argia.eus
INPRIMATU
ALFONSO SASTRE: "HOMOGENEOTASUNA BIZITZAREN ETSAIRIK HANDIENA DA"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 19a
Zergatik zaude nazio txikien eskubideen alde?
Herri txikiek bere burua gobernatzeko daukaten zilegitasunaren alde nago, hizkuntza bat galtzea edota herri bat homogeneotasunean desagertzea guztion aberastasun kulturalarentzat hondamen izugarria delakoan nagoelako. Homogeneotasuna bizitzaren etsairik handiena da.

Ez dirudi egungo intelektual askok horrela uste duenik...
Ez. Kosmopolitismoaren aldeko jarrera agertzen dute, baina kosmopolitismoa aldarrikatzea herri txikien, nazioen eta hizkuntzen desagertzearen aldeko apustua egitea da, alegia heriotzaren aldeko apustua egitea.

Nola egin aurre neoliberalismoaren estrategiari?
Iritzi aurrerakoi «gorri» batek, nazioartekotasuna eta elkartasuna dauzka berezko armatzat, neoliberalismoaren estrategiako globalizazioari aurre egiteko eta herrien globalizazioa eraiki ahal izateko. Horrek nazio eta kultura ugari eta ezberdinen arteko harremana suposatuko luke (hau da, inter-nazionalismoa eta ez anazionalitatea), eta baita abertzale eta iraultzaile ikuspegi baten praktikari eska dakiokeen elkartasun soziala ere. Horrela ulertzen dut nik gauza behintzat.

Nor litzateke, egun, ezkerreko intelektuala zure ikuspegiz?
Bada, botereari men egiteari utzi eta honako baldintzatxoak jasoko lituzkeen agiri bat sinatzeko prest legokeena: sedizioa arteko desobedientzia zibilaren aldeko agiria; utopia iraultzaile, libertarioa eta sozialistaren aldekoa; eta egun batean bakoitzari bere ahalmenen arabera eskatu eta dauzkan beharren arabera eman hura -komunismoa, alegia- egia bilakatzea aldarrikatuko zuena.