argia.eus
INPRIMATU
PORROZALEENEN ARTEAN
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
Espainia bigarren lekuan agertzen da Europako Batasuneko herrialdeen artean, gazteen cannabis-kontsumoari dagokionez, eta bere aurretik Frantzia bakarrik dago. Europako Batzordeak 15 estatu kideen artean iritzi-inkesta bat egiteko eskatu zion Eurobarometro izeneko erakundeari, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen drogei buruzko jarrerak eta iritziak ezagutu nahian, eta asmo horrekin 16.129 gazte inkestatu zituzten, hau da mila gazte inguru herrialde bakoitzeko.

Cannabisa kontsumitzen dutenak %19,8 dira Frantzian, eta Espainian berriz %15ak aitortu zuen droga hori kontsumitu zuela azken hilabetean. EBko batez besteko zifra %11,3koa da, tabakoaren eta alkoholaren antzeko mailetan.
Drogatzat jotzen diren substantziak lortzeko erraztasunaz galdetu zitzaienean, Espainiako gazteen %90ak dio oso erraza dela droga erostea pub edo club moduko establezimenduetan, eta askoz ere arriskutsuagoa eta latzagoa dena, %66,2ak dioenez nahiko erraz lortzen omen da eskoletatik gertu.
Beste droga klase batzuetara pasatuz, gazte espainolen %85ak uste du heroinaren kontsumoak ondorio oso arriskutsuak dituela eta %65ak antzekoa dio estasiaren inguruan. Baina kontsumoa cannabisarena denean, %23 bakarrik dira ohitura hori arriskutsutzat jotzen dutenak. Normalean mutilek neskek baino droga gehiago kontsumitzen dituzte, zenbat eta ikasketa aldi luzeagoa orduan eta droga gutxiago kontsumitzen da, eta hirietan droga gehiago kontsumitzen da landa zonetan baino, cannabis-aren kasuan izan ezik