NOIZ HELDUKO DA IPARRALDEAREN ORENA?


2021eko uztailaren 21ean
Iparraldeko testuinguru soziopolitikoa ez da berritu, ez aldatu, gizarteak aldarrikatu bezala. Alta, bada, urteak joan eta etorri ahala, testuinguru hau jendez nahiz gizarte eragilez berrituz eta hornituz joan da. Egungo egoera soziopolitikoak eta administratiboak historia luzea daukate bere gibelean, 1790ko Iraultzan du bere jatorria. Gure egunetara etorriz, azken hogei urteetan (aldarrikapenei dagokienean bi hamarkada zinez luzeak) gizarte esparruan, oro har, eta politikaren eremuan jalgi diren errebindikazioak gogoratzea ezinbestekoa da bertako politika ezagutzeko. Betiere, gogoan harturik, historikoki euskal departamendua izan dela Iparraldeko ezagutzaren errebindikazioen iturburua.

MITTERRAND, DEFERRE, JOSPIN, CHEVENEMENT...


1982an, François Mitterrand (PS) Frantziako Estatuko presidentziara iritsi eta estatuaren deszentralizazioa gauzatzeko urratsak ematen hasi zen. Frantziako alderdi sozialistak (PS), halaber, Errepublikako gobernua osatu zuen, Gaston Deferre izendatu zuten lehen ministroa. Mitterrandek Euskal Departamendua hitzeman zuen hauteskunde kanpainan eta Gaston Deferrek Pirinio Atlantikoak departamenduaren Franz Dubosq presidentea Parisen hartu zuen 1982ko otsailaren 23an, Dubosqek Kontseilu Nagusiko hogei kontseilari eraman zituen berarekin. Egiari eta oroimenari zor, hautetsi guztiak euskal departamenduaren sorreraren aurkakoak ziren. Garai hartako hautetsi sozialistak (Jean-Pierre Destrade diputatua, Nicole Pery, Guy Petit) ANDko (sozioprofesionalen elkartea) Jacques Saint-Martin edota Hitza-Hitz elkarteko kideek -Jakes Abeberri eta Jean Haritselhar, besteak beste- presidente frantziar berriak kanpainan eman zuen hitza bete zezala exijitu zioten. Alferrik izan zen, ordea, François Mitterrandek hitza «jan» zuen, eta eskuineko hautetsi eta diputatuak -Henri Grenet eta Michel Intxauspe, besteak beste- departamendu berriaren asmoaren aurka paratu ziren fermuki. Gaston Deferrek politika berri bat hitz eman zuen kultur gaietan. Frantziako Errepublikako presidenteak eman zuen hitza beteko ote zuen zalantzaren bat gelditu bazen, 1984an Mitterrand bera Baionara etorri zen eta hitz hauekin trenkatu zuen departamenduaren afera: «Ez dut inola ere Frantziako lurraldea zatitzen utziko».
Testuinguru soziopolitikoa ez zen batere aldatu 1991ra bitartean. Harrezkero ordea, deszentralizazioaren bilakaeran hainbat data esanguratsu geratu dira eskubideen aldarrikatzaileen gogoan. 1991n, Maule eta Atharratzeko kantonamenduak Paueko Merkataritza Ganberatik Baionakora pasa ziren. 1992an, Konstituzioaren 2. artikulua berretsi zen: «Errepublikako hizkuntza frantsesa da». 1994an, Michel Intxauspek Aturriko eskualdea sortzea proposatu zuen, Euskal Herria departamendua sortzea barne. 1995ean, Lionel Jospin presidenteak, baldin eta hautetsi gehienek nahi bazuten, departamenduaren alde paratuko zela adierazi zuen publikoki. 2000n, berriz, Jean-Pierre Chevenement barne ministroak Iparraldeko Herriko Etxeetako Biltzarraren ordezkaritza -Daniel Poulou, Frantxua Maitia, Renaud Elizagarai, buruan buru- hartu zuen Parisen. Lionel Jospinek hitzemandakoa eskatu zioten Chevenementi. Ministro honek aurrekoen lepotik zuen burua: «Euskal departamenduak Espainiako nahiz Frantziako batasuna kolokan jar lezake» erantzun zien Chevenementek.

GIZARTE ERAGILEAK.


Iparraldeko errebindikazioak politikoen eskuetatik eragile soziopolitikoen eskuetara iragan dira azken hogei urte hauetan. 1992an, Garapen Kontseilua eratu zen Donapaleu herrian; joera guztietako eragile sozio-profesionalek osatu kontseilua. 1995ean, ELBk bultzaturiko Laborantza Ganbera gizarte osoaren errebindikazioa izatera pasa zen. Herriko Etxeen Biltzarrak Euskal Herria departamenduaren aldeko bozketa egin zuen: 151 auzapezek bozkatu zuten, hauetatik 93k aldeko botoa emanez; bozemaileen %63k. 1997an, CSA institutuak inkesta bat burutu zuen herritarren artean, populazioaren %64 departamenduaren alde paratu zen.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko eskaera indartu da azken urteetan. 1998an, «Deiadar» kanpainak mugarri bat markatu zuen euskararen aldeko borrokan. 1999an departamenduaren eta euskararen aldeko kanpaina esanguratsuenak burutu ziren. Urte hartako urtarrilean 6.000 pertsona manifestatu ziren Baionan, ABk deituak. Urriaren 9an, 12.000 lagun manifestatu ziren euskal departamenduaren alde. «Ehunen Deia» plataformak egundo bilduriko jendetza handiena eraman zuen Baionako karriketara.
EHUNEN DEIA-TIK BATERA PLATAFORMARA.


1999ko urtarriletik 2003ko urtarril honetara, Iparraldeko herritarren errebindikazioek ez dute aitzina ez gibelera egin, ez dira horregatik ere geldirik izan. Izanez ere, orduan bi baldin baziren aldarrikapen nagusiak, euskal departamendua eta euskararen koofizialtasuna, egun, Batera plataformaren agirian beste bi eskaera gehitu dira: Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta Unibertsitate erabakitzailea.
Bien bitartean, Frantziako botere guneak, presidentziarena nahiz gobernuarena, eskuindarrenak izatera pasa dira osoki, UMP alderdiak gidatuak. Estatuaren presidentzian Jacques Chirac presidenteak jarraitzen duela, Jean-Pierre Raffarin du lehen ministroa, barne ministroa, berriz, Nicolas Sarkozy izaki. Gobernu berriari Ipar Euskal Herriaren errebindikazioei erantzuteko txanda heldu zaio, eta berriz ere -historia behin eta berriz errepikatzen baita- muzin egin die euskal herritar gehienen eskakizunei. Gobernu hau osatu aurretik ere promesak izan ziren, izanik ere, «hitz ematea» delakoa berebiziko trikimailua da politikagintzan. Adibidez, 2002ko hauteskundeetan Jacques Chirac Euskal Herriko Laborantza Ganberaren alde paratu zen. Gero etorri da etorri dena, hots, hutsaren hurrengoa.

SALIES, BORDELE, PARIS.


2002. urtean, Jean-Pierre Raffarinek deszentralizazio politika iragarri zuen. Korsikako aferan aurrerabideak topatzen ari da nonbait. Euskal Herriko aferan, bi hitzordu historiko gauzatu ziren iazko azaroan, oraingo departamenduaren lurraldean, Biarnoko Saliesen eta Bordelen -Akitania eskualdearen hiriburuan-. Frantziako gobernuaren buruak eta Ipar Euskal Herriko hautetsi esanguratsuak bildu ziren. Ororen buru, berriz ere, deusik ez. Hitzak eta promesak.
2003ko urtarrilean, hogei urteren joan-jinean, Iparraldeko parlamentariek Matignon eta Beauvauko egoitzetan biltzeko hitzordua finkatu zituzten beste behin ere. Bigarren honetan inork ez zituen errezibitu ordea. Nicolas Sarkozy barne ministroak hartu behar bazituen ere, bere agendan tokirik ez zegoen. Jean-Pierre Raffarinek ezetz eman zion euskal departamenduaren eskaerari. Alabaina, harritzeko ote Raffarinek ezetza ematea, berarekin bildu zen ordezkaritza kontuan hartuta?
EUSKALDUN ETA BIARNES HAUTETSIAK.


Honatx, deszentralizazio politikaz aritzeko Raffarinek hartu zituen euskal politikariak: Alain Lamassoure Europako diputatua, Jean Grenet eta Daniel Poulou diputatuak, Didier Borotra Miarritzeko auzapeza eta senataria, eta Pirinio Atlantikoetako Jean-Jacques Lasserre presidentea, euskal ordezkari gisa. Biarnes politikarien artean, François Bayrou diputatua eta Paueko André Labarrère auzapeza eta senataria zeuden. Ordezkaritza hau ezagututa, ez da harrigarria euskal herritarrek hogei urte luzetan eraman duten borroka eta eskakizunei lehen ministroak eman diezaiokeen erantzuna: ezetz borobila!
Biarnoko politikariek -André Labarrère buruan buru- hautetsien erantzukizuna oso handia dela diote, eta Errepublika, bat eta zatiezina dela gogoratu zuten ere bai. François Bayrouk bilera surrealista izan zela esan zuen. Jean-Jacques Lasserre «euskal-biarnesa»k gobernuak jarrera garbia erakutsi duela dio, baita ezein «iruzur» posible bat saihetsi beharra dagoela erran ere.
Euskal Herriko hautetsien kontseiluaren Alain Lamassoure presidenteak agertu zuen bileraren alde baikor bakarra:«Lehen aldia da euskal afera bati buruz hitz egiten dela Frantziako lehen ministro batekin». Galdera hauxe da alabaina: zertarako joan ziren Parisera euskal eta biarnes ordezkariak?
Itxura batez, behinik behin, Batera plataformak bere agirian agertu dituen errebindikazioak eta Iparraldeko politikarien ahalak eta nahiak oso urrun dira elkarrengandik. Biarnoko politikarientzako, berriz, eskaera hauek urrun ikusiak izatetik oso hurbiletik ikustera pasa dira. Asmo sinple batekin: lau eskaerei oztopoak jartzeko

Euskal Herriak zer deszentralizazio?
Aste honetan genuen gertakari aipagarria: Pirinio Atlantikoetako hautetsi nazionalak eta departamenduko presidentea Parisen, lehen ministroarekin mintzatzera galdeginak. Ainitz gai azaldu behar zituzten omen, orotara gai nagusia eta kasik esklusiboa, Euskal Herria izan dute. Euskal departamenduari ezetz erran dio gobernu buruak, ez bortitza, jadanik Senadoaren aitzinean errana zuen ez ber bera eta Estatuko funtzionario haundienek errepikatzen dioten ez ber bera: Frantziak ez duela mugitu behar, Espainia lanjer haundian litekeela mugitzera behartua bailiteke orduan, terroristen jokoaren laguntzea litekeela, Errepublikak ez lezakeela holako gauza bat irentsi desagertzeko arriskutan sartu gabe, Europa bera, inarrosia litekeela eta abar. Miletan entzun ditugun arrazoi ber-berak! Beldur zaitezte jende onak, eta kasu! arrisku haunditan zarete. Beharrik, hemen dituzue zaintzaile zintzoak! Izan daitezela hiruetarik bi auzapez, kasik bertze hainbertze udal kontseilu euskal departamenduaren alde, ez du gobernuaren gogoetan deusik erran nahi. Tokiko erreferendumen parada? Hona, gauza zaharretatik ideia berria! Pentsa, Frantziako lege nagusian ere idatziko dena! Beraz Euskal Herriko herritarrei galdegiten ahalko da zer nahi duten? Ez, ez, erreferendumak ez dira horretarako, erran diote lehen ministroak: bi departamendu elkar josteko, ba, baina bat zatitzeko bi partetan, ez, bietan ez! Menpe lekuak, populutik urruntzeko, bai, herritarrei hurbiltzeko ez! Hona gauza bitxia: botereak nahi duen bezala bozkatzeko ukanen dituzue nahiko erreferendumak, baina botereak ez nahi dituen ideiatara erori nahi baduzue orduan ez. Beraz, legez kanpoko proiektua izanen dugu euskal departamendu bati buruz ainitzek galdegiten duten erreferenduma.

Bertze gauza bat aipatu dute Parisen: lurralde mintzairak. Hauetaz arta hartuko du omen Estatuak. Baina Konstituzioaren aldaketarik ez du egingo gobernuak. Orain agertzen da garbiki zer desmasiak egiten dituen Konstituzioko bigarren artikuluak non Frantziako mintzairak isilarazten dituen frantses hizkuntzaren ofizialtasun bakarrak. Errepublikak ez du bertze hizkuntzarik, frantsesa baizik! Alta, 1994-an, Lamassoure jaunak kudeatu zuen erreformak afera horren gauzatzeko, ez omen zuen lurralde mintzairei kalte egingo! Eta zer orain? Estatuko Kontseiluak erabakiz erabaki ito nahi ditu Frantziako mintzairak, konstituzioan ez aipatuak izanez geroz, kanpoko mintzaira batzuen erronkan ezarriz hauen erakaskuntza. Ez du bertzerik erran azken erabakian, idatziz inmertsio sisteman, bai eta ere klase elebidun sisteman, mintzaira baten ikasteko behar diren erakaskuntza orenetaz biziki gehiago erabiliak direla lurralde mintzairak. Ezin ukatua! Erabaki horrek, ahulezia haundian ezartzen ditu bi erakaskuntza sistemak. Legearekin azkar, legez kanpo, ahul! Hona garbiki erran daiteken egia, osoki sentitzen duguna. Eta horri buruz zer? Borondate izpirik, gobernuaren partetik.
Baina, ez dira ez Euskal Herritarrak lotsatuak. Elgartasunean zabaldu nahi dituzte mobilizazioak oroitarazteko zer indar dituzten gogoetetan, bai euskal departamenduak, bai euskarak, bai ere Laborantza Ganberak, eta ere unibertsitateak. Segur! Ez ditu Raffarin-en ezetzak isilaraziko herritarren ohi errepublikanoak

Jean Lissar: "Mendia eta arratoia"
Frantziako klase politikoaren barruan, berdeak gara askozaz deszentralizazioaren aldekoenak, zeren erregioen Europa baitugu gogoko. Horregatik, ahalik eta bizkorren ikusi nahi genuen gauzatua deszentralizazioaren II. partea, esparru horretan hainbesteko atzerapena metatu duen herrialdean.

Hasieran, aski interesekoa iruditu zitzaigun lehen ministroaren esperimentua, nahiz eta -hau zehaztea komeni da- interesari zuhurtzia handi bat elkartu zitzaion, ongi baitakigu zenbateraino dagoen konbikzio jakobinoz josia eskuineko parte handiena.
Deszentralizazioa, oro har, izan daiteke ekintza publikoaren efikazia indartzeko faktorea, bai eta berdintasun handiagorako bidea ere, herritarrari dagozkion zerbitzu publikoaren alderditik begiratuta. Deszentralizazioak, berebat, kontrol demokratikoa indartzeko balio beharko luke. Botereko txandei dagokienez, beti da hobe herritarrek inolako eskumenik ez duten teknoestruktura bateko funtzionarioak izatea baino hurbileko hautatuek kargua hartzea, zein arduradunak izango baitira boz-emaileen aurrean.
Erregio aberatsen eta pobreen arteko distribuzioaren beharra alde batera utzi gabe, funtsezkoa da berdintasunezko zentralismoaren mitotik libratzea (edota berdintasun zentralistatik askatzea). Izan ere, benetan, inoiz ez da berdintasunik izan Parisen eta probintzien artean. Berdeen iritziz, Europako arkitektura instituzionalarekin bat etorriz, erregioek eta haien barruko euroerregio mugakideek izan beharko lukete deszentralizazioaren ardatz eta motor, zeinek, halaber, identitate kultural lokalen indartzea ekarri beharko bailuke. Horrela, Euskal Herriko Berdeak taldekook adierazi dugu ezen hiru dosier enblematiko hauen harira neurtuko dugula oraingo gobernuaren deszentralizazioko borondate erreala:

Hurbiltasunaren eta efikaziaren izenean, oraintxe bertan Euskal Herriko departamendua.
Subsidiaritatearen eta demokraziaren izenean, laborantzako ganbera bat euskal laborarientzat.
Berdintasunaren izenean, Konstituzioaren 2. artikuluaren aldatzea (testu horren arabera frantsesa da Errepublikako hizkuntza), euskarari dagokion aukera emateko.

Ordea, 2003ko urtarrilaren 13an, astelehena, Pirinio Atlantikoetako parlamentariekin izaniko bilkuraz geroztik (bide batez esanda, parte-hartzaile batek bilera "surrealista" kalifikatu zuen orduko hura), Jean-Pierre Raffarin jaunak EZ erantzun die klarki hiru eskakizunei.
Guk sumatu bezala, Raffarinen mendia, azkenean, arratoi baten neurriko erreforma batez erditu da. Autista da oraingo gobernuaren jarrera hori, eta, horrez gainera, aski iraingarria herritar gehienen eskabideekiko eta hautatu euskaldunekiko. Beraz, mobilizaziorekin bakarrik erantzun ahal zaio. Horixe egingo dugu Euskal Herriko Berdeak taldekook, eta horrexegatik dei egiten dugu Batera Kolektiboaren ekimenezko datorren otsailaren 1eko manifestaziora


Azkenak
Tomate hazien bildumagileak eta bioaniztasunaren zaintza logikak

Bukatu da (bukatzen ari da) tomatearen sasoia eta unea aprobetxatu nahi nuke uda honetan izandako kezka eta amorruak orriotara ekartzeko.


Armarri-zimitz jaspeztatua
Gonbidatu gabeko turista

2016an ikusi omen zuten lehen aldiz Herrialde Katalanetan. Bi urte geroago, 2018an alegia, Xanti Pagola eta Imanol Zabalegui entomologoek Gipuzkoan azaldu zela jakitera eman zuten. Eta euskaraz izendatu ere bai! Urte batzuk pasa dira eta ez dut esango gure artean ikusteaz ohitu... [+]


2024-12-02 | Jakoba Errekondo
Gintonikaren ezkontza

Bart arratsean izan da. Etxekoak gintonikari zurrupaka. Ni aspaldi dibortziatu nintzen gintonikarekin. Ginak oso gogoko ditut, hortz-haginak ur, baina tonikak ezin edan ditut, gozoegi eta burbuila zakar gehiegi.


Aurkezle eta umoregile bat salatu dute, hainbat emakumeri eraso egiteagatik

"Oñatiarra da, karisma handia du, baita babes soziala ere", seinalatu dute idatzi batean, sare sozialetako kontu berri baten bidez hedatu dena. Leku ugaritako neska gazteak elkartu dira salaketa egiteko. EITBk bertan behera utzi du, kautelaz, pertsona hori ageri... [+]


2024-11-30 | ARGIA
2025ean “larrialdi linguistikotik indarraldirako bideari ekiteko beharra” aldarrikatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute... [+]


Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Eguneraketa berriak daude