argia.eus
INPRIMATU
VICENT PARTAL: «INTERNET KONTROLAEZINA IZATEKO JAIO ZEN»
Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko uztailaren 12a
Interneten, dokumentalista eta kazetariaren arteko muga desagertu egiten dela dio Vicent Partalek, eta gauzek bere osotasunean nola funtzionatzen duten ulertu ahal izateko beharrezkoa dela albisteak kontrastatzea. Espainiako Gobernuaren jarrerarekin kritikoa da, "sarea kontrolatzea baita bere helburua", baina berak argi dauka: "Internet kontrolaezina izateko jaio zen".

Zein iritzi duzu iazko urrian Espainiako Gobernuak indarrean jarri zuen LSSI legeari buruz?
Ez du ezertarako balio, baina hala ere, germen oso larriak ditu bere baitan. Germen aipagarriena adierazpen askatasunaren murrizpena da. Legea nork sortu duen jakinda, murrizpen honek ez nau batere harritzen. Baina badira arazo gehiago ere. Enpresentzat adibidez, arazo handia da hainbat hilabeteko dokumentazioa gorde behar izatea, soilik jaun hauek hala nahi dutelako. Interneteko errealitateari dagokionez legea guztiz ezjakina da. Beti bezala, sarea kontrolatzearen obsesioa dago horren atzean.

Zenbait aditu eta erabiltzailek zentsura aipatzen dute...
Zentsuraz ezin daiteke hitz egin. Beraien arazoa da zentsurak ezin duela existitu, eta sistema ere zentsura bertan kabitu ahal ez izateko moduan eratuta dago. Hala, beraien asmoak oso bide arraroak erabiliz gauzatzen ahalegintzen dira: LSSI bezalakoak asmatzen dituzte, Telefónicaren Proxy famatua bezalakoak azaltzen dira... Internetek dakarren askatasun esparru hori mugatzen saiatzen dira, baina ez dute beraien helburua lortuko, azken finean, sarea kontrolaezina izateko sortu zelako. Gobernuak nahi duena egin dezake baina hori hala da.

Globalizazioaren garai honetan, bada informazioa gero eta esku gutxiagotan kontzentratzen dela dioenik.
Ez dut uste horrela denik. Egia da hau gertatzen dela, eta ezin dugu ezkutatu, baina Internetek aldaketa ikaragarria ekarri du zentzu horretan. Informazio agenteak lehen baino askoz gehiago dira, eta batez ere, beste bide batzuetatik egin ezin ziren gauzak egiteko aukera eskaintzen du Internetek. AEBetako unibertsitateek adibidez, Afrika Hegoaldeko herritar orok HIESaren kontrako sendagaia jasotzeko aukera izan dezan lortzeko, farmaziako multinazionalekin negoziatzea onartu zuten. Neurri handi batean, ikasleek egindako presioagatik hartu zuten erabaki hori, eta era berean, azken hauek Afrika Hegoaldeko erakundeengandik jasotako presioak mugiarazi zituen. Hori guztia Internet bidez muntatu zen, sarean barrena joan baitzen informazioa leku batetik bestera.

Hartzailea prest al dago sarean dagoen informazio hori guztia bere egiteko?
Duela hainbat urte ez bezala, gaur egun guztientzako lekua dago. Hau da, nik batzuetan aktibo izan nahi dut, eta gai bat interesatzen bazait eta horren inguruko iritzia izan nahi badut, izateko aukera dut. Egin behar dudan gauza bakarra Interneten sartu eta nabigatzea da. Beste batzuetan ordea pasiboa izan nahiko dut, futbol partida bat ikustean, adibidez. Orduan nahiago izaten dut haria errealizadoreak eramatea nik egitea baino. Diferentzia handiena zera da: lehen ez zegoela aukeraketa hori egiteko modurik. Gaur egun norbaitek aktibo izan nahi badu, izateko aukera du, hori da garrantzitsuena.

Nabigatzea aipatu duzu. Link edo loturen papera garrantzitsua al da zuentzat?
Guretzat funtsezkoa da idazten ditugun artikuluetan albisteak kontrastatzen dituzten lotura edo helbideak jartzea. Garrantzitsuena %100ean arrazoia inork ez duela onartzea da, ezta guk ere. Zentzu horretan, sarean hara eta hona mugitu behar da, gauzak nondik nora joan daitezkeen intuitzen lagun diezagukeen mosaiko edo argazki orokor bat lortu ahal izateko. Honek harreman zuzena du nik defendatzen dudan konplexutasunaren ideiarekin. Konplexutasuna balore positiboa da, gure kulturak eragozpen bat dela pentsatzera eramaten gaituen arren. Gertatzen dena ulertzeko modu bakarra, hau guztia oso konplexua dela eta posizio bakar bat ez dagoela onartzea da. Alegia, ezin dezakezu esan "hau horrela da eta kito", normalean ez baitago halakorik.

Alegia, konplexutasuna gauza bat ahalik eta ikuspegi gehienetatik azaltzeari dagokionez.
Ez, ez hainbeste azaltzeari dagokionez, ulertzeari baizik. Konturatu behar gara inor ezin dela %100ean ziur egon, eta hobe dela beste ahots batzuk entzun eta erdibide bat bilatzea. Hau da, norbaitek ematen digun informazioa besterik gabe onartzea ez da nahikoa. Informazio horren atzean gordetzen den errealitateaz jabetu behar gara, bere alde guztiak ezagutu eta horietako bakoitzak arrazoia -gehiago ala gutxiago- duela ulertu behar dugu. Konplexutasunari buruz hitz egiten dudanean ez naiz %100eko sinesgarritasunaz ari, inork ezin baitu horrelakorik eduki.

Lotura egokiak eskaini, datuak bildu... kazetaria dokumentalista bilakatzen dela esan ohi duzu zuk.
Tradizionalki dokumentalista atzeko lerro batean egon izan da enpresetan, guztia kontrolatzen duen pertsonaia da, baina bere lana ez dago behar beste baloratua. Gaur egun, Interneten dagoen informazio guztia kontuan hartuz, edozein kazetarik behar du neurri handi batean dokumentalista ere izan, bestela ez baitu gauzek nola funtzionatzen duten ulertuko. Sarean murgiltzen den kazetariak guztia dauka eskura, eta hor barruan nola mugitu, nora jo, jakin beharra du. Bertan dauzka informazio iturriak, eta une bakoitzean zeintzuk aukeratuko dituen jakitea komeni zaio. Interneten kazetari eta dokumentalistaren arteko muga desagertu egiten da.

Eta dokumentazio lan hori jarri behar al da irakurlearen esku?
Bai, noski. Irakurleari ez zaio beldurrik izan behar. Hainbat hedabidek irakurlea nekarazteko beldurra dauka, baina beldurra izatekotan, motz geratzeari izan behar zaio. Irakurlea mementoren batean nekatzen bada, geratuko da bera bakarrik.

Entretenimendua eta informazioa bateragarriak al dira?
Bai. Interneten entretenimenduari bideraturiko espazioa egoteak ez du esan nahi informaziorako tarte indartsu bat egongo ez denik. Gauza oso desberdinak dira, baina ez dira kontrajarriak. Batzuetan aisia garrantzitsua izango da eta beste batzuetan albisteak. Horrela gertatzen da Internetetik at ere. Irailaren 11n adibidez, atentatuak gertatzean jendeak ez zion "Gran Hermano" saioari jaramonik egiten, New York hirian jazotakoari baizik. Jendeak gertatzen denaren aurrean erreakzionatzen du eta une konkretu batean zerbait garrantzitsua gertatuz gero, zer jazo den jakin nahi du. Internetek gainera zerbait desberdina eskain dezake. Aurreko adibidearekin jarraituz, atentatuak buruturiko mementoan Internetek ezin izan zuen irudiekin lehiatu, telebistaz ikusi ahal izan genuena izugarria izan baitzen. Imajinak ikusi eta telebistak ezer gehiago eskaintzen ez zuela ohartzean ordea, jendeak zer gertatzen zen galdetzeari utzi eta zergatik gertatu ote zen galdetzen hasi zen, eta horren erantzunak batez ere Interneten zeuden. Telebista oso ona da erakusteko, baina oso txarra azalpenak emateko.

Beraz, zure ustez telebista eta Internet ez dira gauza bera izatera iritsiko.
Ez. Telebista jarrera oso desberdinarekin ikusten dugu, sofan etzanda edo eroso eserita. Interneten zaudenean jarrera oldarkorra erakusten duzu. Eta honek lotura zuzena du aurrez irakurlearen jarrera aktiboari buruz esandakoarekin, sarean murgiltzean zu zeuk eskuratu behar baituzu informazioa. Beraz, nik ez dut uste zenbaitzuk iragarri bezala telebista eta Interneten arteko fusioa gertatuko denik.

«El País», «El Mundo» edota «Diario de Navarra» Interneteko edukiengatik kobratzen hasi dira. Zer ekar dezake honek?
Ez du zentzurik prentsa idatziak kioskoan kobratzen duen hori sarean erregalatzeak. Argi zegoen honek irtenbide bat behar zuela, eta paperezko edizioagatik kobratzea neurri batean arrazoizkoa iruditzen zait. Hala ere, honek ez dizkie buruhauste guztiak konponduko, sarean kodigo desberdin batekin jaio garen eta arazo hori ez dugun makina bat hedabide baikaude. Egunkari tradizionalek daukaten lekua kontserbatu nahi badute, egoera berrira egokitu beharko dira. Kontuan izan behar dute beraien edukiengatik kobratzen hasten badira, hala egingo ez dugun beste batzuek espazioa jan diezaiekegula. Web gune batzuk oso garrantzitsuak direla uste dute, eta hemen inor ez da inportanteegia. «El País» egunkariaren kasuan, esaterako, argi dago pasa egin dela. Apustu erradikalegia egin du eta honek arazo handiak ekarri dizkio
Curriculuma
Vicent Partal valentziarra Vilaweb atariko zuzendaria eta Europako Kazetaritza Zentroko lehendakariordea da. Kazetari moduan TVEn eta Kataluniako "La Vanguardia", "El Punt" eta "Diari de Barcelona" egunkarietan, "El Temps" aldizkarian eta Catalunya Radio irratian egin du lan. Nazioarteko politikan aditua da, eta 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko lehen urteetan munduan zehar jazoriko gertaera garrantzitsuenak zuzenean bizi ahal izan zituen, besteak beste, Txinako ikasleek gidaturiko Tiananmengo errebolta, Apartheid-aren amaiera, Berlingo Harresiaren erorketa, autonomia palestinarraren hasiera eta Letonia eta Esloveniaren independentzia prozesuak. Hiru liburu idatzi ditu, horietako bi antzinako Sobietar Batasunari buruz. 1999an kazetaritzako Bartzelona Hiria Saria jaso zuen eta 2000. urtean Kataluniako Internet Saria

Vilaweb, hedabide «glokala»
El Temps" astekariak 1994an bere 10. urteurrena bete zuen. Garai hartan Assumpció Maresma zen aldizkariko zuzendaria, Vicent Partalen emaztea, hain justu. Senarrari ordenagailuen munduarekin lotura handiagoa izango zuen proiektu bat abian jartzea proposatu zion eta urte hartan bertan El Temps Online izeneko kazetaritza zerbitzu telematikoa sortu zuten, Espainiako Estatuko lehenengoa. Gero, 1995ean, «El Temps»etik aldendu zen Partal, Maresma & Associats enpresa jarri zuten martxan, eta hari loturiko Vilaweb egunkari elektronikoak argia ikusi zuen. Vicent Partalek berak dioenez, "beste makina bat gauzaren artean, Internet komunikabidea dela ulertzen genuen. Eta guk beti uste izan dugu hedabidea gero eta lokalagoa izan, irakurlearengandik gero eta gertuago egon, are indartsuagoa dela. Katalunian tradizio handia dago komunikabide lokalei dagokienez eta Internet lokala ere sortu beharra zegoela ikusi genuen. Ezbairik gabe, edukiak katalanez idatzita egongo ziren". Honek ez du esan nahi Vilawebek jorratzen dituen gaiak eremu lokalera mugatzen direnik. Aitzitik, ataria mundu zabalera begira dago. "Guk broma bat egiten dugu, Vilaweb glokala dela esanez. Ezin dezakegu globalizazioa Bush edo Bin Ladenen esku utzi, adibide bi jartzearren, auzi honetan denok baitugu zer esatekorik. Ahal den neurrian globalak izaten saiatu behar gara. Zentzu horretan guretzat ez dago mugarik", diosku Partalek

Informazio gehiago
Vilaweb: www.vilaweb.com
»El Temps»: www.eltemps.net
Partal, Maresma & Associats: www.partal.com
LSSI legea: www.lssi.es