argia.eus
INPRIMATU
FAS-FAS BELAZEAN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Parke edo lorategietako belazeei bere onenean eustea ez da akerraren kuluska ondorengo putza. Baserri inguru edo larreetan urrutitik dotore ikusten ditugun belazeak zatar azaltzen zaizkigu hiritar sena dutenen bizilekuen ondoko lorategietan. Eraikuntza garaian lurrari ematen zaion egurra eta geroko mantenimendu lanen eskasak belaze hiritarren piura ziztrina dakarte uztarrian.

Zakurren eta txakurren zanpatua jasaten duen belazeari dotore eusteko lanen artean oinarrizkoenak ureztaketa, ongarriketa, garai eta garaiera egokian moztea, gaitz eta izurriteei aurre egitea, tarteka hazia berritzea eta oreatzea dira. Utziena izaki azken honi lotuko natzaio. Zanpatzearen eta belar kondar iharrak lur gainean pilatzearen ondorio nabarmenena belarraren azpiko lurra trinkotu eta pixkanaka landare hauek itotzea da; horra oreatu beharra. Lurra harrotzeko harea eta karea ematea da onena, baina aurretik belardia arretzea komeni da. Lan honekin urte osoko belar kondarrak bildu eta lurrazala ebakiz belar landareek hazteko aukera dute, berri, berde berriz agertuz. Urtean behin, udaberriaren hasieran egin eta erreparatu piura aldaketari...