argia.eus
INPRIMATU
BAREARI ERASO
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 19a
Ortuzain eta lorazainek ondo asko ezagutzen dituzte bare eta barakuilu edo marraskiloak. Neolitikoan antza landaregintza guda gisa hartzen da eta guda irabazteko arerioa ahal den ondoen ezagutzea bezalakorik ez omen da.... Bare eta barakuiluak gasteropodo lurtarren taldekoak dira eta hauetan ezagutzen diren hamabost bat mila espezieetatik hamar bat besterik ez dira gure ortu eta lorategietan kalte nabarmenak eragiten dituztenak. Nematodo ikusezinak, trikuak, satitsuak, ziraunak, batrakioak, hegazti ugari eta hauen artean oiloak eta batez ere ahate eta antzarrak dira bare eta barakuilu jale. Errautsezko hesiak euriak deuseztatzen ditu eta behin baino gehiagotan aitatu dugun garagardoz beteriko ontziarenak emaitza eskasetarako mantenu lan gehitxo du. Gau parteko balentrien ondoren egunez, berotik babesteko, teila edo plastiko pusken azpietan ezkutatzen direnez bildu eta hiltzen erraza da. Bildu eta hildako bareak hamar bat egunez usteltzen eduki uretan, ur horrekin landareak bustiz uxa, luturik janzteko denborarik gabe alde egingo dute. Nobedadeetan azkena, «Nature» aldizkarian argitaratua: Hawaiiko Pacific Basin Nekazaritza Ikerketa Etxean buruturiko lanekin ondorioztatu dutenez kafeinak bareen neurona egitura xaloa erre eta ziplo hiltzen dituela diote. %2ko kafeina kontzentrazioa duen urez bustitzen dituzte landareak. Saioren bat egin beharko dugu ea hemengo bareek zer dioten...