LAURAK BATERA


2021eko uztailaren 19an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
Batera plataforma osatzen duten alderdiak, sindikatuak eta gizarte eragileak, Ipar Euskal Herrirako pausaturiko lau eskaerak gauzagarriak direlakoan, 2002ko abenduaren 14an abian jarri ziren. Herri mugimenduak azken lau urteetan bilduriko indarrak batu eta arloka bideratzea erabaki zuten Baionako Merkataritza Ganberan. Departamenduaren errebindikazio historikoari funtsezko beste hiru errebindikazio lotu zaizkio azken hogei urteetan: euskararen koofizialtasuna, Laborantza Ganbera eta berezko unibertsitatea edo unibertsitate erabakitzailea.

LAU ABIAPUNTU, LAU ARLO JOMUGA BAKARRA IZAKI.


Euskal departamendu batek, berez, ez lioke eskuduntza berezirik ekarriko Ipar Euskal Herriari. Horretaz jakitun dira euskal herritarrak, eta modu berezi batez abertzaleak. Abertzaleak hartara kontziente dira Euskal Herrian osatu beharreko berezko instituzio batek laborantza, unibertsitatea eta euskara garatzeko berezko baliabideak edo eskumenak beharko lituzkeela. Iparraldeko autonomiaren bidean, lau arlo autonomoetan lanean ari diren herritarrak lau abiapuntu ezberdinetatik abiatuak manifestatuko dira beste behin ere larunbat honetan Baionako karriketan, arratsaldeko 15:00etatik goiti, hain zuzen ere. Manifestazioen jomuga Saint-Leon auzoa izaki, Saint-Andre elizatik abiatuko dira Unibertsitatearen ordezkariak. Euskararen aldeko eragileak, berriz, Lauga polikiroldegitik. Euskaldunen plazatik laborarien ordezkariak, politikarien munduan dihardutenak Suprefeturatik. Lau arloko manifestariek bat eginen dute Saint-Leonen. Manifestazioaren ondoren Saint-Andreko plazan errebindikazioen festa handia antolatua delarik.

LAU ARLO LAU AHOTS.

Berezko unibertsitatea aldarrikatzen dutenek kolektibo bat osatu dute oraindik orain. Kolektibo honen hitzetan, bertako unibertsitatearen aldarrikapenak sostengu osoa dauka goi-irakaskuntzan. Gaur egun 3.000 ikasle ari dira goi-mailetan eta kopurua lau aldiz handitu liteke Frantziako Estatuak bertako unibertsitateak behar duen finantzamendua bermatuko balu. Berezko unibertsitatea garatzeko egitura juridikoa aldatzea beharrezkoa dela diote eta horretarako borondate politikoa.
Euskararen eremuan ari direnek, Euskal Konfederazioa buruan buru, Konstituzioaren 2. artikulua aldatzea dute jomuga. Ofizialtasuna da lehenbiziko urratsa eta oinarria. Hamaika hitzarmen eta laguntza izanagatik, Konstituzioa aldatu ezean, euskararen aldeko jai asko burutuko dira, baina funtsean euskarak jai izaten jarraituko du mende honetan barrena. «Demo» taldeak burutu ekintzen ondoren Frantziako epailetzak erakutsitako jarrera oso argia izan da. Argitasun mota honek haatik, euskararen gero iluna islatzen du inondik inora ere.
Laborantzaren arloan ELBk darama borrokaren lekukoa. Laborantza Ganbera helburu izanik, arlo honetan garaturiko borroka eredugarria izan arren, Frantziako gobernuaren aldetiko jarrera mespretxuzkoa baino ez da izan. 2003ko urtarrilean Matignonen bildu ziren parlamentarien ardura eskasa agerian geratu zen beste behin ere. ELBko laborariak ez daude politikarien gibeletik joateko prest alabaina. Heldu den larunbateko manifestazioa mugarri gisa ikusten dute, Laborantza Ganberaren aldeko kanpaina molde honek beste fase berri bat zabalduko duela dio ELBk. Are gehiago, laborantzako sindikatu honek beste gisa batez aritzeko asmoa agertu du engoitik, Hitzarmen Bereziaren egituran jarraitzea edo ez eztabaidatzen hasi baita.
Euskal departamenduaren aldarrikapenari eusten diotenak -hautetsien elkarteen, sindikatuen eta eragile sozio-politikoen ordezkariak- etsituak egoteko gisan daude inola ere. Hiri eta goi-mailako hautetsiak, kontseilariak eta diputatuak ez dira azken urte hauetan aferak eskatzen duen arduraren mailan izan. Euskal departamenduaren aldarrikapenari sostengu osoa ematen dioten alderdi bakarrak alderdi abertzaleak dira: AB, EAJ-PNB, EA eta Batasuna. Estatu mailako alderdien begietara, ordea, euskal departamendua Euskal Herriaren proiektua gauzatzeko giltza litzateke. Badaezpada ere, frantses alderdietan aldeko nahiz aurkako jarrerak daude. Ororen buru, alderdi hauetako bakoitzaren baitan, garaian garaiko eta unean uneko interesen araberako politika burutu ahal izateko, naski.

Batera plataformaren agiria

Guk, Euskal Herriko biztanleek, gure garapen ekonomiko eta kulturala erantzukizun osoz gure gain hartzeko arranguraz, honako eskakizunak gogoan hartuak eta beteak izan daitezela galdegiten dugu:

Euskararen koofizialtasuna Konstituzioaren 2. artikuluaren aldaketa eta hizkuntza guttituen eta eskualdekoen itun europarraren berrespena:

Euskal Herrian frantsesa eta euskararen arteko berdintasuna legeztatzeko,
Euskal Herriko herritar guzientzat hemengo hizkuntza ikasi eta erabiltzeko eskubidea lortzeko,
Hizkuntzaren berreskurapenerako politika serios eta eraginkorra gauzatzeko.


Euskal departamendua
Lurralde honetako herritar guzien interesak ordezkatuz Euskal Herri osoari ekarriko lioke:

Dezentralizazioaren eztabaidan ezagutza instituzionala eta pisuzko politika,
Garapen ekonomiko azkarrago eta dinamikoagoa, hots, enplegu sortzailea,
Euskal eta gaskoin kulturentzat laguntza hobea,
Euskal Herriko barnekalde eta itsasaldekoen arteko beharrezkoa den elkarkidetza handiagoa,
Mugaz gaindiko lankidetza zabal eta eraginkorragoa,
Zerbitzu publikoen egokitzea, bereziki estatu mailakoak, erabiltzaile guzien probetxurako.

Euskal Herriko laborantza ganbara

Bertako laborantzaren berezitasunak gogoan hartzea,
Ekimen kolektibo eta indibidualen sostengatzea,
Laborantza iraunkor baten sustatzea.


Unibertsitate erabakitzailea

Formakuntzen eta ikerketen garapen eta aniztasuna,
Lantegi berrien sortzea eta bertako bizitza sozio-ekonomikoarekilako sinergia,
Zuzentasun sozial hurbiltasunari esker.


Guk, elkarte izenpetzaileek, galdegiten dugu Euskal Herriko gizarte eragileek adostu eta ekarri eskakizun hauek, hautetsien eta biztanlegoen gehiengoak onartuak, dezentralizazioaren abiatze honetan beteak izan daitezen, eta baieztatzen dugu lau eskakizun horien sustengatzeko gure nahia, horiek erdietsi arte mobilizaturik gaudela.
Batera-ren agiria sinatu duten 25 elkarteak:
Euskal departamenduaren aldeko elkartea, Euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkartea, Euskal Konfederazioa, Euskal Laborarien Batasuna (ELB), Unibertsitarien kolektiboa, Demoak, Seaska, Euskal Haziak, Ikas, Uda Leku, Euskal Herrian Euskaraz (EHE), Piztu, Euskal Dantzarien Biltzarra (EDB), Bertsolarien Lagunak, Euskal Irratiak, Euskaldun Gazteria, Arrapitz, Hemen, Herrikoa, Lantegiak, Ofizialeak, Itsas Geroa, eta LAB, CFTC, CFDT sindikatuak

«Lau harriz hiru txori»
Deszentralizazioa: horren errateko hitzik ez dugu euskaraz. Frantsesetik datorkigu, zentralizazio bezala. Baina bigarren hau errealitate konkretu bat dugu, erregek hasia, errepublikak buirutua: «La République une et indivisible» 1792ko irailaren 25etik, Danton eta Robespierre demagogo sonatuei esker. Deszentralizazioa ordea, iluso bat nagusiki. Haatik, hastapen zerbait ere, Gaston Defferre barne arazoetarako ministro sozialista zenari esker: 1982ko lege batez, prefetaren aginte petik askatu zituen udaletxea, departamendua eta eskualdea, erakunde horien eskumenak pozi bat emendatuz. Baina biderditan gelditu zen erreforma.

Orain asko hitzematen zaigu, baina konkretuki zer? Agian eskualdeari botere gehiago? Ez litzateke beharrik gabe. Adibidez, Akitaniak duen aurrekontua, 41.308 km2 eta 2.800.000 biztanlerekin, 10 aldiz EAEkoa baino txikiago da. Baina ez dakit, beldur nago berriz ere, sagu batez erdi dadin mendia, V. Errepublika honetan ohi den bezala. Ezaguna da Chirac presidentearen demagogia, maiz antzua. Gainera zinez indartsu dira jakobinoak, bai eskuin gogorrean, bai ezkerraren zati batean, baita de facto Frantzia gobernatzen duten funtzionario goren artean. Hiru indar horientzat, absolutua da Estatua, botere osoa gorde behar du, ezin da hau banatu.

Errepublika «deszentralizatu» baten aipamena Konstituzioan sartu nahi du Rafarrin lehen ministroak, baina horretarako Chiracek baztertzen du hitzeman zuen erreferenduma. Emendio horren bozkatzeko, Parlamentua osoan bilduko dute, Senatua eta Diputatuen Biltzarra elkartuz. Gehiengoa lor dezake gobernuaren xedeak.


Euskal Herriarentzat zer atera daiteke hortik? Ezer ez nik uste. Eskualde bat izateko txikiegi da. Departamendu izateko maila baluke, baina gure xede horri muzin egiten dio gobernuak. Deszentralizazioaz jendea kontsultatu nahi omen du. Gure hautetsiak Saliesen eta Bordeleko bilkuretan mintzatu ziren, bietan argi eta garbi agertu dute gehiengoaren eskaria Ipar Euskal Herriko Instituzio horren alde, eta bietan erantzunik gabe utzi dituzte gobernuko kargudunek.
Ez dut konfiantza izpirik, ez dut tutik igurikatzen erreformatik, non ez dugun gobernua horretara behartzen. Nola bilduko garen euskaldunak eta zer eginen dugun, hori dugu gerorako giltza. Badirudi bide ona hartu dugula Batera batasun berriarekin. Mugimendu hau txalotu behar da, indar handia har baitezake. Hogeita bost dira hor juntatu diren elkarteak, lau eskarien inguruan: euskararen ofizialtasuna frantsesaren parean, Euskal Herriko departamendua, Laborantza Ganbera berezia, Unibertsitate berezia. Iraganean bakoitza bere alde ari zen bere eskari bakarraren alde. Oraindanik elkarturik ibiliko dira batzuen eta besteen indarrak, lau eskariak bat eginik, Alexandre Dumas idazlearen mosketari famatuak bezala, «Un pour tous, tous pour un», hots, «Bat denen alde, denak baten alde». Dinamika berri batek garatu behar luke batasunetik «masa kritiko» batek hazi elkar eginetik. Agian, lehen fruitua emanen digu otsail honetako ibilaldian, jende oste handia bil baitezake manifestaldi horrek. Ez dugu amore emango, entzun beharko gaitu gobernuak, eta hori ezean, zabaldu beharko dugu Demo eta Zuzen taldeetako gazteek ireki diguten bidea: desobedientzia zibilarena.
Hizkuntzaren auzia dukegu garrantzitsuena eta zailena, Korsikan eta Polinesia autonomoan ikusten dugunez, hizkuntza ofizial bakarraren dogma ezin ukitua baitzaio Frantziari. Beraz, euskararen alde hemen daramagun borroka ez daiteke berenaz nahikoa. Errepublikako hizkuntza gutxituen eskubidea orokorki aurrera eraman beharko dugun interesatu guziek elkarrekin, horretarako mugimendu sozial indartsu bat eraikiz gure eskualdeetan, Errepublikaren mailaraino. Bestela, ofizialtasunik gabe biziarazi beharko dugu euskara, ezagutzen ditugun nekezia guziekin, eta hori ez bidezkoa XXI. mende honetan


Azkenak
Sistema psikiatrikoak sexualitatean daukan eraginaz zenbait gako

La bajona kolektibo kide Heiko Elbirak salatu du psikiatriak zisheteroarautik aldentzen diren erotikak kontrolatu nahi dituela.


Gurekin egiten dutena

Ba al dakizue frantses batzuk harritu egiten direla mugaren alde honetan ere euskaldunak bagaudela jakitean? Ba bai, harrigarria bada ere, behin, Donostian, frantses batzuei entzun nien sinetsi ezinik beren buruari galdetzen: “Saint-Sébastien est au Pays... [+]


Su ta Gar, Kaotiko, Gatibu, Maruxak eta Leihotikan ere Hatortxu Rockeko azken jaialdian

22 talde gehiago iragarri dituzte Lakuntzan uztailean izanen den HatortxuRockerako: Bad Sound, Dupla, Su Ta Gar, Chuleria Joder!, Brigade Loco, Leihotikan, Burutik, Tribade, Maskak, Les Testarudes, Non Servium, Añube, Dj Plan B, Gatibu, DJ Trapella, La Jodedera, Süne,... [+]


Jon Urzelai Urbieta, fisikaria eta soziologoa
“Zaila da ezagutzen arteko banaketa zurruna gainditzea”

Jon Urzelai Urbieta ohituta dago itzalean lana egiten, baina Su festak musika-jaialdiei buruzko saiakerak dezenteko ikusgarritasuna eman dio, iaz Euskadi Saria eman baitzioten lan horregatik. Ez da, hala ere, irabazi duen sari bakarra, hori baino lehen, 2021ean, CAF-Elhuyar... [+]


Betharramgo indarkerien berri “komunikabideen bidez” hartu izana zehaztu du Baionako apezpikuak

Prentsaurrekoa eskaini dute ostegun honetan Marc Aillet Baionako apezpikuak, elizbarrutiko hezkuntza katolikoko zuzendari Vincent Destaisek eta Betharramgo biktimen entzuteko egiturako partaideetarikoa den Laurent Bacho apaizak. Hitza hartzera zihoazela, momentua moztu die... [+]


2025-03-14 | Gedar
Vox Nafarroako Parlamentutik kanpo geratu da ia, barne-desadostasunak direla eta

 Maite Nosti diputatuak kargua utzi du alderdiarekin izandako desadostasunengatik, eta horrek kide bakar batekin utzi du alderdi faxista, talde mistoan sartzera behartuz.


2025-03-14 | Euskal Irratiak
Bidarteko bahitzailea militar-ohia zen, eta prokuradorearen arabera “hil egin nahi zuen”

Bidarteko gasnategian bahiketa burutu duen gizona, militar ohia zen. Asteazken arratseko 7.30tan Erretegia izeneko gasnategian bertako kudeatzailea bahitu eta poliziaren kontra tiro egin duen gizonak 54 urte zituen.


2025-03-13 | ARGIA
EAJk eta PSE-EEk zerga erreforma adostu dute Ahal Dugurekin

PPrekin eta EH Bildurekin negoziazioetan porrot egin ondoren etorri da Ahal Dugurekin adostutako akordioa. Indar politiko honek aitortu duenez, maximalismoak atzean utzi eta errealitateari heldu diote, errenta baxueneko herritarren aldeko akordioa lortuta.


2025-03-13 | Uriola.eus
Correoseko langileen eskubideak eta zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko eskatu dute

“Posta publikoa eta kalitatezkoa. Eskubideen aldeko Hitzarmen eta Akordio baten alde” aldarrikapenarekin, LAB, ESK eta ELA sindikatuek lan-baldintzak eta posta-zerbitzu publikoaren kalitatea defendatzeko mobilizazioa egin zuten atzo, hilak 12, Bilboko Eliptika Plazan.


Amasamendin eolikoak ezartzeko proiektu bat dagoela jakinarazi du Villabonako Udalak

Herriko EH Bilduko zinegotzi eta legebiltzarkide den Ander Goikoetxeak egindako galdera parlamentario bati Jaurlaritzak emandako erantzunaren bidez jaso informazioa hau. Bi haize sorgailu ezartzeko asmoa dago eta Cluster Hernani izeneko proiektu zabalago baten barruan kokatzen... [+]


Milaka ikaslek Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartu dituzte, IAk deitutako greban

Hezkuntza bi arazo handik zeharkatzen dutela adierazi dute IAk: "ideia erreakzionarioen" gorakadak eta "ikasleen egoeraren okertzeak". Mobilizazioaren deialdia hedatzeko, goizean errepide mozketak egin dituzte Donostian, Iruñean eta Gasteizen. Bilbon, Euskal... [+]


Hau Pink da, Europako gure lehengusu txikia, eta 1,4 milioi urte ditu

Atapuercako aztarnategian hominido zahar baten aurpegi-hezur zatiak aurkitu dituzte. Homo affinis erectus bezala sailkatu dute giza-espezieen artean, eta gure arbasoek Afrikatik kanpora egindako lehen migrazioei buruzko teoriak irauli ditzake, adituen arabera.


Beste epai euskarafobo bat: Bitarteko Idazkari izateko lan poltsa eskaeraren aurka

Gasteizko 1 zenbakiko Auzitegi Kontentzioso-Administratiboak emandako epaia berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Lan poltsan parte hartzeko euskara maila altuenaren baliokide diren 3. eta 4. eskakizunak indargabetu zituen Gasteizko Auzitegiak. 


2025-03-13 | Ahotsa.info
“Ez da soilik memoria ariketa bat, baizik eta NATOren kontrako borroka deialdia”

Hainbat eragilek deituta, NATOren aurkako elkarretaratzea egin da Iruñeko Udaletxearen aurrean. Izan ere, gaur, martxoak 12, 39 urte bete dira Hego Euskal Herriak, Espainiar Estatua NATOn sartzeko erreferendumari ezezkoa eman ziola. Askapenako kide batek adierazi du, gaurko... [+]


Bi minututan galdutako elkarrizketak

Azkar! Azkar! Adi egon, ez daukat astirik eta! Ohartarazi behar zaitut, denborak agian ez baitit uzt… Pipipipi-pipipipi! Pipipipi-pipipipi!

Goiz jaiki, eguneratuta egoteko irratia piztu, dutxa hartu, ilea lehortu, orraztu, bizarra kendu edota makillatu, kafea egiten den... [+]


Eguneraketa berriak daude