argia.eus
INPRIMATU
MUNDUKO BEGIAK
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 20a
Rafael Ribó politikari katalanak eta Borja Corcostegui oftalmologoak Munduko Begiak Fundazioa Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu dute, Hirugarren Munduko biztanleek eduki ditzaketen ikusmen arazoak konpontzeko asmoz lanean ari dena. Iaz sortutako GKE horrek 250 inguru profesional dauzka, oftalmologiaren mundukoak, eta herrialde behartsu batera espedizio bat antolatzen duenean berrehun kontsulta eta berrogei bat interbentzio oftalmologiko burutzen ditu batez beste.

Fundazioak nahiko finkatuak dauzka Sahara eta Mozambiken jarduteko programak, eta Bolivia eta Bosnian ere lanean hasteko bere asmoak plazaratu ditu, Bilbon egindako aurkezpenean. Baina ez dira hor geratzen GKE honen proiektuak, beste hainbat herrialdetara ere (Honduras, Nikaragua, El Salvador, Brasil, Ekuador, Peru, Ginea eta Ghana, Nepal ahaztu gabe) espedizioak antolatzeko asmoa azaldu baitzuten.
Munduko Begiak Fundazioa Saharako errefuxiatuen guneetara egindako lehen bisitaldi baten ondotik sortu zen. Eta geroztik, 2001. eta 2002. urteetan, bederatzi espedizio egin ditu Sahara aldera, eta bertan 1.810 gaixo ikusi ondoren, 362 pertsona operatu ditu. Kataratak (edo begi-lausoak), glaukoma, erretinako arazoak edo trakoma izeneko konjuntibitis kutsakor gaiztoa (Hirugarren Munduan itsutasuna eragitera ere irits daitekeena) dira normalean lurralde horietan GKE honek gehien ikusi eta tratatzen dituen gaitzak.