Garai bakoitzak izan du modako bere editorialista Estatu Batuetan, eta Bushen aro honetan Paul Krugman ekonomilariak hartu du leku hori. "New York Times" egunkari erreferentzialean astean bi aldiz plazaratzen ditu bere editorialak Princeton-go unibertsitatean ekonomia irakasten duen profesore honek, eta denbora laburrean Bushen gobernuak orkestratzen dituen interes ekonomiko eta politikoen salatzaile famatuena bihurtu da.
"The Washington Monthly" hilabetekarian beste kazetari batek idatzi duenez, "Krugman maisua da zifra eta estatistikak ingeles garden batean esplikatzeko arte horretan". Princetongo unibertsitatetik eta bere auzotik ez omen da askorik irteten, politikarien afarietatik eta aginteko jendeengandik urrun bizi da, eta hala ere "demokrata guztiek nahi eta ez irakurri behar duten eta errepublikano guztiek gorrotatu behar duten" iritziemaile bihurtu da.
Zergen jaitsiera, erretreta publikoen proiektua, Enron eskandalua, Bushek interesak zituen Harken petrolio enpresaren aferak, aberastasun desberdintasunen handitzea... gainerako komunikabideek ere landu dituzte AEBko aktualitate gai polemiko horiek. "Baina idatzi dituen egia batzuk botatzeko gai izan den bakarra Krugman da" dio aipatu hilabetekariko Nicholas Confessore kazetariak.
ABERATSAK SEKULA BAINO ABERATSAGO.
Paul Krugmanen izkribuetan behin eta berriro tesi hau irakurri ahal izango duzu: urte batzuetan klase ertainak nagusi izan ondoren, Estatu Batuetan berriro ere dirudun oso-aberatsen urrezko aroan bizi direla azken hiru hamarkadotan. Asko maite du aipatzea Scott Fitzgerald-ek 1925ean idatzi eta duela urte batzuk Robert Redford eta Mia Farrow-k interpretatu zuten Gatsby Handia eta bertan utzitako esaldi hau: "Zu eta ni bezalako jendeengandik diferenteak izan dira beti aberatsak".
Pasarte autobiografikoen bidez ilustratzen ditu bere tesiak Krugmanek. Adibidez, gaztetxo zenean Long Island-en ikusten zituen jauregi izugarri haietaz oroitzen da: 1865 eta 1930 bitartean Europako edozein gazteluren inbidiarik gabe eraikitako etxetzar haiek gehienak zahar etxe edo eskola pribatu bihurtuta ezagutu zituen. "Nire gazte aroko Amerika -50 eta 60ko hamarkadetakoa- klase ertainen gizarte bat zen, ekintzetan eta itxuretan. Baina klase ertainen Amerika hura beste herrialde bat zen. Gaur egun berriro beste urrezko aro bat bizi dugu, aurreko hura bezain bitxi eta estrabagantea. Jauregiak itzultzen ari dira berriro".
Hori soziologo ugarik konfirmatu duten kontua da, eta aditu askok diote azken urteotan eraikitzen ari diren 2.000tik 6.000 metro karratu arteko eraikuntzei erreparatu besterik ez dagoela. Gaztelu horiek berekin daramatzaten morroi eta neskame ugariekin, yacht ikusgarriekin eta abar.
Oso aberatsen eta gainerako herritar guztien artean gero eta zabalagoa den leizearen argigarri baino ez da hori Krugmanentzako. Zer gertatu da bada azken hogeitahamar urteotan AEBetan? Konpainia handien ugazaben irabaziak izugarri hazi direla. Aberatsak beti aberats izateak ez du harritzen editorialista, baina oraingoan aberastasun metaketa edonorentzako da begibistakoa: fiskalitatearen datu publikoak aztertuta dio Krugmanek AEBetako familien %20ak ondasun guztien gero eta zati handiagoa dutela bere, eta horien artean are eta zati handiagoa dela %5ak daukana.
Fenomeno hori piramidearen erpinera zenbat eta gehiago hurbildu are eta nabarmenagoa da: familien %20ak bere aberastasuna gainerako guztiek baino askoz gehiago handitu dute, baina horien barruan, aberatsena den %5ak askoz emaitza hobeak lortu ditu urteotan ondoren datozkion 14ek baino, eta goi-goian den %1ak metatu duen aberastasun piloak ez du konparaziorik ondoko guztiekin. Eta horrela, "Forbes" aldizkariaren datuetan munduko gizonik aberatsena omen den Bill Gatesenganaino iritsi arte...
KLASE ERTAINEN AMERIKA HURA ASPALDIKO KONTUA DA.
Iaz AEBetako editorialistarik onena izendatu dutenaren tesiak egiaren gainean oinarrituta daudela baieaztatzera etorri da bi ikerlari frantsesek plazaratu berria duten obra garrantzizkoa: "Diru sarreren desberdintasuna AEBetan, 1913-1998" plazaratu berria dute Thomas Piketty eta Emmanuel Saez-ek, eta XX. mendearen zati nagusia hartzen duten urte guzti horietako errenta aitorpenak oinarritzat hartuta frogatu dute klase ertainen Amerika hori salbuespen bat izan zela. 1929ko "krak" famatuaren aurretik, aberats handien inperioa zirudien USAk eta 1930an Roosevelt-ek martxan jarritako New Deal politikak aldarazitako egoera berriro 1970tik aurrera hasi da itzultzen lehenera.
Zifrak batzuetan nahasgarri diren bezala beste askotan eztabaidaezinezko egien argudioak markatzen dituzte. Alde horretatik, merezi du Piketty eta Saez-en ikerketan aurkezten diren guztien artean pare bat zifra nabarmentzea. 1970an, familia guztien artean %0,01ek AEBetako ondasun guztien %0,7 zeuzkaten, eta herrialde osoko familien irabazien media bider 70 irabazi zuten. 1998an, familien %0,01 hori ondasun guztien %3aren jabe zen eta media bider 300 irabazi zuten. Urte honetan, 13.000 familiak 20 milioi familia pobreenen irabaziak bilduta lortzen den kopuru bera zeukaten.
Esan beharrik ez dago bai Piketty eta Saezen obrak eta bai Krugmanen idatziek modu askotako polemikak piztu dituztela eta asko direla ikerketa horien baliagarritasuna zalantzan jarri dutenak. Hala ere, bada ezpada abisoa ematen du editorialistak behin eta berriro: "Begien bistako egia den hau ukatzea, hainbeste aberasten direnek oso ondo pagatutako lana bihurtu da azken urteotan". Eta hortik larrutuko ditu bere zifrak hankaz gora ipintzen saiatu direnak, horien artean Alan Greenspan bera.
Ez da Krugman horrelako gauzetaz idazten duen bakarra. Baina badirudi lortu duela bere inguruan biltzea haserre bizian dauden demokrata askoren kolera, horra Confessore kazetariaren konklusioa. Hura izan baita bakarra askok entzuteko moduko autoritatez honela deskalifikatzeko Bushen zergak jaisteko proposamena: "Enron eta beste kasuetan bezala, aurrena zifra faltsifikatuak erabiltzen ditu irabazien eskalan goren daudenei opari ederrak justifikatzeko. Eta gero egoera konplikatzen bada, konfiantza eman dioten langileei uzten zaie faktura ordaintzeko lana".
Agian horrela norbait hasiko da AEBetan ere ulertzen laster Irakeko gerrarekin gertatuko dena
http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.