argia.eus
INPRIMATU
JAIO OTE DA HAUR KLONIKORIK?
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 19a
Duela hilabete batzuk Panayiotis Zavos medikuak eta Brigitte Boisselier kimikariak aitortu zutenez, giza klonazioaren inguruan egiten ari ziren esperimentuak oso fase aurreratuan zeuden eta aurreneko haurtxo klonikoa 2003an jaioko zela baieztatu zuten Pazifikoko Unibertsitatean egindako prentsaurrekoan. "Ez naiz Frankestein bat, eta ez noa munstroak sortzera", esan zuen Zavos doktoreak. "Aurrerapausoa ematen dugunean, garantia guztiekin egingo dugu. Izan ere, nire taldean klonazioaren inguruan lanean diharduten ‘Michael Jordan’-ak baitauzkat".

Aipatu bi ikertzaile horiez gain, Severino Antinori ginekologo italiar ospetsuak ere giza klonazio asmoekin jarraitzen zuen, Italiako bere klinikan, eta nahiz eta hiru ikertzaileek harremanak dituzten elkarren artean (ikus hirurak argazkian), bakoitza bere kasa aritu da esperimentuak egiten, eta sekreturik handienean gainera.
Azken egunotan, raeldarren sektakoek bi ume kloniko jaio direla iragarri dute: 2002ko abenduaren 27an etorri omen zen mundura aurrenekoa (Eva izeneko neskatila bat), eta geroztik beste neskato bat ere jaio omen da, 2003an bigarren hau, Europako iparraldeko herrialderen batean. Baina teknikoki bideragarria izan daitekeena (ume kloniko baten jaiotza alegia), ezin izan da inondik inora frogatu, Clonaid enpresak ez baitu inolako frogarik erakutsi, ama erdiberriaren eta haurtxoaren ahaidetasun genetikoa norainokoak diren jakiteko. Eta okerragoa dena, beraiek benetan gertatu dela diotena egiaztatzeko beste inori aukerarik ere eman ez diotenez, susmo txarrak eta mesfidantza handia zabaldu dira berehala raeldarrek esandakoaren aurrean. Ikusi egin beharko dugu, beraz, zertan bukatzen den ume klonikoen kontu hau, baina bien bitartean, nik Santo Tomas bezala esango dut: "Hori sinesteko neronek ikusi behar dut"