argia.eus
INPRIMATU
Muñagorri, bakea eta foruak
2021eko uztailaren 16a
Jose Antonio Muñagorri Otegi Berastegin jaio zen 1794an, eta Eratsungo lurretan (Pilotasoro deitu lekuan) hil zuten 1841ean. Berastegiko errege-eskribau izan zen. Gainera inguruko burdinolak ustiatzen zituen. Plazaola, Ameraun, Ollokiegi, Urto eta Zumarrestako olak ustiatu zituen. Obra-kontratatzaile ere lan egin zuen. Baina Lehenengo Gerra Karlistak lan horiek guztiak bertan behera uztera behartu zuen.

Muñagorri, izan ere, gerra horretan izan zuen parte hartzeagatik pasa zen historiara, eta, bereziki, 1838an "Bakea eta Foruak" eskatuz aldarrikatu zuen bere "proklamia"gatik. Bere mezua zabaltzeko erabili zuen era bat bertso-paperena izan zen. Nolabaiteko hirugarren bide baten aldekoa zen. Foruak errespetatzearen truke, karlistek gerrari amaiera ematea proposatzen zuen, eta horretarako, karlisten eta liberalen bandoetan akordioak lortzen saiatu zen. Gainera, Karlos erregegaiaren aldeko kausa eta foruen aldeko borroka bereiztea nahi izan zuen. Baina ez zuen lortu euskal buruzagi karlista guztiak bere bidera batzea, eta liberalek ere, azkenerako, ez zuten gustuko Muñagorrien jokaera.
1839an bukatu zen gerra, Bergarako Besarkadarekin, Euskal Herria lur jota, suntsituta eta miseria gorrian zegoela. Muñagorriri gerra garaian bere burdinolak ustiatzea galarazi eta eskribau lana kendu zioten, eta gerraostean haiek berriz martxan jartzen saiatzen ari zela, Ramon Elorrio karlistak, haurtzarotik lagun zuenak, hil egin zuen, Muñagorriren emaztea aurrean zegoela. Muñagorri bere nahia bete gabe hil zen, ez zegoen bakerik ez forurik, eta gainera handik urte batzuetara, Bigarren Gerra Karlista piztu zen