MARTXORAKO PREST BIZKAIKO PROIEKTU HANDIETATIK LEHENA


2007ko otsailaren 21ean
Oraingoz, aurrera doaz Eusko Jaurlaritzak sustatutako proiektu energetikoak. Lau egitamuetako bat, Bilboko portuan kokatu zuten "Badiak" deritzona, hain zuzen, bizkor ari da gorpuzten. Eraikuntzako lanak ia bukaturik dituztenez gero, datorren martxoan jarriko dute funtzionamenduan Bizkaiko Badia Elektrizitatea, eta, ezeren okerrik ez dela, horrela amaituko dute lehen fasea. Bigarren fasea ere, hots, Bizkaiko Badia Gasa izenekoa, datorren udazkenean ixtekotan dabiltza, aurreikuspenak ongi ari baitira betetzen. Abian dira, berebat, gainerako proiektuak, hau da, Petronor IGCC (Muskiz), Bizkaia Energia (Boroa) eta Iberdrola (Santurtzi), eta, egutegiak atzerapenik izan ez duenez gero, badirudi funtzionamenduan izango direla, hurrenez hurren, 2007an, 2005ean eta 2004an.

Kalkuluen arabera, 2.190 milioi euroko inbertsioa eskatuko dute lau proiektu energetikoek. Ekoizpenari dagokionez, berriz, 2.800 MW generatzea aurreikusi dute. Proiektuak banan-banan hartuta, ondoko hauek dira egitamu bakoitzaren gaineko inbertsioak eta produkzio aurreikuspenak: lehen proiektuan, Bizkaiko Badia izeneko biak hartzen dituenean alegia, 600 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatua; Petronor IGCC egitamuan, 1.100 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatua; Boroan, 390 milioi euroko inbertsioa eta 800 MW-eko potentzia instalatuta; Iberdrolan, 180 milioi euroko inbertsioa eta 400 MW-eko potentzia instalatua.
Plan energetiko horrek herriaren kontrako erantzun handia izan du, baina, guztiarekin ere, ingurumenaren arloko zuzenketa batzuk erantsi eta gero, proiektuek beren bidea egin dute. Herriak Zornotzako Boroako proiektuari erantzun dio gogorren: mobilizazio ugari egin dute udalerri horretan, eta erreferendum bat egitera ere iritsi dira. Jakina denez, biztanle gehienak proiektua gauzatzearen kontra azaldu dira.

BIZKAIKO BADIA ELEKTRIZITATEA MARTXOAN.

Eraikuntzako aldia bukatu ostean, joan den azaroan hasi ziren instalazioa probatzen, eta, geroztik, progresiboki aritu dira lan horretan. Lehenbizi, bi gas turbinetako bat arrankatu zuten, gero bigarrena eta hurrena hirugarrena (hirugarrenak uraren lurruna baliatzen du energia gisa). Hain zuzen, 264 milioiko inbertsioa hartu duen sail horixe jarriko dute funtzionamenduan datorren martxoan. Hurrena, Bizkaiko Badia Gasa sailaren txanda izango da. Azpiegitura horren obrak udazkenean amaitzekotan dira, eta 2003. urte hau bukatu baino lehen jarri nahi dute abian. Badia biek 23 hektareako lurra hartzen dute, Bilboko portuan ari dira eraikitzen (Zierbenako arrantzako portutik hurbil) eta honako erakunde hauek dira proiektu horren sustatzaileak: BP, Iberdrola, Energiaren Euskal Erakundea (EVE) eta Repsol.
Badia Gasa instalazioa gas natural likidotuaren biltegia izango da. Metano garraioko barkuek ekarriko dute materia, eta bi eratako produkzioa atera nahi dute lehengai horretatik. Batetik, etxean, merkataritzan eta industrian kontsumitzeko energia generatu nahi dute; bestetik, Badia Elektrizitatearen kontsumorakoa, han energia elektrikoa sor dezaten. Badia Gasaren instalazioetan, bi zilindro ikusgarri ipini dituzte, gas likidotua hartzeko (-163 gradutan edukiko dute materia hori). 60tik gora metrokoak dira garaieraz, eta 175.000 metro kubiko gas kabitzen dutenak. 6 metro lodiko horma egin diete deposituei, ahalik eta seguruenak izan daitezen, eta, babesgarri gisa, hormigoizko etxea eta geruzak, txapak eta isolagarriak ipini dizkiete. Bestalde, goitik egingo dituzte kargako eta deskargako lan guztiak. Biltegiaren kontrolari dagokionez, aldamenean egin dute horretarako eraikina, eta handik emango dituzte depositutzar horien funtzionamenduko aginduak.
Arduradunek egin dituzten aurreikuspenen arabera, gaur egun, orduko 400.000 metro kubiko gas emititzeko gai dira instalazioak, eta, gerora, 800.000 metro kubiko emititzeko moduan ere jar omen daitezke. Gasaren erabilerari dagokionez, oraingoz 1.000 milioi metro kubiko izendatu dituzte etxeko, merkataritzako eta industriako kontsumorako eta 1.700 milioi elektrizitatea generatzeko.
Bizkaiko Badia Gasa plantatik metro gutxira dago Bizkaiko Badia Elektrizitatea instalazioa. Ziklo konbinatuko leku horretan, energia elektrikoa generatuko dute, Bizkaiko Badia Gasak hornitutako gasa baliatuta. Beste 336 milioi euro ari dira inbertitzen Bizkaiko Badia Elektrizitatea lantegian, eta sail berria datorren udazkenean jarri nahi dute abian. Besteak beste, izugarrizko tximinia egin diote: 120 metro ditu altueran, eta bi badien artetik gora ernetzen da. Arduradunek diotenez, 50 metro garaierako tximiniak dira ohikoak, baina, ingurumenaren eskakizunak tarteko, askoz altuagoa egin dute. Horrela, lantegiko emisio atmosferikoen kontzentrazioa gutxitu nahi dute. Instalazioetan, General Electric enpresak ipinitako hiru turbina ere badira: bik gasa elektrizitatean transformatzen dute; hirugarrenak, aldiz, konbustioko soberak aprobetxatzen ditu, eta, uraren lurrunaren bidez, energia generatzen du.
Aldi bateko 1.500 enplegu sortu dituzte aipatu bi instalazioek. Guztiz bukatutakoan eta funtzionamenduan jarritakoan, 100 lagunetik beherako plantilla finkoa izango dute. Egin dituzten kalkuluen arabera, zeharkako 100 bat lanpostu beharko dituzte: kanpoko langileek segurtasuneko, mantenduko, garraioko, lorezaintzako... lanak egingo dituzte.

IGCC ETA SANTURTZIKO TERMIkA.

Aurrekoez gainera, abian dira, halaber, Muskizko IGCC proiektua eta Santurtziko Termika. Petronor enpresak eraikiko du ziklo konbinatuko IGCC lantegia: 1.081 milioi eurotik gorako inbertsioa aurreikusi du, eta 2007ko uztaila aldera jarri nahi du funtzionamenduan. Iberdrolaren Santurtziko zentral termiko zaharrari ere heldu zaio eraldatzeko garaia: ziklo konbinatuko instalazioa izango da, eta gasetik elektrizitatea ateratzeko baliatuko dute

Boroa: Herriaren oposizioaren eta EAJ-ren ezarpenaren artean

Oraindik ez dira hasi Zornotzako Boroako zentral termikoa eraikitzen. Izan ere, nahiz eta Udaleko Gobernu Batzordeak, zein EAJk kontrolatzen baitu, zentrala egiteko obren lizentzia eman zuen, gaur egun ere tramite administratibo batzuk bete gabe daude. Hala eta guztiz, Bizkaia Energia enpresako arduradunek 2004an funtzionamenduan izatea espero dute (enpresa hori Irlandako kapitalez osatua da). Boroako instalazio horretan, 500 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute.

Dena dela, Zornotzako Udala hormaren kontra jarri dute. Jakina denez, biztanle gehienek ezezkoa eman diote ziklo konbinatuko zentrala eraikitzeari, dela mobilizazioen bidez, dela erreferendumaren bidez. Bestalde, hor dago EAJren jarrera: alderdi hori beti ari da biztanleen borondatea errespetatzea eskatzen, baina kasu honetan ez adituarena egin du. Azkenean, EAJren Bizkaiko zuzendaritzak ezarri du legea: Zornotzarako ez ezik, EAErako ere proiektu energetiko estrategikoa dela dio organo horrek, eta esana aditzera behartu ditu Udaleko zinegotziak.
Herriak hasieratik beretik egin dio kontra Boroako proiektuari; gogor, gainera. 1999an, ura kanalizatzeko tutuekin hasi zirela konstatatu zuten: Partzuergotik Boroako Termikaraino edateko ura eramateko 600 milimetroko hiru kondukzio ikusi zituzten. Horrela, urte horretan hasi ziren eratzen Zornotza Bizirik plataforma. Ofizialki, 2000ko martxoan sortu zen, 500 bat laguneko batzar herrikoi garrantzizko batean. Orduan, 1.000 alegazio aurkeztu zituen erakunde horrek, eta auzoek beste 800 bideratu zituzten.
Irlandako ESB enpresak, zeinek gestionatzen baitu Boroako proiektua, baieztatu zuen ez zuela zornotzarren borondatearen kontra jokatuko. Udalerriko alkateak, berriz, zentrala ez zela instalatuko baieztatu zuen. Gerora, ordea, erakunde batak nahiz besteak ez ikusiarena egin dute herritarren mobilizazioen aurrean, baita biztanleen %45ak parte hartu zueneko erreferendumaren emaitza aurrean ere. Botazioan, zentrala ez egitearen aldekoek irabazi zuten, baina alferrik. Eta, kontuak zer diren. Udalak Ekos enpresari agindu zion zentralaren gaineko txosten ofiziala. Dokumentuan jaso zutenaren arabera, proiektatu zentrala arras kutsagarria da, gaixotasun larriak sor ditzake eta, gainera, nola Lehen Hezkuntzako Larrea ikastetxetik eta hirigunetik hurbil proiektatu baitute, arriskua are handiagoa da. Bistan denez, erantzuleek jaramon gutxi egin diote txostenari. Ildo berean, oso alde batera utzi dituzte, beste hainbat eta hainbat sanitateko txosten eta azterlan fisiko kimiko guztiak zentrala ez eraikitzea aholkatzen dutenak. Beste interes batzuk gailurtu dira, eta EAJk Zornotzako auzoen nahien kontrako erabakia ezarri du.
Nolanahi ere, Zornotza Bizirik plataformako lagunek ez dute etsi, eta etengabe segitu du (eta segitzen du), hiru frenteetan lan egiten, hots, eremu administratiboan, judizialean eta herrikoan. Udalean, esaterako, obretako lizentziaren kontrako errekurtsoa jarri dute, eta, horrez gainera, beste zenbait salaketa judizial aurkezteko asmotan ziren, zeren uste baitute badela eraikitzeko ebazpena atzera botatzeko adina irregulartasun urbanistiko larri. Aldi berean, herritarrak mobilizatzeko egutegi bat prestatu dute. Obrak hasten badira, "Boroako zentrala gelditu" izango da kanpainako leloa. Plataformako eledunek diotenez, EAJk multinazionalen negozioan parte hartzeko saldu du Zornotzako herria, eta gogorarazten dute herriaren mobilizazioek geldiarazi zutela Lemoizko zentral nuklearra.
Zentrala Boroako poligonoan eraikitzekoa da, eta azkeneko aste hauetan noizik eta behin saboteatu dituzte altxatzen hasi aurretik egiten ari diren lanak. Komunikatzaile anonimoek publikoki adierazi dutenez, saboteatzen segituko dute, harik eta herritar gehienen erabakiaren kontrako proiektua bertan behera gelditu arte


Azkenak
Orkatz Gallastegi preso politikoak EPPK utzi du

Berangoko euskal preso politikoa Zaballako espetxean dago gaur egun eta bertatik helarazitako idazkian Euskal Preso Politikoen Kolektiboa utzi duela iragarri du.


2024-12-24 | Julene Flamarique
Airearen kutsadurak 1.270 heriotza eragin zituen 2022an EAEn, Europako Ingurumen Agentziaren arabera

NO2 eta PM2.5 partikulak bezalako kutsatzaileei aurre egiteko hobekuntza planik ez dagoela salatu du Ekologistak Martxan elkarteak. Trafikoa murriztea eta airearen kalitatea hobetzeko alternatiba jasangarriak lehenestea galdegin du.


Turkiak 120 argitalpen kurdu debekatu ditu azken hiru asteetan

Editore Kurduen Elkarteak abenduaren 22an egin zuen salaketa: azken hiru asteetan Turkiako agintariek kurduei buruzko 120 liburu, aldizkari, egunkari edo bestelako argitalpen debekatu dituzte, Duvar hedabide kurduak jakinarazi duenez.


Garraio publikoa doan izango da 12 urtez azpikoentzat, duela bi urte bideragarria ez bazen ere

Garraio publikoak erdi prezioan jarraituko du datorren urtean ere, Espainiako Gobernuak bere hobarien parteari eutsiko diola iragarri ostean.


Amaya Zabarte zauritu zuten ertzainen arduradunak identifikatu nahi ditu epaileak

Realaren eta PSGren arteko futbol partidu batean larri zauritu zuten zalearen kasuan, epaileak onartu du familiaren abokatuek egun hartako bideo irudi guztietara sarbidea izatea. Oldarraldian parte hartu zuten ertzain taldeetako arduradunak identifikatzeko ikerketa ere eskatu du.


Santa Klausen ejertzito antikapitalista

Kopenhage, 1974ko abenduaren 18a. Eguerdiko hamabietan ferry bat iritsi zen portura eta bertatik 100 Santa Klaus inguruz osatutako taldea lehorreratu zen. Antzara erraldoi bat zeramaten haiekin. Asmoa “Troiako antzara” moduko bat egitea zen, eta, hirira iristean,... [+]


Eski estazioetako festibaletan kutsadurak goia jotzen du

Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]


2024-12-23 | Estitxu Eizagirre
Jaurlaritzak onartu duen planaren aurka mobilizatu da EH Bizirik
“Egungo eredu kapitalista gainditzea ezinbestekoa da larrialdi ekologiko eta energetikoari aterabide bat aurkitzeko”

Gizartean gatazka sortzen duten proiektuak jai bezperetan onartzeko ohiturari jarraituz, abenduaren 20an onartu du Eusko Jaurlaritzak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren "behin behineko bertsioa". EH Bizirik-ek elkarretaratzea egin du Jaurlaritzaren... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Hiru lagunek osatutako lehendakaritza izango du Seaskak

Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.


2024-12-23 | Julene Flamarique
Vidalina Morales, nekazaria eta ekintzailea
“Kaleetan gerra tankeak ikustea normalizatu dugu, gerran egon gabe ere”

Santa Marta komunitateko (El Salvador) ADES Garapen Ekonomiko eta Sozialerako Elkarteko presidentea da Vidalina Morales. “Rol horretatik harago, ingurumen ekintzailea ere banaiz, giza eskubideen defendatzailea eta emakume baserritarra; hainbat urtez borrokan egon diren... [+]


2024-12-23 | Julene Flamarique
Emakumeak nola bortxatu aholkuak partekatzeko 70.000 partaideko Telegram kanal bat atzeman dute Alemanian

Mundu osoko 70.000 gizonek baino gehiagok hartzen dute parte emakumeak nola drogatu eta bortxatu hitz egiteko txat-talde batean. Alemaniako ARD irrati publikoko bi kazetarik egin dute ikerketa urtebetez eta erakutsi dute kasu batzuetan biktimak bikotekideak, arrebak eta amak... [+]


2024-12-23 | Ahotsa.info
“HTX-k bukatzen du bere zikloa, baina oraindik daude borrokatzeko eta aldarrikatzeko motiboak”

HTX ROCK jaialdiaren azken-aurreko edizioa izanen da abenduaren 28an, eta Atarrabiako herrian ospatuko den azkenekoa, alegia.


Hegoaldean 222 milioi euro gastatu dira Espainiako Loterian, sarietan jasotakoa baino bost bider gehiago

Gabonetako Loteriaren datuak eman berri ditu Espainiako Gobernuaren menpeko Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak. Horien arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan batez beste 84,33 euro gastatu ditu herritar bakoitzak, eta nafarrek, berriz, 53,38 euro, EiTBn irakur daitekeenez... [+]


2024-12-23 | ARGIA
Zaballako espetxeko funtzionarioek “ezkutuko greba” hasi dutela salatu dute zenbait presok

Hainbat euskal presok salatu duenez, Zaballako espetxezainek "ezkutuko greba" hasi dute, haien erdiak gaixotasun baja hartuta. "Ezkutuko greba honen bitartez, 'zerbitzuaren gabeziak' salatzea dute helburu, baina benetako greba bati ekin ez, eta preso... [+]


Eguneraketa berriak daude