IRITZIAK

Ale honetan Egunkariaren itxieraren inguruan Jon Sudupe saiogileak, Joanmari Larrarte «Egunkaria»ko langileak eta Luis Alberto Aranbarri «Amatiño»k idatzitako iritzi artikuluak ere bildu ditugu.

Jon Sudupe: "Nolako Egunkaria? "
Egunkariaren itxiera dela eta, gogoeta bat egin nahi nuke lehenik, eta proposamen bat gero, atrebentzia handia ez bada.
Euskara etengabeko eztabaidagaia izan dugu euskaldunok aspaldidanik. Baita sesio bide ere. Gurea bezalako gizarte plural batean, izan ere, ezinbestekoak dira hizkuntzen arteko tirabira eta gatazkak. Mendeetan zehar euskarari kanpotik egin zaizkion eraso eta irainak aipatu ohi dituzte batzuek. Barruko etsaia salatu ohi dute besteek.

Bi-biek dute arrazoi, jakina. Alde bietan izan baita areriorik, kanpoan nahiz barruan. Euskara dekretu bidez galarazi nahi izan dute haiek. Herritarren borondatearen kontra ere ezarri nahi lukete hauek. Erru guztiak ez zaizkio zentralismoari egotzi behar, euskaldunon jokabide kultural eta politikoa ere ez baita beti egokia izan. Juan San Martinek zuhurki azaldu zituen «euskararen ostarteak» liburu irakurgarri batean: «Estatuaren baztertze eragin makurra» ez ezik, baita bertakoen axolagabetasuna ere.

Egunkaria ixtea neurrigabekeria izan da, eta guztiz kritikagarria, hartara. Dudarik gabe, gertatua argitu eta erantzukizunak eskatu behar dira, lehenik. Baina, horren ondoren, ez al dago autokritikaren egin beharrik? Erru guztia besterena al da? Luis Villasantek eta Koldo Mitxelenak argiro adierazi zuten ez zirela politika eta euskara nahastu behar. Kontuan hartu al dira haien esanak? Ez al dugu euskara sektore batzuen patrimonio bihurtu? Zentzuz eta zuzentasunez jokatzen ez dugunean, gu geu bihurtzen gara oharkabean euskararen etsai. Indarkeriak eta politikazko alderdikeriak hizkuntzarekiko gaitzespena baino ez baitute eragiten.

Uste dut luze eta zabal eztabaidatu behar dela zer-nolako egunkaria nahi dugun. Ea lehengoaren berdina izan behar duen ala zerbait «diferentea» egin behar den. Eztabaida eta deliberazio publikoaren ondorio izan behar luke proiektu berriak. Kontsentsu zabal baten emaitza. Jakina, elkarrizketa ez da hutsetik hasten, baizik eta orain arte egindako bidea eta lana aintzat hartuta.
Euskaraz egiten dugun guztion egunerokoa izatea nahiko nuke nik. Autonomistena eta abertzaleena. Ideia eta kolore guztietako euskaltzaleok gustura irakurriko dutena. Euskara maite duen jende guztiaren informazio topagunea izango dena. Euskal gizartearen ezaugarri den pluralismo sakona agertuko duena. Horregatik, abertzaleentzako bakarrik izango den egunerokoa egitea, hutsegite handia litzateke, nire ustez.

Ni beti egunkari «publikoaren» aldekoa izan naiz. Bai lehen eta bai oraintxe bertan ere. Miren Azkarate kultur sailburuak jakinarazi du «inplikazio sakonagoa izateko prest» dagoela. Ez zaio iruditzen, halere, egunkari berria sortzea gobernuaren eginkizuna denik. Nik hori ez dut inoiz ulertu. Zergatik dira irratia eta telebista gobernuaren eginkizuna eta periodikoa ez? Parlamentuaren kontrolpean ez al litzateke gardenagoa izango haren funtzionamendua?
Dena den, ez badu kazeta instituzionala izan behar, izan dadila gutxienez politikoki eta ideologikoki plurala. Kultur sailburuak dioen bezala «helburua ez da euskarazko egunkari bat izatea bakarrik, baizik bere buruaren jabe izango den egunkaria izatea, euskaldun eta euskaltzale den-denak bere baitan hartzeko gai izango dena».

Benetan hala izatea espero dut

Joanmari Larrarte: "Hamaika oinarri elkarlanerako"
Egunkaria»k berea egin du. Euskaldun guztiengana heltzeko bokazioz jaio eta, hamairu urtean egindako lan gogorraren poderioz, euskaldunontzat komunikabide erreferen-tziala eta sinesgarria bilakatu dena, heriotzera kondenatu du Espainiako Entzutegi Nazionalak. Zabaltasunean eta independentzian oinarritu den proiektu profesional eta sendoa hondoratu dute.

Hamahiru urtean euren bizitzaren urterik onenak «Egunkaria»ri eskaini dioten langileen adorea, ordea, ez dute suntsitu. Bortizki kolpatu dute, baina ez dute suntsitu. «Egunkaria» osatzen dugun langileok, hamairu urtean metatutako esperientzia lagun, hasi gara Euskal Herriak merezi duen proiektua lantzen. Azken urteotako bide malkartsuan bidaide izan ditugun 50.000 irakurleek, 5.000 harpideek, akziodunek, azken egunetan «Egunkaria» berriro zabaltzeko eskatu duten milaka eta milaka euskaldunek… merezi dute.

Ibilbidea ez da hutsetik abiatzen, hamairu urte ez dira alferrik pasa.«Egunkaria» Sortzenek duela hamairu urte finkatu eta urte guzti hauetan «Egunkaria»ren ardatz izan diren hamaika ezaugarrietan oinarritu behar da proiektu berria: euskalduna eta euskaltzalea, nazionala, baterakoia, zabala, independentea alderdi politikoengandik, independentea erdarazko komunikabideengatik, ez instituzionala, diruz lagundua, militantea, profesionala eta berria.

«Egunkaria» itxi eta bi egunera Donostian milaka eta milaka euskaltzale bildu ziren; instituzioek, alderdi politikoek, sindikatuek… itxiera salatu eta «Egunkaria» berriro kalean behar dugula aldarrikatu dute; ostegunean milaka euskaltzalek elkartasuna adierazi zioten «Egunkaria»ri Euskal Herriko txoko guztietan… Arestian aipatu ditudan hamaika ezaugarriak oinarri dituen proiektua nahi dutela ulertzen dugu guk, eta horretara bideratuko ditugu gure indar guztiak.
Bide horretan, orain arte bezala, herritarrak eta instituzioak bidelagun behar ditugu. «Egunkaria»ren oinarri herritarra ezin dugu ahantzi. Juan del Olmo epaileak ez du ulertzen milaka euskaltzalek euren sosak jartzea gisa honetako proiektu bat aurrera ateratzeko. Oker dago. Erakutsiko dugu, berriz ere, euskal herritarrek zer-nolako konpromisoa dugun gure hizkuntzarekiko.

Instituzioek ere erakutsi behar dute benetako inplikazioa. Euskarazko egunkaria sustatzeko eta babesteko azken urteetan erakutsi duten borondatea une latz hauetan areagotu egin behar da. Aipaturiko hamaika oinarri horien gainean instituzio eta eragileekin elkarlanean jardun nahi dugu «Egunkaria»ko langileek.
«Egunkaria» itxi eta berehala euskarazko egunkari berria sendoa eta zabala izan behar duela hasi dira aldarrikatzen han eta hemen. «Zenbat eta egunkari bakar hori askotarikoagoa izan, orduan eta sendoago bermatuko du bere burua proiektu profesional gisa», esan du Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak; Donostiako manifestazioan bildutako jendetza "askotarikoak erakutsi zuen ilusio eta gogoari erantzuteko aukera historikoa" ezin dela galdu, esan du EAEko Euskararen Aholku Batzordeak. «Egunkaria»ren zabaltasuna, izaera askotarikoa, ezin da zalantzan jarri. Zabaltasunak, horrela esan dute azken egunetan gure proiektuari atxikimendua agertu dioten guztiek, eman dio sinesgarritasuna «Egunkaria»ri; berau izan da azken hamairu urteetan Euskal Herrian diren sentsibilizazio guztiei orrialdeak gehien zabaldu dizkiena.

«Egunkaria»ko langileak prest gaude, Ibarretxe EAEko lehendakariak esandakoraren bidetik, instituzio, alderdi, sindikatu eta gainontzeko eragileekin proiektu berriari begira elkarlanean aritzeko. Horretarako mahai gainean jartzen ditugu duela hamairu urte Egunkaria Sortzenek sortutako hamaika ezaugarriak; eta mahai gainean jarriko dugu, guztion eztabaidarako, proiektu komunikatibo berri eta sendoa. Zabaltasunaren izenean, barkaezina litzateke duela hamairu urteko akats berbera egitea

Luis Alberto Aranbarri "Amatiño": "Epeletik gora"
Del Olmo epaileak sei hilabeterako itxi du «Euskaldunon Egunkaria». Gero gerokoak. Ez du mantxeta soilik itxi, baita enpresa-egitura osoa ere. Beraz, berriz ere egitasmo berriren bati ekin behar bide zaion honetan, arazoa ez da izenburu bat edo beste asmatzea, beste enpresa bat sortu beharra baizik. Eta hemen hasten dira eztabaidak: bere onura eta malura guztiekin lehengo lepotik jarraitu ala aukeraz baliatu zerbait gehiago lortu ahal izateko.

Hasteko esan behar da azken hamairu urteotan egituratu den proiektua ez dela nolanahikoa. OJDren kontrolpean dauden 85 egunkarietatik, «Egunkaria» berrogeita laugarrena da zabalkunde-zerrendan. Euskarazko egunkariak 15.000 ale zabaltzen zituen egunero, hau da «El Pais»ek baino gehiago eta «El Mundo»k beste.
Aldi berean, zabalkunde-zerrenda horretan «Egunkaria»k baino gutxiago saltzen duten gainerako 41 egunkariak euren kaxa ateratzen dira merkatura, euskarazko egunkariak Administrazio Publikotik jasotzen dituen dirulaguntzen parekorik gabe. Pello Zubiriak ("Argia". Urtekaria 2003) esan bezala: «Euskarazko prentsaren merkatua azken hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek horretarako handiagotu dituzten diruengatik handitu izan da...»

Kontua da, ordea, «Egunkaria» itxi ostean berriro sortuko denak ere dirulaguntza publiko handiak behar izango dituela eta, Jaurlaritzari euskal egunkaria ateratzeko erabateko inplikazioa eskatu zaionean, Miren Azkarate Kultura sailburuak goitik jo duela eta proiektu berria alderdi, sindikatu eta euskalgintzako erakunde guztiekin definitzeko gertu dagoela erantzun. Inplikazioa? Tori inplikazioa!
Batetik, Eusko Jaurlaritzak ez du ezein egunkaririk egin nahi, orain arte baino jende gehiagoren artean bideratu baizik. «Epeletik gorako» (Andoni Egañak esana) inplikazioa eskatu zaio eta dirulaguntza eskaini ez ezik gizarte guztiaren inplikazio anitza suspertu nahi du. Bestetik, orain arte «Egunkaria»n agindu izan dutenek ere Jaurlaritzaren inplikazioa nahi dute baina... «Eman iezaguzue urtean behingo dirulaguntza eta zaudete lasai». Segurutik jarrera biak dira zilegi. Baina ez dira euskalgintzan dauden zilegitasun bakarrak.

Ez dakit zein izan daitekeen zilegitasun guztiak bil ditzakeen egitasmoa baina uste dut ezin zaiola proiektu berriari ekin aurreko hilabetean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Ez dakit zein izan daitekeen egunkari berriaren jarrera, baina nekez onar dezakegu Pello Salaburuk, Ramon Saizarbitoriak, Xabier Gurrutxagak edo Ramon Etxezarretak jendaurrean salatu dutena. Ondo dago euskal kulturaren defentsa egingo duen egunkaria aldarrikatzea, baina ez gara hasiko Anjel Lertxundi, Jorge Giménez, Bernardo Atxaga, Inazio Mujika Iraola, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta, Joxerra Sagastizabal, Juan Garzia eta Joserra Garziaren oinarrizko printzipioei («El País», 2003.03.03) muzin egingo dien aldarria defenditzen. Auskalo zein izan behar duen egunkari berriaren kazetaritza, baina ez gaitu euskaldunok bilduko baldin, gainerako komunikabide guztietako kazetariekin batera, «komunikazioko profesionalen aurkako hilketak, atentatuak, mehatxuak, oinarririk gabeko atxiloketak edo komunikabideen itxierak» sinatzeari uko egiten badio.

Laburbilduz, «Euskaldunon Egunkaria»ren langileek know-howa eskain dezakete; Eusko Jaurlaritzak, finantziazioa; «inoizko handiena» izan zen Donostiako manifestazioak, merkatu potentziala; Euskararen Aholku Batzordearen ustez, orduan «bildutako jendetza askotarikoak erakutsi zuen ilusio eta gogoari erantzuteko aukera historikoa ezin dugu galdu»... behingoz Jabier Muguruzak salatutako («Egunero», 2003.03.09) «euskalgintzan ditugun eguneroko arazo eta gabeziak konpontzeko»


Azkenak
2024-12-27 | Julene Flamarique
EuskarAbentura 2025: izena emateko epea zabalik martxoaren 5era arte

EuskarAbentura 2025 espedizioak aukera emango die 127 gazteri zazpi lurraldeak oinez zeharkatzeko kulturan, historian eta paisaietan murgilduta. EuskarAbenturako parte-hartzaileen hautaketa ez da proiektuen kalitatean bakarrik oinarritzen, baita generoa,... [+]


2024-12-27 | Leire Ibar
AEBek eta aliatuek 260.000 milioi dolar eman dizkiote Ukrainari laguntza militarrerako

AEBek eta Mendebaldeko aliatuek guztira 260.000 milioi dolarreko laguntza eman diote Ukrainari, gehienbat armamentuan eta laguntza militarrean, Errusiak 2022an egindako inbasioaren ostean. Nahiz eta laguntza horrek Ukrainaren defentsa indartzea helburu duen, Nazio Batuen... [+]


2024-12-27 | Julene Flamarique
Elkarte memorialistek manifestatzera deitu dute urtarrilaren 18an, Erorien Monumentua eraistea galdegiteko

Elkarte memorialistek kritikatu egin dute Iruñeko Udalak Erorien Monumentua eraisteari uko egiteko hartutako erabakia. Memoria Demokratikoaren Legea “oker interpretatzea” egotzi diote Joseba Asiron alkateari, eta mobilizazio batera deitu dute urtarrilaren... [+]


2024-12-27 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Myanmarreko gerra zibila, laugarren urtera

Hutsaren hurrengo arreta mediatikoarekin –batez ere Ekialde Hurbileko edo Ukrainako gatazkekin alderatzen badugu; baina Sudangoaren aldean ere bai–, laugarren urtea betetze bidean da Myanmarreko gerra zibila.


2024-12-27 | Leire Ibar
Txanpainaren industriaren arrakastaren oinarrian eskulan esplotatua dago

The Guardian egunkariak Épernayn (Frantzia) txanpain-industrian aritzen diren migratzaileen egoera aztertu du. Ikerketak agerian utzi ditu luxuzko xanpaina-marken mahastietan lan egiten dutenen baldintza prekarioak eta legez kanpokoak.


2024-12-27 | ARGIA
Gutxienez 5.212 eraso matxista salatu dituzte aurten EAEn, iaz baino %8 gehiago

2024ko azarora bitarte 683 sexu eraso salatu dituzte, iaz baino %16,7 gehiago, Emakunderen arabera. Familia barruko indarkeria salatu duten emakumeen kopurua ere handitu da (975 izan dira), baita bikotekide edo bikotekide ohiek egindakoa ere (3.554).


2024-12-27 | Euskal Irratiak
Benito Lertxundi
“Zuzeneko emanaldietan beharrezko den xarma galtzen ari nintzela sentitzen nuen”

Benito Lertxundi 60 urte iraun duen kantugintza uzten zuela jakinarazi du Durangoko azoka aitzin. 2023an Gernikan grabatu zuen kontzertu baten diskoarekin bururatuko du bere ibilbide handia bezain aberatsa. Bazuen urtea hartua zuela erabakia, ez da erraza izan horren berri... [+]


2024-12-27 | Gedar
Eguberrietan 110 osasun-zentrotan ezarri ditu murrizketak Osakidetzak

Iazko Gabonetan, hamabi ordurainoko itxaronaldiak izan ziren. Urtean 180 egunetan ezartzen ditu nolabaiteko murrizketak Osakidetzak.


Ibai Ripodas: “Balorazio oso positiboa egiten dugu, orain gazteek sortu beharko dituzte presoei elkartasuna helarazteko bide berriak”

Hatortxu Rock jaialdiko 29. edizioa egingo da larunbatean Atarrabian. Sarrerak jada agortuta daude, baina txandak osatzeko laguntza behar da oraindik.


2024-12-27 | ARGIA
“Euskaraz ez dakien pertsona bat” izendatu dute Eitb.eus-eko zuzendari, LABek salatu duenez

"Euskalduna ez den pertsona bat –Nagore de los Rios– hautatu du EITBko zuzendaritza nagusiak Eitb.eus eta Social Media atalerako zuzendari posturako, eta, ondorioz, euskaraz ez dakien pertsona bat izendatu dute helburuen artean euskararen... [+]


Eguneraketa berriak daude