KATILUKADA BAT TEATRO, EGARRI DIRENENTZAT


2021eko uztailaren 19an

Antzezle bat, ikusle bat eta espazio bat. Horiek dira antzerki ikuskizun bat prestatzeko beharrezkoak diren gutxieneko osagaiak. Behin oinarrizkoa edukita, elementu gehiagorekin hornitu daiteke: argiekin, musikarekin, jantziekin eta abar. Baina, kafe katilukada batekin gertatzen den bezalaxe, antzerkian ere, gero eta osagai gehiago erantsi, urrunago gaude hasierako zaporetik. Izan ere, esentzialtasunak xarma handia du.

Kafe antzerkiak, hein handi batean, antzerkiaren oinarrietara jotzen du, komunikazio biluzian aurrez aurre jartzen baititu antzezlea eta ikuslea, kosmetikarik gabe.
Maskarada taldeko Mikel Martinezen iritziz, Euskal Herrian azken hogeita hamar urteetan ikuskizun andana egin da "kafe antzerki" izenburupean, baina ziurrenik askoz ere zaharragoa da genero hau: "Beste izendapen bat jasoko zuen. Esaterako, bertsolariek kafe antzerkia egin izan dute betidanik".
Kafe teatroetarako prestatutako antzezlanek -Euskal Herrian batez ere tabernetan, gaztetxeetan, eta kultur etxeetan egiten direnek- ba al dute berezko ezaugarririk? Genero kontsidera al daitezke? Baietz uste du Antzerkiola Imaginarioa taldeko zuzendari eta aktore Ander Lipusek: "Aktoreak publikoarekiko duen hurbiltasunak izaera berezia ematen die mota horretako ikuskizunei. Gainera espazio txikietara egokitu behar izaten direnez, eszenografia eta argiztapen xumeagoak erabiltzen dira". Yuyu taldeko kide den Nahia Iparragirre aktorea ere iritzi berekoa da: «Ezberdina da. Kafe antzerkian ikuslea atrapatu egin behar duzu hasieratik, energia gehiago behar da».
Gainera, umorea izaten da usuenik komunikaziorako erabilitako tresnarik ohikoena: "Halako antzerkian ezin duzu gauza oso hunkigarririk kontatu, beti osagai arinagoetara jo behar da", dio Nahia Iparragirrek. Besteak beste, «Ardoaz» eta «Minutu bakarra» antzezlanetan aritutako Ander Lipusen aburuz, berriz, komedia kafe antzerkirako oso baliabide egokia da, nahiz eta ez duen zertan baliabide bakarra izan behar: "Nik egin izan ditut tragedia txikiak kafeetan, eta jendeak arreta handiz entzun ditu. Testu sakonak ere antzeztu daitezke formatu hauetan".

Ikuskizuna maleta batean.

Tabernetan egiten diren kafe antzerki ikuskizunetan ez da sarrerarik ordaindu behar izaten. Bestelako aretoetan egiten direnean ere gutxitan. Emanaldiaren antolatzailea da taldeari ordaintzen diona. Horregatik, lekuaren arabera, jasotzen den diru kopurua asko alda daiteke. "Tabernek, asko jota, 25.000 pezeta ematen dizkizute", dio Yuyu taldeko kideak, "eta beraz, benetan gustuko dugulako egiten dugu, zeren apenas ematen duen bidaia eta afaria ordaintzeko". Arrazoi horregatik, materialki ikuskizun xumeak izaten dira kafe antzerkikoak, indar guztiak antzezleen lanean eta testuaren bizitasunean jarriz.
Yuyu taldekoek euren azken ikuskizuna, «Esperantoo», ahalik eta baliabide urrienekin muntatu zuten apropos: "Maleta bat, eserleku bat eta bi foku behar ditugu ikuskizuna egiteko. Gainera, taldean bost gara, auto batean denak sartzeko moduan beraz".
Kasketa Kabareta taldeak zazpi urte daramatza antzerkiaren bidez gizarte kritika egiten. Egun antzezten ari diren «Neskapolitan» ikuskizunean, kantuen laguntzaz, modak egungo gizartean duen eragina kritikatzen dute. Euskaraz egiten dituzte muntaia guztiak. Sortu zirenean, egun baino baliabide gutxiago zituztela oroitzen du egun Yuyu taldean dabilen Gorka Markaidak: "Bidaiatzeko dirurik ere ez genuen izaten. Autostopez joaten ginen emanaldietara gure foku eta trasteria guztiarekin".
Erakunde publikoek ere ez diete babes handirik ematen halako taldeei: "Antzerki talde bakan batzuek jasotzen dituzte diru laguntza guztiak eta talde txikiontzat ez dago deus", dio Kasketa Kabaretako Arantza Rementeriak, "Guk jada ez dugu eskatu ere egiten: milaka paper exijitzen dizkizute lau sosa emateko. Laguntza baino oztopo gehiago jartzen dituzte erakundeek".
Oztopoak oztopo, kafe antzerkia bizirik dagoen generoa da, nahiz eta euskaraz aritzen diren taldeak ez diren hainbeste. Nafarroako Bortzirietako Mankomunitateak horrexegatik antolatu berri du euskarazko kafe antzerkia bultzatzea helburu duen beka. Bortzirietako euskara teknikari Castillo Suarezek azaldu digunez, zailtasun handiak dituzte urtero Beran antolatzen den kafe antzerki ziklora taldeak eramateko: "Bai zikloa osatzeko eta bai herri txikietako tabernetara euskarazko antzezlana ekartzeko", dio. Urtarrilarekin batera beka eskaerarako epea amaituta, ordea, oso egitasmo gutxi jaso dituztela aitortu digu euskara teknikariak.

Ikasbide aparta.

Antzokietako zirkuituak gero eta hertsiagoak diren honetan, antzerkia maite duen jende askorentzat irtenbide egokia da kafe antzerkian aritzea. Antzerki eskoletatik irten berri diren gazte askok ere mundu honetan ematen ditu lanbideko lehen urratsak. "Aktoreentzako, ikasbide gisa, oso garrantzitsua da kafe antzerkia", dio Ander Lipusek. Iritzi berekoa da Kepa Gallego aktorea ere: "Sekulako eskola da. Jendea metro erdira duzunean ezinezkoa da inor engainatzea. Gustatuko litzaidake ospe eta izen handiko aktoreak halako espazio batean antzezten ikustea".
Antzerkigintzako profesionalek lan gogortzat badute ere, kafe antzerkia gutxietsi ere egiten da nolabait. "Askotan ez gaituzte serio hartzen", aitortzen du Nahia Iparragirrek, "Leku batera 200.000 pezeta kobratuz joaten bazara, primeran tratatzen zaituzte, lan beragatik 30.000 pezeta kobratzen badituzu, berriz, harrera oso bestelakoa izaten da". Antzerkiak ere gizarte gaixotu honen sintomak pairatzen ditu hortaz.
Kafe antzerkia, ia ezkutuan, baina arte eszenikoen alorrean lan handia egiten ari den generoa da. Antzerki ekoizpen handiagoek etekinekiko duten menpetasunetik salbu, oraindik ere ikuskizun kritiko, berritzaile, lotsagabe eta ironikoak estalkirik gabe ikusteko aukera ematen diguten taldeak dira kafe antzerkian dabiltzanak

Zirkuitu baten beharra
Behin antzezlan bat prestatuta, taldeak berak bilatu ohi du non antzeztu. Arian-arian gero eta leku gehiago ezagutzen ditu taldeak eta tabernetako jabeek ere taldeekin harremana estutzen dute. "Harremanak ahoz funtzionatzen du, ez dago inongo azpiegiturarik. Beste taldeetakoekin elkartzen garenean antolatu beharraz hitz egiten dugu askotan", dio Yuyu taldeko Nahia Iparragirrek. Mikel Martinezentzat ere antzezteko lekuen falta nabarmena da: "Leku gehienetan legeak ez du ikuskizun bat egitea baimentzen. Horrek kafe antzerkia pila bat geldiarazi du". Ander Lipusek ere garbi ikusten du zirkuitu baten beharra: "Kafe antzerkia egiteko espazioak batuko balira, zirkuituak sortuz, ikuslearentzat ere errazagoa litzateke, ikuskizun bat non eta noiz topatu errazago jakingo bailuke"

Kepa Gallego: «Hemen duguna taska teatroa da, ez kafe teatroa»
Kafe antzerkiaren atetik sartu zen Kepa Gallego arte eszenikoen etxean. Gerora Maskarada, Karraka, Geroa, Agerre eta beste hainbat taldeetan ibilitakoa da. Hainbat telesail ere zuzendu ditu: «Goenkale», «Teilatupean» eta «Kilker dema» kasu. Profesioan daramatzan hogei urteetan antzerki testuak ere sortu ditu. Kafe Bilbaok antolatutako antzerki labur lehiaketaren azken edizioan lehen saria jaso zuen, «Sexua.org.asmoa» testuagatik. Azken boladan berak idatzitako «Salir del armario» antzezlana eszenaratzen dihardu buru-belarri.

Zer da, funtsean, kafe antzerkia?
Euskal Herrian ez dago halakorik, hemen egiten dena taska teatroa da. Madril edo Bartzelonan badira espresuki kafe antzerkia egiteko egokitutako aretoak, baina hemen ez. Legalki kafe teatro lez izendatzen diren beste taberna horiek, berriz, estalitako putetxeak izaten dira sarritan. Bestalde, kafe antzoki deritzen horiek, Bilbokoa kasu, batez ere musikarako erabiltzen dira.

Kafe antzerkia egiteko tradiziorik izan al da hemen?
Bai. Errepublika garaian Bilbon Las Cortes kalean baziren kafe kantanteak eta halakoak, baina jada desagertu dira. Gero berreskuratu zen, Trantsizio garai famatuan, baina jada ikuskizunak music hall generoan kokatzen ziren. Antzerti eskolan ikasi genuenok, lana egiteko beste aukerarik ez genuenez, zirkuitu antzeko bat ere sortu genuen Bilboko Alde Zaharrean. Denborarekin ordea, lan hobeak topatu ditugulako-edo, jada genero hori abandonatu egin dugu askok. Baina bai, tradizioa izan da. Ez da gaur egungo asmakizuna.

Orain "Stand up comedy" estiloko bakarrizketa umoretsuak jarri dira modan, zergatik ote?
Oso erraza da: antzerkiaren mamia horixe delako. Bakarrizketa horietan antzezlea, ikuslea eta testu baten magia besterik ez dago. Sinplea dirudien arren oso konplexua izan daiteke, baina azken batean hori da teatroaren oinarria.

Tabernetan egoera berezi ugari pasako zenituen...
Behin gogoratzen dut taberna batean Dario Foren «Kanango ezteiak» bakarrizketa egiten ari nintzela, eta neska talde bat nuela aurrean, oso gertu. Ni testua esaten ari nintzela eurak asteburuko ligeari buruz ari ziren hizketan, nahiko ozen gainera. Hura nirea baino interesanteagoa iruditu eta bakarrizketa eten egin nuen. Esan nion haietako bati: "Aizu, azkenean Adolforekin ligatu al zenuen?". Tira, gorri-gorri jarri zen noski. Niretzat hori pedagogia teatrala ere bada, ohartarazten baitiozu ikusleari zu hor zaudela eta publikoa ere une horretan emanaldiaren parte dela

Antzerki freskoa dastatzeko jardunaldiak
Euskal Herrian badira hainbat kafe antzerki jardunaldi. Horien artean Donostian maiatzean egiten den Poltsiko Antzerki Jaialdia, Beran azaroan antolatzen duten Kafe Antzerki Zikloa edota Ondarroan egiten duten Kafe Antzerki Jardunaldia.

Ondarroako Txo! antzerki kolektiboak 1992. urtean izan zuen herrian kafe antzerki jardunaldia antolatzeko ideia eta Udalaren babesa izan zuen. Jon Iñaki Artetxe kolektiboko kide eta jardunaldiaren sortzaileetako bat izan zen, eta egun udaleko kultur zinegotzi da. Jardunaldiak antolatzearen zergatia azaldu digu: "Garai haietan indarrean zegoen joera zen kafe antzerkiarena, eta gainera herrian ez zegoen antzoki egokirik bestelako antzerkia egiteko". Azaroan egiten den ekitaldi honetara gero eta talde gehiago ekartzea gustatuko litzaieke antolatzaileei -2002an 9 izan dira, baina ez da beti erraza izaten, batez ere euskaraz sortutako ikuskizunak kontratatzeko: "Olatuen moduan funtzionatzen dute euskarazko muntaiek, oraintxe nahiko eta hurrengoan bat ere ez". Artetxeren aburuz urtero halako moda edo korronteak nabaritzen dira eskaintzen diren ikuskizunen artean: "Lehen ipuin kontalari asko zegoen, baina azken boladan ‘El Club de la Comedia’ren estiloko antzezlanak egiteko joera dago". Esperientziaren arabera ikusleak nahiago ditu umorea darabilten ikuskizunak, "barre egitekoak izan daitezela, berdin du zein estilotan"


Azkenak
1936an kontzentrazio esparru izandako Pequeña Velocidad pabiloia mantendu egingo dute Irunen

Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]


Irakasle baten jazarpena eta ukituak
EHUk baieztatu du hainbat salaketa formal jaso dituela eta genero indarkeriaren aurkako protokoloa aktibatua duela

EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]


Tabakoaren kea irensten duten haurrek erretzaile aktiboen antzeko arrastoak dituzte DNAn

Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.


2025-02-12 | Hala Bedi
Maren Lazpiur (Ikasle Abertzaleak): “Gizartean gertatzen ari den gorakada erreakzionario horretan, unibertsitatea ez da salbu gelditzen”

Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]


Netanyahuk gerrarekin mehatxu egin du larunbatean preso trukea egiten ez bada

"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]


2025-02-12 | Euskal Irratiak
Marieniako lurren aldeko militanteen epaiketa, irailaren 9ra gibelatua

Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]


Adimen artifizialean 200.000 milioi euro inbertitzeko konpromisoa hartu du Europak

Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]


Yamili Chan Dzul. Emakume, indigena, prekarizatu
“Gure mugimenduak ahultzeko estrategiaren parte da emakumeak hiltzea”

Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]


2025-02-12 | Iñaki Barcena
Aroztegiaren silogismoa

Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.

Tesia: Baztango... [+]


Antzinako hegaztien gidaliburua

Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du. 

Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]


Despremu deprimituaren ondarea

Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]


2025-02-12 | Edu Zelaieta Anta
Gainbabesaren desbabesa

Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]


Harreman publiko-komunitario-kooperatiboak eraikitzeaz

Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]


Eguneraketa berriak daude