Zein izan da zure ikerketa honen helburua?
Hauxe jakin nahi nuen: Euskal Herrian bizi dugun egoera nazional gatazkatsuan, gure haurrek nazio ideia nola bereganatzen dute? Eta emaitza adierazgarriak lortu ditudalakoan nago.
Zergatik «Haurren nazioak. Solasaldiak" titulua?
Gai honetaz egiten dudan bigarren liburua da. Lehendabizikoan, ikerketaren irakurketa estatistikoa agertzen nuen, eta oraingoan, estatistika hura egiteko erabili nuen materiala, uste dudalako inportantea dela haurrak nola espresatzen ziren agertzea, beren hitzekin (hau da, beraiekin egindako elkarrizketak), eta baita ere beraiek egindako marrazkiekin.
Zeintzuk dira ikerketan parte hartu duten haurrak?
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako mila haurretik gora izan da erantzuten. Hiru adin motako haurren nazio ideiaren bilakaera jasoa dago ikerketan, hezkuntza sistemako hiru ereduekin jokatuz: 6-9 urtekoena, 9-11koena eta 12-14koena.
Alde handiak egongo dira erantzunetan...
Jakina, urte horietan haurra prozesu handi batean dago. Eta gainera, euskal haurrak aztertzerakoan Vygotski errusiarra hartu dut nik kontuan, eta hark esaten du bi eratako kontzeptuak daudela: haurrak laguntza gabe, azkartzen doan heinean lortu ditzakeenak, eta beste batzuk, gidaritza pedagogikorik gabe lortzen ez direnak. Nazioa bigarren kategoriakoa dela dio. Pentsa nolako arazoan sartzen garen gu! Hasteko, ofizialki Gobernuak hiru kategoriatan dauka eredututa irakaskuntza, eta A motakoak euskara bera ere ez du ia kontuan hartzen... Elkarrizketetan oso garbi ikusten da An, Bn edo Dn dabiltzanek nola oso desberdin arnasten duten.