argia.eus
INPRIMATU
ZORABIATZEKO MODUKOA
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 20a
Bertigoa sintoma ikaragarri usua da, biztanleriaren %30ak bere bizitzaren une batean edo bestean izan dezakeena, Nafarroako Klinika Unibertsitarioan ORLko zerbitzuan ari den Nicolas Perez espezialistaren hitzetan.

Bertigoa sistema bestibularreko (belarriaren barruko sistema bateko) lesioak eragindako sintoma bat da, eta hainbat arrazoi edo kausak sortua denez, sintomatologia elkartua eta lesioaren tratamendua ere oso diferenteak dira kasu batetik bestera. Horrela bereizten dira bertigo periferikoak batetik (Menière-rena esate baterako), zentralak (garuneko nukleo bestibularrak eta beste area batzuk afektatzen dituztenak) eta mistoak (sintoma nahasiak dituztenak, periferikoen ezaugarriak zentralen ezaugarriekin batera agertzen dira eta).
Klase batekoak izan edo bestekoak, pazienteak gehienetan aipatzen dituen sintoma elkartuak hauek dira: gorreria, belarriko hots edo zaratak, presio sentsazioa belarri barruan, belarriko zorne jarioa eta buruko mina. Beste kasu batzuetan bertigoaz bakarrik kexatzen da pazientea. Gainera, sintoma horiei inestabilitatea edo zorabioa gehitzen zaie. Normalean, trastorno hori egoera zehatzetan agertzen da, krisi moduan. Eta krisi horiek errepikatu egiten dira, tartean sintomarik gabeko aldiak utziz, oso aldakorrak izan daitezkeenak, eta medikuak aldez aurretik inola ere aurresan ezin ditzakeenak.
Bertigoaren tratamendua aldakorra da, betiere kausarekin lotua dago eta baita nola manifestatzen den ere. Dena dela, posizio edo jarrera horizontalak hobekuntza dakar, krisia geratzea lortuz ia beti