argia.eus
INPRIMATU
FRUITUA GERO
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Inguruari kopeta erromantikoz begiratzen diotenek zabalduta, udaberria sahatsaren lorearekin hasten den ustea oso zabaldua da gure kulturan. Bada Euskal Herri epelenean udaberriaren sotoan sartu gara: belarrak berritzen hasi dira, zuhaixka eta zuhaitzen begiak eta kimuak hazten eta, batik bat, etengabeko loreen katena abiatua: San Jose loreak, izeiak, txilarrak, bioletak, sahatsak...

Bizitza guztian bere kasa soilik egin ezin duten gauza bakarrenetakoa, polinizazioa, gertatu behar da landare hauetan, baldin eta loreek gero fruituak garatuko badituzte. Polinizazioa landareen ugalketa sexualeko une gorenena da, lore baten polen arra beste lore baten zati emera iritsi behar da. Intsektuek, haizeak, txoriek, urak... egiten dute lan hau eta landare bakoitzak hauetako bat aukeratu eta loreak era berezi batean garatzera eraman du: usaintsuak eta kolore bizietakoak intsektuak erakartzeko, polen ale hegadun arinak, bilo luzeak haizea orraztuz ale biltzeko, loreak hostoak baino lehenago irekitzea hauek langintza hau oztopa ez dezaten, lore barruan nektar ttantta bat eskaini intsektu eta txoritxoei... Gutxi edo gehiago urte osoan etengabekoa da lore festa hau, geurea bai orain datorrena...