ZALDIBIA: AHOTS ETA AMETSEN KALEA

  • Ez naiz sekula izan loak berehala harrapatzen dutenetakoa. Gogoan dut, oraindik, nola gure amak, lokartzeko, esaten zidan: "jar zaitez Ibargurenera begira". Gelan etzanda Ibargurengo argiek baserria bertaratu egiten zuten leihoraino, iluntasunaren amildegiaren gainetik salto egiten lagunduz. Oso ilunak ziren orduko gaurik gehienak, artean, ez baitzegoen oraingo farolik eta Ibargurengo argien distirak kristalean pausatuta antzematen nituen, urrutiko izarrak baino beroago. Oso berandu zela adierazi nahi izaten zidan amak, eta argia seinalatuz esan ohi zidan: "Hara, hor arituko da Arantxa zure lagunaren aita ikuiluko lanetan" eta orduan errenditzen nintzen, lagunak lo egongo zirelakoan. Eta argi hura ez zen sekula itzaltzen ni loak hartu aurretik. Esnatzen nintzenerako, hori bai, Ibarguren, argiak itzalita, zuri eta luze agertzen zen, gauez baino atzeraxeago, aurrealdean, Albitxerriko Gregorio zenaren arta-soro ederra eta Estankoko Iñasioren baratza zituela.Esnatu berritan, kaleko biziek iragartzen zidaten ordua. Esnezaleen ahotsak entzuten nituen batzuetan. Aierdiko Rosita etortzen zen geure etxera, Dendaberrikoen atarian astoa lotuta. Etxe bakoitzera igo beharreko esnea neurtu eta marmita handienetatik ontzi txikiagoetara pasatzen, pertzen metal-soinuak adierazten zidan artean goiz samar zela. Beste batzuetan jaikieran Iñasio perratzailenetik gizonezkoen ahotsak iristen ziren: Elbarrengoak, Aiestaran errekakoak, Arru gainekoak, Saturdi aldekoak, Mendizabal edo Gorriñe aldekoak... Tarteka behiren baten marruren batekin ere nahasten ziren, eta Iñasiok horrelakoetan lan luzea izaten zuenez, eskolatik etxerakoan han biltzen ginen ume guztiak, behiei perrak nola jartzen zizkien ikusteko, Fabrika Handiko langileak bizikletan eguerdirako itzultzen hasi arte.

2021eko uztailaren 23an

Ferratzen ote dira oraindik behiak eta mandoak? Eta non ote dira perratzaileak, galdetzen dut nire artean, Ferratoki aurrean. GR-20 ibilbideari ekingo diot. Hemendik abiatuta 3,8 kilometro ditu ibilbide honek, ordubete inguru, Suegi gaina hartu eta ezkerrera Gaintzako bidea edo eskubira Zaldibia-Abaltzisketako bide-gurutzera iritsi artekoa. Lasai antzean ibiliz gero bi orduko joan-etorria.

Porlanezko eskailera-mailetan gora ekiten diot belaunaldi askotan baserritar eta eskolumeena izandako bideari. Zeinek erabiltzen ote du orain ?Bilatu ahal izango ote nituzke baserriek oinetakoak aldatzeko izendatuta zeuzkaten harriarteak? Eta galderen artean ekiten diot igoaldiari, oroitzapenen kutxa zabalduz, ibiltzeak eta oroitzeak, biek, egunerokotasunaren langa pasatzen lagundu eta arretarekin betaren zelaietarainoko bidea irekiko balidate bezala.

OROITZAPENEN BASO ETA INGURUMARIAK
Albitxerrikoek erabiltzen zuten sorora iritsi orduko bistaratzen dira Zaldibiko gain eta muinoak zaintzen dituzten baserriak: atzean Miranda, ezkerrean Aldau, eta eskubian Gorriñerekin Biosola eta berehala bistatik galduko dugun Aierdi, Aiestaran erreka auzoaren lekuko.
Berehala iristen da Ibarguren izeneko bi baserri artera. Handik gora jo behar da, ahal dela ezkerretik, larre eta sastrakek itxita egon arren, porlanezko eskailera mailak igoz. Ur erretenak dakarren hotsak apenas isiltzen duen oraindik Larraitzerantz doazen autoen zarata, eta bidean, eskubian, dagoen askatxo bat pasa orduko ikus daitezke Zaldibiko azken kaletxe zirenak: Etxabenea eta Goiko Bikarioetxea, azken hau etxe berriz eta parkinez inguratua.

Eta gora egin behar dudan arren, oraintxe etortzen zait behera, Goiko Bikarioetxean zegoen jostundegiraino korrika jaisteko gogoa. Hango lehengusu jostunak modernoenetakoak ziren eta miradoreko argitasunean oihal koloretsuek are biziagoak ziruditen. Fabrikakoen jostundegian botoiez betetako kutxa izaten bazen gure jolasik kuttunena, Goiko Bikarioetxean, botoiez gain, oihal puskak eta koloretako modazko aldizkariak aurki nitzakeen. Aldizkarietako neska haien orrazkerak eta jantziak ez zitzaizkidan nola-halakoak iruditzen, dena pret-a-porter, minigona eta maxifalda... esan ezinaz eta izan ezinaz okituta neska modernoen aurreneko adierazpide isila; isila eta mutua, artean, plantxak ekonomikan gorituz lisatzen baitziren jantzi eta ametsak.

Baina goranzko bideak, Ñañarriren estanpa aurkezteko Urtsu-errekaz goialdetik dagoen bidea ere aukera nezakeela gogorarazten dit: horiz pintatutako Gorriñek Urtsu-erreka eta Aiestaran erreka bereizten dituen bide aldapatsuan gora doana. Gaur egun mendira doazenek autoz igotzen dute, bide guztian behin Goskindi pasatuz gero desafioan nabarmentzen den Nañarri tontorra Gaztelu edo Enirioranz abiatzen direnean desager dakiekeenik pentsatu gabe.
GR-20 bidean, ordea, hurrengo aldapa igo eta porlanezko eskailera-mailak amaitu orduko azalduko da Aralar bete-betean. Gain honetara arribatuz gero badirudi ingurumarian mundu osoa datorrela eta mundu osoa ingurumari honetatik bistara daitekeela.

Euskal Herriko toki askotan irizten diot ezagutzen ez ditudan soro, baso, pinudi eta larre gehienetan barrena han eta hemen, ez dagoela zokorik inork ikuskatu, neurtu eta maneiatu ez duenik. Hemen, gainera, nire golkorako badakit, inon bada hementxe, bakarren batzuk, txanda pasa egin ahal izango ziotela -eta diotela minari, murko gainean periodiko papera zabaldu eta beren bizitzan jasotako opariak bildu ondoren, amildegi baten ertzean etzan eta burua apur bat aurreratuz izua konjuratuz, ala orbel artean gordetako onddo usainarekin basoaren perfumea biriketaratuz, eta toki honen indarra xurgatuz oroitzapenik gabe ere bideak eta ingurumariak naramate, batean Aizkorrira begira, bestean Usurbe eta Murumendi lerrora eta hurrengo hartan Gaintzako elizari edo Aralarri erreparatuz. Muino honek munduaren erdigunean gaudela sinetsarazi diezaguke, geure baitan oinarrimurik aurkituz gero.

Edozein aldetara begiratuta ederresten dugun paraje hau zeharkaezin eta iristezin bilakatzen da. Bidean beti aurrera eta gora egin behar dugu. Laster iritsiko gara Arruarteko gainera. Suegiraino egiten duen bide honek ez du galerarik, beti gorantz eginez gero Gaintzako errepidera ateratzen baita, eta Arruarte gaineko baserrietara iritsitakoan, deskuidatuta, ezkerra hartuz gero, berriro Zaldibira jaitsiko baikaitu. Beheran Peatzeta, Telleri eta Bentaberri utzita, Gazteluren magal batean Olegi baserria, oraindik zurezko egitura gordetzen duena, eta gorago Ernaitza.

Handik hurrena artzain gazte batek egindako artegi berria pasatu orduko dago Arru, bide honetan zutik dagoen azken baserria. Etxaldera iritsi aurretik, Ñañarri eta Murumendi gainak, Mariren Goierriko bi bizitokiak, parez-pare geratzen dira. Barandiaranek 1921ean, 67 urteko Mª Antonia Aierbek esanda jaso zuenez, Mari "Zazpi urtetan Txindokin eta beste zazpitan Murumendin", bizi omen da.
Mari, "emakume bat, bere modukoa"; Mari, baiaren eta ezaren dama, lurpean bizitzen eta zerua zeharkatzen dakiena. Makina bat zaldibitarrek ikusi omen du gauak sua zeriola zeharkatzen, Murumenditik Txindokira eta Txindokitik Murumendira, zuzen-zuzenean. Baina esan ezin sinesten dena. Denik ezin esan eta ez denik ezin sinestu, gizaldiz-gizaldi iritzi, ideologia eta sineste kontuak aldatu arren iraun duen bizipena.
Baina dagoeneko pasa dut Arru eta pinudi bat zeharkatu eta bost minuturen bueltan, Gaintzatik Larraitzera doan bidearekin egingo dut topo. Zain daude Ñañarriren bizkarraldea, Gazteluren ondoan. Geratu edo itzultzeko ordua iritsi da.


BI ITZULBIDE HERRIKO PLAZARA

Larraitz-bidean behera, Saturdiraino igoz.
Larraitzetik Gaintzako errepidean bi bide har daitezke Zaldibirantz. Aurreneko hau autoz trabatua, baina inork Ñañarri berriz eder eta indartsu ikusi nahi badu , beherantz doala Saturdi auzoraino igotzen bada aukeran du. Saturdiko ermitak, kanpotik ez du aparteko bereizgarririk, baina bertan da San Saturninoren irudia. San Saturnino (Saturdiko patroia) eta Santa Fe (Zaldibiko patroia) santu frantsesak direla erakutsi izan zaigu, ahaztuz bazela Nafarroako erresuma zabal bat oraingo España eta Frantziako mugen gaindi eta mendiz oso gertu gaudela. Nafarroatik... eta Gaztelu gotorlekua Saturditik horren gertu ikusten dena.
Edonola, Saturditik lehengo bidera iritsita Zaldibirantz ekiten duenak ez du horretaz pentsatzeko beta handirik izango auto asko ibiltzen baita, astebukaeran batipat. Aukera polita du beheraxeagotik Urtsu errekaren bide-ertzetik jaisteko Peatzetara bitarte. Handik berehala bertan dira Zaldibiko aurreneko kale-etxeak. Orain egin berri diren etxeen ondoan, eskubian, Goiko Bikario-Etxe ederra, eta ezkerrean, Etxabe-enea jauregia eta Goiko Kaleko plaza, non, ilusioz berritzen ari diren bertako jabeak Txamarretxe, Juan Ignacio Iztuetaren jaiotetxea. Iztueta garrantzizko idazlea izan da euskal literaturan, Lardizabal eta Jauregiren ondoan , baina nik gogoangarrien Kontsesirentzat kartzelatik idatzitako kantuaren pasarte hau dut:

Hogeitalau legoaz nago aparte
bitartean badauzkat miloi bat ate
guztiak itxirik
Txamarretxetik behera Urtsu erreka eta Aiestaran erreka biltzen dira Amundarain izeneko ibaira. Atseden hartu nahi duenak, erreka inguru horretan badu non egona. Bestela, kalean behera, Ferratzailenea pasata Zaldibiko plazara iritsiko da. Garai batean ezagun zen kantuak ezagun egin zuena:

Zaldibiko plazan,
hiru atso dantzan, hiruak ez dute
ardit bana poltsan.

Gaintzako kaskotik, ibaiaren ertzetik.
Baina Zaldibira itzultzeko bada beste bide bat, oso pikoa izanagatik lasaiagoa dena. Horretarako Gaintza herriko kaskora iritsi behar da, eta han, etxe berriei bizkar eman eta aldapan behera, aldapa pikoan berrogei minuturen bueltan edo jaitsiko da Zaldibira eta porlan-bide utzitakoan, Bilore fabrikarantz zuzendu eta berehala iritsiko da berriz herrira.

Amundarain ibaia bi zubiren azpitik pasatzen ikusi ahal izango du eta erreka bazterretan Kanpain etxea eta errota ederra,eta Karreraenea ikus ditzake. Zaldibiko plaza ixten duen etxean plaka bat dago, Alzaa jeneral karlista fusilatuaren omenetan. Alzaa jeneral karlista zen eta hirugarren karlistada bizteko asmoz etorri zen atzerritik. Lehen bere lagun izandakoak, ordea, ordurako Gobernuaren aldeko ziren. Ezkutuan ibiliagatik ere lagun izandakoek ezagutuko zituzten haren ihesbideak, eta hartan harrapatu zuten nonbait Zaldibiko mugetan eta plazan fusilatu zuten. Destinoa atzeratu samar zetorren bitarte horretan, eta historiak dio tiroak entzun zituela Mugertzako errebueltan -Bilore parean- indultu-agiriarekin zetorren zaldunak. Destinoak ez zuen Alzaa jenerala salbatu beste euskaldun eta mundutar asko bezala. Ez dakigu zaldi bizkorragoa ala herritar azkarragoak beharko zituen, aldamenean. Alzaak, plaza gaineko zeru-muturra besterik ez zuen izan bere oroitzapen eta ametsak babesteko.

ASKATASUNERUNZKO BIDEZIDORRA

Eguerdia. Etxeko leihoan jarri naiz, aspaldi ez bezala. Aurrez aurre ditut Telefonoetako Mari Karmenen etxeko leihoak. Hutsik. Bixenteren vesparik ez da ageri gure espaloian, Mª Karmen zenaren lokutorioaz Mariren ipuinei buruz bezala hitz egin beharko diegu gure umeei sakeleko telefonoen arora sarturik urteek gizaldi osoen abiadura hartu dutenez... Azpian Pepitaren balkoia; ondoan plaka bat. Semea eta iloba bihotzean. Teilatuaren gainean Ibarguren eta eskubian Gaztelu gaina.

Ezer ez dago geldi. Aurrera egiten ez duenak atzera egiten du. Minaren geografia zeharkatu eta askatasunaren hodeietatik zintzilik hegan egin nahi nuke, baina horretarako pluralean idatzi behar da. Horretarako ezin hitz egin herriaz herritarrez ahaztuta. Ezin geografia ikasi historian huts eginda. Horretarako herritarren oroitzapenarekin zeharkatu behar ditugu oraingo baso eta sasiarteak eta igo etorkizuneko muinoak. Gaur ere bihar zen eta bihar ere atzo izan daiteke. Alferrik da errepikatzea,"zerbait egin balute". Alferrik da errepikatzea, "ez dute orain ere ezer egingo". Bidea denona da, eta Ñañarri toki askotatik ikus daiteke, eta ikusiz zaintzeko hainbeste baserri bada muino banatan, baina, hori bai, ikustekotan gora egin behar da, nahiz asko hogeita lau legoaz egon aparte, bitartean badauzkaten miloi bat ate, guztiak itxirik...


Azkenak
Bonus track: non dago saria?

Jan-edanean zeuden denak, itxuraz alai, baina baten bat urduri zebilen aperitibo eta aperitifa artean. Bigarrenez jasoko zuen saria, baina eskuetan edukiko zuen lehenbizikoa izango zen. Eta urduri zegoen, oroigarriak bulegora heldu beharra zeukalako, joder. ARGIA Sariak ez dira,... [+]


Argia Sarien kronika
Galga azkartasunari

Gauzak bizi eta azkar aldatzen badira ere, zenbait kontu ez dira aldatzen: Argia Sarien ekitaldia da horietako bat. Horixe esan dio kronikagile honi beharrera etorri den kanpoko kazetari batek, ARGIA asko aldatu dela esatearekin batera, sari-banaketa hasi aurretik. Onerako ari... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Ikus-entzunezko Argia Saria: EITB Kultura

EITB Kultura telebista saioak jaso du Argia Saria euskal kulturgileen lana bistaratzeagatik, Euskal Herriko txoko guztietako proiektuak telebista publikora ekartzeagatik, eta egiten duten kalitatezko ikus-entzunezkoagatik. Saria Leire Ikaranek eta Kerman Diazek jaso dute, Berde... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Prentsako Argia Saria: Irutxuloko Hitza

Prentsako Argia Saria Irutxuloko Hitza-rentzat izan da, eskuin muturraren igoerari egindako jarraipenagatik eta talde erreakzionarioen benetako aurpegia erakusteko kalean hor egoteagatik. Aurten 20 urte beteko ditu Donostiako hedabideak. Aizpea Aizpurua, Andrea Bosch,... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Entzunezko Argia Saria: BaDA!bil podcasta

Entzunezko Argia Saria BaDA!bil podcastak jaso du, Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitakoa, eta Gerediaga elkarteak eta EITBk finantzatutakoa. Podcastak kulturgintzan dabiltzan lau mahaikidez osaturiko bost mahai inguru jaso ditu Durangoko Azokaren bueltan. Saria jaso dute Amets... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Merezimenduzko Argia Saria: Ene Kantak

Hamabost urteotan gazteenen artean euskara sustatzeko egindako lanagatik eta lortutako arrakastagatik,  Merezimenduzko Argia Saria Ene Kantak proiektuarentzat izan da. Saria Nerea Urbizu, Fermin Sarasa eta Jesus Irujok jaso dute.


2025-01-31 | ARGIA
Urteko kanpaina onenaren Argia Saria: Altxa Burua

Seme-alabek lehen mugikorra izateko adina atzeratzeko eskolaz eskola egindako lanagatik eta lortutako emaitzengatik, ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izateko borrokagatik, kanpaina onenaren Argia Saria guraso elkarteek osaturiko Altxa Burua ekimenarentzat izan da... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Interneteko Argia Saria: Oroibidea

Galtzaileen herri ondarea sarean jartzeko erakunde publiko batetik egindako ahaleginagatik, ahots gabeen ahotsa entzuteko aukera emateagatik, eta batez ere, Nafarroak aitzindari izaten segi dezan oroimen historikoa berreskuratzeko bidean, Interneteko Argia Saria Nafarroako... [+]


2025-01-31 | ARGIA
ARGIAko lantaldearen mezua: Mundu ilunean, ARGIA gehiago

Onintza Irureta Azkunek egin du hitzartzea ARGIAko lantaldearen izenean:

"ARGIAko komunitatea osatzen duten milaka lagunetako batek berriki adierazi digu batzuetan ARGIA iluna dela, barruak mugiarazten dizkion albiste gogorrak daudela. Lan ona egiten dugula, baina... [+]


2025-01-31 | ARGIA
Banatu ditugu euskarazko komunikazioaren 2025eko Argia Sariak

Sei sari banatu ditugu aurten: ikus-entzunezko saria EITB Kultura telebista saioari eman zaio, prentsako saria Irutxuloko Hitza Donostiako hedabideari, entzunezko saria BaDa!bil podcastari, interneteko saria Oroibidea bilatzaileari eta komunikazio kanpaina onenaren saria Altxa... [+]


Calexit, Kaliforniaren independentzia bilatzen duen ekimena

Ekimenak erreferendum eskaera egin du eta Shirley Weber estatu idazkariak onartu. Orain, prozesuari jarraipena emateko, 546.000 sinadura lortu behar dituzte datorren uztailerako. Marcus Evansek egin du eskaera.


Estatuaren biktimek Chivite lehendakariari eskatu diote egon dadila euren aitortza ekitaldian otsailaren 13an

Estatuaren biolentziaren biktima gisa onartzeko 125 eskaera egin zaizkio Nafarroako Gobernuari 2023an eta 2024an. Horietatik 41 onartu dira. Egiari Zor eta Torturatuen Elkarteak ongi baloratu dute egiten ari den bidea.


'Arizona' antzezlana
Muturrekoa, muturreraino eramanda

Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.

-------------------------------------------

Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]


Eguneraketa berriak daude