraitu beharko dugu. Gero gerokoak.
Maiatzaren 25eko hauteskundeak Ibarretxeren planari egindako azterketa bilaka daitezke?
Beste esparru bateko hauteskundeak izan dira orain arte eta ez dut uste Ibarretxe lehendakariaren egitasmoa aztergai izango denik, nahiz eta batzuk hala planteatu nahi duten. Estatuaren erasoa izango da aztergai, duela bi urte jazo zen legez. Mayor Orejak dioenean PPk eta PSOEk elkarrekin joan behar dutela ez dio zerrendak osatzeko zailtasunengatik edo askatasun ezagatik, helburu politiko batzuekin baizik. Udal eta foru hauteskundeek ohiko ezaugarriez gain beste hau ere izango dute.
Estatuaren erasoen artean kokatzen duzu «Egunkaria» itxi izana?
Bai, jakina. 1997an Katalunia eta EAEko PPk sinatutako dokumentu batzuk eskuratu eta publiko egin genituen eta haietan hurrengo bospasei urteetarako zituzten asmoak eta planteamenduak zehazten ziren eta erabili beharreko baliabideak ere. Nortasun ikurrei, hizkuntzari eta beste arlo batzuei zegozkien bertan esaten zirenak. Beraz, aurretik planifikatutako zerbait dela uste dut. Jazotakoa PPren gobernuaren erasoa dela esan liteke...
Botere judizialarekin bat eginda?
Baita. Eta hor Estatua sartzen da. Politikaren judizializazio eta justiziaren politizazio ikaragarria dago. PP eta Espainiako gobernua ahalegin horretan sartuta daude. «Egunkaria»ren kasuan Barne Ministerioaren eta Entzutegi Nazionalaren ohar bateratua kaleratu zen. Botere judiziala ere jokoan sartu da eta gobernuaren erasoaz baino gehiago estatuaren erasoaz hitz egin genezake.
Barne Ministerioak kereila jarri die tratu txarrak salatu dituzten «Egunkaria»ren aurkako operazioko atxilotuei. Zer irizten diozu?
Terrorismo kontzeptuak edozer estaltzeko balio duela ematen du. Estatu Batuetan Guantanamoko esparruan dituzten presoei buruz ere eskubiderik ez dutela eta antzeko astakeriak esan dira. Ustez torturatu dituztenak salatuko dituztela adieraztea edozelango logikatik kanpo dago. Tratu txar salaketak aztertu beharko lituzkete. Izan ere, giza eskubideak errespetatzeko ardura denok daukagu baina inork horretan argi jokatu behar badu hori estatua da. Bestela dena zalantzan jar daiteke.
Erasoaldi horren aurrean ba al dago indar abertzaleen arteko erantzun bateratua emateko aukerarik?
Alderdi abertzaleen indar metaketari buruzko iritzi garbia azaldu dugu beti. Abertzale hitzaren atzean edozerk ere ez du balio. Egia da herri bezala sentitzen dugun erasoari buruz hausnarketa egin behar dugula, baina joko arau batzuk errespetatuta. Aniztasuna errespetatu behar da eta konpromisoa hartu behar da ildo horretatik. Memento honetan ez dut uste batzuk konpromiso hori hartzeko gai direnik. Ondo dago abertzaletasuna defendatzea, baina bateragarria denean eta herriaren osotasuna aintzat hartzen duenean.
Azkarate sailburuak «Egunkaria» baino euskarazko kazeta zabalago baten beharra azpimarratu berri du. Bat zatoz asmo horrekin?
Bai, guztiz. Jaurlaritzak argi hitz egin du eta euskararen munduko beste zenbait eragilek ere bai. Euskara guztion ondarea da eta, orain arteko esperientzia baliatuz, eta bizi duguna bizi dugulako, egitasmo bateragarriak behar ditugu, gizartetik sortutakoak baina erakundeak atzetik dituztenak babesa emanez.
Auzitegi Gorenak ontzat jo du Alderdien Legea eta Konstituzionalak Batasuna legez kanpo utzi du. Zer irizten diozu jarraitu den prozesuari eta Batasuna datozen hauteskundeetan ezin egoteari?
PSOEren ekimenez eta PPren atxikimenduarekin Terrorismoaren aldeko Ituna deritzana abian jarri zenean argi ikusi zen abertzaletasunaren aurkako egitasmoa zela. Alderdien Legea Batasunaren ilegalizazio prozesua martxan jartzeko erabili izan da eta kezka agertu dugu beti abertzaletasuna higatzeko baliatzen ziren bitartekoen aurrean. Honek guztiak helburu politikoa du, mapa elektorala aldaraziz EAEko erakundeetan agintean dauden indarrak hortik kendu nahi baitituzte. Batasunaren ilegalizazioa pentsaera adierazpide bat ukatzea da, nahiz eta ez gatozen bat adierazpide horrekin, eta herria bera kaltetzen du aukera bat kentzen diolako eta normalizaziorako bideak oztopatzen dituelako. Ona izango litzateke Batasuna bezalako proiektu batek aukera izatea joko politikoan parte hartzeko. Gizartea bera izan behar da arrazoia eman eta kendu behar diguna, duela bi urteko hauteskundeetan ikusi zen legez. Herriaren erabakiak normalizaziorako bide gisa ikusten ditugu