AZPEITI TA AZPEITIARRAK

  • Azpeitiarra kirolean jokalari izan bada, lanean eta lantegi berriak sortzen ere jokalari ausarta izan da. Horrela, XX. mendearen bigarren erdialdean nekazaritzak behera egin zuen eta industria nagusitu zen.Garai batean ia kaleko kasko zaharrean bizi zen adina jende biziko zen komentuetan. Horien artean ospetsuena da Loiola auzoko basilika.

2021eko uztailaren 28an
Azpeitiari buruz hitz egiterakoan, ez naiz hasiko hobea edo txarragoa den esaten, bakar bakarrik, Urola errekako herri handiena dela eta handi izate hori, ni ziur nago, bere kokapenari esker dela. Errezil errekatik hasita Beizama, Matxinbenta eta Aratzerrrekatik datorren Ibaiederren isuriak eta Urolak, Azpeitiko plazako hormen kontra topo egiten duten bezala, jendearen isuriak ere herri eta auzo txiki horietatik Azpeitiko plazara hurbiltzeko ohitura izan du eta oraindik ere hala du. Horren lekuko, asteartero egiten den azoka eta hilean behingo peria, horrela, herriko taberna eta dendariei beren salmentak ziurtatu eta herriaren bizigarri bihurtuz. Lehenago aipatutako kokapen horri esker, lurrez ere nahiko herri bikaina da Azpeitia. Zestoatik gora, lehenengo Lasao auzoa bere lautadatxoarekin, hurren Landetako erribera deitu izan diogun auzunea, Urrestila aldea ahaztu gabe eta azkenik hain ezaguna dugun Loiola aldea. Mendietara dituen auzoak ere nahiko auzo bereziak ditu, bakoitza bere berezitasunarekin. Lasao auzoko jendea, baserri lanak eta basokoak tartekatuz ezagutu izan dugu, Landetako nekazariak berriz soro lanetan oso saiatuak ziren, Gipuzkoako artasororik onentsuenak bertakoak zirela sinisteraino. Loiola aldean berriz baratze lanetan ziren eta dira oso jakintsuak, lur onak izateaz aparte, urte askotako esperientzia dutenez, gaur egun ere nabaria da hango baratzen ederra. Izarraitzpean laborantza eta artzaintza izan dituzte ogibide, Oinatz aldea, gari leku bezala izan da ospetsua nekazaritzan. Ekialdera dagoen Txilarmendi, bere pirenaiko arrazako behi gorriekin izan da ospetsu, haien haragi fina oso preziatua zelarik. Elosiaga auzoa ere oso ganadu zale onen auzo bezala ezagutu izan da, Urraki mendiko belardi zoragarriei esker. Urrestila, Aratzerreka eta Matxinbentari buruz berriz Izarraitzpeko giroa errepikatuko nuke, alegia, nekazaritza eta artzaintza zela hango nekazarien bizibide. Beste berezitasun bat, komentuena izan da Azpeitian. Loiola auzoko basilika ospetsuaz aparte, bere ondo-ondoan Kristo Rey izenekoa, herri alderago ezker aldeko kaskoan, Olatz, beheraxeago Jesus Mariak eta Esklabak, herri kaskoan berriz Enparan dorretxearen ondoan Frantzizkanak eta Jesuitenak, zezen plaza inguruan berriz Miserikordiakoak eta Zierbak, denera bederatzi, beraz elizak eta sinismenak izan du indarra. Azpeitia aldean garai batean ia kaleko kasko zaharrean bizi zen biztanlegoa adina jende biziko zen komentuetan. Giro horren barruan bizi izatea suertatu zitzaigun guri ere gaztaroan, eguneroko otoitz, iganderoko meza eta zenbat aitortza eta jaunartze. Berrehun urte biziko bagina ere berrehun urteko kupoa bete genuen hogei urtetarako. Landeta aldeko jendea batik bat oso elizkoia zen, etxe bakoitzean bazen apaiz, praile edo mojaren bat, izan ere, garai hartan denetarako adina ume egiten bait ziren apaizen aginduz edo bere afizioz. Horrela, apaizei eta jesuitei errespetu izugarria genien, gezurra badirudi ere, Loiola aldean ez ziren hain sinestun sutsuak eta jesuiten aurka guk baino errazago hitz egingo zuten. Inoiz pentsatzen egon naiz horren zergatian, agian Loiola basilikaren kokapena eta bere inguruko lur zoragarri horiek denak, jesuiten eta Foru Aldundiaren jabegora pasa aurretik, seguruenik han inguruko nekazarienak izango zirela eta haiek eskuratzerakoan ere gorabeherak izan zitezkeela eta ozpin puntu horrek belaunaldiz belaunaldi gureganaino iraun zezakeela.

Bestalde, herri kirol munduan izan da oso berezia Azpeitia, inongo harrokeriarik gabe esan genezake hogeigarren mendearen erdira arte Azpeitia izan zela jaun eta jabe herri kirol munduan. Historian ezagutzen den aizkora apustu zaharrena eta ospetsuena Santageda eta Atxumarriak lau kanakotara jokaturikoa da, Atxumarriak irabazi zuen, azpeitiarra zen bera. Haren ondoren Keixeta sortu zen, hogeita hamar bat urtean onena izanez, apustu bat bera ere galdu gabe bukatu zuen bere kirol aldia. Ondoren, Harria oraingo hauen aita izan zen beste hogeita bat urteko txapelduna, berarekin batera bere auzoko Errekartetxo izan zen bere garaiko harri-jasotzailerik onena. Hainbeste urtetan inork jaso ezinda zegoen Amezketako Albizuri-handi harria berak jaso zuen aurrena. Gero, berrogeita hamar aldera Agerre eta Garatxabal, bi gazte azpeitiar azaldu ziren. Elkarren aurka jokatu zuten apustu batean, ordu arteko marka guztiak hautsi zituzten Agerre irabaztun zelarik, beraz ez zen harritzekoa kirol munduan zuen ospea. Euskal Herriko kirolari gehienak beren prestaketak egitera ere Azpeitira etorri ohi ziren, batik bat aizkolariak. Keixetak ospe handia zuen mutilak aizkorarako prestatzen, baita Arlizeta izenez ezaguna zen beste azpeitiar batek ere. Bitxia da benetan. Garai hartan, Nafarroan, bi mutilek jokoren bat egiten bazuten, biak Azpeitira etorriko ziren prestatzera, bata Keixetarengana eta bestea Arlizetarengana. Azpeitia joko herri dela adierazten duen beste datu bat: udarako hiru hilabete kenduta, urte osoan igandero jokatzen dira ahari jokoak oraindik ere. Beste bitxikeria bat. Euskal Herri osoan hogeita hamar artekari edo korredore baldin bazeuden, hogeita lau azpeitiarrak ziren. Herrian hainbeste korredore, prestatzaile… haien inguruan jende jokalaria ere nahastuta, halako mafia moduko baten fama ere nahiko normala zen. Bestalde, azpeitiarroi, kanpotik, azkoitiarrek batik bat, harroak, bullosoak eta burlosoak garela esan izan digute, baina okerrena ez da hala ere guregatik hori esatea, okerrena da hori esaten dutenean arrazoi dutela. Hogeigarren mendearen erdialdera arteko azpeitiarren argazki txiki bat besterik ez da oso labur egin dudan azalpen hau.

Mendearen bigarren erdialdean azpeitiarrek azpeitiar izaten jarraitzen dugu baina lehengo nekazari bizitza hark, asko galdu du bere eraginean. Aldiz, kaleko lantegiek eta industriak izugarrizko abiadan egin dute gora. Azpeitiarra kirolean jokalari izan den bezala, lanean eta lantegi berriak sortzen ere jokalari ausarta izan da beti eta batik bat baserritarrak. Zenbat baserritar mutil ikusi dugun artean buzorik eta txaketa urdinik ez zen garaian, oinetan abarkak eta galtzen gaineko bonbatxoen patrika batean amak emandako otartekoa eta bestean kalibrea, lanean, ikasteko zer ilusio eta arreta, ofizioaren jabe egin arte. Hori lortutakoan eta soldaduska eginda, kideko lagun batzuekin enpresa berria osatu eta, aurrera borroka egiteko prest. Horrela ugaldu dira hainbat eta hainbat lantegi. Lehen esan dudan fama horiei tripazain fama eta festa zaleena ere izan dugu azpeitiarrek, baina elkartean, astean afari pare bat eta igandean egun-pasa egiteko aste barruan hemezortzi edo hogei ordu extra sartu behar baziren, horretarako ere "poco miedo". Jendearen jarrera horrek eragin dio industriaren gurpilari, gaur iritsi den mailara iritsi arte, parranda egin behar denean parranda, baina lan egin behar denean lana izan da beste gure ezaugarri bat.
Azkenik ezin bukatuko dugu Azpeitian lehenago ere bai, baina azken berrogei eta hamar urtetan bertsolaritzak izan duen garrantzia aipatu gabe. Garai bateko Uztarri, Korostita, Txapel, Zepai eta abarren ondotik, Joxe Lizasok hartu zuen lekukoa eta ez nolanahi erabili ere. Seguruenik, Euskal Herri osoan bertsotan urte gehiena egin duena izango da eta plaza gehiena ere hortxe-hortxe. Ondoren Agirrek jarraitzen dio gaur ere, bertsolari helduetan saio gehien egiten duena. Haien babesean izen ezagun asko daude Azpeitiko bertsolari zerrendan. Gaur gaurkoz hamabiraino bagaude plazetan kantatzen dugun bertsolariak, horretan ere berezia izan da Azpeitia. Herri euskaldun euskalduna, joko zale amorratuak, parrandan zer esanik ez, adar jotzaile apartak eta azkoitiarren arabera harroak eta bullosoak. Hori dena nahastuta, bertsolaria ateratzen da nonbait


Azkenak
2024-12-02 | ARGIA
ARGIA Durangoko Azokan: zer, noiz eta non?

Jakoba Errekondo eta Garbiñe Larrea han izango dira, baita Haziak liburuko egileak ere. Superbotereak hezkuntza liburua, Abentura erraldoia komikia... eta, jakina, Inor ez da ilegala-ren postutxoa ere ipiniko du ARGIAk. Aurtengo beste nobedadea: denda fisikoa Andra Mari... [+]


Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude