argia.eus
INPRIMATU
IZOTZ GAINEKO SAKRIFIZIOAREN DANTZA
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a

Musikari esker bizia hartzen duten zailtasun atletikoei balioa emateko mugimenduaren artea erabiltzen duen kirola da patinaje artistikoa». Horixe da behintzat Joseph L. Innman-en definizioa. Baina ez al du horrek berdin balio balleta edota gimnasia erritmikoa definitzeko? Definizio horri elementu bat gehitu beharko genioke: izotza, zailtasun atletikoak are gogorragoak egiten dituen elementua, hori bai, mugimenduaren artearen mesedetan. Gehienentzat patinaje artistikoa titular handitan agertzen ez den kirola da, ezezaguna, «bigarren mailakoa»... Baina Euskal Herriko gazte batzuentzat eguneroko ahalegin eskerga.

Txuri Urdin Izotz Kluba 70eko hamarkadan sortu zen Donostian. Hasieran hockey eta patinaje taldeak bat ziren, baina 1990ean banatu eta Txuri-Berri klub berriaren estatutuak egin ziren. Txuri Urdin izotz jauregian aritzen dira; Gipuzkoako Foru Aldundia da izotz pista honen jabe, baina Hydra enpresa pribatuak kudeatzen du. Klubak kopuru bat ordaindu behar du berau erabili ahal izateko.
Gauza bera egin behar dute Gasteizko klubekoek udalaren pista erabiltzeko. Araba Kluba 90eko hamarkada hasieran sortu zen, Alavid patinaje eta hockey klubak bereizi zirenean. Egun 20 patinatzaile dabiltza klubean, eskola mailatik hasi eta juniorren lehen maila bitarte (ez dute seniorrik, beraz), eta denek batera entrenatzen dute. Donostiako taldean aldiz 40 inguru biltzen dira, hiru taldetan banatuta. Hastapeneko edo Eskolako taldean haurrek «artistikoa baino, patinaje teknikoa» ikasten omen dute, Jon Garcia monitore eta patinatzailearen esanetan. Astean hiru bat orduz entrenatu ohi dute. Lehiaketa erregionaletan dabiltzanak aldiz abiadura eta elementuak lantzen hasten dira eta astean lau egunetan dituzte entrenamenduak. Azkenik, goi mailako lehiaketako taldekoak astean egun bakarra izan ohi dute entrenamendurik gabe.

Txuri-Berriko entrenatzaile Jonathan Levers eta Araba Klubeko Alicia Sadaba dira Espainiako Estatuan patinajeko entrenatzaile izateko titulazio ofiziala duten bakarrak.


Edertasunaren atzean.

Ikusteko kirol ederra da patinaje artistikoa. Patinatzaile arinek elementu zailenak inolako esfortzurik gabe egiten dituztela dirudi. Baina horren atzean izotz gainean pasatako ordu piloa dago, kolpeak, ipurdikoak... Itziar Ugarte Araba Klubeko lehendakariak horrela erantzun digu patinatzaile izateko zer behar den galdetuta: «Sakrifizioa, orduak eta orduak sartzea, izotzarekin ahalik eta kontaktu gehien izatea, sekulako prestaketa fisiko eta mentala». Marilo Aristegi Txuri-Berriko lehendakariak kirol konplexua dela berretsi du eta «garapena oso mantsoa» dela. Bere seme Jon Garciak ederki daki hori: «Hiru hilabetetan oinak gurutzatzen ikasteko ikastaroak antolatzen dituzte, eta hori utopia da. Patinaje oinarri sendo bat hartu behar da lehenik gero artistikoan (edo hockeyan) hasteko». Juan Gomez ere monitore lanetan aritzen da Txuri-Berrin eta berak esan digunez «garrantzitsua da oso txikitatik hastea». Hiru urterekin dagoeneko ikastarotan has daitezke haurrak eta 6-7 urterekin klubean sar daitezke artistikoa ikastera.

Baina bi klubetan azpimarratu digutenez, patinajearen oztopoak ez dira soilik fisikoak. Instalazioak ezin dituzte nahi dutenean erabili, izotz pistetako kudeatzaileek ustiaketa komertziala lehenesten baitute. Txuri-Berrikoek, esaterako, sarritan pista herena besterik ez dutela, entrenatu behar izaten dute. Jon Garciak kontatu digunez, «pista osorako aukera goizean goiz, gauean edo eguerdian bakarrik izan dezakegu». Aurten maila ona erakutsi duten hiruzpalau neska estatu mailako lehiaketan sartu nahi izan dituzte. 10 urte inguruan dabiltza eta gaueko 21:15etatik 22:30etara entrenatu beharko lukete. Gurasoek ezezkoa eman diete. «Haien jarrera ulertzen dugu» dio Marilo Aristegik, «baina zoritxarrez ez dugu beste ezer eskaintzerik».

Haurren sakrifizioaz gain, gurasoen sakrifizioa ere eskatzen du kirol honek, ekonomikoa bereziki. Arabako Itziar Ugartek esan digu konpetiziorako oinarrizko jantzi batek 150 euro inguru kostatzen duela eta horren gaineko dekorazioa 100-150 euro baino merkeago lortzea oso zaila dela. Nahi izanez gero erraz gastatu daitezke 600 euro jantzi batean. «Nik behin nire alabarentzako jantzi batean 4.000 lentejuela josi nituen banan-bana» dio Itziarrek eta berehala zera galdetu dio bere buruari: «Horrenbeste lan egiteak merezi al du?». Izan ere, botak ere oso garestiak dira. Erdi-goi mailako kutxilak 500 euro ingurutan daude salgai eta bota eta guzti, zaila da 600 eurotatik jaistea. «Gainera haurrak hazi egiten dira eta denbora gutxian botek ez diete balio».
Horri guztiari klubak pistaren erabilera ordain dezan gurasoek eman beharreko kuotak daude eta patinatzaile guztiak federatuak egotera derrigortuak daude gainera, horregatik ere ordainduz. Kuotak, materiala, bidaiak, dietak.


Entrenatzaileak.

Beraz, zentzu guztietan asko kostatzen da patinaje artistikoa. Eta agian horregatik da hain estua patinatzaile eta entrenatzaileen arteko harremana. «Onerako edo txarrerako» dio Ugartek, ordu asko pasatzen baitute elkarrekin eta oso ongi ezagutzen dira. Alicia Sadaba Araba Klubeko entrenatzailea oso zorrotza dela esan digu lehendakariak, eta hala behar duela. «Psikologo ona da, errieta eman behar badie gogor ematen die eta, muxu eman behar dienean ere, muxu ematen die».

Patinaje artistikoa oso jende gutxik egiten du eta horrek haurrak berehala konpetiziora eramaten ditu. «Jendeak argi izan behar du klub hauek konpetizio klubak direla, eta ez haurtzaindegiak. Hona ez datoz denbora pasatzera, duten guztia ematera baizik. Benetan gustatu behar zaizu», dio Ugartek. Baina konpetizioak nora eraman ditu euskal patinatzaileak? Espainiako Estatuan euskaldunek maila ona ematen dute eta azpimarragarria da, bereziki, solaskide izan dugun Jon Garciaren kasua, sarritan izan baita Espainiako txapeldun. Jonek nazioartean ere konpetitu izan du eta iaz Naganoko Munduko Txapelketan 31. postua erdietsi zuen. Lesio bat medio, aurten ez du joaterik izango.
Baina berea salbuespena dela esan behar da. Itziar Ugartek garbi esaten du: «Patinajearen hirugarren mundua da hau, bai sentsibilitatean eta bai bitartekoei dagokienez».

«Korrontearen kontra ari zarela iruditzen zaizu askotan; kirol hau gero eta sakrifikatuagoa da eta gero eta laguntza gutxiago duzu» dio Jon Garciak. Berak Kirolgi beka jaso du gutxienez, eta horrek asko lagundu diola aitortzen du, «baina beste herrialde batean hemengo patinatzaile askok dirua irabazteko aukera izango luke».
Babes eta laguntza eske ari dira eta Neguko Kirolen Espainiako Federazioak ez die horrelakorik eskaini azken urteetan. Marta Andrade kataluniarrak eta Jonek azken Joko Olinpikoetara joateko aukera zuten. Baina federazioak haiek bidaltzeko baldintza bat jarri zuen: lehen 10en artean geratu behar zuten. Eta ederki zekiten haiek hori ezinezkoa zela. Gurekin hitz egin duten guztiek bat egin dute orain arte federazioaren kudeaketa «desastrosoa» izan dela esatean. Berriki, ordea, Eduardo Roldan donostiarra Federazioko presidente izendatu dute eta, oraingoz, lehen baino gusturago daude patinajean aritzen direnak.

Hala ere Espainiako maila azken urtetan asko hobetu dela diote. Duela 6 bat urte Espainiako selekzioak Alexei Mishin (Plushenko eta Yagudin munduko txapeldunen entrenatzailea, besteak beste) ekarri zuten errendimendu altuko stage bat eskain zezan. Esperientzia, ordutik, urtero errepikatu da eta ondorioak nabaritzen hasi omen dira. Txuri-Berri klubak, gainera, duela urtebete prestatzaile fisiko bat hartu zuen, Oihane Otaegi, eta «lehorreko» prestakuntzaren ondoriozko hobekuntzak nozotzen hasi dira. Lesioak lesio, Jon Garcia axel hirukoitza egiteko saiakeratan ibili da eta hori duela urte batzuk inguru hauetan pentsaezina zen. Dena dela, Marilo Aristegiren esanetan, «gero kanpora irten eta ezer ere ez zarela konturatzen zara».


Publikoa gora.

Zailtasunak zailtasun, badirudi kirol honek, beti ere bere txikitasunean, gero eta publiko zabalagoa eta fidelagoa duela. Mundu honetan dabiltzanek Espainiako telebistak patinaje gutxi ematen duela diote, frantsesak gehiago, eta Eurosportek oso tratamendu ona eskaintzen diola. Gainera, fan klubak, web orriak... ugaltzen ari dira. Baina oztopoak gainditzera ohituak daudenak ez dute baikorregi izan nahi. Juan Gomez Txuri-Berriko kidearen ustez, «jendea interesatuta dago, baina oso gutxi informatuta». Patinatzaileek sakrifiziorako prest daudela frogatu dute. Baina komunikabideei eta instituzioei ahalegin txiki bat eskatzen diete euren baldintzak hobetzeko.

Araba Klubeko bisitaldia oso berandu amaitu dugu, patinatzaileen entrenamenduak bezain berandu. Donostian, ordea, goizago bukatu dugu solasaldia eta entrenamendua ikusi ahal izan dugu. Deskribatutako panorama beltza argitu egin da izotzean. Bizet-en «Carmen»en doinuak ipini eta Jon Garciak bere konpetizioko programa eskaini du. Igandetan milaka pertsona biltzen dituen Anoetako estadiotik hain metro gutxira, gu gara ikuskizun eder horren ikusle bakar eta pribilegiatuak

Patinajeko elementu nagusiak

Saltoak.

Sinpleak, bikoitzak, hirukoitzak edo laukoitzak izan daitezke, airean ematen den bira kopuruaren arabera. Jauziaren abiapuntuan ezberdintzen dira jauzi motak:
Axel. Axel Pausenek asmatua eta guztietan zailena. Patinatzailea aurrez aurre sartzen da jauzian eta beste salto guztietan baino errotazio erdi bat gehiago egin behar da.

Lutz. Alois Lutzek sortua. Bigarrena zailtasun mailan. Patinatzailea atzeraka doa eta patinarekin izotzean pikatuz lortzen du jauzi egitea, libre daukan hankarekin errotazioa egiteko.
Toe Loop. Metz, cherry flip edo bukle pikatua ere deitua. Aurrez aurre prestatu, pisua eskuineko hankan jarri, 180 graduko bira egin, eta ezkerrarekin izotza pikatzen da jauzi egiteko.
Salchow. Ulrich Salchowek sortua. Pisua ezkerrean jarrita, eskuinak inpultsoa eta errotazioa eragiten du.
Loop. Patinatzailea atzeraka doala, eskuin hanka barrualdera doa eta ezkerrak eragiten du inpultsoa eta errotazioa (erlojuaren kontrako zentzuan).
Flip. Patinatzailea aurreraka doa, 180 graduko bira eman eta izoztean pikatuz jauzi egiten du.


Piruetak.

Scratch eta Back Spin. Eskuin hankaren gainean eta atzeraka sartuta, hanka aldatu eta ezkerrak birak emateko indarra ematen du. Kontrako hankarekin eginda, Back Spin esaten zaio.
Sit. Pirueta egiten ari dela patinatzaileak behera egiten du ia eserita geratu arte.
Layback Spin. Bizkarra atzeraka arkeatuz egiten da pirueta hau.
Bielman. Denise Bielman suitzarrak sortua. Layback-a bezala, baina hanka bat eskuez heldu eta buru gainera iritsi arte jasotzen da.
Cross foot. Pirueta azkarra ere deitua. Patinatzaileak besoak gurutzatu eta oinak elkartuz, abiadura handia lortzen du piruetan.


Beste elementu batzuk.

Split. Aingerua ere deitua. Pisua hanka bakarrean jarrita, libre geratzen den hanka altxatzean datza.
Arranoa. Bi oinak 180 gradu zabalduta patinatzean datza.
Back flip. Atzeraka airean itzulipurdi osoa ematea da. Oso ikusgarria, baina bere arriskuagatik konpetizio ofizialetan debekatua dago. Erakustaldietan tarteka ikus daitezke eta Surya Bonali frantziarrak behin baino gehiagotan hanka bakarrarekin amaitzea lortu zuen 90eko hamarkadan

Egun gutxi barru munduko izarrak ikusgai
Urtarrilaren amaieran Europako Txapelketa jokatu ondoren, patinaje zaleak dagoeneko martxoaren 24a noiz iritsiko zain egongo dira, egun honetan hasi eta hilaren 30a arte burutuko baita Washingtonen Munduko Patinaje Txapelketa. Eta batek baino gehiagok kinielaren bat egingo zuen dagoeneko. Gu ere horretan saiatu gara.


Slutskaya vs. Kwan.

Emakumezkoen modalitateko faboritoengatik galdetuta, Txuri-Berrin izen bat nagusitu da: Michelle Kwan. Jonathan Leversek asiar jatorriko estatubatuarrarekin «platonikoki maitemindua» dagoela onartu digu. Eta ez da bera Kwanen pista barruko nahiz pistaz kanpoko elegantziak konkistatu duen zale bakarra. Baina Sasha Cohen gaztea ere indartsu datorrela diote, eta honek ere AEBetakoa izaki, etxean jokatuko du. Araba Klubean, aldiz, Maria Butyrskaya errusiar beteranoa aipatu digute, dagoeneko dominen leiha urrun samar badu ere, bere patinatzeko era ederrak jarraitzaile asko ekarri baitio. Baina inork aipatu ez diguna Irina Slutskaya errusiarra da, eta bera da faborito nagusia iazko Naganoko Munduko Txapelketan eta aurtengo Mälmoko Europakoan eta San Petersburgoko Grand Prixeko finalean bera nagusitu baita. Arabako Itziar Ugarteren hitzetan «ez dakit zehazki zer den, baina Slutskayak badu zerbait gusttzen ez zaidana». Emakumezkoekin amaitzeko ezin dugu ahaztu iaz Naganon, Slutskaya eta Kwanen atzetik, brontzezko domina lortu zuen Fumie Suguri japoniarra. Ezta Mälmon zilarra lortu zuen Elena Sokolova errusiarra ere.


Txinatarrak.

Bikoteez galdezka hasi eta «txinatarrek» irabaziko dutela esan digute, Xue Shen eta Hongbo Zhaoren izenetaz gogoratzea ez baita erraza. Baina bikote honek iaz Naganon zilarra lortu zuen eta berriki Europakoa irabazi duen Totmianina-Marinin bikote errusiarrarekin kontuz ibili beharko du. Duela egun gutxiko Grand Prixean behintzat aurrea hartu zieten eta Hiru domina besterik ez daude eta, nork eramango du hirugarrena? Ina eta Zimmerman estatubatuarrek? Petrova eta Tikhonov errusiarrek?


Yagudin gabe.

Alexei Yagudin ez zen Mälmon izan lesionatuta zegoelako eta ez dirudi Washingtonera joateko modurik izango duenik. Gauzak horrela, Evgeni Plushenko jotzen da faborito nagusitzat. Badirudi Txuri-Berrikoek Yagudin ez dutela faltan botako. Levers eta Aristegik esan digutenez, 98an Helsinkin Yagudin alboan zutela, hainbat haur zale hurbildu zitzaion errusiarrari autografo eske, eta honek modu txarrean bidali omen zituen. «Haur haientzat jainkoa da Yagudin» dio Leversek. «Agian egia da elitean egoteko kabroi xamarra izan behar dela. Baina horrelako jarreretara ez da iritsi behar. Hor daude Michelle Kwan bezalakoak, elitean egonda ere bati atsegin agertzen direnak». Michael Weiss eta Timothy Goebel estatubatuarrak, Takeshi Honda japoniarra eta Joubert eta Jeannette frantziarrak izango dira seguruenik, gizonezkoetan Plushenkorekin lehen postuetan izango direnak.


Errusiarrak.

Orain arte inork zalantzarik balu Errusia patinajean potentzia handi bat dela, dantza modalitatean ere Lobacheva eta Averbukh errusiarrak dira faborito nagusi. Hauen herrikide Navka eta Kostomarovek ere dominengatik borrokatuko dute, Bourne-Kraatz kanadiarren, Chait-Sakhnovski israeldarren eta Denkova-Staviyski bulgariarren baimenarekin, noski.
Dantzaz ari garela, Araba Klubeko Ugartek zera bota digu: «Pena da Anisina eta Peizerat frantziarrak profesionaletara pasa izana». Izan ere, txapelketak aipatzen ditugunean amateurretaz ari gara. Profesionalek ere badituzte euren txapelketak, baina gehienetan, Frantziako nahiz Espainiako telebistetan (Frantziakoan maizago) amateurren leihak eskaintzen dira. Horregatik, patinatzaileak profesional izatera pasatzeak, zalearentzat, euren arrastoa galtzea esan nahi du sarritan

Historia irristan
Izoztutako aintzira eta ibaiak gurutzatzeko modu egoki baten bila ari zela, orpoetan animalia hezurrak lotzea otu zitzaion behin gizakiari. Egun horretan jaio zen patinajea.

Mende batzuk beranduago, 1396an, Lydwine izeneko 16 urteko Schiedameko (Holanda) neska bat patinatzera joan zen bere lagunekin. Legendak dioenez, izotza kraskatu eta Lydwine, hezur mordoa hautsita, elbarri geratu zen. Istripuaren ondoren mirariak egiten omen zituen elbarrituak. Horregatik, 1890ean kanonizatua izan zen eta 1948an patinatzaileen patroia izendatua.
Baina gauza bat patinen gainean aurrera egitea da eta beste bat, hori arte bihurtzea. Beraz, noiz bihurtu zen patinajea «artistiko»? Lydwinek eta bere mirariek eragina izango zuten beharbada, patinaje artistikoaren lehen zantzuak Holandan bertan topa baitaitezke, XVII. mendean. Bertako aristokrazia hasi omen zen, aurrera egiteaz aspertuta, izotz gainean ballet moduko bat egiten. Lehen kluba 1845ean sortu zen, AEBetako Filadelfian. XX. mende hasieran eztabaida garaiak iritsi ziren: patinajea dantza ala kirola zen? Jardunak eskatzen duen indarra eta teknika kontuan hartuta, kiroltzat jotzea erabaki zuten.
Lehen Munduko Txapelketa San Petersburgon burutu zen 1896an. Kirol olinpiko 1908an izendatu zuten, baina benetako bultzada Chamonixeko (Frantzia) lehen neguko olinpiar jokoetan lortu zuen kirol honek. Emakumeak 1906an sartu ziren lehenengoz konpetizioan, bikoteak 1908an eta dantza modalitatea, beranduago, 1952an. Munduko Txapelketek 100 urte baino gehiago dituztela esan dugu, baina tarte horietan izan dute etenik. 1961ean AEBetako patinajeko selekzioko kide guztiak hil ziren Belgikan izandako hegazkin istripuan. Txapelketa ez burutzea erabaki zen, ondorioz. Bi Mundu Gerratan ere txapelketa eten egin zen.
Bi gerra handien tarte horretan Sonja Henie (1912-1969) izeneko norvegiarra izan zen izar nagusia, Hollywooden hainbat filma egiteraino. Ezinezkoa da objektiboki historiako patinatzailerik onena zein den erabakitzea. Baina tituluak kontuan hartuz gero, Osloko patinatzaile honentzat litzateke saria. Jarraian, 10 Munduko Txapelketa eta hiru Olinpiar Joko irabazi baitzituen