argia.eus
INPRIMATU
TXOMIN PEILLEN: "EROTOMANIAZ ARI NAIZ, BAINA BAITA EROTOFOBIAZ ERE"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zerk bultzatu zaitu ipuinok idaztera?
Puritanismoaren kontra antzina idatzitako testu batzuk etorri zitzaizkidan gogora. Izan ere, duela berrogei bat urte puritanismoa zapalkuntza bat zen gurean. Orain, berriz, beste gauza bat ari zaigu gertatzen: modan dago pornografia gogorra eta abar. Eta horri guztiari egin nahi izan diot nik barre hemezortzi ipuin hauetan.

Ez da hori usu agertu ohi den jarrera...
Bada, ez uste lehena naizenik. Nire aurretik ere izan dira beste batzuek sexualitateaz barre egiteko horrelako ipuinak idatzi dituztenak. Ni baino ospetsuagoak gainera: Margarita Nafarroakoa, Bocaccio edota XVII. mendeko Balzac zaharra, kasu. Ez baita bekatu sexualitateaz barre egitea, nahiz gaur egun badirudien gauza oso serioa dela. Nik txantxetan hartu dut, eta barre egin dut ipuinok idazterakoan, eta nahi nuke besteek ere barre egitea irakurtzerakoan, ea umore pixka bat sartzen duten beren kirol horretan, zeren orain sexualitatea kirola baita -posturak eta horrelakoak-, ez baita gehiago sentimendurik edo halakorik behar zerarako.

Noizkoak dira ipuin hauek?
Azken bospasei urte hauetan eginak izan dira. Era guztietako harremanak azaltzen ditut eta beharbada norbait ukitua sentituko da bateren batekin, zeren erotomaniaz ari naiz, baina baita erotofobiaz ere, eta «Gorputz Deia» bezalako ipuinekin puritanoak ukituak senti daitezkeen bezala, berdin gertatuko zaie beste batzuekin islamismoa, hinduismoa edo kristautasuna bezalako erlijioetan beren gogoa jarrita daukatenei, erlijioek sexu kontuetan daukaten boterea batzuetan barregarria gertatzen delako.